Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 30,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Imanol Elias »  1. kapitulua »  Urte gogorrak

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Urte gogorrak

Ama hiltzean, Telleria baserria utzi eta aitarekin eta arreba txikiarekin batera beste amonaren etxean jarri zen bizitzen Imanol: Teresa Unanue Barbero-renean. Hain justu, berriro Eliz kalera bueltan, baina oraingoan ez bere gurasoek zuten etxera. Imanolen amona Eliz kaletik Erdi kalerako pasabide gisa erabiltzen den etxean bizi zen. “Malkortxo, Luis Uniyo, Txantxiko, Belokitarrak, Lasa sendia eta Telesfora Agirre” —gero bere izeba izan zena azkena— gogoratzen ditu Imanolek bertako auzokideen artean.

Barbero ezizena, bere senar zenaren ofizioetako batetik zetorkion Teresari, bere semeari bezala; Joxe Pablo Elias —1920an hila- abarketaria ere izan baitzen. Joxe Mari eta Satur, Pako aitaren bi anaiak ere, etxe bertan bizi ziren. Imanolek dioen bezala, “gerrate ondorengo urteak ziren eta bizitza benetan zail egiten zen, batez ere nire aita bezalako langile batentzat, orduak eta orduak lanean egiten bazituen ere soldata txikia lortzen baitzuen behar guztiei aurre egiteko”. Tapizaritza zen Pako Eliasen ogibidea, eta oso trebea omen zen, gainera, berean.

Aitarenak ez ezik, Teresa amonaren ahaleginak ere ez ziren makalak izan. Ama falta zuten bi biloba txiki zituen etxean eta, baldintzak egokienak izan ez arren, handik edo hemendik haiek aurrera atera behar. Teresak Azpeitian Soreasuko Sebastian Deunaren ondoan, Santiago kalearen barrenean zegoen garbitokian ordu asko eman zituen lanean besteen arropak garbitzen, herriko beste hainbat emakumek bezala, bere sosak ateratzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiko buru izandako Julian Elorzaren etxekoentzako zenbait lan ere egiten omen zituen. Lan horiekin, eta Madalena auzo inguruan lantzen zuen baratzak ematen zizkion fruituekin, berea jartzen zuen Teresa amonak etxekoak aurrera ateratzeko. Guztia eta gehiago behar zen, ordea, gerra osteko urte ilun haietan. Imanol eta Maritxo txikiegiak ziren beraien familiak bizi zituen une larriez behar bezala jabetzeko, baina gerora jakin zuten Errukietxera sartzetik ez zirela urruti ibili.

Urtebete pasatxo bizi izan zen Pako Elias seme-alabekin bere amaren etxean. 1946ko otsailaren 7an Juliana Olazabal Arangurenekin ezkondu zen; Azpeitiko Oiartzabal baserrikoa zen Juliana. Horrenbestez, aitaren eta amaren aldekoekin batera familia berria izan zuten Imanolek eta Maritxo arrebak, eta baita bizileku aldaketa berri bat ere. Amona Teresa bizi zen tokitik urrutira joan gabe, Erdi kaleko etxebizitza batean jarri zen bizitzen familia berria. 1947an Arantxa Elias Olazabal jaio zen. Bi urte beranduago iritsi ziren Begońa eta Milagros bikiak. Eta 1951n anaia gazteena, Joxe Inazio.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak