Zer degu O.A.R.G.U.I.?
Zer degu O.A.R.G.U.I?; izenburu horixe jarri zion Imanol Eliasek Olatz aldizkarira igorritako bere aurreneko artikuluari, 1957an. Gaiztoa ezizenarekin sinatu zuen Imanolek idatzia, eta aurrerantzean ere goitizen bera erabili zuen hainbat aldiz, Olatz-en eta baita beste zenbait argitalpenetan ere, Zeruko Argia-n bezala. Azken aldizkari horrekin Gaiztoa goitizena zela-eta bitxikeria bat ere gertatu zitzaion urte batzuk geroago. “Halako bilera edo ospakizun bat antolatu zuten Zeruko Argia-ren urteurren baten inguruan, eta urteetan aldizkarian kolaboratu zuten guztiak elkartzea pentsatu zuten, baina niri ez zidaten deitu. Artxiboetan gordeta zeukaten Gaiztoa bat bazela, baina ez zekiten Gaiztoa ni nintzenik”.
Azpeitiko parrokiak argitaratzen zuen aldizkaritxoa zen Olatz, eta gehienbat elizarekin eta honen ekimenekin lotutako gaiak jorratzen zituen. Eta elizarekin —garai hartako Acción Católicarekin hain zuzen—estuki lotuta jaio zen Azpeitian O.A.R.G.U.I (*Organización Artística Recreativa Guipuzcoa*), 1956. urtean. Ramon Etxeberria izan zen lehenengo presidentea eta Imanol Elias, berriz, idazkaria; “idazten nekielako edo. Prestatzeko, bilera batzuk egin genituen, Donostiara joaten ginen Ramon eta biok, eta horrela hasi ginen”, dio berak.
Oargi, esan bezala, Acción Católicaren barruko atal bat zen. Ramon Etxeberriak azaltzen duen bezala, orduan Acción Católican zeuden J.O.C (*Juventud Obrera Católica), J.I.C (Juventud Independiente Católica*) eta Oargi. “J.O.C.en tailerretako langileak zirenak elkartzen ziren. J.I.C.en, berriz, banketxeetan lan egiten zutenak, ofizinistak eta horrelakoak. Eta gero, kiroletarako, arterako edota kulturarako Oargi zegoen. Denak Acción Católica-ren menpe zeudenez, erretorea zen guztien buru egiten zuena. Gero talde bakoitzak bere apaiz kontseilaria zeukan. Hemen J.O.C.en don Cecilio Arabaolaza ibili zen lehenengo, J.I.C.en lehendabizi don Francisco Epelde eta gero don Jose Maria Eguren izan genituen, eta Oargin hasiera batean don Nicolas Apaolaza eta ondoren Eguren”, dio Ramon Etxeberriak.
Bere izenarengatik pentsa daitekeen moduan, urte haietan Oargiren taldeak Gipuzkoa osoan zehar barreiatuta zeuden. Gehienak denborak aurrera egin eta garai berriak etorri ahala desagertzen joan ziren, baina Tolosakoa (Gipuzkoa), esate baterako, gaur egun oraindik martxan dago, bertako parrokiaren inguruan egituratuta.
Presidente izan zen garai hartan, gainontzeko herrietako ordezkariekin egiten zituen bileratan konturatu zen Ramon Etxeberria herri gehienetan Oar-giko taldeek mendizaletasunaren bidetik jotzen zutela. “Donostian elkartzen ginenean, guztiek mendiko kontuak ekartzen zituzten. Azpeitian, berriz, aurretik bazegoen Lagun Onak Mendi Bazkuna, eta horkoekin ondo konpontzen ginen eta ez genuen nahi izan mendira zuzendutako bigarren elkarte bat eratzerik, alferrikako lehia ez sortzeko. Guk martxa erregulatu batzuk baino ez genituen antolatzen, eta gainontzean kultur eta festa kontuez arduratzen ginen batik bat”.
|