Ezkondu eta lanbide berria
1961ean, maiatzaren 27an, ezkondu zen Imanol Elias Itziar Oiarzabalekin. Gurasoen etxea utzi eta bizimodu berri bati ekin zion, hortaz, oraindik Institutu Laboraleko irakasle zela. Ezkondu eta hurrengo urtean, ordea, eta lehenago aipatutako arrazoiak zirela medio, Institutuko irakasle izateari utzi zion eta Azpeitian bertan, Landeta auzoan zegoen Construcciones Agur enpresan hasi zen lanean. “Delineante bezala sartu nintzen, baina azkenean hori ez beste guztia egin nuela uste dut”, dio Imanolek Eliasek.
Baina bigarren lanpostu horretan ez zuen denbora luzerik egin. 1963ko ekainean Construcciones Agur utzi ondoren, urte berean, irailean, Azkoitian Acerías y Forjas lantegian sartu zen, Entretenimiento Preventivo izeneko alorrean kontrola eramateko, Iñaki Urretabizkaiaren esanetara. Hor bai, hor urte luzeak egin zituen, 1978. urtea arte bertan aritu baitzen lanean. Dagoeneko Forjas edo Aforasa bezala ezaguna den Azkoitiko lantegian zebilela, Bizkaia aldera joatekotan ere ibili zen. “Patxi Altuna Kanpaxa etorri zitzaidan, Lemoako lantegi baterako postua eskainiz. Bertara joanda ere izan ginen emaztea eta biok, hango nagusiak oso ondo tratatu gintuen, eta etxea eta guzti eskaintzen ziguten. Baina azkenean Azpeitiak gehiegi tiratzen gintuen, eta hementxe gelditu nintzen”. Imanolek Azpeitia ezin utzi orduan, eta aurrerago ere ez.
Lemoara joan gabe gelditu zen, beraz, baina kontu hura medio Azkoitiko bere lanpostuan baldintza hobeak lortzea erdietsi zuen behintzat. “Lemoara Forjasen ezer esan gabe joan nintzen, eta horren ondorioz zigorra ere izan nuen, hiru egunez enplegurik eta soldatarik gabe utzi ninduten eta. Baina itzuli nintzenean, baldintzak hobeak ziren”.
Imanol Eliasi buruz zerbait esan badaiteke, geldirik egoteko gizona behintzat ez dela esan behar da, eta garai hartako beste adibide batek ondo asko argitzen du hori. “Tartean beste gauza batzuk ere egin nituen —kontatzen du berak—. Enparan kalean orduan bazen Cooperativa del Consumo izenekoa, eta harako administrari bat behar zen, bertako kontuak-eta eramateko. Nik kontabilitatea egina nuen, posta bidez ikasita. Administrari lan horretara aurkeztea erabaki nuen, eta zer gertatuko eta lanpostua atera nuela. Azkenean ez nuen kargu hura hartu, baina orduan ere balio izan zidan nire nagusiarengana joan eta ‘beno, postu berri bat zaukeat’ esateko. Hemengo nagusiek beti izan dute langilea joatea baino edozer nahiago, eta kasu horretan ere niretzako mesede izan zen”.
|