Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 29,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Imanol Elias »  6. kapitulua »  Drama bat, hainbat komedia

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Drama bat, hainbat komedia

Antxieta Antzerki Taldearen hasierako urteetan jende dezente ibili zen taldearen inguruan, eta inguratzen ziren gehienek oholtza gainean eta jendaurrean lanean bukatzen zuten, gainera. Batzuek aurretik esperientzia zutenak ziren, besteak inoiz antzerkia egin gabeak, eta herritar multzo polita osatu zen laster indarra hartzen joan zen proiektuaren inguruan. Juanito Bikendi, Pilar Aizpitarte, Pedro Otaegi, Joxe Zabala, Joxe Aranburu, Ińaki Bergara Pio, Ińigo Agirre, Maritxu Unanue, Itziar Oiarzabal... Izen zerrenda luzea osa daiteke, are gehiago lan bakanetan soilik parte hartu zuten guztienak gehituz gero. Guztientzat izan zen berezia eta garrantzitsua Antxieta Antzerki Taldearen esperientzia, eta ba-tzuek harrezkero ere antzezpenaren munduarekin lotura izaten jarraitu dute.

Antxietaren garaiak gogoratuz, Imanolek lanak idaztea “lasaitasun handia” zen Ińaki Bergara Pio-ren esanetan, “hartara obra bila ibili beharrik ez zegoelako“. Ińigo Agirreren iritziz, berriz, “Imanolek gauza eder bat zeukan: asmatu eta sortzeko ahalmen handia. Gero, bere obrak, lan bakoitzerako elkartzen ginen aktore kopurura moldatzeko izugarrizko erraztasuna erakusten zuen”. Ildo beretik, eta Joxe Aranbururen hitzetan, “parte hartzeko prest zegoen denentzako zegoen tartea. Motzagoa, luzexeagoa, txikitxoa edo handitxoa, Imanolek irteteko prest zegoen mundu guztiari ematen zion paper txikiren bat. Horretan, idatzita zegoena moldatzen, artista bat zen, bakoitzari berea”. Pilar Aizpitartek, bere aldetik, gogoan dauka nola “jendeak beti esaten zuen urtero herrenen bat, gorren bat edota hitz totelen bat azaltzen zela antzerkian. Horrekin kexatzen ziren, baina gero denei gustatzen zitzaien”.

Imanolek sortu eta gero Antxietak antzezten zituen lanik gehienak komediak ziren, ikusleen algarak eraginez jendeari ondo pasarazteko helburua zutenak. Azpeitiko antzerki taldeak 1982tik 1989ra estreinatu zituen zortzi lanen artean bakarra izan zen komedia kutsurik gabekoa: Bi ahoko ezpata, Imanol Eliasek 1984an sortu eta Antxietak 1985eko uztailaren 27an estreinatu zuena. “Drama gogorra” bezala gogoratzen dute garai hartako Antxieta taldeko kideek obra hori. Antzezlan horren inguruan bi ikuspuntu kontrajarri izan zituzten protagonistek. Antxietakoentzat oso lan aberasgarria zen, aktore gisa ordu arte egin ez zutena probatzeko aukera ematen zielako. Muntaia bera ere ordu arte taldeak egindakoen artean aberatsena zen. Bestetik, ordea, estreinatu aurretik ere ia seguru zekiten lan horrek ez zuela jendearen partetik aurrekoen harrera berorik izango. Eta halaxe gertatu zen. “Nik beti esaten nuen —dio Pilar Aizpitartek— ‘hau ez da gustatuko’, eta hala izan zen. Jendea antzerkira barre egitera joaten zen orduan, eta hori ez zen barre egitekoa”. Dena dela, Bi ahoko ezpata, ikuslearen eta taldearen arteko harremanarentzat ere interesgarria izan zela uste du Joxe Aranburuk, “Antxietak barrea eragiteko bakarrik ez zuela balio erakutsi baikenuen”. Pilar Aizpitartek, ordea, argi dauka obra berri baten estreinaldiaren atarian jendeak kalean zer galdetzen zion. “‘Pilar, barre egitekoa al da?’, galdetzen zuten beti, eta baiezkoa esanez gero, jendea gustura. Ez zuten galdetzen ona ala txarra zen, eta irteeran ‘nahiko barre egin dinagu, behintzat’ izaten zen jendearen komentarioa”.

Bi ahoko ezpata-rekin gertatutakoak, nolabait, Imanol Eliasek zuen teoria bat baieztatu egin zuela esan daiteke. Bere iritziz, ikusleak antzokietara erakartzeko eta antzerki zaletasuna pizteko modurik onena “antzerki erraza” eskaintzea zen. Horrela plazaratu zuen bere ideia 1986ko abenduan, Euskadiko IV. Euskal Antzerki Topaketen barruan euskal antzerkigintzaren inguruan egin ziren jardunaldietan: “Hemen Azpeitian Topaketetan argi ikusten da jende asko joaten dela, gazte jendea batik bat, baina nik ez nuke esango hori Topaketak, Topaketa direlako joaten dela jendea antzerkia ikustera. Beno, lehen ere izan da honelako arrakasta bat hemen antzerkian; gero hamabi, hamabost urtez gelditua egon da. Gu orain dela bost urte hasi ginen hemen talde batekin lanak ematen, eta iruditu zitzaigun behintzat hasiera batean, lehenengo aldiz doana (antzerkia) ikustera, orduan hari eman behar zaiola, ohitzeko pixka bat antzerkira joaten, antzerki erraza. Erraz hartuko duena. Gaia erraz ulertuko duena izan dadila eta hizkuntza izan dadila erraz har dezakeena. Eta horrela ohituko da jendea (...) Nik uste gaur egunean oraindik ere eman beharko zaiola antzerki erraza. Batik bat herri asko daudelako, eta herri horietan ez delako urteetan antzerkirik izan, eta ezagutzen ez dutelako ez zaharrek eta ez gazteek. Nik uste hortik sortu dela Azpeitian dagoen giro hau”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak