Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko azaruek 20,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Imanol Elias »  5. kapitulua »  Garaikoetxeari: Zu bazoaz, ni ere bai

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Garaikoetxeari: Zu bazoaz, ni ere bai

 

Gauzak horrela, EAJren barruan bizi zen egoera korapilatsuaren zuzeneko berriak jakiteko primerako aukera izan zuen Imanol Eliasek 1984ko udan. Urte hartako San Inazio jaien barruan, 1620an Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Azpeitiko herriak hasitako ohiturari jarraituz, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Garaikoetxea Azpeitira etorri zen, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Batzar Nagusietako buruak bezala, San Inazio bigarrengoz —abuztuaren 1ean— Azpei-titik Loiolako basilikara urtero egin ohi den prozesioan parte hartzeko. Egun horretan, Loiolako ekitaldiaren ondoren, herriko agintariek eta kanpotik etorritakoek elkarrekin bazkaltzea izaten da ohitura, eta orduan ere horrelaxe egin zuten. Bazkari hori aprobetxatu zuten, hain zuzen, Carlos Garaikoetxeak eta Imanol Eliasek solasean aritzeko. Ordurako zurrumurru ugari zebilen kalean EAJren goi-mailako ordezkarien arteko giroaren inguruan, eta Garai-koetxea kalera bidaliko zutela ere aipatzen zen. 1984ko Saninazioetako bazkari horretan, udaletxean bertan, lehendakariak egoeraren eta bere iritzien berri eman zion Azpeitiko alkate Imanol Eliasi, eta baita zituen asmoak aurreratu ere, Imanolek azaltzen duen moduan: “Urte hartako bukaera alderako alde egin beharra zeukala esan zidan, eta nik, be-rriz, hauxe erantzun nion: ‘Zu bazoaz, ni ere bai’”. Imanolek ezin zuen ulertu lehendakariarekin eta alderdian gertatzen ari zena, eta ez zitzaion batere gustatzen.

EAJren krisialdiak aurrera segitzen zuen. Azpeitian Imanol Eliasi bere konfidentziak egin ondoren, irailean, EAJren Alderdi Egunean jendaurrean garbi geratu zen Garaikoetxearen eta alderdi jeltzaleko zuzendaritzaren arteko haustura. Lehen-dik nahiko garbi ez bazegoen, EBB diputazioen alde jarri zen erabat Lurralde Historikoen Legearen inguruko kontuetan. Kontrako jarrera mantentzen zuen Eusko Jaurlaritzak, eta EBBk eskatzen zion bere irizpideak onartu eta diputazioekin akordio batera heltzea, 1985eko aurrekontuak aurrera atera ahal izateko. Akordio hori lortzeko muga urriaren 15a zen, baina Eusko Jaurlaritzaren eta diputazioen artean aldeak nabarmenak ziren oraindik. Urriaren 2an, akordio hori sinatzen ez bazen bere kargua utzi egingo zuela esan zuen Garaikoetxeak. Ez zuen dimisioa aurkeztu beharrik izan, egun gutxi barru sinatu baitzen azkenean akordio famatua, baina bere jarrerak are gehiago gaiztotu zuen beraren eta EBBren arteko borroka. EBBk ez zuen onartzen lehendakariak bere irizpideak alderdiaren iritziaren gainetik ezartzea, eta Garaikoetxeak ez zuen onartzen EBBk bere gobernuak hartu beharreko erabakiak ezartzea. Lehendakariak eta bere alderdiko zuzendaritzak herrialdearen osaketa eta indar banaketaren inguruan iritzi erabat kontrajarriak azaltzen zituztenez, bi aldeen artean giroa jasanezina zen ordurako. 1984ko abenduaren 18an, EAJren Batzar Nazionalak konfiantza erretiratu zion Carlos Garaikoetxeari, eta abenduaren 22an EAJk Jose Antonio Ardanza, orduko Gipuzkoako diputatu nagusia, izendatu zuen Garaikoetxeak utzi behar zuen lehendakaritza hartzeko.

Horrela itxi zuen EAJk krisialdi luze eta gogor hura. Abuztuaren lehen egunean Imanol Eliasi iragarri ziona bete egin zen eta Garaikoetxea kargutik kanpora gelditu zen urtea amaitu aurretik. Eta Garaikoetxearen kanporatzearen berri izan zuenean, bi aldiz pentsatu gabe eman zuen bere dimisioa Azpeitiko alkateak, kargutik kanpo geratu berri zen lehendakariari bere egunean emandako hitza betez. Esan eta egin, hori baita Imanolen bizitzan joera nabarmenetako bat. Bi aldiz izan da Azpeitiko Udaleko partaide eta bietan antzeko irteera izan du, aurreko aldian ere bilera batetik altxatu eta gehiago ez baitzen itzuli.

Garaikoetxeak Imanolen dimisioaren berri izan zuenean, saiatu zen erabakia atzera bota zezan konbentzitzen, baina ez zuen ezer lortu. Imanolek gogoan du Garaikoetxeak nola deitu zion: “Iluntzeko ez dakit zer ordutan hotsegin zidan. Ordubete egingo genuen telefonotik hizketan, baina Garaikoetxeak ez ninduen ni konbentzituko, ezta... Nik esanda neukan gauza bat: huraxe beteko nuen eta kito. Bera egoskorra izango da, baina ni ere bai”. Dei hura ahaztu ez duen bestea Carlos Garaikoetxea bera da. “Saiatu nintzen Imanol iritziz aldarazten, baina alferrik zen. Imanolek bere ekimenez kargua uzteak pena handia eman zidan. Alkate bikaina eta errespetatua izateaz gain, oso pertsona sentibera zen. Gizon bezala asko estimatzen nuen, eta orain ere estimatzen dut”. Egun haietan eta ondorengo hilabeteetan atxikimendu ugari jaso zuen Garaikoetxeak eta asko izan omen ziren bere elkartasuna adieraztera Ajuria Enearaino joan zitzaizkion herri ordezkariak. “Elkartasun adierazpen horien artean, barreneraino iritsi zitzaidanetako bat Imanolena izan zen. Harrezkero noizean behin ikusi izan dugu elkar, San Inazio jaietan, eta lagun onak bezala agurtu izan gara”, dio Garaikoetxeak.

Jose Mari Bastidak hartu zuen Imanol Eliasek Azpeitiko Udalean utzitako alkatetza. 1985eko urtarrilaren 10ean egin zen ezohiko bilkuran izendatu zuten alkate Bastida —orain ere berak segitzen du postu horretan—. Alkate berria aurreko legegintzalditik zegoen udalean, bietan alkateorde karguarekin. “Imanol alkate izan zen bitartean berekin oso harreman ona izan nuen, eta gerora ere beti ona izan da gure harremana. Artxibo kontuetan kontsultaren bat egin behar izan dudan guztietan beregana jo izan dut”, dio Bastidak. Bestalde, zinegotzi liberatua zen aldetik, askotan Bastida bera zen udaleko kudeaketaz arduratzen zena. Hori dela eta, Imanolen dimisioarekin udaleko martxan “eten handiegirik ez” zela egon esaten du Bastidak. Bera izan zen EAJren zerrendaburua hurrengo udal hauteskundeetan, 1987an. Eusko Alkartasuna (EA) alderdi sortu berria udal hauteskunde horietara aurkeztu egin zen eta asko estutu zen EAJk ordu arte Azpeitian beste alderdiekiko ateratzen zuen aldea: EAJk 2.940 boto lortu zituen eta lehen postuan geratu zen, eta EAJren ostean 2.466 boto eskuratu zituen EAk. Beraz, alderdi bozkatuena izateari eutsi zion EAJk Azpeitian. Alkatetzak ere ez zion ihes egin, eta Jose Mari Bastidak bere lehen legegintzaldi osoa izango zena hasi zuen 1987an.

Imanol Eliasi dagokionez, 1986an Eusko Alkartasuna sortu zenean partidu berrian afiliatu zen, baina harrezkero ez du politikan partehartze aktiborik izan. “Gainera, esanda nago hurrengo hauteskundeetan [2003an] EA eta EAJ elkarrekin joaten ez badira, hori ere utzi egingo dudala”. Esana badauka, egiteko aukera emanez gero egin, egingo du. 1984an alkatetza eta udala utzita, Imanoli ez zitzaion gehiegi kostatu bere normaltasuna berreskuratzea. “Hurrengo egunean bertan *Guía histórica y taurina de Azpeitia* liburuan hasi nintzen lanean, aurretik egiterik izan ez nuena”, kontatzen du. Alkate karguan urte eta erdi soilik pasatu ondoren bukatu ziren betirako bere politikako eginkizunak. “Niretzako udalekoa hasieran amets bat izan zen”, esaten du. “Zerbait egitea zegoela uste nuen, baina nik espero baino gutxiago egin zitekeen. Baina udaletik irtetearekin asmatu egin nuela uste dut”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak