Garai hartan herrian zer?
Alkatetzaren aroak Imanol Eliasi politikarekiko desenkantua sortu zion, baina udalean iraun zuen urte eta erdi hari gainbegiratua emanez gero, bere agintepean Azpeitian gauza onak ugari izan zirela ikus daiteke. Horrelako epe laburra izateko, 1983ko udaberritik 1984ko urte amaiera bitartean lan asko egin ziren herrian.
Imanol alkatetzara iritsi zen urtean, 1983an, Azpeitiko Udalaren aurrekontuetan 486.205.997 pezetako sarrerak eta 489.673.386 pezetako gastuak zeuden aurreikusita. 1984an aurrekontuak gora egin zuen, eta 562.684.771 pezetako sarrerak eta 562.873.389 pezetako gastuak aurreikusi ziren. Aldea txikia izan arren, Azpeitiko Udalak zerga bidez edota bere gainetik zeuden erakundeetatik jasotzen zuena baino diru gehiago xahutu zuen urte horietan, baita Imanol Eliasek alkatetzako bere kargua utzi ondoren 1983-1987 legegintzaldia osatu zuten hurrengo bi urteetan ere.
Imanol alkate zela gauzatutako ekintza nagusiak aipatzerakoan, Aitonena jubilatuen etxe berriaren lanei hasiera eman zitzaien; 1986ko ekainaren 1ean inauguratu zen. Hirigintza arloan, berriz, Paulo VI.a auzoko urbanizazio lanak ditu gogoan Imanolek. 1983an Soreasuko Sebastian Deunaren parrokiko atariko urbanizazioa ere egin zen. Bere alkatetzako garaiaren barruan iritsi zen, era berean, ur-hornidura Elosiaga auzora, eta Urrestillakoa berriztatu egin zen. Baserri-bideen lehen asfaltaketa lanak ere garai hartakoak dira. Hirigintza eta azpiegiturak aipatzean, gai horietan Azpeitia bere inguruko herrien artean “betidanik aurreratuena” izan dela deritzo Imanol Eliasek. “Igual beste herrietan kiroldegiak eta horrelakoak lehenago egingo zituzten, baina azpiegiturak besteak baino gehiago landu izan ditu Azpeitiak”. Imanolen alkate garaian Azpeitiko Hirigintza Plangintzaren Arau Osagarriak ere mahai gainean zituen udalak, eta 1984ko ekainean osoko bilkuran berretsi zituen honen irizpide, helburu eta soluzio nagusiak.
Orduan eraiki ez, baina egitea onartu zena bai, Nuarbeko urtegia izan zen. Herrian oso eztabaidatua izan zen erabaki hura, urtegiaren kontrako iritzia nahiko zabala baitzen. “Urtebete baino gehiago ari zen kontua atzeratu eta atzeratu. Baina noiz edo noiz erabakiren bat hartu beharra zegoen, eta ni tartean tokatu nintzen”.
Garai hartan ekipamendu garrantzitsu batzuk jarri ziren martxan. Horrela, Imanoli egokitu zitzaion 1983an igerileku estalia inauguratzea. Hurrengo urtean, 1984an, Xoxote mendiko aterbea ere inauguratu zen, baina ekitaldi horretan ez zen egon alkatea. “Ez dakit inaugurazioko egunean zergatik ez nintzen igo, baina lehen batean ez zen nire gustuko proiektua izan —dio Imanolek aterbeari buruz—. Ez zitzaidan gustatu gauzak nola egin ziren, azkarregi bezala egin zirelako, guztiekin akordio on bat lortu gabe. Gero, nik aitortzen dut aterbea oso gauza ederra dela eta ondo eginda dagoela”. Garai hartan egindakoekin jarraituz, Garmendipe futbol zelaian aldagela berriak estreinatu zituzten. Euskalerria auzunean ere orduan erosi zituen udalak epaitegi berriak eraikitzeko lurrak, eta hilerria parrokiaren eskuetatik udalaren eskuetara pasatu zen. Eta Imanolek dimisioa eman baino hilabete inguru lehenago, 1984ko azaroan, lehen ikasturtea martxan jarri zen Udal Euskaltegian.
|