Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 2,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Imanol Elias »  2. kapitulua »  Imanol eta Itziar

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Imanol eta Itziar

Deustun Salesiarrekin ikasketak amaitu eta berehala ezagutu zuen Imanol Eliasek gero bere emaztea izango zen Itziar Oiarzabal Ezeiza. Itziarrek ez ditu oso argi hasierako kontu haiek, baina bai Imanolek, lehen unetik iruditu baitzitzaion “lagun paregabea, bizitza berri bati heltzeko”.

Itziar —Azpeitiko Izarraitz azpiko Arantzeta baserriko Gregorioren eta Feliparen alaba— oso gazterik jaitsi zen kalera lanera. Egurtzanean egoten zen neskame, Enparan kalean. “Ume zain etorri nintzen ni, eskolara ez joateagatik. Ez nago seguru, baina hamabi edo hamahiru urte izango nituen kalera jaitsi nintzenean, oso gazterik. Urte batzuk egin nituen horrela, eta atzera baserrira itzuli nintzen, etxera, hamasei edo hamazazpi urterekin”. Atxero-nean josten ere ibili zen Itziar neskame egon zen urte haietan. Urtea ez du gogoratzen, baina bai Imanol beregana hurbildu zen lehen aldia. “Koadrilarekin etxera nindoan, Enparan kale aldera, eta bera atzetik etorri zitzaidan, etxera laguntzera. Gero, baserrira bueltatu nintzenean, haraino laguntzen zidan. Lokatzetan ibili beharko zuen, orduan biderik ez zegoen eta!”, dio Itziarrek.

“Behin neskarekin hasi zenean, egia esan, ez nuen ia ikusi ere egiten. Harekin pasatzen zuen denbora guztia”, dio Maritxo Eliasek. Ordurako beste etxebizitza aldaketa bat ezagutu zuen Elias sendiak; Erdi kaletik Aranara joan ziren bizitzera, Azpeitian Zentenarioko etxeak bezala ezagutzen direnetako etxebizitza batera. Han egunero prestatzen zion Maritxok afaria Institututik bueltan etortzen zen anaiari. Jan kontuetan Imanol “beti delikatu sa-marra” izan dela dio Maritxok. “Adibidez, garai hartan zaldi haragia jaten genuen; jende askok erosten zuen. Imanol normalean nahiko berandu etortzen zen, askotan Institututik irten eta Itziarrekin egon ondoren, eta ni egoten nintzen bere zain, afaria emateko. Iristen zenean, berehala antzematen zion haragiari. Platera hartzen zuen, begiratu eta ‘oh, zaldi haragia!’. Saletxeneko Bixentaren soroa genuen aurrean, eta haragia hartu eta hara botatzen zuen”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak