Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 8,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Imanol Elias »  1. kapitulua »  Bilbo, bizitza berri baten hasiera

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Bilbo, bizitza berri baten hasiera

1950ean bere bizitzan garrantzia handia izan duen aldaketa berri bat ezagutu zuen Imanol Eliasek. Oiartzabalgo familiaren eta hauen tartekoak ziren Errekartekoen bidez, jesuiten eskutik Bilboko Deustuko Salesiarren kolegioan Maestria Industrial ikasketak egiteko aukera paregabea sortu zitzaion orduan hamalau urte zituen gazteari.

Paregabea, bai. Izan ere, Imanolek eta bere familiak ordu arte bizi izandako estuasunetatik Bilbora ikasketak egitera joatea izugarrizko jauzia zen. “Kolegiora joan nintzenean aldatu zitzaidan niri bizitza”, aitortzen du Imanolek. “Han hasi nintzen pixka bat idazten, eta lehendabiziko antzerkiak ere bertan egin nituen”.

Esan bezala, jesuitek bilatu zioten lekutxoa Deustuko Salesiarretan. Haien kontaktoa Felix Valdes enpresa gizon bilbotarra zen, eta azken honi “zor” dizkio benetan Imanolek Bilbon bizitakoa eta ikasitakoa, Valdes jaunak ordaindu baitzuen Bilboko bere egonaldi osoa. “Gizon haren konfesorea jesuita zen, Aita Mauri, eta hortik etorri zitzaidan aukera. Nire bigarren amaren familiak Errekarteko sendiarekin eta Garate Anaiarekin zuen harremanaren bitartez iritsi ziren harengana. Nik neuk Valdes jaunarekin ez nuen zuzeneko harreman handirik izan, ezin dut hartaz gehiegi esan; Madrilen eta Mexikon negozioak zituela uste dut eta Bilboko Gran Vía kalean bizi zen”. Bilbon bost urteko ikasketak bete zituen Imanolek, eta bukaeran jakin zuen bereak ez ezik, Salesiarretako ia beste berrogei ikasleren egonaldiaz eta gastuez ere Felix Valdes arduratzen zela. “Niri alpargatak eta dena ordaintzen zizkidan, hori da egia. Gure aitak bazuen adurra urtero-urtero, urte hasieran edo, gizonari oparitxoren bat egiteko. Biok joaten ginen haren etxera eta, hura ez bazegoen ere, usokume pare bat edo hari gustatzen zitzaion zerbait ematen genion. Gizon hura bolkatu egin zen nirekin. Bestela nik ez nuen ez ikasketa, ez ezer egingo”. Ordu arte ezagutu zuen bizimodutik oso bestelako esperientziak ezagutzeko parada eskaini zion Imanoli Bilbok. Hamalau urteko azpeitiar harentzat “Bilbora joatea zeharo urruti joatea zen, orduan gehienez Zarautzeraino (Gipuzkoa) iritsiko ginen eta... Esate baterako, aldaketa handia zen urtarrilean joan eta ekaina bitartean Bilbon egotea”.

Aita Beobide salesiar azpeitiarrari ere badu zer eskertua Imanol Eliasek. Beobide —musikaria ere bazen— Bilboko ikastetxean zegoen, eta laguntasun handia eskaini zion Imanoli erlijioko ikasgaia aurrera eramaterakoan. “Hemendik doktrina euskaraz ikasita joan nintzen, eta han, berriz, doktrina edo erlijioa gazteleraz ematen genuen. Beobidek lasai ibiltzeko esan zidan, berak galderak euskaraz egingo zizkidala eta nik hilero haiei erantzuteko, eta horrela ibiltzen ginen. Eta ez hori bakarrik, nik erantzunak ematen nizkionean, gaizki zeudenak-eta berak zuzentzen zizkidan”. Azpeitiar gehiago ere baziren Imanol Eliasekin batera Deustuko Salesia-rretan: Felix Azkue, Javier Epelde, eta Jaime Aristi eta Ahiertza urrestildarrak.

Kolegioko oroitzapen bitxienen artean gordetzen ditu Imanolek hango patio zabalean jokatzen zituzten futbol partida bereziak. Bilboko egonalditik gordetzen dituen argazkiak ere futbolarekin lotutakoak dira guztiak. “Igandetan-eta denak patioan egoten ginen. Baina salesiarrek ez zuten nahi izaten inor geldirik edo egonean ikusterik; ez zuten uzten. Derrigorrez zerbaitean aritu beharra zegoen, eta horrela elkartzen ginen batzutan bostehun lagun inguru, guztiak batera futbolean jokatzen. Ez dakit zenbat partida nahasten genituen, bakoitza bere baloiarekin eta bi hamaikako partida bakoitzean. Baina, jakina, ez zen batere erraza izaten han moldatzea. Ate bakoitzean zazpi atezain biltzen ziren, bakoitza bere partidako baloiari begira, eta hor etortzen zitzaien beste partida bateko baloikada. Hura eromena izaten zen. Eta, noski, inork ez zuen nahi izaten atezain postuan jokatzea”.

Imanolek hemeretzi urte zituela bukatu zituen ikasketak Bilbon, eta Azpeitira itzuli zen, lanerako prest. Maestria Industrial-en ikasitako guztiaz gain beste ezagutza batzuk ere ekarri zituen handik. Horien artean, antzerkiaren harra.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak