Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 2,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Imanol Elias »  3. kapitulua »  Inoxente, Manuel Eliasena

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Inoxente, Manuel Eliasena

Antzerkian aktore eta zuzendari gisa parte hartzeaz gain, 1960ko hamarkadak aparteko garrantzia izan zuen Imanol Eliasen idazle ibilbidean. Are gehiago, esan daiteke hamarkada horren aurreneko urteetan jaio zela Imanol Elias idazlea. Lehendabiziko idazlanak Loiola Herri Irratirako egin zituen. “Loiolak eman zituen lehenengo euskarazko lanak nik idatzitakoak izan ziren”, dio Imanolek 1962an aireratu ziren Andre-gizonak irratsaioei buruz. Irratirako idazteaz gain, Loiola Herri Irratiko lehen urte haietan esatari lanetan ere aritu zen; “baina laster jabetu nintzen hura ez zela niretzako egiten”, dio.

Oargik bultzatuta Azpeitian euskarazko antzerkiak urte haietan ezagutu zuen berpizkundearen hariari eutsi zion, era berean, Imanol Eliasek. Juanito Bikendi eta beste zenbait bidelagun hartuta, han eta hemen antzezlanak egin zituen 1960ko hamarkada osoan zehar. Antzerkiarekiko zaletasuna idaztearekin bat eginez, Imanol Eliasek 1964an sortu zuen bere aurreneko antzezlana: Inoxente. Gaztelerazko beste baten moldaketa izan zen hura, euskaratua. Eta baita taularatua izan zen egile azpeitiar honen lehendabiziko lana ere. Komedia erako lan horren estreinaldia 1966ko Santo Tomas egunean egin zen, Azpeitian, Soreasu antzokian, eta 1967ko urtarrilean, berriz, Azkoitian Olimpia zine aretoan eman zuten berriro. “Txokolo-tar txistularietako bat hil egin zen, eta haren alargunarentzat dirua biltzeko antolatu genuen Inoxente-ren emanaldia —gogoratzen du Imanolek—. Hemen zortzi mila pezeta baino gehiago bildu ziren. Garai hartan sarrerak igual hogei duro edo gutxiago balio zuela kontuan hartuta, jendeak oso ondo erantzun zuela ikusten da”.

Imanol Eliasek idatzita taularatu zen lehendabiziko lan hori, Grupo Artístico Azpeitiano izeneko taldeak eman zuen. Berez ez zegoen izen hori zeraman antzerki talderik, baina antzeko izenen bat jarri behar, dirudienez, diktadura garai hartako agintariek baimena luzatzeko. Espainiako Informazio eta Turismo Ministerioko Gipuzkoako delegaziora eskaera luzatzea ezinbestekoa zen, beste hainbat konturako bezala, herri mailan antzerki lan bat aurkezteko. Hortik Madrilera zuzentzen ziren eskaerak, an-tzezlanaren libretoarekin batera, hango Dirección General de Cinematografía y Teatroko Censura Teatral sailetik igarotzeko. Hangoen oniritzia adierazten zuen zigilua gainean zutela itzultzen ziren azkenean eskaera orrialdeak. Grupo Artístico Azpeitiano izen serioarekin batera, Imanol izen susmagarria baino askoz fidagarriagoa zen Manuelekin ordezkatzea ere ezin ahaztu, noski. Horrela, Manuel Elias agertzen zen Inoxente-ren egile gisa, eta ez Imanol Elias. “Eskaera ofizial ugari egitea beste erremediorik ez zen egoten antzerkia emateko arazorik ez izateko. Eta eskaeratan Imanol Eliasik ez jarri, Manuel ipini badaezpada ere, hainbeste lan hartu eta gero antzerkia eman gabe gelditzeko arriskua egoten zen eta. Gero, askotan, emanaldia egiteko bi egun falta ziren arte ez zitzaigun baietza iristen, eta iristen zenean agian ‘halako bi orrialde kendu’ agintzen zizuten. Baina ordurako aurrera segitu eta guztia ematen zen, eta kito. Aurrera eramateko gai zaila zen, baina ez genuen aparteko arazorik izaten”, azaltzen du Imanol Eliasek. Hori bai, Inoxente-k ‘*únicamente para mayores de 18 años*’ baimena eskuratu zuen, nahiz eta, Imanolen esanetan, “ezer ez eduki”. Garaiko zentsura famatuaren komeriak.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak