Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko azaruek 20,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Imanol Elias »  4. kapitulua »  Historian txar-txarra zen

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Historian txar-txarra zen

Antzerkirako zaletasuna gaztetan modu naturalean sortu eta Bilbon ikasketak egiten ari zela indartu bazitzaion, historiarekin lotutako kontuekin gauzak nahiko bestelakoak izan ziren Imanol Eliasentzat. Izan ere, historia, eskolako gai gisa behinik behin eta han ikasitakoaren arabera, ez zitzaion batere gustatzen. “Historian txar-txarra nintzen ikastetxean ibili nintzenean, gustatzen ez zitzaidan gauza bat zen. Eskolan urtearen amaierarako ez nuen ezer gainditu gabe uzten, baina urtean zeharreko azterketatan zerbait uzten banuen, hor tartean seguru Historia egongo zela. Ez zitzaidan gustatzen, edo ez nuen ulertzen... Ez zidan behintzat, atentziorik ematen”.

Historiaren esparruko idazlanetara bere herri maitasunak bideratu zuela esatea gehiegizkoa izango da agian, baina ez guztiz okerra. Imanolen historia gaiko lehen lan aipagarria, Azpeitia y sus hombres (1970) izan zen eta Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalak (DAKM) deituriko Pueblos Guipuzcoanos lehiaketara aurkezteko idatzi zuen. Formula horren bidez, Gipuzkoako historia herriz herri jasoko zuen bilduma antzeko bat osatzea zen antolatzaileen helburua eta, bide batez, herri bakoitzaren historiari buruz aurkezten zen lanik onena saritzea. Lehiaketaren deialdiaren berri izan zuenean, Azpeitiari eta bere historiari buruz zerbait egin zezakeela pentsatu zuen Imanol Eliasek. Pentsatu, eta egin. “Azpeitiari buruz zerbait idazteko aukera bat zen, eta neuk zergatik ez nuen egingo pentsatu nuen. Lanetik etxeratzen nintzenean, idazten hasi eta ez nintzen gelditzen, eta gauez ere segi idazten. ‘Egin behar diat ba’, esaten nion neure buruari, egoskortu nintzen eta halaxe bukatu nuen behintzat. Lan txiki-txiki bat egin nuen gainera, ez zen gauza handia eta”. Azpeitia y sus hombres horri esker, DAKMren lehiaketan saria irabazi zuen Imanolek. Ez zen lan luzea izan, berak dioen moduan, baina bai Imanoli historiaren inguruan eta antzinako dokumentu zaharrek gorde zitzaketen altxorren bueltan interes bizia sortzeko balio izan ziona.

Pueblos Guipuzcoanos lehiaketaren lehen deialdia egin eta urte batzuetara esperientzia hura berreskuratzea erabaki zuen DAKMek, hasierako deialdi hartan lanik eskaini ez zitzaien herriei eta bailarei buruzko aleak argitaratuz, Gipuzkoako herriz herriko historia osatzeko eta biribiltzeko. Bigarren deialdi horri ere erantzutea erabaki zuen Imanol Eliasek eta, bere lantokitik libre gelditzen zi-tzaizkion ia ordu guztiak horretaraxe eskainiz, *Apuntes históricos de Albiztur, Régil, Beizama, Santa Marina y Urquizu lana aurkeztu zuen lehiaketara. 1975ean argitaratu zioten, horrekin ere lehiaketako saria eskuratu baitzuen. Hurrengo urtean, berriz, 1976an, Curiosidades históricas de Beizama, Urrestilla y Machinventa* liburua argitaratu zion DAKMek sail berean. Azpeitiko eta inguruetako artxibo guztiak miatzen emandako orduen hirugarren eta azken fruitu horrek ez zuen lortu, bere aurreko biek bezala, lehiaketaren lehen saria, baina bai akzesita; Matxinbentako Aita Lasa frantziskotarrak gai berari buruz idatzitako lan bati eman zioten orduan sari nagusia. Imanolek aurkezturiko lana aurrekoen neurri beretsukoa zen, lehiaketan bertan eskatzen zuten orrialde kopuru jakin baten ingurukoa. Aita Lasa zenak, berriz, dezentez lan mardulagoa aurkeztu zuen, aipatutako neurri horiek gaindituz, baina osatuagoa noski, eta DAKMekoek saria Lasari ematea erabaki zuten.

Donostiako Aurrezki Kutxa Munizipalaren historia liburuxken ekimenak, dena dela, arrakasta handia izan zuen, eta argitaratutako ale guztiak laster batean agortu ziren kasu askotan. Horixe bera gertatu zen Imanol Eliasek Azpeitiari buruz idatzitako lehen lan harekin. Jendearen erantzunaz jabetuta, lehen liburuxka hartakoak osatuz bere herriaren historiaren inguruan tankerako beste bat idazteko ere agindu zioten aurrezki kutxako arduradunek Imanoli. Honek idatzi, idatzi egin zuen, baina lan osagarri horrek ez zuen sekula argirik ikusi.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak