|
|
|
Gerraren urtean jaiotakoa
Imanol Elias 1936. urteko Urte Berri egunean jaio zen. Azpeitian (Gipuzkoa), Eliz kalean sortu zen mundura, sei hilabete beranduago piztu zen Espainiako Gerra Zibil latzaren bezperatan. Frantzisko Elias Unanue Pako Barbero eta Manuela Josefa Odriozola Letamendia gurasoen hirugarren semea zen Imanol, baina bizirik jaio zen bigarrena. Era berean, Imanolek ez zuen izan Juan anaia zaharragoa ezagutzeko beta handirik, Imanolek berak lehenengo urtea bete eta berehala hil baitzen Juan, bost urte egin aurretik.
Aipatutako gerra piztu zenean, Pako Elias frontera joan zen borrokara, altxamendu nazionala-ren kontra zeuden euskal gudari abertzaleekin batera. Gerra Zibilari anaia arteko guda esan izan zaio askotan, eta Imanol Eliasen aitaren familian gertatutakoa kontuan hartuz gero, benetako zentzua hartzen dute hitz horiek: Imanolen aita eta Joxe Mari Konpare anaia abertzaleen aldean borrokatu ziren bitartean, Saturnino eta Manuel Pottin, beste bi anaiak, erreketeekin batera aritu ziren. Pottin ez zen etxera itzuli, 1937ko ekainaren 3an hil egin baitzen, Lemoako (Bizkaia) frontean.
Azpeitian kalean jaio arren, Imanol Eliasen lehen oroitzapenak Azpeitian Loiolako bailaran Oņatzen magalean dagoen Telleria baserriari lotutakoak dira. Senarra gerrara joanda, beste askoren antzera egoera latzean aurkitu zen Manuela Josefa Odriozola, bi seme txikirekin eta sostengurik gabe. Juan eta Imanol, Telleria bere baserrira eramatea erabaki zuen orduan, han zaindu zitzaten, bera Eliz Kaleko Takolo-Txiki tabernan neskame lanetan hasteko. Tellerianean Juan Frantzisko eta Josefa Inazia aiton-amonekin eta Joxe eta Pantxike osaba-izebekin bizi izan ziren bi anaiatxoak. Juan bertan hil zen, amaren baserrian, 1937ko otsailaren 19an.
Imanol, besoetako haur bat besterik ez zela, bere bizitzako lehen urteak erabat baldintzatu zituzten gertaerak garatu ziren, beraz, inguruan. Garai zailetan jaioa zen, eta aurrerago ere nabarmendu behar izan zituen gerrak eta honek utzitako ondorioek jende gehienaren bizimodura ekarritako ajeak.
|