Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 30,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Imanol Elias »  4. kapitulua »  ... eta Erri-Zalen presidente

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

... eta Erri-Zalen presidente

Udalaren neurri bateko irekiera jarreraren ereduetako bat Erri-Zale izan zen. 1950eko hamarkadaren erdialdetik herrian kultura eta festa inguruko ekintzen pisu handi bat bere gain hartu zuen Oargik eta hau desegiteko agindua eman zuen 1971ko irailean Gipuzkoako Gobernadore Zibilak, eta Azpeitiko Udalak aho batez onartu zuen agindu hori betetzeko agindua urte bereko azaroaren 18an eginiko osoko bilkuran. Azpeitian nola edo hala bete beharreko hutsune nabarmena sortu zen, eta, besteak beste, hori bete asmoz eta Oargikoen lanari jarraipena eman nahian jaio zen 1974an Erri-Zale. Udaletxeko zinegotzi batzuk eta herriko elkarteek osatzen zuten Erri-Zale. Udaletxeko ordezkariak, hain zuzen ere, Estanis Iriarte Sarralle, Manuel Altuna Kanpaxa eta Imanol Elias ziren. Imanol, gainera, elkarte berriko presidentea zen. Oroitzapen onak gordetzen ditu Erri-Zaleren garai hartatik. “Oargiren segizio bat bezala izan zen —azaltzen du Imanolek—, baina udala ere hor sartuta zegoenez, zerbait lortzeko erraztasun handiagoa zeukan zerbait eskatu edo antolatu behar zenean”. Manuel Altuna Kanpaxa-rentzat ere ekimen baliotsua izan zen Erri-Zalerena: “Oso jende ona elkartu ginen, herriaren alde lan egitea nahi genuenak”. Erri-Zalen elkartzen ziren, besteak beste, Maria Jesus Bastida, Kepa Ibarzabal, Andoni Albizuri Katxo, Maria Jesus Arregi, Mikel Larrańaga Enbortxo, Jesus Larrańaga Kaminburu eta Patxi Etxaniz.

Erri-Zalerena ez zen iraupen luzeko proiektua izan, bizpahiru urtez luzatu zelako, baina martxan izan zen bitartean hainbat ekintza bultzatzeko eta antolatzeko gai izan zen. “Gauza xume baina politak” egin zituzten, Imanol Eliasen esanetan. Herriko festatan Oargiren tokia nolabait hartuz egiten zituzten ekitaldiak ahaztu gabe —Sansebastianetako haurren danborrada, adibidez—, Erri-Zaleren bidez antolatutakoen artean aipagarriak izan ziren Txokolotar txistulariei, Bixente Beloki, Joxe Arruti Xulogile eta Felix Epelderi, eta Gipuzkoako Diputazioko buru izandako Perez Arregi eta Elorza azpeitiarrei eskaini zitzaizkien omenaldiak. Beloki Azpeitian abesbatzan urte luzez aritutako tenorea zen, Arruti lurperatzailea eta Epelde parrokiko sakristaua. Txokolotarrak omentzeko, nola ez, Euskal Herri osoko hainbat txistulari elkartu ziren Azpeitian. Belokiren, Arrutiren eta Epelderen omenaldirako, berriz, Arrasateko abesbatza ekarri zuten meza nagusira, eta ondoren omenaldi ekitaldia egin zen udaletxean. “Denetariko” taldeak elkartzen ziren Erri-Zalen, eta kezkak eta proposamenak ere “era guztietakoak” izaten ziren. “Erri-Zale aproba bat izan zen —dio Imanolek—. Oso ondo hasi zen, lan dezente egin genuen. Gero, ordea, taldeak sakabanatzen joan ziren. Hasiera batean kanpoan gelditu zen beste jende bat azaldu bileratara eta hau eta bestea egin behar zela esaten hasi ziren, gero udaletxeak bere ateak itxi egin zituen, eta horrelaxe desegin zen taldea”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak