|
|
|
Baserritik kalera, kaletik baserrira
Senar eta aitaren itzulerarekin, Elias Odriozola sendia gerra aurreko egunerokotasuna berreskuratzen saiatu zen. Telleria baserria utzita, Imanol Eliz kaleko bere jaiotetxera jaitsi zen, amarekin eta aitarekin. Aldaketa nabarmena izan zen umearentzat, baserriko bizimoduak eta honen inguruneak zerikusi txikia zuten-eta ordu arte Imanolek ia ezagutzen ez zuen kaleko etxearekin eta inguruarekin.
Kaleko etxean gurasoekin batera bizitzen ez zen, ordea, luzaroan egon Imanol. Osasun arazoak izaten zituen umeak eta, sendagileen gomendioak jarraituz, gurasoek semea berriro Tellerianera eta hango aire garbiagora bueltatzea erabaki zuten, kaletik baserrira. Aiton-amonen etxera itzulita, amaren beste anaia ezagutu zuen Imanolek: Antonio Telleye. Pako Eliasek bezala, Antoniok ere gudariekin batera hartu zuen parte Gerra Zibilean, eta etxean bueltan zen Imanol bigarrengoz Tellerianean bizitzen jarri zenean. Zortzi urte bete arte bizi izan zen Imanol amaren familiaren etxean. Bertan pasatu zituen lehen urteetan bezala, igandeak egun bereziak izan ziren beretzat; izan ere, lehen ama joaten zitzaion bezala, orain aita eta ama, biak izaten zituen bisitari.
Lehendabiziko eskola egunak ere Tellerianean bizi zela ezagutu zituen. Errementeri baserria, Loiolako Santutegitik oso gertu, izan zen Imanol Eliasek ezagutu zuen aurreneko eskola. Errementeriko Mariak, inguruetako haurrak irakurtzen, idazten eta zenbatzen ikasteko biltzen ziren eskola txikia zuzentzen zuen han. Imanolek ez ditu gogoan berekin batera han ibilitako lagunak, baina inoiz ez zaio ahaztu baserritik bide luzea egin ondoren Errementeriko aurreneko eskola egunean gertatu zitzaiona. Hau da, Maria maistrak, eskolakoak ez ezik, etxeko lanak ere zuzendu egin behar, eta jolas denboraren ondoren tarte luze samarra egin zuen nonbait gelara itzuli aurretik. Umeak ume izan jakina, eta irakaslea falta zen tartean, festa eta triska nagusi gela barruan. Iskanbilaren erdian, maistrak mahai ondoan izaten zuen zumezko besaulkian eseri zen Imanol. Baina eserlekuaren hanka batek huts egin, eta lurrera... Maria gelara sartu zen une berean. Aurpegia erabat aldaturik zuen Maria onak, eta eskua luzatuz, ikasgelako atea seinalatuz, etxera joateko agindu zidan. Amaiturik zen nire lehen eskola eguna..., dio Imanolek. Mariaren haserreak ez zuen luzaro iraun, eta hurrengo egunetik aurrera Errementerira joan-etorriak ohikoak bihurtu zitzaizkion Imanoli.
Berak sei urte zituela, Elias Odriozola sendiak berri pozgarria ezagutu zuen: 1942ko irailaren 13an, Eliz kaleko etxe hartan, Maritxo jaio zen. Igandetan gurasoek Tellerianera egiten zizkioten bisitaldi haietan ezagutu zuen Imanolek arreba txikia. Poztasunak ez zuen, ordea, luzaro iraun Imanolen etxean, Maritxo jaio eta bi urtera ama Maria Josefa Odriozola hil egin zelako; 1944ko azaroaren 12an, hain zuzen. Imanolek zortzi urte zituen orduan eta kolpe latz horrek erabat aldatu zituen bere eta bere familiaren bizimoduak.
|