Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko azaruek 20,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Imanol Elias »  5. kapitulua »  EAJren krisia

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

EAJren krisia

Imanol Eliasek Azpeitiko Udalean bere buruhausteak pasatzen zituen bitartean, bere alderdi politikoaren barruan gauzak ez zeuden hobeto, ezta gutxiagorik ere. EAJren zuzendaritzaren eta Carlos Garaikoetxea Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lehendakariaren (EAJkoa bera) arteko harremanak gaiztotzen ari ziren eta egoerak gero eta konponbide zailagoa zeukan. Halabeharrez, alderdi jeltzalearen krisiak denboran bat egin zuen Imanol Eliasen alkatetzarekin, eta krisi horren amaierak EAJn sortu zuen hausturak eragin zuzena izan zuen, era berean, Imanolek 1984. urte amaieran eman zuen dimisioarekin.

EAJren krisian, askorentzat, Garaikoetxearen eta Xabier Arzalluzen elkar eraman ezina zen faktore bakarra, baina horren gainetik oinarrian bi faktore nagusi zeuden. Eta faktore horietako bat, Eusko Jaurlaritzaren eta EAJren zuzendaritzaren ikuspuntu desberdinak ziren. Hain zuzen ere, Arzalluzek 1980an eskuratu zuen EAJn Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) buruzagitza, Garaikoetxea ordekatuz hain justu, honek urte hartako hauteskundeen ondoren Eusko Jaurlaritzako lehendakaritza hartu zuenean. Izan ere, EAJren barne arauen arabera, EAEko lehendakaritza eta alderdiko zuzendaritza ezin ziren pertsona bakar baten eskutan egon. Beraz, Garaikoetxeak ezin zituen zuzendu, aldi berean, Eusko Jaurlaritza eta EAJ. Gauzak horrela, bi parteen artean sortzen zen arazorik, ikuspuntu desberdin batzuengatik. Adibidez, EAEko Lurralde Historikoen Legearen proiektuaren inguruan EAJren buruzagitza eta Eusko Jaurlaritza ez ziren bat etortzen. Alderdiko zuzendaritza lege horrekin eta beronek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioen esku uzten zituen konpetentzia zabalekin ados zegoen bitartean, Garaikoetxea buru zuen Eusko Jaurlaritzak ez zuen batere begi onez ikusten diputazioek eskuratuko zuten ahalmen eta botere kopuru hori. Legea zegoen bezala onartuz gero, etorkizunean hiru diputazioen eta Eusko Jaurlaritzaren artean “arazo larriak sortzeko aukerak” ikusten zituzten Garaikoetxearen gobernuko agintariek, eta legeak “gobernuaren papera ahultzen” zuela uste zuten. Aldiz, EAJren zuzendaritzak, Xabier Arzalluz eta Roman Sudupe txandatuz buru zirela —Jesus Insausti Uzturre ere bai tarte laburrez—, tradizio forala errespetatuz, hiru diputazioek konpetentzia maila altua mantentzearen aldeko jarrera erakusten zuen. EAEn Lurralde Historikoen Legearen inguruan gauzak horrela, Nafarroan bertako jeltzaleak haserre ziren. Izan ere, Euzkadi Buru Batzarrak, EAJk Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan alkatetzak eta diputazioak lortzeko (Bilboko eta Gasteizko alkatetzak batik bat, baita Arabako Diputazioa ere), eskuin Espainiazalearekin —Alianza Popular alderdiarekin— akordioa lortu zuen 1983ko maiatzean, jeltzaleek Nafarroan APk lurralde honetako gobernua eskuratzeko botoak ematearen truke. Hala, Nafarroako jeltzaleak ziren bertako legebiltzarrean APri lagundu behar ziotenak, baina EAJko ordezkari nafarrek ez zuten inondik inora onartzen eskuin Es-painiazaleari laguntzea, hauek gobernura iritsiz gero “justu abertzaleen interesen aurkako politikak” bultzatuko zituztelakoan. Nahiago zuten Nafarroan gobernua PSOEk osatzea. Eta, hain zuzen, Garaikoetxea bera Nafarroako jeltzaleekin bat zetorren; edo Nafarroako jeltzaleak Garaikoetxearekin.

Udal hauteskundeak egin eta urtebete baino lehenago, 1984an, EAEko legebiltzarrekoak egin behar ziren. Barne arazoak alde batera utzita, EAJk lehendakaritzarako berriro Carlos Garaikoetxea aurkeztea erabaki zuen. Garaikoetxeak, ordea, hasiera batean uko egin ondoren, azkenean bi baldintza jarrita onartu zuen atzera aurkeztea: Lurralde Historikoen Lege Proiektuaren inguruan EBBk Eusko Jaurlaritzaren tesiak kontuan hartzea batetik, eta EAEko lehendakaria EAJren diziplinatik kanpo geratzea. Garaikoetxearen jarrera horrek, aurretik zetorren giro nahasiari lotuta, EAJren barruko krisia azaleratu egin zuen azkenean. 1984ko otsailean hauteskunde autonomikoak irabazi egin zituen EAJk, baina krisia baretu beharrean, urtean zehar areagotu egin zen. Nafarroako jeltzaleek ez zuten EBBren agindua bete eta APk ezin izan zuen Nafarroako Gobernua eskuratu. Jarrera horri erantzun gogorra eman zion EBBk, apirilean Nafarroako EAJko batzorde eragilea alderditik bidaliz eta bere ordez gestora bat ezarriz. Militante nafarrek ez zuten egoera berria onartu. Egoera horrek, bestalde, ez zituen hobetu dagoeneko txarrak ziren EBBren eta Carlos Garaikoetxearen arteko harremanak. Nafarra da Garaikoetxea —Iruńekoa— eta EAJk alderditik kanporatu zituen jeltzale nafarren ondoan egon zen, eta hauek, berriz, beti erakutsi zioten beraien atxikimendua EAEko lehendakariari.

Bestetik, 1984ko maiatzean Xabier Arzalluzek utzi egin zuen EBB —1986ko otsailean itzuli zen presidentetzara—, eta Roman Sudupek bete zuen tokia EAJren buruzagitzan. Suduperi egokitu zi-tzaion, beraz, EAJren krisialdiaren azken kapituluak idaztea, Garaikoetxearekin batera eta/edo kontra.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak