|
|
|
Euskal Antzerki Topaketen sortzaileetakoa
Antxieta Antzerki Taldearen sorrerak eta bere inguruan sortu zen mugimenduak Azpeitian antzerkiaren loraldi berria ekarri zuen, eta loraldi horretan eragin zuzena izan zuen beste elementu bat jaio zen 1983an: Antzerki Topaketak. Imanolek bere alkatetza garaitik gordetzen duen oroimenik onenetarikoa da, karguan zegoela martxan jarri ziren proiektuen artean bera gehien bete zuena; hau da, Azpeitian Euskadiko Euskal Antzerki Topaketak martxan jarri izana. Kulturako zinegotzi Maria Jesus Aranbururekin batera, kultura mailan gerora jarraipena izan zezakeen proiektu bat martxan jartzeko asmoa lantzen joan ziren, eta azkenean antzerkiari eustea erabaki zuten. “Maria Jesus eta biok hitz egiten aritu ginen —gogoratzen du Imanolek—, zer egin genezakeen apartekoa, gerora jarraipena izango zuena. Ni orduan antzerkian nenbilen, eta antzerkiaren inguruko topaketa batzuk egitea erabaki genuen azkenean, lehendik ere Azpeitian zegoen antzerki tradizioan oinarrituz”.
Eta horrelaxe egin ziren lehen Antzerki Topaketak, 1983ko abenduaren 2tik 21era. 1990eko hamarkadan topaketen iraupena udazken osora zabaldu zen; ordu arte abendua izaten zen beti antzerkiaren aroa Azpeitian. Abenduaren 21ean Santo Tomas egunak euskal antzerkian daukan tradizioarekin lotuz, egun hori amaierako erreferentzi gisa hartuta sortu ziren topaketak, eta tradizio horri eutsi izan zaio. Hasierako urtetik gaur egun arte edizio bakoitza iragartzeko balio izan duten kartelei erreparatuta, gerora Euskadiko Euskal Antzerki Topaketak izenarekin ezagutu direnak soilik Antzerki Topaketak leloarekin jaio ziren, eta horri eutsi zioten lehen bi edizioetan. 1985ean, berriz, Euskal Antzerki Topaketak izenburuarekin egin ziren eta horrela jarraitu zuten urte batzuetan, 1990eko hamarkadaren hasieran egun mantentzen duten Euskadiko Euskal Antzerki Topaketak deitura bereganatu arte.
Sorrerako edizio hartara itzuliz, 1983an sei taldek hartu zuten parte lehendabiziko Antzerki Topaketatan. Guztiak amateurrak ziren: Intzurre, Xirristi Mirrixti, Txo, Lizardi, Goaz eta, nola ez, Imanol Eliasek berak zuzentzen zuen Antxieta. Azpeitiko taldeak topaketen azken jardunaldian, Santo Tomas egunean, Jokoa nagusi lana aurkeztu zuen, bere historiako bigarrena. Azpeitiko Antzerki Topaketek sorreran hiru helburu nagusi zituztela esan daiteke: euskarazko antzerkia eskaintzea, talde amateurrei tokia ematea eta euskarazko antzerki sormena bultzatzea. Hiru helburu horiek betetzeaz gain, ikusleen harrera beroa jaso zuten Antzerki Topaketek, eta oso bereziki Antxieta Antzerki Taldeak herritarren aurrean egiten zituen emanaldiek.
Gerora ere, Azpeitiko Udalak Euskadiko Euskal Antzerki Topaketekin aurrera jarraitu du, horien aldeko apustua eginez eta eskaintza zabalduz. Ur-teak aurrera joan ahala osagarri berriak gehitzen joan zaizkie: topaketek urte bakoitzean duten irudi adierazgarria aukeratzeko kartel lehiaketa, 1991tik aurrera Loiolako Herri Irratiaren bidez aireratzen den eskolarteko irrati lehiaketa edota euskal antzerkigintzaren barruan pertsonaia esanguratsuak izan direnei eskainitako omenaldiak.
Zelaitxo zinema aretoa izan da topaketen etxea eta babeslekua. Baina 2002ko urtarrilean Zelaitxo bota egin zuten eta topaketak neurri handian umezurtz gelditu dira. Azpeitian ez dago Zelaitxok antzerkirako eskaintzen zituen baldintzak betetzen dituen aretorik, eta hogei urte eta gero formula eta egitura berriak bilatu behar izan dituzte udal arduradunek topaketekin aurrera jarraitzeko, ohikoa izan den taula gaineko emanaldi programazioren ordez beste era bateko ekitaldiak eta ikuskizunak proposatuz; 2001ean jada era horretakoa egin zuten, Zelaitxo botatzear zirela eta.
Dena den, Zelaitxoren desagerpenak eta areto alternatiborik ezak ekarri dituzten aldaketak iritsi aurretik ere, Antzerki Topaketek hasierako urteetako asmoetatik nolabaiteko garapena ezagutu dutela ikusten da. Euskarazko antzerki produkzioa bultzatzea eta plazaratzea izan dira gerora ere Azpeitian egiten diren topaketa hauen berezitasunik aipagarriena, eta lan berrien aldeko apustuari ere eutsi izan zaio, baina talde amateurrekin zuten loturak nabarmen galdu du indarra eta hauek pixkanaka-pixkanaka lekua galtzen joan dira. Imanol Eliasek, esan bezala, partaidetza zuzena izan zuen Euskadiko Euskal Antzerki Topaketen sorreran, baina gaur egun topaketek urteak pasatu ahala hartu duten norabidearekin nahiko kritiko agertzen da, bai behintzat hasieran beraien izateko arrazoi nagusietakoa zen euskarazko antzerki amateurra eta lan berriak bultzatzearen ideiak jasan duen bilakaerarekin. Imanolen ustez, “Azpeitian antzerki amateurra galdu egin da eta era horretako taldeek orain topaketetara etortzerik ez” dutela nahi esaten du. “Orain Mutrikun (Gipuzkoa) egiten diren antzerki amateurraren topaketetara gehiago joaten dira. Izan ere, hemen laguntzen ez bazaie, beste lekuren bat bilatu behar. Han egiten dute lehen hemen egiten zutena. Azpeitian dena galdu da. Zergatia ez dakit, baina horrela izan da. Niretzako pena bat”, dio. Antzerki Topaketen hasierako urte haietan sortu zen giroa faltan botatzen du aspaldian Imanol Eliasek.
|