|
|
|
Fraideen eta apaizen kolaborazioa...
Azpeitiko eta inguruetako herrietako historia bildu eta jakinarazi asmoz egindako liburuxka horiek gauzatzean hasi zen Imanol Elias kasu askotan historialarien lanak zekartzan zailtasunez jabetzen. Toki batzutan dokumentu baliotsuak falta zirelako, beste batzutan egoera kaskarrean gordetzen zirelako, edota artxibategien ardura zutenek mesfidantza handiegia erakusten zutelako, datuak topatzea eta jasotzea ez zen beti lan samurra izaten.
Lehiaketaren beraren berezitasunagatik, gainera, DAKMek herriak eta bailarak proposatzen zi-tuen, eta nahi zuen edonork zeukan horietako bati buruzko lanak aurkezteko aukera. Beizama, Urrestilla eta Matxinbentako lanaren kasuan, Aita Lasak eta Imanol Eliasek bat egin zuten euren helburuetan, eta horrek ere sortu zizkion ustekabeko oztopoak Imanoli. “Apaizekin eta fraideekin topo eginez gero —kontatzen du berak—, horrelakoak gertatzen dira. Urrestillara joan eta hango paperez galdezka hasi nintzenean, ‘Aita Lasak eraman ditu’ erantzun zidaten. Azpeitiko Frantziskanen komentura joan nintzen, eta sartzen ere ez zidaten utzi; liburuak fraideek Arantzazura eramanda zeuzkaten... Horrela-koekin egiten duzu topo”. Lantegi horietan hasi be-rria izan eta ezezaguna izateak halako errezeloak sortzen zituen, nonbait, dokumentuen ardura zutenengan, baina traba horiek ez zuten Imanol atzera botatzen. Larunbatak eta igandeak aprobetxatzen zituen dokumentazioa bilatzeko, astegunetan lanak ez zion-eta horretarako aukerarik uzten. Normalean bakarrik egiten zituen bere artxibategietarako bueltak, baina gogoan dauka behin Beizamara Itziar emazteak lagundu zionekoa. “Larunbatero eta igandero hara eta hona ibiltzen nintzen, eta igande batean emazteak lagundu egin behar zidala erabaki zuen. Han ibili ginen, paper artean eta. Haren gogoa erreka zulora joan eta eskuak garbitzeko! Ezin zuen aguantatu. Niri, berriz, berdin zitzaidan”. Hala-moduz gordetako paper zaharren hautsaren eraginak.
Bisitatzen zituen eliz eta udal artxibategietan baimena eskuratzea izaten zen lehendabiziko eginbeharra. Ondoren, agirien artean begira eta bila ibili ahal izateko askatasuna edukitzea izaten zen kontua. “Goiatzen —gogoratzen du Imanolek—, apaiza meza ematera irteten zen eta orduan bakarrik uzten ninduen. Egoera hura aprobetxatzen nuen dena as-tintzeko eta erregistratzeko. Baina apaiza bertan gelditzen bazitzaidan... Horrelakoetan, joandakoan zerbait bilatzea nahi izaten duzu. Fraideekin-eta fidatzen dira, baina bestela... Egundoko aldea dago, ez dago sinesterik”.
Informazioa bilatzerakoan antzeko oztopoak aurkitzen zituen, beraz, Imanolek, baina bestelako lagunekin ere egin zuen topo urte haietan. Oraindik Azkoitiko Acerías y Forjasen egiten zuen lan, eta enpresaren historiari buruzko lan bat egitea agindu zioten. Enpresa hori gerora Azkoitira etorrita bazegoen ere, berez Ońatin sortutakoa zen; zeharo aspalditik zetorrena gainera, XV. mendetik, hain zuzen ere, Zubillaga izenarekin eta deitura bereko auzoan, eta Ońatiko Kondea zen jabea. Hori zela eta, Ońatiko artxibategian ordu asko sartu behar izan zituen Imanol Eliasek, eta beste artxibategietan eta antzekoetan ez bezala, bere lanerako ederki asko etorri zitzaion konfiantza erakutsi zion hango apaiz arduradunak. “Aurreneko aldiz ezagutu ninduenean —dio Imanolek—, berak irekitzen zidan atea eta berak itxi. Azkenerako, ordea, giltzak neuri ematen zizkidan, alde egiterakoan buzoian uzteko eskatuz. Askotan bazkaltzera ere ez nintzen ateratzen; otarteko bat eramaten nuen, zahatoan ardo pixka bat, eta bertan jaten nuen. Izan ere, irtetea denbora galtzea zen”.
Artxibategi hartan igarotako ordu luzeek bere fruitua eman zuten, “oso lan polita, gainera”, Imanolen beraren esanetan, baina azkenean Forjaseko-ek ez zuten ezer argitaratu. Hala ere, Ońatin artxibategian murgilduta pasatu zituen ordu luzeak “erabateko gozamena” izan ziren Imanolentzat. Bere lantegiak bidalita eta haiek ordainduta, lana gustura egiteko aukera izan zuen.
|