Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 14,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Imanol Elias »  2. kapitulua »  Gauzak egiteko prest zegoen makina

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Gauzak egiteko prest zegoen makina

Kultura aldetik ia gauza denak egiteko zeuden garai hartan, eta zeresanik ez euskal kulturarekin lotutakoak. Oargiren bidez hainbat ekimen jarri ziren martxan Azpeitian 1957tik aurrera, urte horretan hasi baitzen benetan lanean Oargi. Horrela, eta besteak beste, 1957ko Errege bezperan ospatu zen lehendabiziko kabalgata Azpeitian. Aurretik, bazkalondoan, pregoia egitea erabaki zuten. Pregoia presidenteak, Ramon Etxeberriak, zaldi baten gainean zihoala irakurri behar zuen, eta Imanol Elias idazkaria zaldia eramanez oinez joango zen bere aldamenean. Pregoirako arropa aproposak jantzi zituzten biek, antigoalako paje itxura eman nahian, galtzerdi edo panty luzeekin eta galtza motzekin. “Baina gertatzen zena zen —dio Imanolek— lehen ukituan apurtu zirela panty-ak, batez ere nik nituenak behintzat nahiko arloteak agertzen zirela, jositako tokian hautsirik eta patata bat baino gehiago zituztela agerian. Ramonek zituenak berriagoak ziren seguruenik, eta askoz ere hobeto ikusten ziren, nahiz eta edozein tokitara joateko erakoak ez izan. Gertatzen zen ez zegoela besterik eta abiatzeko unea iritsi zela, eta arratsalde hartan bete beharreko paperak aldatzea iruditu zitzaigun. Ramon joango zen oinez zaldiari heldurik eta nik irakurriko nuen pregoia zaldi gainetik”. Ramon Etxeberriak gogoratzen duenez, berriz, “kabalgata Loiolako etorbidean dagoen Jesus eta María komentutik abiatu zen. Irten eta beherala ezbehar txiki bat ere izan genuen, etxafuegoen danbatekoekin zaldi bat guztiz aztoratu baitzen. Harrezkero erabaki genuen etxafuego gehiago ez erabiltzea”.

Umeen lehen danborrada ere 1957an ospatu zen, San Sebastian bezperan, Cecilio Arabaolaza eta Baltasar Iglesias donostiar apaizen ideiari jarraituz, eta bi urte beranduago abiatu zen helduen danborradaren historia, hori ere Oargiko gazteen ekimenez. Saninazio jaietan, 1957an, ospatu zen lehenengo Umearen Eguna, eta festa haietan egin zen Gran Fiesta Vasca izenarekin herri kirolen erakustaldia eta Oargiren barruan eratutako Izarraitz Dantza Taldearen emanaldia batu zituen ekitaldia. Oargik hasiera haietan bultzatu eta martxan jarri zituen festa asko gaur egun tradizio dira Azpeitian, herriak bereganatu dituen seinale. Pedro Illarra-mendik Azpeitiko Jaiak liburuan dioen bezala, “Oargi beti gauzak egiteko prest zegoen makina” zen, eta mugimendu handia ekarri zuen Azpeitiko bizimodura.

Aipatutako dantza taldea eta antzerkia ziren Oargiren barruan lantzen ziren bi atal garrantzitsu. Dantza taldeak Izarraitz izena zuen berez, baina gero Loiola jarri zioten, Ramon Etxeberriaren esanetan “donostiarrek, pixka bat kanpora ateratzeko eta, Izarraitz izenik egokiena ez zela esan baitziguten”. Imanol Eliasen koadrilako lagun gehienak buru-belarri sartu ziren dantza taldean. Joxe Mari Zelaia, Nicolas Arrieta, Mikel Larrañaga, Joxe Mari Zudupe Montte, Cruz Mari Juaristi, Pepe Lizaso, Iñaki Rezabal, Joxe Mari Unanue eta Inazio Urrestilla dantzari moduan aritzen ziren, Madalena-ko Pedrotxo irakasle zutela. Andoni Albizuri Katxo-k eta Tomas Geretak txistua jotzen zuten, Rodolfo Rabella ere txistua jotzen ikasten ari zen, eta Ramon Etxeberria atabalaz arduratzen zen. Imanol ere saiatu zen dantzak ikasten eta bere lagunen martxari eusten, baina... “Txarragoa, ezin! Ahalegindu nintzen, baina ez nuen lortu inoiz taldekideekin batera pauso egoki bat ematea”, dio berak. Txistuarekin ere saiatu zen, baina alferrik.

Dantza eta musika kontuan zereginik ez zuela sinetsita, eta taldearen emanaldietan laguntzaile gisa aritu arren, bere benetako afizioari eutsi zion Imanolek, eta, hala, antzerki proiektuetan egin zituen lanik probetxugarrienak. Azpeitian antzerkiaren tradizioa eta zaletasuna aspalditik zetozen, baina Oargiren bidez aldaketa aipagarri bat gertatu zen. Izan ere, ordu arte herrian ematen ziren ia antzezlan guztiak gazteleraz baziren, Oargikoek euskararen aldeko apustua egin zuten antzerkian. Euskal Herrian toki batean baino gehiagotan ohitura da Santo Tomas egunez euskarazko antzerkia ematea, eta Azpeitian ere ohitura hori berreskuratu nahi izan zuen Oargik.

.1957an eskaini zen Soreasun talde honek egindako lehen antzezlana. Damua garaiz izan zen lehen emanaldirako aukeratu zuten obra. Inazio Rezabal Potxolo, Jacinto Arregi eta Juanito Bikendi beteranoekin batera aktore gazteagoek ere hartu zuten parte antzezlanean, Imanol Eliasek berak tarteko, baita Maria Pilar Lapeirak ere. Jendeak harrera beroa egin zion Oargiren lehen antzerki saiakerari, eta Imanol Eliasek eta bere lagunek aurrera jarraitu zuten beren lanarekin. Damua garaiz-en atzetik etorri ziren Toribio Altzagaren Ramuntxo eta Tene Mujikaren *Gogo oñazeak eta Itziartxo eta Osaba* bezalako antzezlanak. Azken bi horietan ez zuen parte hartu Imanolek, Afrikan zegoen-eta soldadutza egiten.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak