|
|
|
Azpeitiarren pasioa
Laneko gorabeherak eta 1960ko hamarkada hasieran Imanol Eliasek bizitako aldaketa eta gertaera aipagarriak garrantzitsuak izan ziren ezbairik gabe beretzat, eta zentzu askotan bere etorkizuneko ibilbidea markatu zuten. Aldaketarik jasan ez zuen zera bat ere hor zegoen, ordea: Imanolen antzerki zaletasuna, alegia. Soldadutzara joan aurretik Oargiren eskutik berreskuratutako euskarazko antzerki emanaldien bidea eta Institutu Laboralean ikasleekin egindako lanak hortxe utzi zituen Imanolek, eta Afrikan Espainiako Armadan emandako urtearen bueltan ere ez zitzaion har hori itzaldu.
Imanol bera barruan ez bazegoen ere, Oargik aurrera jarraitzen zuen bere ekintzetan, eta horien artean antzerkia ere bazegoen. Eta Azpeitian Oargik bultzatuta gauzatu ziren antzerki lanetan herritarren gogoan gelditutako bat aukeratzekotan, hori Agustin Zubikarairen Jaunaren bideetan obraren antzezpena da, Pasioa bezala ezagutzen zena eta oraindik ere gogoratzen dena. Jesusen pasioaren eta heriotzaren inguruko estanpek osatutako antzezlan horren moldaketa, Joxe Mari Altuna azpeitiarrak sortutako musikaz jantzia, 1960ko Aste Santuan eman zuten lehenengo aldiz Azpeitian. Soreasu zineman aurkeztu eta erabateko arrakasta izan zen. “Herri guztia bildu zuen ekintza izan zen Pasioa”, Imanol Eliasen hitzetan. Izan ere, alde batetik, aktore, kantore eta abarren artean ehun lagunetik gora aritzen ziren lanean. Eta, bestetik, herriak izugarrizko harrera egin zion antzezlanari, ikusle aldetik. Enrique Zurutuzak aktoreen zuzendaritzan eta Joxe Mari Altunak musika jarriz eta abesbatza gidatuz, lan eskerga egin zuten Pasioa aurrera ateratzeko.
.1960ko lehen ekinaldi arrakastatsuaren ondoren, 1961erako oraindik eta ahalegin handiagoa egin zuten Oargikoek: ikuskizuna indartu zuten dekoratu eta jantzi berriak prestatuz. Pasioa-ren bigarren saiakera horrek, gainera, oihartzun berezia izan zuen, ikuskizunaren sonak Azpeitiko mugak gainditu eta Donostiaraino iritsi baitzen. Horrela, 1961eko Ostegun Santu egunez Gipuzkoako hiriburuko Victoria Eugenia antzoki ezagunean aurkeztu zuten azpeitiarrek euren Pasioa, goizez eta arratsaldez saio bana eskainiz, eta baita arrakasta biribila lortu ere. Imanol Eliasek oso gogoan dauka egun hura. “Nik ez nuen parte hartu 1960ko lehen emanaldian, baina bigarrenetik aurrera hor ibili nintzen, aktore gisa lehenengo eta zuzendari lanetan ere bai bukaeran. San Joanen papera betetzen nuen”. Itziar bere emaztea ere partaide izan zen Pasioa-n. Esan bezala, gogoan dauka Imanolek 1961eko Ostegun Santuko egun hura, Donostian Pasioa-k izandako harrera beroagatik batetik, “eta egun hartantxe on Julian Barrenetxea musikaria hil zelako. Donostiara abiatu aurretik jakin genuen haren heriotzaren berri”. Azpeitiko parrokiko organujole eta abesbatzako tipleen zuzendari izandakoari eskainitako artikulua izan zen, gainera, Imanol Eliasek Olatz aldizkarian argitaratu zuen azkenekoa —1960an—.
Pasioa-ren ingurukoak bizi-bizi gogoratzen dituen bestea Juanito Bikendi da. Bera zen, Inazio Rezabalekin eta Jacinto Arregirekin batera, antzezlanean parte hartu zutenen artean oholtza gainean eskarmenturik handienetakoa zuena. “Parte hartzea eskaini zidaten —dio Bikendik— eta nik baietz, baina Judasena egitekotan. Eta Judasen papera eman zidaten”. Donostiako egun bereko bi emanaldi haiez hitz egitean, Victoria Eugenia antzokia nola bete zen gogoratzen du Bikendik. “Antzokia beteta zegoen. Goizekoan apaiz eta jesuita ugari joan zen, gainera, ikustera, eta orduko gotzaina ere han zegoela uste dut. Arratsaldean bestelako jendea inguratu zen, baina orduan ere dena bete zen”.
Jaunaren bideetan-ek edo Pasioa-k aldi desberdinak ezagutu zituen Azpeitian. Horrela, hasierako hiru urteren bueltan, bat zela eta bestea zela, bertan behera gelditu zen. Baina azpeitiarrak ez ziren egon urte luzez Pasioa berreskuratu gabe. Berreskuratze horretan, berriro Oargiren eskutik, Imanol Eliasek hartu zuen bere gain aktoreen zuzendaritza, eta Joxe Mari Altunak jarraitu zuen abeslariak gidatzen. 1967an eman zen azkeneko aldiz Pasioa Azpeitian, zortzi urteko ibilbide gorabeheratsu bezain oparoari amaiera jarriz.
|