|
|
|
1976. Bergara: Hemen zerbait bazetorrek
Demokraziarako trantsizioa egin nahi zen garai hartan, aparteko esanahia eta garrantzia izan zituen ekitaldi batean parte hartzeko aukera izan zuen Imanolek, 1976ko uztailaren 21ean, Bergaran (Gipuzkoa). Ekitaldiaren sustraiak, ordea, urtebete lehenagotik zetozen. Madrildik alkateen aukeraketa sisteman aldaketa garrantzitsua ekarri zuen lege berri bat etorri zen. Lege horren arabera, eta ordu arte ez bezala, kopuru jakin bat baino biztanle gehiago zituzten herrietan aurrerantzean zinegotziek zuten alkatea aukeratzeko eskubidea. Sistema berri hori aplikatuz joan ziren udalak, batik bat Gipuzkoan, eta horren ondorioz egoera berri bati ateak zabaldu zitzaizkion. Izan ere, herri askotan alkate abertzaleak izendatu zituzten.
Udaletan gertatzen ari ziren aldaketen atzean, besteak beste Bergarako Jose Luis Elkorok, Za-rauzko Imanol Muruak, Hernaniko Inazio Iruinek eta Oiartzungo Iñaki Aristizabalek osatzen zuten taldea zegoen —laurak ere gipuzkoarrak—, eta prozesu hori prestatzeko Arantzazun bilerak egiten zituen. 1976ko martxoaren bukaeran, Elkoro abertzalea Bergarako alkatetzara iritsi berria zela, Bergarako Udalak gutun bat igorri zion Juan Carlos I.a Espainiako erregeari. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa euskal probintzietan 1876ko uztailaren 21eko legeak ezereztatu zituen foruak itzultzeko, eta 1931an Lizarran (Nafarroa) euskal udalerriek onartu zuten Autonomia Estatutuaren antzeko proiektua martxan jartzeko eskatzen zuen gutunean Bergarako Udalak. Hego Euskal Herriko probintziek foruak galdu zituzteneko mendeurrena gainean zen, eta data hori gogoratuz idatzi zen aipatutako gutuna.
Giro horretan, Alkateen Taldea herriz herri bilerak antolatzen joan zen, udalak demokratizatu beharraren premia nabarmenduz, eta presioaren beharra aldarrikatuz. Alkate batzuek kargua utzi egin zuten eta besteek bat egin zuten Alkateen Taldearekin. Azpeitian, 1972tik alkate zen Silvestre Otamendik 1977ko ekainaren 3an eman zuen dimisioa. Bere lehen ordezkoa Agustin Prat zen eta behin-behinean hartu zuen kargua, eta, garai hartako bilkura aktei kasu eginez gero, egoera horretan jarraitu zuen 1979an lehen udal demokratikoa sartu zen arte. Azpeitiko Udalak ere hartzen zuen parte Alkateen Taldearen bileratan. Normalean bi ordezkari joaten ziren, “denbora aldetik libre samar ibiltzen ginenak normalean”, Kanpaxak dioenez.
Alkateen eta udal ordezkarien mugimenduaren ekintzarik adierazgarriena 1976ko uztailaren 21ean egin zen, Bergaran, foruen galeraren mendeurreneko egunean, hain zuzen. Bergarako Udalak Euskal Herriko gainontzeko udal guztiak gonbidatu zituen urtemuga hori ospatzeko elkartzera. Horrela, guztira 69 korporaziok hartu zuten parte han prestaturik ziren ekitaldietan. Mezan eta osoko bilkura batean hartu zuten parte hara joandakoek, eta amnistia, euskara eta Euskal Herriaren etorkizuna erabakitzeko ahalmena eskatzen zituen agiri bat onartu zuten.
Egun haren aurretik, Azpeitiko udaletxean eginiko beste osoko bilkura batean, herriko korporazioa Bergarako ekitaldietara joatearen aldeko erabakia hartu zen. Eta Azpeitiko udal ordezkariak joan ziren Bergarara, baina ez guztiak. Agustin Prat, Iñaki Urkia, Manuel Altuna Kanpaxa, Lorenzo Soraluze, Tomas Bereziartua eta Imanol Elias izan ziren han egon ziren bost udal ordezkari azpeitiarrak. Imanol Eliasi barreneraino iritsi zitzaion Bergaran bizitakoa. “Orduantxe ikusten zen han mugimendu bat, zerbait sortzen ari zela herrian, ikaragarria. ‘Hemen zerbait bazetorrek, eta handia’, pentsatu nuen. Ordu arte ez genuen halakorik ezagutzen, hango jendearen berotasun hura, han esan zirenak... Gauzak beste martxa batean zetozela ikusten zen”.
|