Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 5,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Imanol Elias »  3. kapitulua »  Ikasleek alde egitea ezin eraman

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Ikasleek alde egitea ezin eraman

Imanol Eliasek 1962an utzi zuen Azpeitiko Institutu Laboralean zeukan irakasle lanpostua, herrian Landeta auzoan zegoen lantegi batean hasteko. Institutua uzteko arrazoien artean pisu handia izan zuen, bere esanetan, lehendabiziko promozioetako ikasleak, ikasturteak pasatu ahala, ikastetxea uzten hasteak. “Egundoko pena eman zidan nire lehen ikasle haiek alde egiteak —dio Imanolek—. Haiek, gainera, normala baino pixka bat zaharrago zirela hasi ziren Institutuko hasiera hartan. Eskola bukatu ondoren bazuten lanerako okasioa, baina askok nahiago izan zuten zerbait gehiago ikastea. Haiekin beraietako bat bezalaxe ibiltzen nintzen. Futbolean elkarrekin ibiltzen ginen, jolasean ere elkarrekin... Izugarrizko pena hartu nuen alde egitea tokatu zitzaienean. Gero bigarren talde bat etorri zitzaidan, eta haiek ere joan ziren, eta orduan ere bai... Institutukoa ez zen, gainera, guztiz nire gustuko lana”.

Luis Mari Galdos zen Institutuan hasi eta Imanolek aurreneko taldean ikasle gisa izan zuenetako bat. Galdosek dioen bezala, “Imanol oso irakasle gaztea zen, gu baino urte gutxi batzuk zaharragoa baino ez. Ia adin berekoak izatean, harremana oso estua zen, koadrilakoak bagina bezala. Gero hura soldadutzara joan zen, Afrikara, eta handik etorri eta gero ni dagoeneko ez negoen Institutuan. Baina Institututik aparte ere mantendu genuen harremana”. Besteak beste, Imanolek eta Galdosek estudio txiki bat zabaldu zuten elkarrekin, Enparan kalean. Delineazioa irakasten zuten bertan, eta urtebete inguru aritu ziren lan horretan, 1959 inguruan. Institutuko garaira itzuliz, ordea, Luis Mari Galdos bera izan zen, Imanol Eliasek bultzatuta, ikasleek egin zituzten lehen antzerki emanaldi haietako partaideetako bat. Lan guztiak gaztelerazkoak ziren. Izan ere, Galdosek gogoan dauzka garai hartan euskararen inguruan Institutuan izaten zituzten arazoak. “Orduan eskolan debekatuta geneukan euskaraz hitz egitea. Geure artean eta klasetik kanpo egiten genuen, baina maisuekin eta gela barruan ezin izaten zen euskaraz hitz egin. Gu garai hartan, normala zen bezala, geure artean dena euskaraz egiten ohituta geunden. Baina bertako irakasleek-eta esaten ziguten geuretzat zela mesederik handiena Institutuan euskararen ordez gaztelera erabiltzea, horrela hizkuntza hori gehiago praktikatzeko”.

Galdosek gogoan du Inauteriekin lotutako beste pasarte bat ere, Imanol tartean zela. “Institutu Laboralean, gure bosgarren ikasturtea zela uste dut, azkenekoa. Garai hartan, Azpeitian Inauteriak ez ziren gaur bezala jai egunak izaten, jendeak lan egiten zuen edo eskolara joaten zen. Guk, ordea, egun batzuk lehenago baimena eskatu genuen Inauteri asteartean jai egiteko, sokamuturra ateratzen baitzen eta oso giro polita sortzen zen, baina ezezkoa eman ziguten”. Baltasar Iglesias apaiza zen orduan Institutuko zuzendaria, eta honen hitz batzuek gehiago sutu zituen ikasleak.

“Hala, iritsi zen asteartea —jarraitzen du Galdosek—, gu denak haserre geunden, eta hor etorri zen Iglesias, kalean oso giro ederra zegoela aipatuz. Horrek gure haserrea areagotu zuen. ‘Bueno, hemen greba egin behar diagu, alde egin behar diagu’, esan genuen geure artean. Ordurako Ins-titutua Perdillegin zegoen, eta hango gure gelako leihoak atariaren altueran gelditzen zirenez, laugarren eta bosgarren mailakoek leihoetatik irten eta martxa egin genuen”. Institutuko ikasle grebalariak garai hartan Lagun Onak kirol elkarteak herriko plazan zeukan tabernan elkartu ziren, eta haiekin batera Imanol Elias, irakasle bakarra. Inauteri astearteko gertaera horrek izan zituen bere ondorioak, bai ikasleentzat, bai Elias irakaslearentzat. Ikasleek euren zigorra jaso zuten bitartean, Imanolek gerrako kontseilua jasan behar izan zuen. “Era guztietako galderak egin zizkidaten —gogoratzen du berak—, ikasleek eta nik neuk bezperan izandako jarrera azaltzeko. Gehienak kanpotarrak ziren eta ezin zuten ulertu azpeitiarrontzat Inauteriek eta sokamuturrak horrelako garrantzia izatea. Eskerrak, ordea, Baltasar Iglesias tartean zela; honek dagoeneko bazeramatzan urte batzuk herrian eta hobeto ulertzen zuen gure jarrera”. Estuasunak estuasun, urte hartan gaizki pasatzeak balio izan zien zerbaiterako ondorengo ikasleei, hurrengo ikasturtetik aurrera hasi baitzen Azpeitiko Institutu Laborala Inauteri festatan ateak ixten.

Inauterietan ikasleen eskaerarekin bat egiteak arazoak ekarri zizkion Imanol Eliasi gainontzeko irakasleekin, eta aurrerago ere tokatu zitzaion antzeko egoerak bizitzea. Politika debekatutako gaia zen ur-te haietan, eta zeresanik ez Euskal Herriaren ideiarekin zerikusia zeukaten kontuak; gaur egun txikikeriak liratekeen kontuek egundoko garrantzia har zezaketen. Antzeko zerbait gertatu zitzaion Imanol Eliasi Ernio mendian irailean ospatzen diren erromerietako batetik lagunekin batera Azpeitira itzuli zenean. Erniotik zintak etxeratzea aspaldiko ohitura bat da eta Imanolen koadrilakoek ere erosi zituzten beraienak. Orduan zeharo debekatuta zegoen ikurrina, baina mendian ikurrina txiki baten inguruan bazkaldu zuten guztiek, Andoni Albizuri Katxo-k makila baten barruan ezkutatuta eramana. Debekatutako abertzaletasun horrekin puztuta, beherakoan eraman beharreko zintak ere zuri, gorri eta berde kolorekoak izatea erabaki zuten lagun guztiek, eta horrela iritsi ziren herrira, zintak soinean zituztela. Ima-nolen desgrazirako, ordea, Azpeitira iritsi besterik ez eta zeinekin topo egingo eta Jaime Gomezekin, Institutu Laboraleko *Formación del Espíritu Nacional* irakasgai famatuaren irakaslearekin. “Urrian, Institutuan ikastaroa hasi zen lehen egunean, irakasle guztiak beraien areto nagusiko mahai handiaren jiran eseririk zirela aurkitu nintzen. Haietako norbaitek esertzeko eskatu zidan. Unetxo bat igarotzean hasi zen Jaime gertatutakoaren berri ematen, behin eta berriro adieraziz guztiei zinta gorriak, zuriak eta berdeak izan nituela zintzilikaturik, debekaturik zen sinboloa agertuz, eta, gainera, bertan aurkitzen zirenei nire aurkako botoa eman zezaten eskatuz, ni bertatik bidaltzeko”, kontatzen du Imanol Eliasek. Kanporatua izateko zorian egon zen, beraz, Imanol Institutuko bere bigarren gerrako kontseiluan, baina irakasleen gehiengoak ez zion gertatutakoari aparteko garrantzirik eman nahi izan eta ez zuen lanposturik galdu. Gertatutakoak, hori bai, Imanol bere ideietan eta usteetan indartzea lortu zuen. “Igaro behar izan nuen larrialdiaren ondoren, hitza eman nion neure buruari, berriro Erniora joatean belarrietatik ere kolore haietako zintak zintzilikaturik bihurtuko nintzela”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak