Uholdeak ere tokatu! Eskozian zen
Imanolek alkatetza garaian bukaera oso nahaspilatsua izan bazuen EAJren krisia eta bere dimisioa zirela eta, hasierakoa ere halakoxea izan zuen, 1983ko udan herrian oso gertakari garrantzitsua gertatu zelako: uholdeak. Euskal Herriko beste hainbat herri bezala, Azpeitia urez gainezka esnatu zen abuztuaren 26an. Hogeitahamar urte atzerago Zestoan bidaiariz betetako autobusa aurretik eraman eta bailaran izugarrizko tragedia eragin zuen hartan bezala, Urola eta Ibai Eder ibaietako uraren indarrak txikizioak eta lokatza utzi zituen herrian nonahi.
Une hartan Imanol Eliasek hiru hilabete zeramatzan alkatetzan, eta uholde izugarri haiek ez zuten Azpeitian harrapatu. Oporraldi garaia ere bazen, eta Imanol eta Itziar Eskozian zebiltzan, aurrezki kutxako Club Juvenil zeritzonaren eskutik bidaian zeuden gazte askorekin batera. “Uholdeena jakin nuenean inpresio handia egin zidala gogoratzen dut, eta zer esanik ez irudiak ikusi nituenean. Handik itzuli ginenerako, berriz, gauzak dagoeneko lasaituta zeuden. Ez zitzaidan egoera hura gertutik bizitzea tokatu, baina bai gero kaltetutako jendea udaletxera joaten hasi zenean”.
Bistan da eguraldia ere ez zuela lagun izan alkatetza garaian.
|