|
|
|
Institutu Laborala eta Oargi
Bilbotik atzera Azpeitira; horixe egin zuen Imanol Eliasek 1955eko ekainean, Maestria Industrial barruko mekanika ikasketak bukatu zituelako, eta berriro Azpeitira eta bertako bizimodura itzultzea tokatu zitzaion. Eskolako azkeneko bi ikasturteetan, udako hilabeteetan, Azkoitian Juaristi lantegian praktikak eginez aritu zen, baina hortik aurrera tokatzen zitzaion lanean benetan hastea. Garai hartan ikasketak bukatutakoan berehala lanean hasteko arazo handirik ez zen izaten, eta ikasketak amaitu ondorengo aurreneko lanpostua Felix Urkizuren tailerrean aurkitu zuen Imanolek. Tailer edo enpresa txiki ugari zegoen Azpeitian, eta haietako bat zen Urkizurena; mekanika tailerra zen eta errebolber tornoak egiten ziren bertan.
Urkizunean ez zuen, ordea, denbora luzea egin, hilabete batzuk besterik ez. 1955ean bertan, urte amaiera aldera, Azpeitian Institutu Laborala sortu zen eta Imanol Eliasek irakasle postua eskuratu zuen, *Ciclo de Formación Manual* deiturikoaren buru bezala. “Neu nintzen irakaslerik gazteena
—gogoratzen du Imanolek—, hemeretzi urterekin, ikasketak bukatu eta ia segituan sartu bainintzen. Institutua martxan jartzera zihoazela eta, *Jefe de Ciclo de Formación Manual*-erako norbait behar zuten, eta aukera polita iruditu eta aurkeztea erabaki nuen, mekanika arloan nekienaz baliatuz”. Pablo Valero, Jose María Ribas, Josefina Mendieta, María Teresa España, Jose Aizpuru, Juan Jose Etxaide eta Jaime Gomez izan zituen lankide Imanolek Ins-titutu Laboralaren aurreneko urrats haietan.
Institutu Laboralaren lehen egoitza Azpeitian Sindikatu Zaharra bezala ezagutzen den eraikinean egon zen, Plaza Txikian, garai batean herriko udaletxea izan zen leku berean. Egoitza hura behin-behinekoa izan zen, Institutuaren behin betiko egoitza izango zen Perdillegiko eraikinaren lanak amaitu artekoa, hain zuzen. “Hasierakoan, Sindikatu Zaharrean, lehen solairuan eskoletarako gelak zeuden, eta bigarren solairuan, berriz, marrazkirako gela handi bat eta tailerrak. Orain zezenketetarako sarrerak saltzen diren horretan, berriz, arotz-tailerra zegoen. Baina gauza handirik gabe, ez zegoen-eta makina handirik sartzeko tokirik”, dio Imanolek.
Institutuko irakasle lanak bere benetako zaletasuna zen antzerkiaren inguruan zerbait egiteko aukera eman zion Imanoli. Ikasleekin egin zuen lehen lana *El catedrático de anatomía izenekoa izan zen. Zelaitxo aretoan eman zuten antzezlana Institutuko gazteek, Imanolen zuzendaritzapean. Besteak beste, Lorenzo Azkuek, Julian Alonsok, Javier Furundarenak, Abel Izagirrek, Inazio Arregik eta Fernando Beldarrainek hartu zuten parte emanaldian. Lanak harrera ona izan zuela ikusita, beste maila bateko ikasleekin bigarren antzezlan bat prestatu zuten Institutukoek: LAOCA (Libre Asociación de Obreros Cansados y Aburridos*). Hemen aktoreen zerrenda luzatu egin zen eta ondorengoak aritu ziren: Alberto Agirrezabal, Miguel Angel Iriondo, Inazio Javier Olea, Inazio Javier Ansoalde, Eugenio Telleria, Joxe Mari Bereziartua, Javier Furunda-rena, Joxe Luis Lopetegi, Joxe Mari Azpiazu, Maximo Zubizarreta, Xabier Arregi, Miguel Angel Iriarte, Juan Joxe Zubizarreta, Joxe Mari Odriozola, Juan Joxe Agirrezabalaga, Jesus Mujika eta Joxe Mari Azpeitia.
Institutuko ikasleak baino lehenago ere aurkitu zituen, ordea, herrian antzerkirako lagun aproposak Imanolek, eta hauen eskutik hasi zen gero urte luzeetan Azpeitian antzerkiari lotuta egin zuen bidea.
|