Zezenez ere bai, gehiegi gustatu gabe
Ondorengo bi liburuek, berriz, elkar lotzen zituen beste berezitasun bat zeukaten, biak ere zezenketen ingurukoak izan zirelako. Lehendabizikoan, *Guía histórica y taurina de Azpeitia (1986), herriko historiaren daturik esanguratsuenak osatuz agertzen ziren zezenei buruzko erreferentziak. Bestea El toro, símbolo de fiesta en Gipuzkoa* (1994) izan zen, eta hor jadanik zezenketek eta hauekiko zaletasunak gure inguruan dituzten erroak eta ohiturak landu zituen Imanolek. Bi liburu horiek Azpeitiko Udalak argitaratu zituen, bigarrenean Azpeitiko Zezenzale Elkartearekin (AZE) batera. Azpeitiko herria betidanik egon da, izan ere, zezenzaletasunarekin lotuta eta horrela jarraitzen du, bai festatan kalera ateratzen den sokamuturrarekin, bai Saninazioetan zezen-plazan egiten diren zezenketekin.
Bere herriko nortasunari hain itsatsita agertzen den ezaugarri hori adierazteko modu bat izan ziren, nolabait, zezenketaren eta zezenzaletasunaren inguruan idatzitako bi liburuok, Azpeitiak zezenekin duen aspaldiko lotura horren sustraiak bilatuz eta ondorengo garapena azalduz, eta, oro har, Gipuz-koako jaietan zezenek historian zehar izan duten presentzia aztertuz. Imanolek berak, izan ere, bere burua ez dauka oso zezenzaletzat. “Niri giroa gustatzen zait, zezen-plazako giroa. Kalekoa ederra da, hemen sokamuturrean ibiltzea eta, baina ni neu ez naiz ibiltzen. Kalekoa gustatzen zait, baina pixka bat urrutitik ikusteko”. Berari deigarriena egiten zaiona, ordea, “Azpeitian bizi den zezen giro hori da, igual beste herri askok ez dutena”, eta hori azaltzea zen bere nahia liburu horiek idazterakoan.
|