Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 7,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Imanol Elias »  4. kapitulua »  Antxieta Etxea, ogibide berria

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Antxieta Etxea, ogibide berria


Acerías y Forjas lantegian hamabost urte pasatu ondoren, 1978an ogibidea erabat aldatzeko une egokia iritsi zitzaion Imanol Eliasi. Gipuzkoako Kutxa Probintzialak Azpeitian Antxieta Etxean zuen erakusketa aretorako zuzendaria aukeratzeko deialdia luzatu zuen, eta Imanolek postu horretara aurkeztea erabaki zuen. Aukeraketa prozesu luze samar bat gainditu ostean, aurrezki kutxakoek Imanol Elias izendatu zuten zuzendari kargu horretarako. Horrela, Azkoitiko lantegian zuen lan-segurtasunerako arduradun postua utzi eta ordu arte lanbide gisa izan zituenekin zerikusi txikia zeukan ardura berria bereganatu zuen Imanolek. Era berean, baina, hain gustukoa eta berea zuen kultur giro baten barruan lan egiteko parada zuen azkenean.

Antxieta Etxean hamalau urte egin zituen zuzendari lanetan Imanolek. Lehenengo urteetan Gipuzkoako Kutxa Probintzialeko arduradunak Imanolek Azpeitiko erakustokian garatzen zuen lanarekin gustura zeuden nonbait, eta modu bikoitzean jakinarazi zioten. Alde batetik, beraien miresmena eta esker ona adieraziz gutuna helarazi zioten Imanoli, eta, bestetik, Azpeitia eta Antxieta Etxeko lana utzi eta Donostiara joateko eskaintza luzatu zioten, ustez aukera hobeak eskaintzen zizkion lan bat betetzera. Baina Imanolek nahiago izan zuen, berriro, bere Azpeitia maitean geratzea. “Zeinek daki —dio berak, erdi txantxan erdi serio—, igual orain askoz okerrago biziko nintzateke”.

.1992an, aurreratutako erretiroa hartzeko aukera izan zuen eta halaxe egin zuen, eta harrezkero Itziar Oiarzabal bere emazteak zuzentzen du orain Kutxarena den erakustokia. Antxieta Etxeko lanak era ofizialean utzita egon arren, eta zuzendari karguak etxean jarraitzen duela kontuan hartuta, Imanolek oraindik ere pasatzen ditu bere orduak erakustokian. Antxieta Etxea, gainera, “inspirazio leku” ere bihurtu izan zaio behin baino gehiagotan, berak aitortzen duenez: “Erakusketak zaintzen na-goenean eta aretoa lasai antzera dagoenean, askotan bertan idazten jarduten naiz, eta, gainera, askotan etxean baino askoz hobeto ateratzen zaizkit gauzak. Ez dakit etxeagatik beragatik den, horko egur artean egoteagatik edo, baina bertan egiten ditut nik gauza asko”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak