El Vérdugo de Sevilla
Inguruan somatzen zen antzerki zaletasun horretaz baliatzea erabaki zuen nonbait Joxe Aizpuru Jaka-k 1955ean, Sierbetako lekaimeak diru aldetik estu zebiltzala-eta hauei laguntzeko zerbait egitea erabaki zenean. Herriko jendearekin antzerki emanaldi bat antolatzea pentsatu zuen Jakak, eta Deustun ikasketak amaitu berri zituen Imanol Elias izan zen proiekturako deitu zuenetako bat. Juanito Bikendi, Joxe Inazio Etxeberria Antzi, Jesus Agirre, Javier Larriba, Agustin Segurola Xague, Alberto Iturrioz Kue, Xabier Arregi Pottor, Javier Egaña, Joxe Luis Iriarte, Bixente Etxeberria eta Antton Porru ziren antzezlana aurrera ateratzeko Joxe Jakak elkartu zituen beste batzuk. Aukeratutakoen artean aurrez antzerkian aritutakoak ziren batzuk, baina inoiz ho-rrelakorik egin gabeak gehienak. Jaka Lagun Onak Futbol Taldeko presidentea izan zen 1952tik 1955era, eta aktore berrien artean bazeuden talde horretako garaiko jokalari ezagun batzuk ere; hala nola, Antzi eta Jesus Agirre.
Antzerki talde berezi horrek taularatu beharreko lana El Verdugo de Sevilla zen, hori ere Joxe Jakak aukeratua, eta horrela hasi ziren entsegu saioekin. Juanito Bikendiren esanetan, “gustura joaten ginen entseatzera, joango ez ginen ba! Joxek beti piku mordoa eta ia zaragikada ardoa eramaten zizkigun, eta entsegua bukatutakoan bete-bete eginda joaten ginen etxera”.
Imanol Eliasek ere ondo gogoratzen ditu El Verdugo de Sevilla haren inguruan bizitakoak: “Deustun antzerki asko egiten nuen. Mundu hori bizi nuen, eta besteak ohera joaten zirenean saiatzen ginen han antzerkiak prestatzen. Azpeitira itzuli eta erdaraz antzerkia egiten zuen talde batekin topo egin nuen, eta haiekin hasi nintzen. El Verdugo de Sevilla-n ezagutu nituen Juanito Bikendi, Xague,... horrelako koadrila bat. Azpeitian zeuden aldrebesenak esango nuke nik, neu ere tartean nintzela. Ikastetxekoarekin alderatuta giroa desberdina zen”.
Sierbetako lekaimeen alde prestatutako El Verdugo de Sevilla-k oso harrera beroa jaso zuen Az-peitian. Zelaitxon egin zen estreinako emanaldia erabateko arrakasta izan zen. Jendea erruz antzokian, eta denak pozik: aktoreak, ikusleak, antolatzaileak eta lekaimeak. Lehendabiziko emanaldi haren atzetik beste bi etorri ziren, gainera: bata Azkoitian eta bestea Zestoan. Azkoitikoaren inguruan pasarte dibertigarri bat dakar gogora Imanolek. “Azkoitian El Verdugo de Sevilla eman genuenean, taula gainean lanean ari ginenak gehiago ginen ikusten zeudenak baino. Gogoan dut Xabier Arregi Potto-ek nola esan zien ikusleei eskenatokitik: ‘Hi, zergatik ez zarete zuek hona etortzen?; eta gu hor jarriko gaituk’”.
|