|
|
|
Taularatu gabeak
Inoxente-rekin badirudi Imanol Eliasi sormen aldi oparoa piztu zitzaiola, 1964an idatzitako hori kontuan hartuta, hiru urteren buruan lau antzerki lan idatzi baitzituen. Baina, Inoxente ez bezala, 1960ko hamarkadan azpeitiarrak sortu zituen gainerako antzezlanek ez zuten azkenean oholtza gainean islarik izan. Inoxente komedia sortu eta handik urtebetera, 1965ean, Amaren malkoak izeneko drama idatzi zuen Imanolek, dantzarien eta txistularien laguntzarekin emateko pentsatua. 1966an, berriz, urte bukaeran Inoxente estreinatzearekin batera, beste bi idazlan amaitu zituen, egile gisa gerora ere erakutsi duen etorri izugarria erakutsiz. Azkeneko bi obra horiek espreski beste horrenbeste urte sasoitarako pentsatuta egin zituen Imanol Eliasek. Bata, Haurtxoa seaskan izenekoa, Eguberrietako antzerkia zen, eta bestea, berriz, Gurutz Bidea, Aste Santurakoa. Hiru urteren barruan, beraz, komedia bat, drama bat eta oinarri historikodun bi lan idatzi zituen Imanolek. Ondoren, eta antzerki sorkuntzari dagokionez, lau urteko atsedenaldia hartu zuen, 1970ean idatzi zuen Nor errudun? drama sortu aurretik. Hau ere, taularatu gabe gelditu zen. Imanol Eliasen antzerkirako idazlanen lehen aro baten amaiera dela esan daiteke Nor errudun?, hortik aurrera urte dezente egin baitzituen berriro antzerkirako ezer idatzi gabe.
Horrek ez du esan nahi, ordea, Imanol ezer idatzi gabe egon zenik. 1960ko hamarkada esanguratsua atzean utzi aurretik, poesiari ere tartetxo bat egin zion egile azpeitiarrak; eta emaitza txukunekin, gainera. Horrela, 1966an Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak eratutako lehiaketan saritua izan zen, Mendizaleak Azpeitian izeneko olerkiarekin. 1969an, berriz, beste sari bat eskuratu zuen, oraingo honetan Iruņeko I. Lore-Jokoetan, Egilearen egarri poesiari esker; Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteak antolatu zituen Nafarroako hiriburuan aipatutako topaketak, eta Imanolek Venegas y Figueroa deituriko saria ekarri zuen Azpeitira.
|