Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 2,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Imanol Elias »  2. kapitulua »  Donostiatik Ifniko gerrara

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Donostiatik Ifniko gerrara

Soldadutzarekin ez zuen zorte handirik izan Imanol Eliasek, hasiera batean baiezkoa iruditu arren. Espainia eta Maroko gerran zebiltzan 1958ko hartan Afrikan Ifniko lurraldean (Maroko), eta soldadutzara joatea tokatzen zitzaien guztiek destinu huraxe saihestea zuten ia amets bakarra. Imanolek lehen aldian lortu zuen helburua, baina bigarrenean ez. “Soldadutza Donostian egitea egokitu zitzaidan zozketa nagusian. Ustez oso toki onean nengoen, garajeko bulegoan, eta kamioia gidatzen ere ikasi nuen. Baina Ifnin ordurako bazen Donostiatik joandako konpainia bat, eta hari itzultzea tokatzen zitzaion eta hemendik hara beste bat bidali behar zuten. 1958ko ekainaren 4an egin zen Afrikara zein joango ziren erabakitzeko zozketa. Lasantas sarjentuarekin batera neu jardun nintzen papertxoak biltzen, garajeko bulegoan. Zozketa egin genuen eta, hara!, neurea izan zen joatea tokatu zitzaienen azkeneko izena”.

Berri txarra ezagutu ondoren, etxera joan eta pare bat egun bertan pasatzea erabaki zuen Imanolek, baina koartelean inori ezer esan gabe. “Ifnira joatea baino nahiago nuen nonbait denboraldi bat kartzelan igarotzea”, kontatzen du. “Baina itzuli nintzenean bazirudien ezer ez zela gertatu, nire lagunak baino ez zirela konturatu. Miraria!...”. Eta oraindik izan zuen Afrikako gerrara joan gabe pasatzeko beste aukera bat, baina zozketan berriz ere kale; hamar gidaritatik bost bakarrik behar zituztela esan zieten, eta hamarren artean zozketa berria egiteko. “Egin zen berriro zozketa eta laugarren tokian agertu zen nire izena. Unean bost mila duro izan banitu ordezkoren bat aurkitu ezinik ez nuela izango esan behar dut, baina haiek falta”, gogoratzen du Imanolek.

Zozketak zozketa, 1958ko ekainaren 16an Euskal Herritik abiatu, Vigoko (Galizia) koartel batera bi egun geroago iritsi, han Cabo de Hornos izeneko itsasontzia hartu, Cadizera (Espainia) heldu eta bertatik Ifnira iritsi zen Imanol bere soldadu lagunekin ekainaren 24an, San Juan egunez. “Ifnira joatean esan ziguten urtearen bukaera bitartean txandatuak izango ginela. Hori zen gure itxaropena, baina 1959ko ekainaren 22an iritsi ginen berriro Donostiara, eta hurrengo egunean Azpeitira, ilunabarrean Urrestillako San Juan festetara joateko”. Gidari ibiltzea beste postu batzuekin alderatuta abantaila izan arren, Ifnin pasatutako urtea ez zen, ez, samurra izan Imanolentzat. Etxetik hain urrun, ulertzen ez zuen gerra baten erdian, “zorionez” inoiz erabili behar izan ez zuen pistola batekin kamioiak gidatzen... Itziar Oiarzabalek ia egunero jasotzen zituen bere mutil-lagunaren berriak. “Nik tartean behin, ahal nuenean, erantzuten nion. Baina berak egunero-egunero idazten zidan”, gogoratzen du Itziarrek. Honentzat ez ezik, Azpeitiko Olatz aldizkarirako ere gutunak bidaltzen zituen Imanolek, Afrikako bere bizipenak kontatuz. Guztira bere hamar gutun argitaratu ziren Azpeitian, bera Ifnin zegoela.

Bizipen bitxiak ere izan zituen Imanol Eliasek Afrikako egonaldian. Kamioi gidari gisa, batzuk eta besteak batetik bestera garraiatzen pasatzen zituen egunak, eta Legioko soldaduekin ibiltzea ere egokitu zitzaion batzutan. Legionarioak gizon eskuzabalak iruditu zitzaizkion azpeitiarrari. “Legionarioekin joatea zen... Haietako bat banintz bezala tratatzen ninduten, zeukaten dena ematen zidaten, dena. Horretan egundoko jendea ziren. Gero hori bai, ikusten nituen harri handi bat bizkarrean hartu eta jira eta buelta patioan. Eta gauean ohera joaten nintzen eta haiek iluntzero kantuan entzuten nituen, ‘Mi novia es la muerte...’ eta horrelakoak esaten. ‘Mekaguen, ederki gatxaudek, hi!’, nioen neure artean”.

Egoera okerraren barruan Imanol eta bere konpainiakoak zorteko izan zirela ere esan daiteke, han egon ziren garaian gerrako kontuak baretuago zeudelako. Beraien aurretik Ifnin izan zen Donostiako konpainiak une latzagoak bizi izan zituen: hiru soldadu hil egin ziren eta Ifnin bertan lurperatuta utzi behar izan zituzten.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak