|
|
|
Loiola Irratiaren hasieran, eta euskaraz
Bere artikuluak prentsan plazaratzen hasi aurretik ere izan zuen Imanolek komunikabideekin harremana: Loiola Irratian. Azpeitian Loiolako Santutegiko jesuitek irrati bat sortzea nahi izan zuten 1960ko hamarkadaren hasieran eta irrati horretan lan egiteko jendea nahi zuten. Imanol Elias sasoi hartan Institutu Laboralean klaseak ematen zebilen oraindik. Carmelo Otaegi ere Institutuko irakaslea zen une hartan, eta bi azpeitiar gazteak elkarrekin sartu ziren jaiotzeko zegoen irrati berriaren abenturan. Ordurako martxan ziren Segura eta Arrate irratien eredua jarraituz sortutako komunikabidea izan zen Loiolakoa, herri eta bailara mailako irratia izateko alegia, kasu honetan Azpeitiak eta Azkoitiak osatzen duten Iraurgi bailarara zuzendua. Era berean, euskararen erabilpen ahal zen normalduena bultzatzen saiatu ziren, urte haietan horretarako zeuden oztopo eta baldintza guztiek uzten zuten neurrian, behinik behin. Bailarako irrati izatetik, bere uhinak herri gehiagotara zabaltzen joan zen ondorengo urteetan, eta 1970eko abenduan Donostiako Herri Irratiarekin bat egin ostean, Loiolako Herri Irratia izena hartu zuen.
Gero ia berrogei urtean Loiolako Herri Irratiko ahotsik esanguratsuenetakoa izan da Carmelo Otaegi, eta honek gogoan dauka oraindik Imanol eta bera nola iritsi ziren Loiola Irratira. Loiolan jesuitek irrati bat jarri zuten berria zabaltzen joan zen Azpeitian, eta Otaegik berak ere entzuten zuen irrati hura. “Nik gogoan dudanez —dio Otaegik—, irratian Aita Bergara aritzen zen. Arratsaldeetan ordu batzuetako emisioa egiten zuen. Musika pixka bat ipintzen zuen, tarteka hitzen batzuk egin eta errosarioa jartzen zuen”. Loiola Irratia izango zenaren aurrekariak ziren horiek, oraindik ofizialki jaio gabe baitzen irratia. Handik denbora gutxira, kazetari bat izendatu zuten irratia antolatzeko eta zuzentzeko. Errioxarra zen bera: Verdu jesuita. Irrati berrirako esatariak behar ziren, eta Verdu galdezka hasi zen, Azpeitian eta inguruetan irratian aritzeko prest egongo litzatekeen jendearen bila, gaitasuna izan zezaketen lagunen bila. “Ez dakit nondik nora hasiko ziren bila —jarraitzen du Otaegik—, baina kontua da niri deitu egin zidatela, eta niri bezala inguruko neska mordo bati. Eta hor hasi ginen, irratian aprobak egiten”. Carmelo Otaegiri irratian hasteko prest legokeen beste norbait ezagutzen al zuen galdetu zioten, honek Institutu Laboralean lankide zuen Imanol Eliasi esan zion eta horrela hasi ziren elkarrekin Loiolara joaten. Biekin batera, Loiola Irratiaren lehen pausoetan han ibili ziren Pilar Forcada eta Maite Quintana azkoitiarrak, Maritxu Martinez eta Marilo Azkune azpeitiarrak, eta Justita Etxabe zestoarra.
Garaiko eliz agintariekin-eta inaugurazio ofiziala 1961eko San Inazio egunean izan bazen ere, Loiola Irratiaren lehen saioak urte bereko otsailaren 11n aireratu ziren. Irratiko esatari lanetan trebatzen aritu ondoren, azkenean iritsi zen zuzeneko irratsaioen ordua. Loiola Irratiko lehen egun hartan entzun ahal izan ziren ahotsen artean zegoen Imanol Eliasena. Zorion agurren tartea egin zuen berak, irrati hartan euskaraz egin zen lehendabizikoa. Euskararen presentzia nahiko mugatua zen hasiera haietan, “pixka bat betetzeko eta herri giroko gauza batzuk esateko erabiltzen zen, orduan dena zainduta zegoen eta. Beno, garai hartan ez euskaraz eta ez erdaraz, ez zegoen gauza handirik esaterik”, dio Imanolek, baina bere partehartze gehienak euskaraz izaten ziren. “Imanolek euskaraz aritzeko erraztasun handia erakusten zuen, garai hartan nik baino askoz handiagoa”, dio Carmelo Otaegik.
Horrela bada, Loiola Irratiko lehen hilabete haietan arratsaldeetan han joaten ziren Carmelo eta Imanol, Institututik irtenda, irratira. Imanol ez zen, ordea, esatari lanetan eroso sentitzen. “Gogoratzen dut Verduk nola esaten zidan: ‘Tienes que abrir menos la boca, para pronunciar no hace falta abrir tanto la boca’. Nik ez dakit ba zer-nola zabalduko nuen ahoa... Ezin nintzen hartara jarri, moztu egiten nintzen”. Otaegik ez zekien Imanolen estuasunak irratiko zuzendariaren komentarioekin lotuta zeudenik, baina konturatzen zen bere lankidea ez zebilela gustura. “Egun batean, Institututik ia arrastaka eraman behar izan nuen. Loiolara iritsi ginen eta San Inazioren estatua dagoen parera iritsi ginenean, ‘ni ez noak’, esan zidan, eta buelta hartu zuen eta ez zen berriro irratira joan”, kontatzen du Otaegik Imanolek irratian jarraitzeari uko egin zionekoa. “Imanol asko estutzen zen, baina nik jarrai zezan animatzen nuen, ondo aritzen zela iruditzen zitzaidan eta. Baina berak horretarako ez zuela balio esaten zuen. Niri, berriz, segitu izan balu, irrati gizon ona izatera iritsiko zela iruditzen zitzaidan”.
Dena dela, Imanolen eta Loiola Irratiaren harremana ez zen hor amaitu. 1962an, Andre-gizonak irratsaioa ematen hasi ziren Loiolan. Saio haiek berehala bihurtu ziren entzuleen gustukoak, eta Imanolek idatzitako sketch laburrek osatzen zituzten saioak. “Eguneroko bizitzako pasarteetan oinarritzen ziren, baina beti ere umore ukitu handiarekin”, dio Carmelo Otaegik. Itziar Sagarzazuk eta Otaegik berak antzezten zituzten Andre-gizonak-en saioak. Imanolek irratsaio horiekin ekindako bide arrakastatsuari Joxe Mari Iriondok eman zion jarraipena, honek jarraitu baitzuen gidoiak idazten Imanolek 1962ko bukaera aldera egiteari utzi zionean. Beranduago, berriz, Loiola Irratirako berriemaile lanetan ere ibili zen Imanol; Azpeitiko eta Azkoitiko berriak bildu eta astean behin egiten zuen kolaborazioa. Berak esan beharrekoa grabatu egiten zen, gero larunbatetan irratitik emateko.
Loiola Irratikoak bukatuta ere ez zen eten Imanol Eliasen eta irratiaren arteko lotura, 1961 aldean bizi zuen hasierako esperientzia hura gaindituta zuen seinale. Izan ere, azkeneko hamasei urteetan, 1986an hasita, asteazkenero hamar-hamabost minutuko saioa egiten du Arrate Irratian, “dagoen berri kopuruaren arabera”, Azpeitiko eta inguruko albisteak emanez.
Antzerkia eta irratia uztartuz, berriz, Andre-gizonak-en ondoren beste hiru irratsaioetarako testuak idatzi ditu Imanolek. Lehendabizikoak, Zipriztinak izenekoak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin sortu zituen 1987an, baina ez ziren inoiz irrati bidez zabaldu. Bai, ordea, urte berean sortutako Zirikadak. Antxieta Antzerki Taldearen eskutik eman ziren irratsaio horiek bai Loiola Irratian eta bai Arrate Irratian. 1990ean, berriz, Imanolek idatzitako Aupa, aupa! izeneko irratsaioak hasi ziren ematen Arrate Irratian, Itziar Oiarzabal emazteak, Juanito Bikendik eta Alońa Oiarzabalek antzeztuta.
Kontuak kontu, bere literatur sormenaren pizkundea ekarri zion 1960ko hamarkadaren ondoren, inoiz ez dio idazteari utzi Imanol Eliasek, eta era guztietako idazlanak plazaratzeko gaitasuna azaldu du gainera, bere-bereak dituen jakin-mina eta adierazi beharra uztartuz. Hurrengo hamarkadan ere, 1970ean, hainbat idazlan plazaratu zituen, herrigintzan eta politikan urrats sakonagoak ematen hasi zen heinean.
|