Azpeitiko katuak eta arkakusoak
Azpeitiko udaletxeko artxibategian ere garai hartan egin zituen lehendabiziko sartu-irtenak, baita bertako egoera kaskarraren ondorioak jasan ere. Izan ere, gaur egun informatizatuta eta askoz egokiago antolatuta dagoen artxibategiarekin zerikusi txikia zeukan toki umela, zikina eta utzitakoa zen Azpeitiko Udal Artxibategia urte haietan. Baita geroxeago ere, 1997an argitaratu zen Azpeitia Historian zehar-erako lanean aritu zenean ere hala-moduzko baldintzatan aritzea tokatu baitzitzaion Imanoli. 1960ko hamarkada bukaerara itzulita, ordea, artxibategiaren egoera benetan beldurgarria zen, Imanolek kontatzen duenaren arabera. “Askotan leihoak irekita egoten ziren. Sareak zituzten haiek bere garaian, baina ordurako sare zuloak ziren. Katuak ibiltzen ziren eta batzutan atzera botatzeko moduko usaina egoten zen”. Katuak sartu-irtenean zirela, xaguekin eta arratoiekin topo egiteko aukerak murriztu egiten ziren behintzat...
Baina, hain justu, katuekin zuzeneko harremana zeukaten beste maizter batzuekin oso bestelako kontuak ezagutu zituen Imanolek. Hala, artxibategira eginiko bisitaldietako batean, bere garaian iragarki taula gisa erabilitako bat aurkitu zuen, oihal berde batekin tapizatua. Tresna egokia iruditu zitzaion, liburuak taularen gainean jarri eta bere lana modu erosoagoan egin ahal izateko. Baina taulak ezusteko oparia zeukan. “Neuk sentitzen nuen, ttak, ttak, ttak, besoetan zerbait. Zer izango eta arkakusoak! Neuk ikusten nituen besoetan saltoka. Oihal berdea josita zegoen”, dio, une hartako “azkura eta nazka ikara” gogoratzean.
Aurrezi kutxaren deialdiei erantzunez egindako hiru liburuxka haiekin sartu zen Imanol Elias historiagintzaren barrenetan. Hasierako haietan bezala ondoren argitaratzen joan den lanetan ere, azpeitiarraren ikerketa eremua beti Azpeitian eta berau kokatzen den ingurune geografikoan egon da, bere herriarekin duen haustezinezko loturaren eta erakarpenaren adierazle.
.1981ean ezagutarazi zuen bere laugarren historia lana. Juan Antxieta. Apuntes históricos izenburua zeraman, eta argitaratzaile lanak bete zituen Kutxaren aginduz idatzi zuen.
|