Antxietatik historia liburuetara
Imanol Elias Azpeitiko herriko alkate lanetan aritu zen urte eta erdia ez zen oztopo izan Antxieta Antzerki Taldearen bilakaeran eta lanean. Imanolek aro hartan bazuen, jakina, zereginik Azpeitiko udaletxean, baina bere kargu berriagatik ez zuen alde batera utzi bi urte lehenago abiatu eta beretzat hain gustukoa zen antzerki proiektu hura. Alkate izanagatik ez zion utzi Imanolek idazteari eta Antxieta taldearekin antzezlan berriak aurkezteari. Horrela, Antxieta Antzerki Taldearen bilakaerari begirada bat botaz gero, inondik inora ez da nabarmentzen taldeko zuzendari eta obren egilea zenaren politikako abentura.
Antxieta taldearen historia 1989an bukatu zen Imanol Eliasentzat, eta handik aurrera beste proiektu eta eginkizun batzutan murgilduta ibili da eta dabil. Txikitan gustuko ez zuen historiak nahikoa bereganatu duela dirudi, eta horretan eman ditu 1990eko hamarkado urterik gehientsuenak. Bat bukatzerako besteari ekiten dio Imanolek, batzutan bi edo hiru gauza batera eskuartean izatea ere tokatu izan zaio, eta bere ibilbidean behin eta berriro agertzen den egonezin, jakin-min eta egin nahi horiek hor jarraitzen dute, bizi-bizirik.
|