Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 8,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Liburuak »  Imanol Elias »  1. kapitulua »  Haur baten oroitzapenak

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Haur baten oroitzapenak

Telleria baserrian aiton-amonekin eta osaba-izebekin eman zituen lehen urte haietako oroitzapenak gazi-gozo eta bakanduta datorzkio burura Imanoli. Amaren igandeetako bisitaldiak ditu gozoenen artean. “Gure amak, aste osoan zehar ematerik ez zuen maitasuna agertu nahi izaten zidan egun horietan, baina, zoritxarrez, une labur batzuk besterik ezin ditut gogoratu”, dio berak.

Aita ere bazuen, bai, Imanolek, baina ez zuen oraindik ezagutzen. Pako Eliasek berak ere ezin jakin gerrara joan zenean etxean utzi zuen zazpi hilabeteko umea zer itxura hartzen joan zen. 1939an, guda amaitu zenean, galtzaileen arteko beste askok bezala kartzela ezagutu behar izan zuen Pako Barberok. Bilbon kartzelaratu zuten, heriotza zigorrarekin. Eta Bilboraino joan zen behin Manuela Josefa egoera latz horretan, Imanol txikia berekin hartuta, senarra ikusteko asmoarekin. Baina bere asmoa bete gabe itzuli behar izan zuen Azpeitira. Beste kartzela batzuk ere ezagutu zituen Imanolen aitak, bueltarik gabeko zigorra noiz beteko. Zigorra bertan behera utzi eta etxera itzuli ere itzuli zen, baina denbora gutxirako, ia berehala berriro kartzelaratua izan baitzen, herritar baten salaketa bat medio.

Azkenean iritsi zen, ordea, semeak aita lehen aldiz ikusteko eguna. Imanolek ondo gogoratzen du Tellerianean aita ezagutu zueneko hura, gertaerak ezustean harrapatu zuelako, Azpeitia. Gaztaroko kronikak bere liburuan kontatzen duen bezala: “Gris erako kolorea zuen txakur handi bat arduratzen zen igandero bere [amaren] etorreraren albistea ematen. Nire ama hurbilean zela adieraziz bezala zaunka batzuk egin ondoren, bidean behera abiatzen zen korrika bere buztana astinduz, topo egitean ohiko agurra eskaini eta etxeraino laguntzen ziola ondoren. Denbora igaro zen eta egun batez, txakur handi hark albistea eman zuen nire ama hurbilean zela adieraziz. Ez zen igandea eta ezinezkoa zen... Nire amonak bere besoetan hartu ninduen eta etxeratzen zen bidearen azken zatia ikusten zen sukaldeko leihora altxatu ninduen. Han agertu zen bera, baina oraingoan, gizonezko bat zen berarekin. Ulertu ez nion zerbait esan zidan amonak belarrira, baina benetan aurpegi alaia zuela konturatu nintzen. Atarira irtetzearekin batera eta begietatik malkoak jaulkitzen zitzaizkiola, amonak esan zidan, nire ama zerbait atzean utzirik gureganatzen zen gizonezko hura seinalatuz: ‘Zure aita dator...’. Hitz horietako bakarren bat, amari entzuna nion aurrez. Ezaguna egin zitzaidan... Amonari begiratu nion, hitz bera behin eta berriz errepikatzen zuenez, aita... Unean sentitu nuen nire amaren eskuak baino indartsuagoek heltzen zidatela eta amonarenetatik askatzen nindutela. Ezagutzen ez nuen gizonezko hark, bere eskuetan ninduen eta bularraren kontra harturik bere aurpegia nirearekin bat eginik zuen. Bere malkoak, gozoki irristatu ziren nire masailean. Beldurtu egin nintzen nonbait eta ezagutzen nituen esku gozoagoek askatu ninduten, seguraski benetan maite ninduen gizonezko haren eskuetatik...”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak