Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko azaruek 20,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Imanol Elias »  4. kapitulua »  Ikurrina jartzen aurrenetakoak

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Ikurrina jartzen aurrenetakoak

Hamarkadako lehendabiziko urteetako gertakizun goibelen ondoren, baikortasunerako eta itxaropenerako arrazoiak ez ziren falta sasoi hartan. Artean frankismoaren ondorengo lehen hauteskundeak egiteke zeudela, 1977ko urtarrilaren 18an, euskal herritarren eta udalen presioa zela medio, Rodolfo Martin Villa Espainiako ministroak gobernadore zibilei agindu zien ikurrinaren aurka ez jotzeko, ikurrina beti ere Espainiako banderarekin batera agertzen bazen. Hori zela eta, euskal udalek erabaki zuten urtarrilaren 20an ikurrina jartzea beren udaletxeetan. “Azkoitian eta Azpeitian, ordea, egun bat aurreratu ginela uste dut”, dio Imanolek. Bi hauek ez ziren egun hartan atera zuten bakarrak izan, Donostian ere urtarrilaren 19an atera zutelako ikurrina, Konstituzio Plazan, San Sebastian bezpera ospatzen dela eta. Dena den, legeztapenaren ostean Etxarri-Aranazko (Nafarroa) Udala izan zen ikurrina jarri zuen aurrena, Javier Mauleon alkatea buru zela.

Azpeitian festa giro bikainekoa izan ohi da San Sebastian bezpera, baina 1977ko urtarrilaren 19 hura aparteko poztasun eguna izan zen azpeitiar gehienentzat, ilunabarrean azkenean ikurrina udaletxeko balkoitik zintzilika ikusi zutelako. Ikurrina kalean ikusteak min ematen zien frankista asko eta askori, batik bat Manuel Fraga Iribarneri, Francorekin Turismo eta Informazioko ministro izandakoari, aurretik gogor esana baitzuen: “Bandera hori [ikurrina] azaltzen utzi baino lehen nire gorpuaren gainetik pasatu beharko dute”. Ba Azpeitiko Udalak azaldu zuen, Imanol Elias bertako kide zela, 1977ko urtarrilaren 19 hartan, Fragaren gorpuaren gainetik pasatu gabe —Espainiakoa ere atera zuten orduan, Azpeitikoarekin batera—.

Ikurrina jartzea erabaki zenean Silvestre Otamendik dagoeneko alkatetza utzita zeukan —artean ez modu ofizialean— eta bere ordez Agustin Pratek betetzen zituen behin-behineko alkate lanak. Pratek gazteleraz eta Imanol Eliasek euskaraz, udaletxeko balkoi nagusitik irakurri zuten udalbatzar osoak ikurrina jartzeko hartu zuen erabakiaren testua, behean Azpeitiko Plaza Nagusia betetzen zuten herritarren txalo zaparraden artean.

Hain zuzen, ondoren datorrena da egun hartan Imanolek irakurri zuenaren transkripzioa: “Azpeitiko Udaletxean dan agintari taldeari, Euskal Herri osoak gogozko eta ezaugarri bezala duen ikurriña, guztion jakineko da eta bestaldez gaur egunean diren agintariak eta berdin baita ere kondairan zehar izan diranak ondo dakite horren berri, oraingo ehunkadaren hasieran gure aurrekoen artean sortu zan ezkeroztik berebiziko foru zaletasuna, geroago berriz beste alderditasun bat hartzeko, ontzat hartu zan ikurriña ezaugarri bezala eta Euskal Herriko udaletxe ta Aldundietan zutik izana da, bai kultura erako eginkizunetan, ta baita herriak bere usadioak agertu dituenean, batez ere berriz fuero alderdiari heldu nahi izan danean. Sinestu ezin daitekeen gogo batek indartuta, isil eta izkutu antzean saiatu dira ordea izan ditugun agintariak gure aldetik betirako zapaltzen ezaugarri hori. Nahiz eta jakinean izan Euskal Herriaren gogo bat ikurrin hori ofizialki ezagutzea izan zala. Alperrik bada ere eginahalak egin dira, nahasketa gogor bat sortzeko ezaugarri horri buruz, bainan erantzun bezala gure herriko kultura elkarteak eta baita ere beste era askotakoak herri osoak bat batez bere ezaugarri bezala ikurriña ontzat hartua du, eta horregatik ahalegindu da zapaltze horren aurkako lanean eguna joan eta eguna etorri iritsirik gaur egunean ikurrin hori Euskal Herri osoak bere gogozko eta begizko izatea. Esan lezakegu gaur, zerbait alde batera utziaz orainarte agintariak izan dituzten erruak ematen duela behintzat demokrazi bidean hasiak direla, eta, nahi dutela hartueman gehiago izatea fueroen bidean eta izanik gogo hoietako bat gure ikurriña ontzat hartzea esan dedan bezala hau ere dalako tokatzen zaigun eskubide bat, beste askoren artean. Horregatik benetan gogozko zait herriko agintari taldeari eskaera berezia egitea, eta hala iruditzen bada behintzat eta ofizialki hartzea ikurriña herriaren izenean, Euskal Herriko ezaugarri bezela eta gure fuero nahia agertuaz eta jarria izan dedila udaletxeko balkoi nagusian, bandera nazionalen eta Azpeitiko herriak duenaren onduan, deituaz herri osoari egin dan bezala une honetan. Hau da, herriko agintari taldeari egiten diodan gogozko nere eskari berezia. 1977. urteko urtarrilaren 19. egunez. Alkateak".

Azpeitiko udaletxe aurrea festa bat zen, txistularien musikarekin eta ekitaldiaren amaieran kantatu zen Gernikako arbola-rekin. Une historiko hunkigarri hartan, ordea, Imanol Eliasen sentipenak gazi-gozoak ziren. 1972an hil zen Pako Elias Pako Barbero zetorkion gogora, bizi osoan bere herriko udaletxean ikurrina ikustearekin amets egin eta azkenean ametsa bete gabe joan zen bere aita. “‘Noiz ikusiko ote dugu ikurrina hor goian zintzilik?’, horixe zen berea, plazatik pasatzerakoan udaletxeko balkoira begiratzen zuenean. Eta azkenean ez zuen ikusi. Lehengo zaharrei entzunda, hori betiko amets bat zuten”, dio Imanolek.

.1977ko urtarrilaren 19ko hura emozio askoko eguna izan zen beretzat, baita laneko lagun baten eskutik etorri zitzaion ezusteko gozoarena ere. Forjasen lan-segurtasunaren arduraduna zen garai hartan Imanol. Bulegoan, bere aldamenean, Javier Otañok egiten zuen lana, pertsonal buruak. Otaño karlista zen, “Montejurrara joaten zena eta bere borladun katxarroa janzten zuena”, Imanolen hitzetan. Baina ikurrina urte luzeetako ezkutalekutik irten eta udaletxeko balkoian jarri behar zen egun hartan, harri eta zur utzi zuen Imanol bere lankideak. “Esan nion egun hartan iluntzean zer neukan, eta urduri ikusiko ninduen edo, zeren eta eguerdia baino lehen, ‘etorri, goazen hemendik’ esan eta berekin eraman ninduen. Lehenengo Getarira (Gipuzkoa) eraman ninduen, eta han kristoren bazkaria, bere kontura. Gero, Galarreta frontoira eraman ninduen, eta hango sarrerak eta abarrak ere berak ordaindu zituen. Handik atzera etxera ekarri ninduen, eta ‘orain nahi duan bezala konpon hadi’ esanda agurtu zen. Gauzak nola izaten diren”, kontatzen du, harrituta eta mirestuta, Imanolek.

.1979an, lehenengo udal hauteskundeak egin eta aro berriko aurreneko korporazioa osatu zen Azpeitian ere. Udaleko osoko bilkuren aktatan jasota dagoenaren arabera, urte horretara arte eutsi zion Imanol Eliasek zinegotzi karguari. Berak, ordea, postu hori aurretik utzi zuen irudipena dauka. “Nik dakidana da bilera batetik jaiki eta alde egin nuela. Han esandakoarekin ez netorren bat, lehenagotik beste gauza batzuk esanda zirelako”. Zehaztasun gehiago ematera animatzen ez bada ere, Imanolek onartzen du azkenaldira udal hartako kideen artean zatiketa eta konponezin dezenteak sortu zirela. 1978ko ekainaren 29an egindako osoko bilkuran Manuel Altunak, Lorenzo Soraluzek, Rafael Larra-ñagak, Inazio Urangak, Imanol Eliasek, Javier Ara-kistainek eta Estanis Iriartek zinegotzi kargutik euren dimisioa eman zuten, nahiz eta, gertaera horren aktan jasotzen den modura, udaleko idazkariak horrelakorik ezin zutela egin esan: “*…de conformidad con la legislación vigente no se puede dimitir del cargo de concejal al ser este cargo de carácter obligatorio*”. Hortik aurrera Azpeitiko Udala zeharo ahulduta gelditu zen, zinegotzien erdia pasak, legeak agindu ez arren, bere karguak utzi egin zituztelako, eta batzuetan osoko bilkurak egin ahal izateko beharrezko gehiengorik ere ez zuten lortzen udaletxe barruan gelditu zirenek, 1978ko uztailaren 27ko aktak erakusten duen bezala. Horrela bukatu zen Imanolek herriko udalean bizitako lehen abenturaren ibilbidea.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak