Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 29,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Imanol Elias »  6. kapitulua »  Lana beltz, harrera beroa

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Lana beltz, harrera beroa

1989an estreinatu zuten Sendagile dantzaria kenduta —Antxietak Imanol Eliasek idatzita egin zuen azkenaurreko lana—, Azpeitiko taldeak 1980ko hamarkada horretan egindako obra guztien estreinako emanaldia uztailean egin ohi zuen, saninazio jaien inguruan, eta beti Azpeitian. Aurrekari horren ondoren, estreinaldi ofizialagoa abenduan egiten zuten normalean, berriz ere Azpeitian, Euskadiko Euskal Antzerki Topaketen barruan. Herriko jendea beti zain izaten zuten Antxietakoek, eta ikuslez gainezka egiten zituzten estreinaldiko emanaldi horiek.

Entseguak egiterakoan ere Imanolen partehartzea erabakigarria izaten zen Antxieta taldearentzat. Antzerki taldearen izen bereko Antxieta Etxea bihurtu zen urte luzez taldearen elkarte eta entsegu lekua Imanolen beraren bidez, Kutxak Azpeitian, Eliz kalean duen erakustoki horren arduraduna baitzen Imanol garai hartan. Ordu asko sartu zituzten bertan Antxietako kideek, obra bat bestearen atzetik ikasi, barneratu eta forma emanez. “Alde horretatik ere Imanolekin zorte ona izan genuen, entseatzeko ezer ez genuen eta”, gogoratzen du Joxe Aranburuk. “Imanolek lan berria ekartzen zigun eta guztien artean irakurri egiten genuen. Ekartzen zuenerako, gutxi gorabehera bakoitzari zein pertsonaia egokituko zitzaigun nahikoa pentsatuta ekartzen zuela esango nuke”, dio Pedro Otaegik. “Nire ustez —gaineratzen du Joxe Aranburuk—, Imanolek idazterako dagoeneko pentsatuta izaten zuen ‘pertsonaia hori harentzako eta hura beste harentzako’”.

Imanolen garaian Antxieta Antzerki Taldean murgilduta ibili zirenek lana erruz egin behar izan zuten. Izan ere, Sendagai traketsa-rekin hasi eta Hiru morroiak arte, 1982tik 1987ra, urtero estreinatu zuen lan berriren bat Antxietak, guztiak Imanol Eliasek idatzitakoak. Obra berri bakoitza udaberri aldera aurkezten zien taldekoei Imanolek. Joxe Aranburuk nabarmentzen duen bezala, “aurrekoa oraindik estreinatu berria izaten genuen, hura ere mantendu egin behar, eta martxo edo apiril alderako ‘beste berri bat bazeukat ba’ esanez etortzen zen Imanol. Eta denok ikusminez, zer ote zen galdezka. Urtean bat, urtean bat, urtean bat... Lana behintzat, egin genuen. Orduan guk genuen motibazio hura, ordea, ez dago gaur egun”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak