Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 7,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Imanol Elias »  3. kapitulua »  Prentsako artikuluak

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Prentsako artikuluak

Idazten hasi eta ezin gelditu. Hortaz, ez ziren hor bukatu Imanol Eliasen 1960ko urte haietako lanak. Horrela, komunikabideetan hainbat eta hainbat artikulu plazaratzen hasi zen 1968tik aurrera. Lehendabizikoak Zeruko Argia aldizkarian argitaratu zizkioten kolaborazioak izan ziren, Gaiztoa goitizenarekin. 1968. urtean hilero argitaratzen zituen, Mundu biribilla izenburuko atalean. Zeruko Argian-n argitaratzen zituen artikuluetan aktualitateari halako errepaso berezia ematen zion. “Egunkarietan atentzioa ematen zidaten berriak hartzen nituen eta horien inguruko komentarioa eginez, ondoren berriarekin lotutako olerki bat eransten nion azpian”.

Ondoren *La Voz de España egunkarian hasi zen kolaborazioak egiten, eta hortik aurrera egunkari berean eta El Diario Vasco-n urte luzeak egin zituen. 1968tik aurrera egunkari horietara bidaltzen zituen artikulu gehienek Azpeitiko gaiekin zuten lotura, 1969an eta 1970ean La Voz de España*-n argitaratu zizkiotenak kenduta. Urte horietan Acerías y Forjasen laneko segurtasun arduratan zebilela aprobetxatu zuen gai horri buruzko artikuluak idazteko. Askotan langileek egindako marrazkiei ateratako argazkiekin osatzen zituen artikuluak Imanolek. Orrialde osoak betetzen zituzten bere idatziek, *Tema del Día* izeneko atalean. Inork ez zion eskatzen Imanoli artikuluak bidaltzeko, bere ekimenez idazten zituen. “Nik bidali egiten nituen. Lehenengoa bidali nuen eta atera egin zidaten, hurrengoa bidali eta hura ere atera egin zidaten eta igual orrialde oso-osoa, gainera... Beno, ba bidaltzen segitu nuen”. Testuaren zatirik nagusiena gazteleraz idazten zuen, baina beti ere parte bat euskaraz idatzita bidaltzen saiatzen zen Imanol, gazteleraz idatzitakoaren laburpen erara. “Lehenengotik uste dut erdaraz soilik egiten hasi nintzela, baina gero euskaraz ere pusketak jartzen hasi nintzen, eta dena argitaratzen, dena ateratzen zidatenez, ba segitu. Behin zuloa harrapatutakoan...”.

Antzerkiarekin bezala komunikabideetan, Imanol beti eta ahal zen neurrian euskara erabiltzen saiatzen zen. Bere euskara erabiliz, hori bai, eskola zaharrekoa alegia, euskararen kontuan erabat autodidakta baitzen; bere belaunaldiko gehienak bezala, alfabetizaziorako eskolak urruti gelditzen ziren eta. Baina euskararen aldeko bere militantziak pisu handiagoa zeukan, eta, hala edo hala, kosta ala kosta, euskaraz idazten saiatzen zen. “Euskara ere halaxe idazten zen lehen —dio berak—, ez orain bezala hatxeak eta lebitekin”. Euskara batuaren zabalkundeak eta berak aipatzen duen hatxeak, besteak beste, nahi baino lan gehiago eman zizkioten, gainera. “Ni neure kasa ikasita nengoen, eta aldaketa etorri zenean kostatu egin zitzaidan hartara jartzea. Oraindik ere ez ditut batuan dauden hitz asko erabiltzen, baina beno, pixkanaka-pixkanaka jarri gara, nahikoa kostatuta”.

El Diario Vasco-n argitaratutako bere artikuluei dagokienez, bi aldi izan dituztela esan daiteke. 1970eko hamarkadaren hasieratik 1990eko lehen urteak bitartean egunkari horretan, Saninazio jaien inguruan argitaratzen ziren gehigarrietan plazaratzen ziren Imanolen lanak. Normalean, gainera, artikulu bera bai El Diario Vasco-n eta bai *La Voz de España-n argitaratzen zuen. Horietako gehienak gazteleraz idatzitakoak izan ziren. 1989ko irailetik aurrera, ordea, El Diario Vasco-n asteroko kolaborazioak egiten hasi zen Imanol, Hitz apurrak* izeneko atalerako. Oraingo honetan euskaraz idatzitako artikuluak ziren egiten zituenak, era guztietako gaiak jorratuz. 1993ko urtarrilean bukatu zuen Imanolek kolaborazio lan hori, 173 artikulu idatzi ostean.

Dena dela, ez zion utzi prentsan idazteari. 2000ko martxotik, esaterako, Uztarria Azpeitiko herri aldizkarian —honen bosgarren zenbakitik— hilero herriko historiari buruzko artikulua idazten du.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak