Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 5,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Imanol Elias »  2. kapitulua »  Azpeitia, herri antzerkizalea

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Azpeitia, herri antzerkizalea

Azpeitian ez zen antzerkirako zaletasunik falta; jendeak horrelako ikuskizunetarako nahikoa joera zuela esan daiteke. Orain Telefónicaren egoitza dagoen eraikinean, parrokitik gertu, Luistarren kongregazioak emanaldi ugari egiten zuen bere garaian, eta arrakastaz gainera. Funtzio egunetan sarri gainezka izaten zen antzoki txikia. Juanito Bikendi zen Luistarren emanaldietan aktore bezala parte hartzen zuenetako bat, eta oroitzapen onak gordetzen ditu. “Aita Gaztelumendirekin eta Agueda Perez Arregirekin ibiltzen ginen —dio Bikendik—. Agueda zen gure erakustailea, oso ona, eta pianoa ere berak jotzen zuen. Soldadutzatik bueltan sartu nintzen ni, eta dezenteko koadrila elkartu ginen”.

Luistarretan neskak eta mutilak ibiltzen zirela dio Bikendik, “baina aparte. Antzezlanean neskaren papera egon arren, mutil batek egin behar izaten zuen, ez zuten-eta neskak eta mutilak elkarrekin ibiltzen uzten. Arrimatzen ere ez zuten uzten orduan, egia esanda. Horrela ibiltzen ginen, eta gehienetan erdaraz. Euskaraz ere lan batzuk egin genituen, Melitonaren bi senarrak, Aldiz aldi...”.

1936ko Espainiako Gerra Zibilaren aurreko urteetan, orduan Luminor zena eta gero Zelaitxo izango zen antzokian ere Iñaki Agirreren eskutik hiruzpalau antzezlan eskaini zituztela gogoan du Juanito Bikendik. Antzerkiak bazuen, beraz, bere tiradizoa Azpeitiko jendearengan, eta herrian baziren antzerki munduan lan egiteko ohitura zuten lagunak. Ezagunenen artean, Juanito Bikendi bera, Inazio Rezabal Potxolo eta Jacinto Arregi zeuden.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak