Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko azaruek 20,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Imanol Elias »  5. kapitulua »  Aparatu politikoarekin topo

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Aparatu politikoarekin topo


Udalean bere bigarren aldiari ekin zion, horrenbestez, Imanolek. 1974tik 1979ra izandako esperientziak balioko zion noski, baina orduzkerotik egoera asko aldatuta zegoen. “Demokrazia iritsi berria zen eta ia dena egiteko” zegoela eta “dena egin” zitekeela ematen zuen. Imanolek, bere aldetik, teorian “logika osoa” zuen planteamendua zerabilen buruan, baina laster konturatu zen hori eguneroko martxan praktikan jartzea berak uste baino zailagoa zela, ezinezkoa ez esateagatik. “Udalean sartuta, kanpoan geldituta baino gauza gehiago egiteko aukera zegoela iruditzen zitzaidan, gauzak errazago bideratzeko aukera; kultura aldetik, batik bat. Guk ikusten genuen beti edozer gauzatarako udaletxera zuzendu behar zirela eskaerak, gero erantzunaren zain egon eta baietz esaten bazizuten ondo eta ezetz esanez gero, kito. ‘Zeu han baldin bazaude, aldiz, baietz esango duzu eta kito’, genioen”, dio Imanolek, herrian kultur ekintzak bultzatzen eta antolatzen zeukan esperientzian oinarritzen zen bere orduko pentsakera azalduz. Logika idealista hori, ordea, laster erori zitzaion hankapera, udalean sartzerakoan zituen asmoen eta ilusioen zati handi batekin batera. “Ikusten nuen hura ez zela nire tokia, handik ere ez zegoela gauza handirik egiterik. Ez nuen gauzak egiteko askatasunik aurkitzen”, dio, alkate bezala izan zituen lehen esperientziek sortu zizkioten sentsazioak gogoratzean.

“Arazoen aurrean Imanolek bere justiziaren kontzeptua gehiago hartzen zuen kontuan, eta ez distribuzio politikoa. Horrekin asko sufritzen zuela iruditzen zait”. Ramon Etxezarretaren esaldi horrek balio dezake, Imanolek berak udala bere tokia ez zela esaten duenean adierazi nahi duena ulertzeko. Euskadiko Ezkerrako (EE) ordezkari bezala, Ramon Etxezarreta Azpeitiko Udaleko alkateordeetako bat izan zen 1979-1983 eta 1983-1987 legegintzaldietan, eta Imanolekin harreman zuzena izan zuen, horrenbestez. Etxezarretaren ustez, Imanol “garai txarrak” harrapatu zuen alkatetzan, besteak beste EAJren barruan zeuden arazoengatik. Imanolek ere onartzen du bere ideiek eta une bakoitzeko interesek tupust egiten zutela behin baino gehiagotan, eta hori eramatea ez zela beretzat erraza izaten. “Udalean bere linea baten egon behar izaten da —baieztatzen du Imanolek— eta ni ez naiz horrela zuzen-zuzen ibiltzeko horietakoa. Neure ideiek ere zeozer balio izaten dute, eta haiek aintzakotzat hartzen ez badituzte, ba...”.

Interes politiko desberdinak defenditu arren, bien artean lotura bat bilatu zutela uste du Ramon Etxezarretak, euskararen eta literaturaren munduarekin biek “konpartitzen” zuten harremanak errazten zuena. Bien arteko gertutasun horrek Imanolen alderdikideen artean “errezeloak” sortzen zituela ere uste du Etxezarretak, udalean bera azken batean oposizioko kidea zela kontuan hartuta. “Askoz ere sentiberagoak ginen biok —dio, lotura hori azaltzeko—. Nik uste dut Imanolek sinpatia handiegiarekin tratatzen ninduela, eta neuk ere bai bera”. Imanol alkateaz hitz egiterakoan, bere lanean sarritan “deseroso” sentitzen zela iruditzen zaio Etxezarretari, batik bat herrian eztabaida sutsuak edo iritzi kontrajarri nabarmenak eragiten zituzten kontuen aurrean. “Hartutako erabakiaren alderdi positiboarekin gelditu beharrean, erabaki horrekin kaltetuta sentitzen zirenei begiratzen zien, eta sufritu egiten zuen”, gaineratzen du. Adibide bat jartzerakoan, Nuarben Ibai-Eder urtegia egiteko proiektua aurkeztu eta Azpeitiko Udalak baiezkoa eman zionekoa dauka gogoan. "Orain urtegia ikusita —dio Etxezarretak—, garai hartan alde egiten zutenek seguruena arrazoia zutela esan daiteke. Baina nik garai hartan, herrian beste jende askok bezala, oso gogor egin nuen kontra, udaletxeko osoko bilkuretan ere bai, noski. Sasoi hartan Azpeitian egiten ziren bilkuretarako, oso pleno gogorrak izan ziren haiek. Eta nik uste dut Imanol oso deseroso sentitzen zela horrelako egoeratan. Berak esango du egoskorra dela, baina, aldi berean, pertsona biguna ere bada, eta horrelako erabakiak hartzea ez zitzaion atsegina gertatzen”.

Imanol Elias “herri-maitea, oso-oso azpeitiarra eta azpeitiar zalea” bezala ere ikusten du Ramon Etxezarretak, “beti gauzak egin nahian eta bultzatzen”, eta alkatetzarako hautagaitza onartzearen arrazoi nagusiak hor aurki daitezkeela iruditzen zaio. “Alkatetzara iritsi zenean —jarraitzen du Etxezarretak—, aparatu politikoarekin egin zuen topo. Hirigintzari eta beste gai batzuei arreta handiagoa jarri behar izaten zien, berak gogokoak zituen kulturari, antzerkiari edo euskarari baino”. Imanolen kulturarekiko kezkak ondo ezagutzen zituen Ramon Etxezarretak, baita udaletxean biek bat egin aurretik ere. “Imanol alkate izan baino lehenago —kontatzen du Etxezarretak—, aurreko legegintzaldian bilera bat egin nuen gazte batzuekin. Herriko kultur elkarteak eta plataforma bat sortzearen inguruan zen, eta bilera hartara agertu zen adin pixka bateko pertsona bakarra Imanol izan zen, kuriositate handiz agertu ere”. Ramon Etxezarretarentzat Imanol “gizon ona, estua eta sentiberatasun handikoa da. Sentiberatasuna zentzu positiboan, baina baita batzutan sentiberatasuna ez dela praktikoa jakinda ere. Seguruenik horixe da bere bertutea eta bere akatsa”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak