2008ko Uztarriaren aldizkarietatik aterata
Aurrera egiteko kemena (2008ko urtarrila, 91.zenbakia)
Manuel Etxeberriari garai gogorra bizitzea tokatu zitzaion gaztetan. Aurrera egiteko abileziak hamaika istorio biziarazi dizkio
Manuel Etxeberria Prakahaundi-ri (Azpeitia, 1935) garai gogorra bizitzea tokatu zitzaion umetan. Izan ere, txikitatik hasi behar izan zuen lanean familiari lagundu ahal izateko. “Hamabi urtetik hamaseira artean Aizarnako Zabale baserrian egon nintzen morroi”. Gerraostea gogorra izan zela gogoan du; familiako kide bakoitzaren laguntza beharrezkoa izan zen aurrera egiteko.
Hamasei urte zituela itzuli zen berriz ere herrira, eta Lafayette altzairutegian hasi zen lanean. Diru pixka bat gehiago ateratzeko, denetatik egiten zuen. Alde batetik, Jesus Mariatan ikasten zuten, neskei arraina ematen zien errekadista gisa. “Han aberaskumeek ikasten zuten; ‘hogareńas’ izenarekin ezagutzen ziren herrian. Nik Joxeparen arraindegiko
—Perez Arregi plazan zegoen—
legatzak eman behar izaten nizkien, baina ez nuen inongo esker onik jasotzen hori egiteagatik. Beraz, anaiari esaten nion nire atzetik etorri eta Izarra Hotelaren parean zain egoteko. Nik legatzik handiena gordetzen nuen han, gosea zegoen etxean legatz hura estimatuagoa izango zelakoan”.
Urolako trenean iristen ziren bidaiarien maletak ere garraiatzen zituzten. “Haietako askok Kasinoan lo egiten zuten, eta maleta hara eramateagatik txanpon bat edo beste jasotzen genuen”.
Festak. Herriko festetan egiteko desberdinak zituzten diru pixka bat ateratze aldera. “San Inazio bezperan kanalak garbitzera joaten ginen. Argindarra lortzeko erabiltzen ziren kanal haiek. Hondoan geratutako lokatza mugitu behar izaten genuen gerrirainoko uretan sartuta”. Goizean irabazitako sosak gauean xahutzen zituzten. “Goizean bost bat orduan lan egiteagatik sei duro ematen zizkiguten; diru kopuru polita zen ordurako”.
Jai arratsaldeetako kafe-torero-ak ere gogoan ditu. “Makina bat sardina zahar jandakoak gara lagunarteko kanta saioetan!”.
Bizimodu aldaketa (2008ko otsaila, 92. zenbakia)
Joxe Leon Zubillagak ‘maisu beltza’-ren klaseak, alpargata egileak eta kaleko tertuliak ezagutu ditu herrian 80 urteotan
Joxe Leon Zubillagak (Azpeitia, 1928) 80 urte beteko ditu maiatzean. Goiko kalekoa izanda, herriaren bihotzetik bizi izan du Azpeitiak azkeneko urteotan jasandako bilakaera.
Maisu beltza-rekin ibili zen txikitan eskolan. “‘Goiko eskola’ deitzen genion udaletxeko eraikineko goiko solairuan zegoen eskolari; 7-10 urte artekoek beheko solairuan ikasten zuten eta 10-15 urte bitartekoek, berriz, goikoan”. Zubillagak gogoan du eskola bukatutakoan batzuk maristetara pasatzen zirela eta besteak Jabierreko kolegiora joaten zirela. “Ni neu lanean hasi nintzen hamabost urte bete nituenean, Agirrenean”. Hemezortzi urte betetzean, soldadutza egitera joan zen eta, itzuleran, Muebles Urbietan hasi zen lanean.
Herriko erakunde, zerbitzu eta eraikinek aldaketa handiak jasan dituztela urteotan iritzi dio Zubillagak. “Ni umea nintzela, Guardia Zibilaren kuartela zegoen plazako arkupeetan. Espainiako Gerra hasi zenean, Damaso aldera aldatu ziren, aroztegi bat kokatuta zegoen gunera”.
Gaur egun iraganeko ogibide asko desagertu egin direla dio. “Garai batean, Apategin astoak perratzen zituzten, Damason karroak egiten zituzten eta pilotaleku inguruan alpargatak josten zituzten”. Era berean, orduko bizimodua lanbideak bezain desberdina zela uste du Zubillagak. “Xiriako pasteleria eta mendizaleen taberna ukuiluak ziren”. Bestalde, jendeak kaleko bizitza gehiago egiten zuela uste du. “Eliz kalean oso normala zen auzotarrak lastozko aulkietan eserita tertulian egotea kalean; kaleko harremana handiagoa zen”.
Afizioak. Joxe Leon Zubillagari bizikletan ibiltzea asko gustatu izan zaio betitik. “Karreretan parte hartzen nuen. Bizikleta tailerrera eramaten nuen eta, 17:30ean, sirenak jotzen zuenean, bizikleta hartu eta Urraki aldera joaten nintzen”.
Eskarmentuko langilea (2008ko martxoa, 93. zenbakia)
Angel Aranbarri esperientziadun gizona da enpresa alorrean. Alemanian ikasitakoak herrian lan egiteko balio izan dio
Angel Aranbarriren (Azpeitia, 1937) ibilbidea enpresa munduari estu lotutakoa izan da. 13 urte zituela hasi zen lanean, Fundiciones Landetan. Ondoren, Azkue y Compańia enpresan lan egin zuen lau urtean. “Lagun gehienak mekanikoak ziren eta diru gehiago irabazten zuten. Beraz, Antonio Abadenean lau hilabete pasatu nituen motorrak doan konpontzen, ofizioa ikaste aldera”. Ondoren, Urkizu enpresan egon zen urtebetez lanean, lau lankiderekin Jator tailerra Enparan kalean zabaltzea erabaki zuen arte. 22 urte zituela soldadu joan zen, Donostiara. Han zegoela, Alemanian lana zegoela esan zioten eta haraxe joateko erabakia hartu zuen. “Makina erremintan zegoen enpresa lehiakorrenetakora joan nintzen lanera; 900 langile zituen enpresak”, gogora-tzen du Aranbarrik. Azpeitiko eta Alemaniako lan egiteko moduen artean aise antzeman zituen ńabardurak hasieratik. “Azpeitian sabado ingles genuen eta han jaieguna zen larunbata”. Bi urtera itzuli zen herrira.
Ondorengo urteetan, Azkoitian, Gasteizen eta Zumarragan egin zuen lan. Espainiako trantsizioaz geroztik Azpeitian bizi da, “mekaniko eta arotz lanak tartekatuta”. Gaur egun altzarigileek bizi duten egoerak zer pentsatu ematen dio: “Seriean egindako altzariak saltzen dira gaur gehienbat. Azpeitian oraindik eskaeraren arabera fabrikatzen dugu, baina mentalitatea aldatzea
beharrezkoa da”.
Lehengo kontuak. Herriko bizimoduari dagokionez, berriz, aldaketa ugari bizi izan du urteotan. “Gogoan dut nola jolasten genuen trapuak sokarekin lotuta futbolean Errebalean —hiru zutoinera—, edota nola joaten ginen Jesus Marietako neskak ikustera aita Bergararen errietak entzuteko beldurrez, edota nola mozorrotzen ginen Arronanean udaltzainen ihesi ibiltzeko tabernaz taberna karnabaletan”.
Ońazko loiolatarra ( 2008ko apirila, 94.zenbakia)
Albina Arregi Atxubiaga baserriko nagusiak Loiolan igaro zuen haurtzaroa. Auzo horri lotutako oroitzapen ugari du oroimenean
Albina Arregi Loiolako Etxearreta baserrian jaio zen 1910ean, baina Ońatz auzoko Atxubiaga baserrian bizi da ezkontzaz geroztik. “‘Hi joan haiz bada haraino!’ esaten zidaten familia artekoek hona ezkondu nin-tzenean”, dio Arregik. Garai hartan auzotik auzora “mundu bat” zegoela iritzi dio.
Loiolan igarotako haurtzaroaz oso oroitzapen onak ditu. “Jesulagunek modu berezian hezi gintuzten; latinez abesten irakatsi ziguten eta inguruotako herrietara ere eramaten gintuzten kantatzera”. Oro har, santutegiak jende asko erakarri izan duela herrira uste du. “Jende asko etorri izan da Loiolara santutegiarengatik; gogoan dut nola etortzen ziren bisitan Zestoako bainuetxera joandako kubatarrak kartera bete-bete eginda”.
Baratzan lan asko egindako emakumea da Arregi. Etxean landatutako produktuak saltzen
zituen herriko Azoka plazan eta Zumarragako azokara ere joaten zen Urolako trena hartuta. “Tomate asko saltzen genuen azokan, baina ez genekien entsaladan jaten. Dirudun jendearen neskameen bidez ikasi genuen tomatea hala jaten”. Ildo horretan, jendeak entsalada hasiera batean azukrea botata jaten zuela dio.
Arregik gogoan du kanpotik etorritako familia batek nola eskatzen zizkien azenarioak gordinik jateko. Baserriko ugazabak ezin zuen hori ulertu. “Egosi gabeko txorizo horiek janda, ez dago lanik egin beharrik”, esaten zuen hark.
Aldaketak. Bizimoduak buelta asko eman dituela iritzi dio Albina Arregik. Izan ere, gogoan du auzotarrek nola lortzen zuten lehen argindarra. “Atxubiaga
behean burdinola txikia zegoen, eta uraren saltoak aprobetxatuta lortzen genuen argia”. Auzotarren arteko harremana estua zen. “Baserri batean txerria hiltzen zutenean, auzoko baserritarren artean banatzen genituen txerrikiak”.
|