|
|
|
Angel Otaegi ez hiltzeko eskaria
Francoren garaiko Azpeitiko Udaleko azken talde hari diktaduraren amaierako eta ondorengo urteetako une historiko zailak eta garrantzitsuak bizitzea egokitu zitzaion. Zailak eta garrantzitsuak izan ziren, bai, urte haiek, gertaera latzak eta hunkigarriak bata bestearen atzetik gertatzen zirelako, eta horietako batzuk oso gertutik ukitu zuten, gainera, Imanol Elias. Esate baterako, Angel Otaegi nuarbetarrari ezarri zioten heriotza zigorra eta fusilamendua. Otaegi 1974ko azaroaren 18an atxilotu zuten, urte berean apirilaren 3an Gregorio Posadas guardia zibilaren hilketan parte hartu izanaren akusaziopean. 1975eko abuztuaren 29ean, Castillo del Valen (Burgos, Espainia) egindako gerra kontseiluan heriotza zigorra ezarri zioten, eta fusilatuta hil zuten hilabete baino lehen: 1975eko irailaren 27an.
Bi hilabete ondoren hil zen Francoren diktadura ankerraren azkeneko erakusle nagusietakoa izan zen gertaera hark izan zuen munduan oihartzunik; zeresanik ez Euskal Herrian eta, jakina, Otaegiren auzoan, Nuarben. Heriotza zigorraren berri jakin zutenean, Azpeitiko udaletxeko lau zinegotzik erabaki hori atzera botatzeko eskatu zuen mozioa aurkeztu zuten. Manuel Altuna Kanpaxa, Rafael Larrañaga Txortena, Lorenzo Soraluze eta Imanol Elias izan ziren mozioa aurkezteko erabakia hartu zutenak, eta udalbatzarreko osoko bilkuran mozioa aurrera atera zen. Garai hartarako, Kanpaxaren hitzetan, udalaren aldetik “oso jarrera gogorra” izan zen erabaki hura. “Gobernadore zibilak —gogoratzen du Kanpaxak— Silvestre Otamendi zenari telefonotik deitu zion, hari halako akordiorik ez bidaltzeko esanez. Silvestrek, ordea, akordioa hartuta zegoela eta bidali egingo ziola erantzun zion, gero berak ikusiko zuela zer egin. Erraz esaten da, eh, Francoren denboran!…”. Argi dago, baina, Azpeitiko Udalaren eskaerak ez zuela nahi bezalako erantzunik jaso.
Angel Otaegiren hilketak gertutik ukitzen zuen Imanol Elias. Izan ere, nuarbetarra bere ikaslea izan zen Azpeitian, Institutu Laboralean; ikasle bezain lagun izan zituen lehendabiziko promozio hartakoa, gainera. Imanol bera *Curiosidades históricas de Beizama, Urrestilla y Machinventa* libururako informazio bila ibili zenean, bere ikasle ohi Otaegiren laguntza jaso zuen, berau Nuarbekoa izanik, aztertu beharreko bazterrak Imanolek baino askoz hobeto ezagutzen baitzituen. Eta hara nondik, nuarbetarrak ez zuen inoiz irakurriko bera hil eta hurrengo urtean (1976) argitaratu zen liburu hori. “Angel oso mutil alaia zen, txistosoa —gogoratzen du Imanolek—. Garai hartan, beste asko bezala, gizajoa eskolan gaizki ibiltzen zen. Nuarbetik inoiz irtengabea izango zen eta hari gauzak erdaraz azaltzea alferrik zen”.
Angel Otaegirenak ez ezik, honen ama Mariaren oroitzapenak bereziki gordeta dauzka Imanol Eliasek. Institutu Laboralean semearen irakasle zen garaian ezagutu zuen Imanolek Maria, eta harrezkero benetako amistadea izatera iritsi ziren. “Asteartetan azokara etortzen zenean-eta ikusten genuen elkar —dio Imanolek Mariari buruz—. Gure mutil koskor hori [Asier ilobagatik dio] bere semea bezalaxe hartzen zuen; Egaña gozotegira eraman eta pastela ematen zion”. Angel Otaegi Burgosen kondenatuta zegoela, Nuarbeko etxera bisitan joan zitzaizkion behin Maria Otaegiri Imanol eta bere emazte Itziar. Bisita hura gogoratzean oraindik ere seko hunkitzen da Imanol Elias: “Han geunden sukaldean, eta Garmendiaren ama etorri zen. Honen semea ere kartzelan zegoela uste dut, buruan zartadaren bat emanda. Espektakulu hura, bataren semea kondenatuta eta bestearena ere antzeko, egundokoak hartuta zegoen eta... Hura etorri zenean, guri alde egitea tokatu zitzaigun, baina bi emakume haiek hala ikusteak halako zera bat egin zidan barruan”.
.1975eko azaroaren 20an Franco hil zen, eta bere diktaduraren aztarnek sortzailearekin batera joateko presarik hartu ez zuten arren, aro berri bati hasiera eman zitzaion orduan.
|