Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko azaruek 20,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Imanol Elias »  5. kapitulua »  Galdutako denbora berreskuratuz

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Galdutako denbora berreskuratuz

Azpeitiko alkatetzara iritsi aurretik, Imanolek hamabost urtez baztertuta —ahaztuta ez— izan zuen bere pasioari, antzerkiari, berriro heltzeko aukera paregabea aurkitu zuen. 1960ko euskarazko antzerkiaren berpizkunde indartsuaren ondoren, antzerki kontuak nahiko ahaztuta gelditu ziren Azpeitian. Desagertzera iritsi gabe, garai hartako indarra galduta zeukan. Baina egoera horrek buelta eman zuen 1980ko hamarkadaren hasierarekin batera. Izan ere, 1980an Jacinto Arregi eta Inazio Rezabal Potxolo-ri omenaldia eskaini zitzaien. Aurreko ataletan ikusi bezala, Azpeitian euskal antzerkiaren benetako aitzindariak ziren Arregi eta Rezabal, bi gizon hauen izenak aipatu gabe ezinezkoa litzatekeelako Azpeitiko antzerkiaren tradizioa azaltzea; eta, hain zuzen ere, Azpeitiko antzerkiari horrenbeste eskainitako bi lagun hauen goratzarreak, ia ezustean eta Imanol Eliasen eskutik, euskal antzerkiaren loraldi berria ekarri zuen herrira.

“Zaharrentzako diru pixka bat bildu eta bi gizon horiei omenaldia eginez emanaldia antolatzea nahi zen. Emanaldi hori nolabait zuzentzen beste bat hasi zen, baina hark ezin zuela eta orduan Imanoli deitu zitzaion. Imanol etorri zen eta baldintza bat ezarri zuen: emanaldi hartan ez gelditzea eta antzerki taldearekin aurrera segitzea. Eta Imanolek exijituriko baldintza horretatik sortu zen gero Antxieta taldea”, azaltzen du Iņaki Bergara Pio-k, Arregiren eta Rezabalen omenez prestatu zen jaialdian partaide izan zen aktoreetako batek. Omenal-dikoan antzeztu zen lana bi omenduek, bere garaian antzerkian ibiltzen zirenean, egin zuten azken obra bera izan zen: Ustegabeko poza izenekoa. Rezabal eta Arregi ere aktore gisa aritu ziren.

Horrela abiatu zen 1981ean Antxieta Antzerki Taldearen historia. Sorreran bezala, ondorengo ia hamar urteetan ere Imanol Eliasen figura ezinbesteko erreferentzia izan zen Azpeitiko antzerki talde amateur horretan. Imanol zen zuzendaria eta, gainera, 1989a bitartean Imanolek idatzitako antzezlanak plazaratu zituen Antxietak, zortzi guztira: Sendagai traketsa (1982), Jokoa nagusi (1983), Lapurreta urtsua (1984), Bi ahoko ezpata (1985), Haunditasun ametsak (1986), Hiru morroiak (1987), Sendagile dantzaria (1989) eta Bat, bi, hiru (1989). Antxietaren sorrerarekin, Imanol Eliasek 1970etik alde batera utzita zuen antzerkigintza berreskuratu zuen bere lanetan; indarrez, gainera.

Talde horretan igarotako denbora ez zen hamar urtera iritsi eta Imanolek tarte horretan hamazazpi antzerki obra idatzi zituen, Antxietak estreinaturikoen kopurua aise bikoiztuz. Horietako batzuk ez dira inoiz taularatuak izan (Morroi hiltzailea, Idazlearen herioa, Bi korkoitzak). Beste batzuk, berriz, idatzi eta handik zenbait urtera berreskuratuak izan ziren. Horrela, 1990eko hamarkadan Azpeitian sortu zen beste antzerki talde batek, Lakrikunek, Eliasek 1986an idatzitako Zorioneko oporrak! lana berreskuratu zuen 1997ko Euskadiko XV. Euskal Antzerki Topaketatan estreinatzeko, eta Ereintza Errenteria-ko taldeak Urkiola (1986) drama 1998an estreinatu zuen. Inoiz estreinatu ez eta saria jasotako beste obra bat ere badu Imanolek garai hartakoa: Eusko Jaurlaritzak 1987an eratutako Euskadi Literatur Sarietan akzesita lortu zuen Arranpan, hain zuzen.

Imanolen garaian, berak gordetako datuen arabera, 1982ko uztailaren 29tik 1989ko abenduaren 9a bitartean, Antxieta Antzerki Taldeak guztira 58 emanaldi egin zituen. Oso marka errespetagarria, euskaraz aritzen den talde amateur bat dela kontuan hartuta. Imanolek, ordea, bazuen beste lanik; udaletxean lan politikoa.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak