Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 2,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Herriari buruzko artikuluak »  Garai bateko Azpeitia »  2007ko Uztarriaren aldizkarietatik aterata

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

2007ko Uztarriaren aldizkarietatik aterata

Kaletik baserrira (2007ko urtarrila, 80. zenbakia)

**Nahiz eta Enparan Kalean jaio, baserrian asko ikasitakoa da Ińaki Etxaniz; baserria izan da bere** “unibertsitatea

Inaki Etxanizek 75 urte ditu eta gaur egun erretiratuta dago. Lagunekin “mundua konpontzen” aritzen da arratsaldero baina, hala ere, oraindik ez omen dute dena konpondu.

Enparan kalean jaio zen Etxaniz eta oso gazte hasi zen lanean; baserrian morroi, hain zuzen ere. “Ogia izateko derrigorra zen garai hartan lan egitea”, azaltzen du Etxanizek. 12 urterekin hasi zen lanean eta 15 urtera arte han aritu zen baserrian. “Ni baserrian gizondu nintzen; hura izan zen nire unibertsitatea, nik han ikasi nuelako ikasi beharrekoa”, azaltzen du.

Mezara. Asko ikasi zuen Etxanizek baserrian. Argirik gabe nola ikusi, esate baterako. “Orduan goizeko seiretarako mezara meza nagusira baino jende gehiago joaten zen, eta gu ere baserritik hor jaisten ginen goizean goiz. Ordubeteko bidea genuen eta orduan ez zen argirik. Bidea ikusteko, garia moztu, eskuka bat hartu eta su ematen genion. Gero alde batera eta bestera mugitzen genuen, eta horrela suarekin ikusten genuen bidea”.

Mezatik irten eta gero, izaten zuten hamaiketakoa egiteko betarik. “Mezatik irten eta Galtxarenera joaten ginen. Han helduei anis kopa bat ematen zieten lehenengo, gailleta mariekin, eta umeei, berriz, gailletak baino ez. Ni han egoten nintzen inbidiaz, anisa nahi izaten nuelako neuk ere. Baina gazteegiak ginen gu alkohola edatekoa”, dio, erdi barrez.

.25 urterekin soldadutzara joan zen, Donostiara. “Orduan ez zegoen gerrarik eta hantxe pasatu nituen hamabost hilabete. Cabo instructor izan nintzen han”.

Handik bueltan bere enpresa jarri zuen, bere kale Enparaneko andregaia topatu zuen eta 27 urterekin ezkondu egin zen. “Lehen formala banintzen, orduan gehiago formaldu nintzen. Orduantxe utzi nituen festa guztiak alde batera. Eta alaba bat izan nuen”, dio.

Festako piroteknikoa (2007ko otsaila, 81. zenbakia)

Bere herrian bizi zuen egoera gogorrak bultzatu zuen Gonzalez maletak egitera eta dagoeneko 49 urte daramatza Azpeitian

Saturnino Gonzalez duela 49 urte etorri zen Azpeitira bizitzera. Cantalpinon (Salamanca, Espainia) jaiotakoa bada ere, ia mende erdian dago Azpeitian.

.1958. urteko urtarrilaren 8an iritsi zen Gonzalez herrira. “Orduko bizimodua oso gogorra zen nire herrian. Soroan lan egiten genuen, lastozko zakuan egiten genuen lo eta zortzi egunetik behin itzultzen ginen etxera aldatu eta ohean lo egitera”, dio Gonzalezek. Ez ziren garai errazak eta, Azpeitian bizi zuen familiarteko batek animatuta, bertara etorri eta lanean hasteko erabakia hartu zuen.

Azpeitira iritsi bezain laster hasi zen lan bila, baina ez zen gehiegi saiatu, hurrengo egunean bertan hasi zelako beharrean. Pasadizo hura gogora ekartzean irribarreak irteten dio. Itxura denez, kontratazioko arduradunari gizonezko harentzako lanik bazegoen galdetu ziotenean, hark erantzun zien ezkondua ala ezkongabea zen. Ezkongabea zela esatean, hurrengo egunean bertan lanean hasteko esan zioten. “Garai hartan, enpresaburuek puntuak ordaintzen zituzten umeko eta, ondorioz, ezkongabeak nahiago zituzten”, esaten du Gonzalezek. Handik hiru hilabetera, ordea, ezkondu egin zen.

Herriko hainbat enpresetan aritua da lanean. “Lafayette galdategian 20 urtean lan egin ondoren, Azpeitian itxi zen lehen altzari-enpresako langilea izan nintzen. Hangoa bukatzean, udaletxean hasi nintzen lanean, zeregin txikietan”. Eginkizun horien artean, Azpeitiko festetako su artifizialen arduraduna izan da. “35 urte igaro ditut Azpeitiko festetan suzko erroberak botatzen”.

Garai bateko Azpeitia eta oraingoa zeharo desberdinak direla uste du. “Ni hona iritsi nintzenean —1958an—, Sanjuandegi auzoan ez zegoen ezer, dena baratzez josita zegoen”. Azpeitian gustura bizi izan dela aitortzen du, baina “jaioterria beti botatzen da faltan”.

Baserriko lanak (2007ko martxoa, 82. zenbakia)

Baserritarrentzat traturako joerak asko aldatu direla dio Joxe Mari Segurolak. Errasti Baso baserrian jaio zen eta tratu asko egindakoa da

Aratz-errekan Errasti Baso baserrian jaio zen Joxe Mari Segurola eta bertan egin du bere bizitza osoa, Kandelari Kerejeta emaztearekin batera. Gogoetan hasi eta gerraosteko urteak aipatu ditu.

Estraperloa. ”Gari soro ugari genuen. Hala ere, gerraoste hartan, garia [Espainiako] Estatuari entregatu behar izaten genion”, dio Segurolak. Espainiak ordainetan ogi beltz “kaskarra” ematen ziela azaldu du Segurolak. “Ezkutuan jaisten genuen garia Nuarbe eta inguruetako errota txikietara. Errota horietan ehotzen genuen garia eta irinarekin itzultzen ginen etxera, gero etxean bertan ogia egiteko”.

Baserria eta dukea. Bere bizitza osoa Errasti Baso baserrian igaro badu ere, baserriaren jabea, hasiera batean, Granadako Dukea zela jakinarazi du. “Aratz-erreka eta inguruetako baserri ugariren jabea zen Dukea eta egindako laborearen zati bat Dukeari entregatu behar izaten genion”, dio. “Gero, baserriaren errenta diruaren truke egiten hasi ginen”. Ondoren, Dukeak baserriak salgai jarri zituen eta orduan lortu zuen Segurolaren familiak Errasti Basoren jabetza osoa. “Handik aurrera, norbere etxe eta lurren jabe, ilusio handiz egin genuen lana eta bizimodua asko hobetu zitzaigun”.

Feria. Gari soroez gain, ganadua ere bazeukan Errasti Basoko familiak eta maiz jaisten ziren Azpeitiko feriara, tratura. “Lehen, ganadu asko egon ohi zen Azpeitiko ferian. Geu ere jaitsi izan ginen 20 bat arkume hartuta. Orain Azkargorta tindategia dagoen inguruari, ‘txerri plaza’ deitzen genion eta hor ere sarri egoten ginen txerrikumeekin”. Harrezkero garaiak asko aldatu direla dio Joxe Mari Segurolak. “Gaur egun traturako oso aukera murritzak dauzka baserritarrak”, esaten du.

Erretiroa herrian (2007ko apirila, 83. zenbakia)

Juan Mari Alkorta jaiotzez azpeitiarra da. Gasteizen bizi izan bazen ere, erretiroa hartu ondoren herrira itzuli zen.

Juan Mari Alkortak haurtzaroa eta gaztaroa Azpeitian igaro zituen arren, 30 urtean Gasteizen bizitzen egona da. Dena den, herriari lotutako oroitzapen ugari du. Izan ere, umetan Espainiako Gerra garaia bizitzea tokatu zitzaion herrian eta, erretiratu ondoren, zinegotzi izan zen.

“Gu gerra ondoren izan ginen gazteak, eta hura oso denboraldi gogorra izan zen”, dio Alkortak. “Gaur egungo Gogartetxean hotela genuen, eta gerra ondoren handik bidali gintuzten, bertan kuartela zabaldu nahi zutelako”. Gerra bukatzean, kanpora joan zen ikastera eta ezkondu ondoren sei urtean egon zen bizitzen Azpeitian. “Ezkonberritan, etxeko dendetan egin nuen lan. Gure familiak ‘Irazu’ izeneko oroigarrien dendak zituen Loiolan eta Zestoako bainuetxean", gogoratzen du. “Geroxeago, kontabilitatea ematen egon nintzen fabrika batean eta Azpeitiko Institutu Laboraleko irakasle ere izan nintzen”. Ondoren, Gasteizen aurkitu zuen lana eta han igaro zituen 30 urte.

Gasteizen lanean zegoela, mendizaletasunari lotutako esperientzia on bat bizitzeko aukera izan zuen. “1974an Everestera igotzeko saiakera egin zuen Tximist espedizioa antolatu zuen Cegasa enpresak eta nik bertan egiten nuen lana”. Espedizio hark ez zuen gaina lortu, baina bai beste batek, 1980an; Joxe Urbieta Takolo azpeitiarra kide zuen espedizioak, alegia. “Horrek poz handia eman zidan”.

Zinegotzia udalean. Erretiratu ondoren, Azpeitira itzuli zen bizitzera eta zinegotzi izan zen. Esaten du orduantxe iritsi zela herria “ondo” ezagutzera. Ordutik gogoan du artean udaletxean zen Eibarko arkitektoak Sanjuandegiri emandako izena: “La universidad de los carteros esaten zion, han eskutitzak banatzen zituenak Londresen ere asmatuko zuela esaten zuelako”.

Gaur egun, paseoan-eta igarotzen du Alkortak.

Bizitza osoa baserrian (2007ko maiatza, 84. zenbakia)

Justo Zendoia Miraflores (‘Takolo’) baserriko ugazaba da. Baserriko kontuak eta ganadua izan dira haren bizitza

Justo Zendoia 1921eko maiatzaren 28an jaio zen, Azpeitian, eta baserriari lotuta igaro izan du bizitza guztia. Miraflores baserriko ugazaba da; hau da, herrian ‘Takolo’ bezala ezagunagoa den baserriko nagusia. “Azpeititik kanpo bizi izan naizen une bakarra, soldadutza garaikoa izan zen. 42 hilabete egin nituen etxetik kanpo”, dio Zendoiak. Eta hiru urte eta erdik askorako ematen dute. “Soldadu gisa, Garellanon hilabete batzuk eman nituen, Plentzian sei hilabete eta gainerako guztia Iruńean pasatu nuen garia ebakitzen”. Lan asko egindakoa dela dio.

Txikitatik izan zuen abildade berezia baserriko kontuetarako. “Nire eskaera bati erantzunez, aitak bederatzi urterako ekarri zizkidan ardiak zaintzeko. Eskolara joatea baino ganadua zaintzen egotea nahiago nuen”. Ganadua da Justo Zendoiaren eguneroko lana: azpiak atera, jaten eman, garbitu... Lan desberdinak egin izan ditu baserrian. “Hamar urtean esnea banatzen ere ibili nintzen herriko 24 karreratan. Orduan bai nuela sasoia!”.

Aldaketa. Azkeneko urteotan Azpeitia asko aldatu dela uste du. “Sanjuandegi osoa berria da eta Landeta aldean lehen ez zegoen hainbeste lantoki”. Oraindik baserriko lanak egiten jarraitzen du, eta bilobak asko laguntzen diola aitortzen du. Susto txiki bat ere izan zuen 2006ko apirilean. “Haurdun zegoen behiak zartada eman eta saihets-hezurra hautsi zidan”.

Gaur egun, bizimodu lasaiagoa dauka. “Asteartero traktorean jaisten gara azokara eta erosketak egiten ditugu”. Azokari lotutako bitxikeria bat ere badu: antzina arkumeak pisatzeko erabiltzen zuten pisuan pisatzen da bera, astero.

Azokako eguna kenduta, herrira gutxi jaisten da, baina hutsik egin gabe azaltzen da iganderoko hitzordura: “Miserikordira, meza entzutera”.

Azokari leial (2007ko ekaina, 85. zenbakia)

Kandelari Kerejeta Aratz-Errekan bizi izan da urte luzez; baserria izan du bizileku eta azoka, berriz, bizimodu

Kandelari Kerejetak ederki ezagutzen du Azpeitiko azoka. Hogeita hiru urterekin ezkondu zen eta, orduz geroztik, zuzen bete du, urtez urte, astearteroko hitzordua azokan. Gazta saltzen aritu izan da, batez ere; Aratz-Errekako Errasti Baso baserrian egindakoa. Badira zazpi urte bere lana utzi zuela; hala ere, baserrira joateari ez dio laga, ezta azokara joateari ere.

Amari hartu zion azokara jaisteko oinordekotza. Gaztetxoa zela harekin astoan jaisten zen Atxunbarriaga baserritik Azpeitiko azokara. Babarrunak, oilaskoa, gazta eta beste hainbat produktu saltzen zituzten. Errasti Baso baserrira ezkondu zen, eta han hasi zen Kerejeta bere kabuz azokara joaten. “Zaldian jaisten ginen Errastitik”. Zaldiari zestoak jartzen zizkioten eta horrela egiten zuten baserritik Aratz-Errekarainoko bidea. “Han, Iborla ondoan, ‘karroetxea’ deitzen genion txabola bat genuen, bertan zaldiari karroa erantsi eta Azpeitirantz ekiten genion”, azaltzen du Kandelari Kerejetak.

Hala ere, gaur egungo azoka eta lehen egiten zena “oso desberdinak” direla aitortu du. “Zeharo gutxitu da baserritarra azokan”, dio Kerejetak. Lehen baserritik bizi zen jende gehiago zegoela uste du. “Orain, eskainitako prezioan saldu beste erremediorik ez du baserritarrak. Garai hartan, berriz, ez zegoen merkataritza gune handirik eta erosketak azokan egiten ziren”.

Postua azokan. Kandelari Kerejetak adierazitakoaren arabera, baserritarrak euren artean antolatzen ziren azokan hasiera batean. Geroago, lore saltzaileak-eta etortzen hasi zirenean, Udalak hartu zuen bere gain antolaketa. Hortaz, metro edo metro erdiko postuak aukeran jarri zituen Udalak, eta urteroko kuota ordaintzen hasi ziren baserritarrak. “Gu hiru ahizpa egoten ginen elkarren segidan. Polita izaten zen”, gogoratzen du.

Emakume gogorra (2007ko uztaila. 86. zenbakia)

Inazi Zendoia Urreta baserriko ugazabak bi oinarri sendo izan ditu bizitzan: familia eta baserria. Gustura bizi da Xoxote magalean

Inazi Zendoia Azpeitiko Miraflores (Takolo) baserrian jaio zen 1927ko irailaren 22an. Hemezortzi urte zituela, Urreta baserrira ezkondu zen, eta bertan igaro ditu azken 62 urteak. Baserriko lanak eta familia izan dituela bizimodua aitortzen du. Baserrian makina bat haitzurkada emandakoa da. “Astoa bezala egin izan dut lana”, dio. Haren ustez, gaur egungo egoera asko aldatu da; “familiaren kontzeptua”, batik bat. “Bederatzi anai-arrebako sendian jaio nintzen eta nik neuk 11 seme-alaba hezi ditut”. Gaur egungo familiak, oro har, “txikiak” direla deritzo.

Egunerokotasuna. Garaiz jaiki eta goiz antzera erreti-ratzea gustuko du. Egunero, erritual bera errepikatzen du. “07:00ak aldera jaiki eta lehendabizi oheak egiten ditut; ondoren, sua pizten dut”.

Zortzi urtean joan izan da Benidormera, lagunekin. “Oso ondo pasatzen genuen. ‘Las chicas de oro’ deitzen gintuzten”. Azken hiru urteotan ez da joan hara, laguna makal antzera duelako.

Dena dela, etorkizunari begira ez du ezeri ezezkoa emateko asmorik. “Oraindik gauza asko geratzen zaizkit egiteko. Autoa gidatzen baneki, Iparrameriketara joango nintzateke”.

Bizipen ugariko gizona (2007ko abuztua, 87. zenbakia)

Vitoriano Camposek 90 urtean aldaketa ugari bizi izan du herrian: gerra ondorena, enpresen gorakada, festak...

Vitoriano Campos (1916) Ttantto-k bizipen ugari bizi izan du 90 urtean. Tallista bezala hasi zen lanean, hamahiru urterekin, baina aitaren zaletasuna bere egin eta Bartzelonan igaro zituen gaztaroko urteak pilotan.

“Bartzelonan harrapatu ninduen Espainiako Gerrak eta hantxe egon nintzen guda bukatu arte”. Handik Frantziara pasatu zen, baina itzuleran auzitegitik deitu zioten, “Francorekin ez zerbitzatu izana leporatuta”. Miranda-Ebroko (Espainia) kontzentrazio esparruan, Madrilen, eta Santiagon eta Ferrolen (Galizia) egon zen gero. Herrira itzuli zenean 28 urte zituen, eta Agirrenean hasi zen lanean. “Gerra ondoren gose galanta zegoen herrian eta, lana egon arren, soldatak kaskarrak ziren”. 24 bat lagun elkartu ziren eta Aurrera Kooperatiba sortzea erabaki zuten. “Bakoitzak 50.000 pezeta jarri behar izan genituen; asko kostatu zitzaidan diru hura inguratzea”.

Lehengo ohiturak eta oraingoak oso desberdinak direla uste du Camposek. “Gaztetan Amun bainatzen ginen, orduan dutxarik ez baitzen izaten etxeetan”. Herriko emakumeek ere garbiketa kontuak etxetik kanpo egiten zituztela dio; udal garbitokian, hain zuzen. “Oraindik gogoan dut nola joaten ziren emakumeak buruan zinta jarrita Abitaingo albergara arropak garbitzera”.

Jaiak. Herriko festek ere bilakaera izan dutela uste du. “Garai batean jai handia ospatzen zen uztailaren 25ean Santiago kalean”. Kontzertuak, zezenak eta postuzaleak biltzen ziren han.

Festetako pasadizo gehiago ere gogoan ditu. “Gazteak ginela, baltseoan egitea debekatuta zegoen; harrapatuz gero, kongregaziotik bidaltzen zintuzten”. Ildo horretan, familia arteko bati gertatutakoa ez zaio sekula ere ahaztuko. “Baltseoan ari zela Ignazio Egańa alkateak ikusi egin zuen eta bandari agindu zion festa bertan behera uzteko”.

Gizon autodidakta (2007ko urria, 88. zenbakia)

Manolo San Juan 11 urterekin iritsi zen Azpeitira. Gaztaroa Uruguain pasatu ondoren, tailan igaro ditu urteak herrian

Espainiako Gerrako gertakariek bultzatuta iritsi zen Manolo San Juan (Irun, 1928) tailagilea Azpeitira. “Irungo 34 lagun iritsi ginen Azpeitira gerrako errefuxiatu gisa 1939an”, gogoratzen du San Juanek. “Gaur egun Etxe Zuri taberna dagoen lekuan gizarte sorospeneko eraikina zegoen, eta hantxe jaso gintuzten”. Denboraldi bat han igaro ondoren, etxe bat alokatu zuten Kristina plazan –gaur egungo Iturri Txikin—. Garai zailak zirela iritzi dio San Juanek. “Ahal genuen lekutik ateratzen genuen dirua; beraz, alpargatak eta pilotak egiten hastea erabaki genuen”.

Geroxeago, Agirrenean hasi zen lanean, eguneko hiru pezetaren truke. Hantxe igaro zituen bederatzi urte, soldadutzara joateko garaia iritsi zitzaion arte. “Azpeitiko egoera ez zen erraza eta, ondorioz, Uruguaira joatea erabakia nuen 1952an”. Hiru urte igaro ondoren itzuli zen atzera Azpeitira, andregaiarekin ezkontzera. Urtebetera Uruguaira itzultzea erabaki zuten. “Han askoz ere aurreratuagoak zeuden. Oraindik gogoan dut aire egokitua ezagutzeak eman zidan ezustea...”.

Bederatzi urteren bueltan herrira itzuli zenean, egoera aldatuta sumatu zuen. “Herriko edonork zeukan autoa eta jendea gizenduta zegoen”.

Aldaketak. Garai bateko ohiturak aldatu egin direla uste du tailagileak. Oraindik gogoan ditu Takolo Txiki Santiago kaleko tabernako apopiloak. “Pare bat apaizez gain, alemaniar kurioso bat ere apopilo zegoen han. Mundu Gerraren ondoren iritsi zen Azpeitira, eta espioia zela zabaldu zen herrian”.

Azoka egunean baserritarrak astoan jaisten zireneko egunak ere ez ditu oroimenean urrun. “Zelaitxo zinema areto aurrean uzten zituzten astoak, astotegian. Emakumezkoak albo batera eserita etortzen ziren, hankak zabaltzea bekatua zelako...”.

Herri arteko aldaketak (2007ko azaroa, 89. zenbakia)

Mertxe Uribarren izatez arrasatearra bada ere, 47 urtean bizi da herrian. Aldaketa ugariren testigantza bizia da

Mertxe Uribarren (Arrasate, 1933) ezkondu ondoren etorri zen Azpeitira bizitzera. Dagoeneko 47 urte daramatza bertan bizitzen. “Arrasatetik Azpeitira etorri nintzenean alde handia nabaritu nuen bi herrien artean”, dio Uribarrenek. “Azpeitian dantza lotua ezin zen egin eta Arrasaten, berriz, herri guztia ateratzen zen dantzara”.

Azpeitiko bizimodura moldatzea kostatu egin zitzaiola onartzen du. “Igande batean Bar Antonera —gaur egungo Fideo— sartu nintzen neroni bakarrik, bermuta hartzera. Hamar bat gizonezko zeuden mostradorean eta mamua banintz bezala begiratu ninduten”. Etxekoekin hitz egin ondoren konturatu omen zen ez zela ohiko jokabidea herrian. “Ez nau batere harritzen, azpeitiarrak oso lotuta bizi ziren-eta inguruan hainbeste jesulagun eta moja izanda”.

Uribarrenen ustez, “Azpeitia asko piztu zen Telefonika jarri zutenean”. “Ordura arte oso jende gutxik egiten zuen lana etxetik kanpo. Ni hona iritsi nintzenean, herriko ia emakume guztiak jostunak ziren”. Haren iritziz, “emakumea lanean hasteak asko aldatu zuen herriko bizimodua”.

Auzotarrak. Orain urte batzuk auzotarren arteko harremana estuagoa zela iritzi dio. “Silvestre Otamendi zenak animatuta, San Agustin jaiak —abuztuaren 28an— antolatu genituen 1970 eta 1975 bitartean Santo Domingo kalean —gaur egungo Goiko kalean–”. Goizean meza izaten zuten San Agustin kaperan, irteeran txorizoa ematen zieten herriko jubilatuei, bazkalostean haurrentzako jolasak antolatzen zituzten eta, ondoren, Egańa gozotegikoek haurrentzako txokolatea ematen zuten.

Mertxe Uribarrenek nostalgia puntu batekin gogoratzen ditu garai haiek. “Lehen, kaleko bizitza gehiago egiten genuen. Gaur egungo bizimodua asko aldatu da; gehiegi”.

Lanbide ugariko gizona (2007ko abendua, 90. zenbakia)

Hamabost urte zituela iritsi zen Azpeitira. Nekazal maisua, tren gidaria eta Lagun Onak-eko batzordekidea izan da urteotan

Angel Urreta (Lezo, 1931) hamabost urte zituela iritsi zen Azpeitira, eta Ońatzen Zabale baserrian egon zen bizitzen hogei urtean. “Baserrian beti izaten zen zeregina: ganadua zaindu, baratza landu, etxeko lanak egin...”.

Orduko bizimodua zeharo desberdina zela deritzo. “Ni Ońatzera iritsi nintzenean han ez zegoen ez biderik, ez urik, ezta argirik ere“. Baserrira igotzeko erositako motoa bide erdian utzi behar izaten zuen aparkatuta, oraindik guztiz eraiki gabe zegoelako bidea. “1958an herrian hamar moto baino gutxiago zeuden; haietako bat neurea zen“, dio.

Garbiketa kontuetarako ere ura neurtu egin behar izaten zuten baserrian. “Urik ez zegoenez, balde batean izaten genuen urarekin moldatu behar izaten genuen. 35 urtera arte ez nuen dutxarik ezagutu“, gogoratzen du.

Urte haietan, hezkuntza sistema ere oso bestelakoa zen. “Nekazal maisua izan nintzen Ońatzen. Hiru urtetik hamaseira bitarko gazteei ematen nizkien klaseak, baina hura ez zegoela niretzat egina konturatu nintzen“. Izan ere, Urretaren ustez, “oso zaila zen hain adin desberdineko jendeari irakastea“.

Lanbideak. Irakaskuntza utzi ondoren, Urolako Treneko gidaria izan zen. “Lanbide polita iruditzen zitzaidan, baina lanpostu hobea eskaini zidaten eta utzi egin behar izan nuen“.

Dena dela, bere zaletasunarengatik da herrian ezaguna: futbola. Lagun Onak futbol klubeko batzordekidea izan zen urteetan. “Asko jarraitu izan dut herriko futbol taldearen ibilbidea”. Futbolak une pozgarri asko biziarazi izan dizkiola dio Urretak. “Urte askoan lan egin izan dut Lagun Onak taldearentzat; hori izan da nire benetako afizioa”.

Mikel Aranburu eta Mikel Labaka Realeko jokalarien hastapenak ere gogoan ditu. “Haiek gurekin hasi ziren futbolean; oso jokalari onak ziren”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak