Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 7,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Imanol Elias »  1. kapitulua »  Ilaran azkenetakoa, baina komiki zalea

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Ilaran azkenetakoa, baina komiki zalea

Imanolek hamar urte egin berriak zituen aita bigarren aldiz ezkondu zenean, eta Maritxo lau betetzear zen. Anai-arreba zaharrenen arteko harremana oso estua bilakatu zen urteen poderioz, baina familiaren gorabeherak eta Imanolen osasuna medio, haurtzaroan ez zuten elkarrekin egoteko aukera handirik izan, beraien arteko adin aldea sei urtetik gorakoa zela ahaztu gabe. “Imanol beti nire defendatzailea izan da. Elkar asko defenditzen ginen, baina hura zaharragoa izanda, haren babesa beti edukitzen nuen nik”, esaten du Maritxo Eliasek anaia zaharragoari buruz urte haietatik gordetzen dituen oroitzapen urriei buruz galdetzean. “Erdi kalean bizi ginela, etxean katu bat genuela ere gogoan daukat. Imanolek doma-doma eginda zeukan katua. Hankatatik gora sorbaldaraino igotzen zitzaion, zirkoan baleude bezala. Eta iturritik edaten ere erakutsi zion; ur gutxirekin jartzen zion iturria, bera ondoan jartzen zuen, eta katuak nola edan bertatik!”.

Haurtzaroko azken urteak etxean eta aitari laneko gauzatan laguntzen, ahal zuenean besteak beste Rodolfo Rabella, Andoni Albizuri Katxo eta Joxe Mari Zudupe Montte lagunekin batera abenturatan, eta Maristek herriko plazan zuten ikastetxearen artean pasatu zituen Imanol Eliasek. Ikasketa garai hartaz ez dauka aparteko oroitzapen onik. Bere hitzetan, gelan “ilararen azkenetakoa” izaten zen gehienetan, hilero, irakasleak notak ematen zituenean. Ilararen atzealdean ez ziren justu maila oneneko ikasleak biltzen. Imanolek ez du uste, ordea, orduan ikasketatan pattal ibiltzearen arrazoia ez saiatzea izan zenik, berak eta bere ingurukoek gaztelera behar bezala ez menperatzea baizik. “Nire maila agertu nahi izaten nuen ikasgai bakarra marrazkigintza zen. Ez nuen irakaslearen xehetasunak entzun eta ulertu beharrik horretarako. Ematen zitzaigun marrazki baten kopia egitea zen gure langintza eta horretan eginahal guztia jartzen nuen”.

Begoña eta Milagros ahizpa bikiak jaio berritan Oiartzabal baserrian denboraldi bat pasatu zuten Imanol Eliasek eta bere familiak, Juliana Olazabal bigarren amaren etxekoekin. Garai hartan, batean ala bestean lanak eta enkarguak egiten denbora asko joaten zitzaion arren, erdi ezkutuka bazen ere topatzen zituen Imanolek bere afizioetarako tarteak. Eta afizio horien artean komikiak zeuden. “Lehen aldiz komiki bat nire eskuetara iritsi zen unetik, uste dut berari loturik gelditu nintzela”. *El Pequeño Luchador, Roberto Alcazar y Pedrín, El Hombre de Piedra, Hazañas Bélicas, El Guerrero del Antifaz, Pulgarcito, TBO*... 1940ko hamarkadaren bukaerako urte haietan hainbat umeren imaginazioa sutan jartzen zuten argitalpenak goitik behera irakurtzen zituen Imanolek. “Era batera edo bestera lortzen nuen dirua, horrelako komikiak erosten gastatzen nuen”. Baina beti ezkutuan, hori bai, aita Pakorentzat komikiak alferrikako gastuak zirelako. “Izaraz, mantaz eta arropaz betetako armairuak, ohe koltxoiak heltzeko izaten ziren egurrezko langak, ganbara... egokiak ziren komikiak ezkutatzeko, baina egokiena Oiartzabal baserrian egin genuen denboraldian prestatu nuen dudarik gabe”, dio Imanolek. “Horma aproposa” aurkitu zuen Barrenetxe eta Oiartzabal baserriak batzen zituen bidearen ertzean, “sasiek eta belarrek nolabait estaltzen zutela”, eta horixe aprobetxatu zuen ezkutuan gelditzen zen zulo bat egin eta komiki preziatuak bertan gordetzeko. Ale bat irakurri nahi zuenean, disimuluan eta inork ikusi gabe bide bazterreko hormako ezkutalekura inguratzen zen, eta irakurri ostean gauza bera egiten zuen komikia bere tokira bueltatzeko.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak