2006ko Uztarriaren aldizkarietatik aterata
Azpeitiarra? Bai, jakina (2006ko urtarrila, 69. zenbakia)
Zestoan jaio zen Milagros Irureta, baina azpeitiarra da; hori dio berak behintzat, eta kontrakorik esanez gero haserretu egiten da
Milagros Irureta azpeitiarra da, eta gogor egiten dio kontrakoa esaten dionari. Zestoan jaio zen, baina ez omen da zestoarra; azpeitiarra da, ez du dudarik. Beti ez da hemen bizi izan, baina inoiz ez du ahaztu bere herria: Azpeitia.
Txikitan, oso txikia zela, etorri zen hona bizitzera. Baina ez da Azpeitian soilik bizi izan. Milagros gorra da jaiotzez, eta umea zela bidali zuten Zaragozara (Espainia) gorren ikastetxe batera. Han ikasten aritu zen urte luzez. "Niri asko gustatzen zitzaidan eskolara joatea eta gauzak ikastea. Gainera, han gor gehiago zeuden eta ondo ibili nintzen denok batera. Hemen gustura bizi nintzen, baina Zaragozan ere ez nintzen gaizki bizi", gogoratzen ditu gustura ume garaiko kontuak.
Garai hartan ez zen ohikoa ume bat kanpora bidaltzea ikastera. Baina Milagros Irureta Zaragozaraino joan zen, eta bertan pasatu zituen bere ikasle urteak. Hala ere, oraindik umea zela bueltatu zen berriro herrira. "Zortzi urterekin bueltatu nintzen atzera etxera. Handik etorri eta hementxe ibiltzen nintzen, alde batetik bestera".
Ez zuen ikasten segitu eta, beraz, lanean hasi behar izan zuen. Beti etxeko lanak-eta egin behar izaten zituen: bizi osoa pasatu du, josi, bordatu eta bestelako lan txikiak egiten.
.32 urterekin ezkondu eta lau seme-alaba izan zituen; orduan lan gehiago izan zuen. Ez dituelako lau ume bakarrik; orain biloba bat ere badu, eta ez omen du saltzeko.
Gaur egun. Beti ondo hartu omen dute. "Niri jendeak beti asko lagundu izan dit, baina orain lehen baino hobeto eta lasaiago bizi naiz. Orain ez dut lehen bezain beste ardura", dio, lasai-lasai. Orain Aitonenan kafea hartu lagunekin eta paseoan ibiltzen da. Umeak ere hazi ditu eta orain biloba mimatzea besterik ez du egiten.
Lehorretik hona (2006ko otsaila, 70. zenbakia)
Sorian jaio eta Azpeitian eta Parisen bizi izan da Bievenido Calvano; Azpeitia bere jaioterriaren aldean "asko gustatzen" zaio
Bienvenido Calvano ez da azpeitiarra, ez jaiotzez behintzat. Sorian (Espainia) jaio zen gizona, baina orain 57 urte hona etorri zen bizitzera. Lehenik anaia zaharra etorri zen, eta hark ekarri zituen beste senideak hona. “Orain 80 urte dauzkat eta, beraz, bizitzaren zatirik handiena hemen daramat”, dio Bienvenido Calvanok. Baina ez da denbora horretan beti Azpeitian egon.
Hura Soriatik etorri zen, eta andrea, berriz, Madrildik, eta biak Azpeitiko parrokian ezkondu ziren. Behin eta berriro dio hori, parrokian ezkondu zirela. Lanaz ere mintzo da. “Ni Azpeitira etorri nintzenean, txatarra biltzen egiten nuen lan, eta erromeritik erromerira ere gozokiak saltzen ibiltzen nintzen. Hemen inguruko mendi guztiak zeharkatzen nituen gozokiak saltzen. Azokan eta Loiolan ere saltzen nituen”.
Baina bizimodua ez da erraza eta, lana medio, Parisera ere joan behar izan zuen. Baina handik bueltan berriz ere Azpeitira etorri zen. “Laneko azkeneko urteak organo fabrikan egin nituen. Han hamar bat urte egin nituen lanean eta bertan jubilatu nintzen”.
Azkenaldian ez da askotan joaten Soria aldera. “Hau oso ezberdina da. Hura oso toki lehorra da eta niri hau askoz gehiago gustatzen zait”, dio, serio.
Euskara. Euskaraz ere ikasi omen zuen, baina orain ez daki. “Etorri nintzenean euskaraz ikasi nuen, baina gero Parisen guztia ahaztu zitzaidan. Orain ulertu, guztia ulertzen dut, baina hitz egin batere ez”.
Erretiroa hartua du eta Sanjuandegiko Aitonenan egon ohi da lagunekin. “Ni etorri nintzenean, hemen, Sanjuandegin, bi etxe eta esnea saltzen zuten denda bat baino ez zeuden eta orain begiratu zenbat dauden”, dio erdi barrez eta erdi triste bezala, aurreko etxea seinalatuta. Asko aldatu da, bai, Azpeitia Bienve-nido Calvano bertara iritsi zenetik.
Futbola, erromeria (2006ko martxoa, 71. zenbakia)
**Erromeria, futbola; festa eta kirola... Juan Luis Larrańagak ederki uztartu ditu; Azpeitia eta Azkoitia uztartu dituen bezala**
Azkoitiko kalean jaio zen Juan Luis Larrańaga, baina ia 30 urte daramatza Azpeitian bizitzen. “Ezkondu nintzenean etorri nintzen Azpeitira bizitzera ”, dio. Gaur egun, Aitonenako lehendakaria da, eta daukan taldearekin lanean ari zela tartetxoa egin zuen gaztetako kontuak gogoratu eta kontatzeko.
Azpeitian asko ibilitakoa da Larrańaga. “Andregaia ere hemengoa topatu nuen eta hemen ibili beharko!”, dio, erdi barrez. Erromeritik erromerira ibiltzea gustuko zuen Larrańagak. “Gu ez ginen urrutira joaten, Azpeitia, Azkoitia eta Zestoa inguruan ibiltzen ginen. Hori bai, sanpedroetan Urolako trena hartu eta Zumaiara joaten ginen. Hori izaten zen gure irteera bakarretakoa”. Baina
ezkutuan ibili beharreko uneak ere izan ziren: “Hemen dantzan egitea galarazita zegoenean gu Zestoara joaten ginen, han libre izaten zelako. Hura, gainera, ezkutuan gelditzen zen”.
Futbolean. Baina Larrańaga erromeri zalea izateaz gain, futbolaria ere bazen. Soldadutzara joan aurretik Anaitasuna taldean joatzen zuen, baina bueltan... orduan komeriak!
.18 hilabete egin zituen soldadutzan, Melillan (Espainia). “Tokatu baino sei hilabete gehiago egon nintzen soldadutzan”, gogoratzen du. “Lau azkoitiar geunden han eta lagun artean ondo pasatu genuen. Pixka bat luzea egin zitzaidan, baina bestelakoan, ongi moldatu ginen”, dio. Hizkuntzarekin ere ez omen zuen inongo arazorik izan. “Guk nahi genuena ederki adierazten genuen han...”.
Soldadutzatik etorri eta aurreneko futbol partida oso gogoan du, jendeak nongoa zen galdetzen ziolako. “Bueltatu nintzenean, Anaitasunak segituan egin zidan fitxa, baina ordurako Lagun Onakekoekin ere hitz eginda nengoen eta partida hura egundokoa izan zen. Batek esaten zidan batekoa nintzela, besteak bestekoa...”.
Bizitzaren apustua (2006ko apirila, 72. zenbakia)
Ikasi, lana egin eta apustuan ibili; horra Loinazen bizitza deskribatzeko hiru modu. Hiru garai eta hamaika istorio
Erdi baserrikoa, erdi kalekoa omen da Manuel Loinaz “alfer horietakoa” dio barrez. Aitonenan lagunekin berriketan ari dela, gaztaroko kontuak gogoratzeko denbora hartu du.
.13 urte arte ibili zen eskolan. “Lehenik, herri eskolan ibili nintzen eta gero, berriz, Maristetan. 13 urterekin batxilergoa bukatu nuen, eta orduan lanean hasi nintzen. Ni ikasle ona izan nintzen,
ez nintzen bihurri horietakoa, eta 13 urte arte ibili nintzen liburu
artean. Garai hartan ez zen jende asko ibiltzen adin horrekin ikasten”.
Nahiz eta berak “alfer horietakoa” dela esan, 50 urte pasatu zituen Loinazek lanean. “Lehenengo, 10 urte pasatu nituen Damason alpargatak josten. Gero, 28 urte Roman Uzinen baserriko burdinezko tresneria egiten. Eta azkenik, beste 10 urte Sammic-en”. Ez da, ez, lan gutxi egindakoa Loinaz. “Lagunek esaten didate alferra naizela, baina alfer horietakoa izateko ederki aberastu
nituen nik hiru lantegietako nagusiak”.
Beste lana. Baina dirua irabazteko egiten den lanaz aparte, badira beste lan klase batzuk; afizioz egiten direnak, alegia. Loinazek apustua izan du zaletasun. “Ni Euskal Herriko aharirik onena edukitakoa naiz. Orain bakoitzak 30 ahari-eta izaten ditu. Nik bi
nituen, eta nahiko lan ematen zidaten haiek!”.
Arretxe baserriko astoarekin ere ibili zen proban. “Behin Markinara joan nintzen astoarekin probara. Eta egundoko diru mordoa irabazi nuen”. Poltsikoa bete-bete eginda etorri zen.
Herri apustuzalea da Azpeitia, eta giro ederra sortzen omen zen garai hartan herrian, kalean, baita zezen-plazan ere. “Hemen apustua bizi egiten zen, eta giro ederra izaten zen. Orduan zezen-plazara ere egundoko jende pila joaten zen. Berdin zion nolako apustua izan, jende igual-igual joaten zen”, gogoratzen du.
Kaletarren bizitza (2006ko maiatza, 73. zenbakia)
Zubiaurre, Enparan kalean jaio eta beti herrian bizitakoa da. Batik bat igeltsero jardun zuen lanean, erromeria zalea zen...
Plazan, San Agustinpen, hantxe egoten da Bitoriano Zubiaurre lagunekin berriketan, goizetan. Gaztetako kontuak kontatzeko ere ez du erreparorik; galdetu ahala erantzuten ditu den-denak.
Kaleumea da Zubiaurre. “Ni Enparan kalean jaio nintzen, 1929an”, esanez hasi da bere bizitza kontatzen. “Gero hementxe goian ibili nintzen eskolan –gaur egun udaletxea dagoen lekuan–, 14 urtera arte. Orduan dirua zuena joaten zen Maristetara edo kolegio hartara”, dio. Zubiaurre, Azkue y Compańia enpresan hasi zen lanean. “Hasieran pintxe ibili nintzen, gero aroztegian ere jardun nuen lanean... Denetik egin behar izaten zen orduan”, azaltzen du. Azkuenean lau urte pasatu ondoren, igeltsero lana ikasten hasi zen Pratenean. “Gero, bizitza osoa igeltsero lanetan pasatu dut. Azkenean, osasun arazo batzuk medio erretiroa hartu behar izan nuen, baina gainontzean, beti ibili izan naiz igeltsero lanetan. Eraikuntzan egin izan dut lan beti”.
Dena ez da lana. Baina lanaz aparte, beste gauza askorako ere izan da denbora Zubiaurreren bizitzan. “Gu erromerietara asko joaten ginen. Sanjuanetan Ońatzera, sanferminetan Arauntzara, Xoxotera ere bai hango egunean... Hor ibiltzen ginen”. Garai batean Pazko bigarrenez izaten zen Xoxoteko Eguna. Ondoren, mendizaleek aldatu egin zuten maiatzeko azken jaira. “Gogoan dut lehen herriko zaharrak nola joaten ziren astoak hartu eta bezperatik. Astoan ezingo zen karga asko eraman, baina haiek eramaten zuten”.
Baina Zubiaurrek Xoxoteko erromeriara joateko gezurrak ere esan behar izan ditu: “Behin Urrestillara joan behar izan nuen lanera Xoxoteko egunez. Eguerdian, ordea, nagusiari gezurra esan eta lanetik irten ondoren han joan nintzen Xoxotera, erromeriara”.
Bainuetxean zerbitzari (2006ko ekaina, 74. zenbakia)
Lasaon jaio eta Zestoako bainuetxean lan asko egin ondoren, Azpeitira etorritako emakumea da Maria Luisa Zubimendi
Maria Luisa Zubimendi ez da azpeitiarra, “Lasaokoa da”. Azpeitira, ezkondu zenean etorri zen, eta 32 urte daramatza hemen. Ezkondu aurretik, lan asko egindakoa da, beti zerbitzatzen. Lan kontuak zirela-eta kanpora joateko aukera ere izan zuen Zubimendik gaztetan.
Lasaoko Gallegi baserrian jaio zen. “14 urtera arte Lasaoko
eskolan ibili nintzen, monjetan. Dena gazteleraz erakusten ziguten eta guk zerbait euskaraz eginez gero, kaskarreko ederrak ematen zizkiguten monjek”, dio erdi barrez. Izan ere, garai hartan gutxi “edo ia batere ez” zekiten gazteleraz hitz egiten. Denborarekin, ordea, derrigorrez ikasi behar izan zuen gazteleraz.
Bizitza zerbitzari. “18 urterekin Zestoako bainuetxera joan nintzen lanera. Zerbitzari lanetan hasi nintzen han”. Baina ez zuen urte osoan lan egiten. Martxotik urria bitartean egiten zuen bainuetxean lan, eta gero etxean laguntzea tokatzen zitzaion. “Orduan ez zen orain bezala. Orduan etxean ere asko lagundu behar izaten zen”. Zestoako bainuetxean jende asko izaten zen, gehienak kanpokoak: “Kataluniatik eta Espainiatik (Madrildik, Zaragozatik...) etortzen ziren bezero gehienak, baina Kuba eta Portugaldik ere bai”.
Lotsagorrituta. Maria Luisa Zubimendiren lehen lana izan zen bainuetxekoa. “Lehen urteetan jendearengana joan eta menua esatean-eta egundoko lotsa pasatzen nuen, koloreak gorrituta ibiltzen nintzen. Gainera, sukaldariek barre egiten zuten gure kontura”, azaltzen du hura gogoratuz.
Baina denborarekin dena ikasten omen da eta Zubimendik ere ikasi zuen lotsarik pasatu gabe bere lana egiten. “Hasieran asko lotsatzen nintzen, baina aurpegia ere denborarekin egin egiten da, eta niri ere horrela egin zitzaidan”.
Urrestillatik gerrara (2006ko uztaila, 75. zenbakia)
Basilio Urbistondoren bizitza ez da erraza izan. Urrestillan jaio eta oraindik han bizi da; tartean, gerran izan zen, Afrikan...
Basilio Urbistondok 89 urte ditu, eta gazte denborako kontuak ondo gogoratzen ditu, baina kontatzean, “korapiloa” egiten zaio buruan. Behin hitz egiten hasita, ez du itxuratik inon korapilorik izateko. Ederki gogoratzen ditu gaztetako kontu eta komeriak.
Urrestillan, Txarabarren baserrian jaio zen, eta eskolan ere Urrestillan bertan ibili zen. Matematikak zituen gustuko eta mutil azkarra zen. “Behin erronka batean entziklopedia bat irabazi nuen”, dio. Baina ez zuen zorte onik izan: “Etxera eraman eta anaia bat handik urte batzuetara, korputzak eta sanjuanak batera tokatzen zirela eta han zebilen, beste anaiak ere ikusi nahi zuen, borrokan hasi eta puskatu egin
zidaten”, dio.
Lanean. Baina eskolan zebilen bitartean lana ere egiten zuen; zumitza zuritzen aritzen zen. “Eskuka txanpona gustura hartzen genuen guk”, azaltzen du, barrez.
Eskola bukatu, lanean hasi eta urte gutxira Espainiako Gerra hasi zen, eta Urbistondo “gobernuaren alde” ibili zen borrokan. “Gu lau anaia joan ginen gerrara. Anaia bat Loiolako batalloiak hil zuen; bera, San Andres batalloian ibili zen”.
Gerran, preso eduki zuten 11 hilabetez. “Kartzelan jateko gutxi zegoen. Lehenengo, Santanderko seminarioan egon nintzen, gero Miranda de Ebron, Zaragozan ere izan nintzen...”. Espainiako Gerra bukatzean Valentzian zegoen, eta handik etorri behar izan zuen.
Hemen lan gutxi zegoen eta ez zuen lan handirik topatu. 1941-ean Afrikara joan zen. “Han malaria hiru aldiz pasatu nuen. Azken aldian ospitalera eraman behar izan ninduten, eta ospitaleko leihotik saltatu eta ospa egin nuen. Gero Ceutara joan nintzen, lagun batengana, eta handik etxera bueltatu nintzen”, dio Urbistondok.
Ingurukoak zaintzen (2006ko abuztua, 76. zenbakia)
Mari Karmen Agirrek bizitza osoa ingurukoak zaintzen egin du; lehenengo anaia-arreba gazteak, gero seme-alabak...
Aurpegi ezaguna da Mari Karmen Agirrerena herrian; bai gaurko txiki askorentzat eta txiki izandakoentzat, behintzat. Izan ere, plazan dagoen kantinan izaten da askotan hura, lanean. Berez seme-alabek egiten dute lan han, baina Mari Karmen Agirre ere izaten da tarteka.
Enparangain baserrian jaiotakoa da, eta hamar seme-alabetan zaharrena izanik, anaia-arrebak zaintzea tokatu izan zaio askotan: “Ni Milagrosan ibiltzen nintzen eskolan, baina askotan ezin izaten nuen eskolara joan, eta asko kostatzen zitzaidan besteei segitzea”, dio, kantinan bertan dela. Hala ere, “sumar, restar eta multiplikar” egiten ikasi zuen. Horretarako balio izan dio eskolak.
“Eguraldi ona egiten zuen egunetan, etxean gelditu behar izaten nuen lanak egiten. Eta txarra egiten zuenean, aldiz, eskolara”, azaltzen du.
Hamabi urtera arte segitu zuen eskolan eta, ondoren, etxera, lanean segitzera. Baina neskame ere ibili zen. “Pare bat urtean-edo ibili nintzen neskame. Gero,
ezkondu egin nintzen, eta ordu-an neure etxean nahiko lan neukan”.
Kaleko buelta. Enparangain ez dago kaletik urruti, baina, hala ere, ez zuen erraza izaten kalera jaistea. “Bertan dago gure baserria, baina guri aitak ez zigun uzten kalera etortzen. Hala, kalera etortzeko ihes egin behar izaten genuen”, esan du, barrez.
Kalean ez zegoen orain adina gauza. “Kalera etorri eta buelta bat ematen genuen. Erdi kalean eta Pilotalekuan bietan gozoki denda zegoen, han gozokiren bat erosi eta hortxe ibiltzen ginen bueltaka”.
Baina gozokiak erostea ere ez zen erraza izaten, dirurik ez baitzuten izaten: “Guk ez genuen pagarik izaten, eta izaten genuen diru apurra esnea saltzera jaitsitakoan harrapatzen genituen zentimo gutxiak izaten ziren”, azaldu du.
Igeltsariaren lana (2006ko urria, 77. zenbakia)
**“Orain erraztasun asko dituzte igeltsariek”, dio Ramon Amenabarrek. Lan hori zeukan lehen berak eta baldintzak okerragoak ziren**
Eguraldi ederrarekin bueltatxo bat ematea bezalakorik ez dago inguruaz gozatzeko. Ramon Amenabarrek 81 urte ditu eta giro onarekin “bueltatxo bat ematera beti” irteten da. Uztarriak horrelaxe topatu du, buelta bat ematen ari zela.
Berriketaldia eserita egin dugu Amenabarrekin —“orain makulu hauekin ibiltzen naiz eta...”—, patxadaz egon gara. Lehen, baina, lan ugari egindakoa da. “Domingo Larrańagarekin hasi nintzen ni igeltsari lanean”, gogoratzen du.
Gerokoak. “Gero, ordea, anaiarekin hasi nintzen, gure
kasara lan egiten genuenean, hain zuzen”.
Urteak pasatu ahala gauzak aldatu egiten dira, eta orain gauzak “desberdinak” dira haren hitzetan. “Gaur egun igeltsariek lan egiten duten moduari begiratu eta guk nola egiten genuen ikusita, alde handia dago. Guk igeltsua egiteko masa-eta ia dena eskuz egin behar izan genuen. Orain, berriz, erraztasun asko dituzte; montacargasa-eta. Guk ez genuen horrelakorik”, dio, bere esku handietara begira.
Elizetako zoruak. Inguruko elizak eta ermitak ondo ezagutzen ditu Ramon Amenabarrek, bere lanaren ondorioz. Aurrez aurre dauka Frantziskanetako konbentua eta: “Frantziskanetako zorua guk konpondu genuen”, dio.
Baina ez da Frantziskanetakoa ez da elizetan egin zuen lan bakarra. “Izan ere, Olazko, Bedaioko eta Elosiagako ermitako zorua jartzen ere aritu ginen. Garai hartan Elosiagan Don Juan Orbegozo egoten zen”.
Ez zen lanegun motza izaten harena, egunero ordu askoan lan egitea tokatu zitzaiolako. “Egunean hamar bat ordu egiten genituen lan guk; lan gogorra zen, hara eta hona ibili behar izaten genuen” esan du baina, hala ere, “gustuko” lana zuen igeltsari izatea.
Bizitzaren karroza (2006ko azaroa, 78. zenbakia)
Sansebastianetako karroza egilea izan da Inazio Agirre urte askoan; 20 bat karroza inguru egin izan dituela dio berak
Inazio Agirre “kale-kalekoa” da; Erdi kalekoa, hain zuzen. Kalean bizita, txikitan, udaletxe azpiko eskolara joaten zen. Gero, 8 urte ingurekin Maristetan hasi zen ikasten, baina berak ikastea baino nahiago izan du beti “pintatzea eta marraztea”; horiek izan dira eta dira haren afizioak.
Zortea izan zuen Inazio Agirrek. Maristetan 8 urtera arte ikasten zen, eta gero jende gutxik segitzen zien ikasketei. “Nik zortea izan nuen, eta ‘Comercio’ edo deitzen zena ikasi nuen. Guk tailerra eta denda genituen, eta ikasketak egiteko aukera izan nuen”, dio.
Baina Agirreri eskolako gaiak baino gehiago gustatzen zitzaion marraztea-eta. “Maristetan Don Manuel Ferrerrek irakasten zigun. Azaroan hasten ginen eta sanjoseak arte aritzen ginen”.
San Jose egunean sariak banatzen zituzten. “Urte batean ez beste denetan jaso nuen saria. Saria eman ez zidaten urtean, esan zidaten gehiegi hitz egin nuela eta ez zidatela saririk emango”, gogoratzen du, barrez.
Karrozak. Agirrek, karroza ugari egin du bere bizitzan. Eta asko gustatu izan zaio, gainera, lan hori. Hasieran bakarrik egiten zituen, baina gero bere alaba Mari Karmenen laguntza izan du. “iIkasleak irakaslea baino hobea irten du”, azaldu du, alabari aipamena eginez.
Gehienean Azpeitiko sansebastianetarako egin izan du karroza. “Jendea gabonetarako hasten zitzaidan, ‘honezkero karroza pentsatuta izango duk’ esanez, baina nik erregeak pasatu ondoren ekiten nion lan horri”. Ez zuen denbora askorik izaten gero...
Baina irakasle ere izan zen 9 bat urtez Agirre. Marrazkiko irakasle, nola ez. Familia aurrera atera behar, eta sos batzuk irabazteko hasi zen irakasle. “Loiolatxon eman nituen nik klaseak. Auzoko 14-18 urte itarteko gazteei Marrazkia erakusten nien, eta gustura ibili nintzen ni han”.
Bizitza lanean (2006ko abendua, 79. zenbakia)
Lan asko egin behar izan du Antonio Altunak bizitza aurrera ateratzeko; lehenengo morroi eta ondoren fabrikan
Azpeitiko kalean jaio zen Antonio Altuna Antton Porru, eta “bertan hiltzea nahi” du, gainera. “Azpeitiar peto-petoa” da.
Umetan, ez zuen eskolara joan eta jolasteko beta gehiegi ere izan hark. 9 urtera arte Maristetan ibili zen, baina gero baserri batera morroi joan behar izan zuen. “Etxean dirua behar zen eta nik goiz hasi behar izan nuen lanean”, dio. Lana gogor egin behar izan zuen Altunak gaztetan. “Baserrian lanik egiten ez zuenak egurra jasotzen zuen eta, beraz, lana gogor egin behar izaten genuen”, dio, serio jarrita.
Baserrian ezer ez zen erraza. Lan asko egiteaz gain, bazituzten beste desabantaila batzuk ere: “Baserrian lan egiten nuenean, han ez zen koltxoirik izaten eta arta hostoekin egindako ohean egin behar izaten genuen lo”.
Morroi lanetan ez zuen asko iraun, “gogorregia” zelako lan hura. Hamahiru hilabetean behiak jetzi, ganaduari azpiak atera... denak egin zituen, baina “nazkatu” eta utzi egin zuen zeregin hura.
Handik Muebles Loiolara joan zen lanera, aroztegira. “Hura ere ez zen lan ona. Nik ez dut lan onik ezagutu, baina morroi lana baino hobea bazen, behintza!”. Erretiratu arte egin zuen lan bertan Altunak.
Eta beste lana. Baina Altuna 7 urterako hasi zen beste lan batean: errifak saltzen. “Gure etxean behin ere ez da dirua sobera egon, eta gazte-gaztetatik hasi behar izan nuen amari laguntzen errifekin”. Dena dela, laster hasi zen bera bakarrik ibiltzen, iazko ekaineko Uztarria aldizkariko erreportaian kontatu zuen bezala.
Erromerietan-eta ibili izan da eta ibiltzen da gehienbat. Hala ere, errifak saltzeaz gain, festaz gozatzeko tartetxoa ere hartzen du. “Ni zatar samarra izan naiz beti, baina festan intentzio faltarik gabe ez naiz ibili...”, dio barrez Antton 'Porru'-k.
|