Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 2,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Herriari buruzko artikuluak »  Garai bateko Azpeitia »  2005eko Uztarriaren aldizkarietatik aterata

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

2005eko Uztarriaren aldizkarietatik aterata

Bizitza egur artean (2005eko urtarrila, 58. zenbakia)

Ia bizitza osoa egur artean pasatu du Elias Zubizarretak. 13 urterekin hasi zen ofizio horretan eta urte asko igaro ditu horretan

Kafe garaian Plaza Txikian Aitonenako tabernara azaldu eta han dago Elias Zubizarreta, mahai batean eseri eta lagunekin berriketan. Lagunei kontatzen dizkien bezalaxe kontatu dizkie bere gaztarako istorioak Uztarriari.

Odriara bidean dagoen Elormenditxo baserrian jaiotakoa da hura. Zazpi senide ziren, bera erdikoa eta ez omen zegoen oraingo luxurik orduan. “Gabonetan guk ez genuen erregalorik ere izaten, orduko gabonak ez ziren oraingoak bezalakoak, gure etxera ez ziren-eta ez Olentzero, ezta erregeak ere iristen”. Luxu gutxi eta lan asko omen zegoen garai hartan inguruetan.

“Gabon egunetan jatekoa ere orain aldean gutxi izaten zen. Baserrian ardi zaharra edo txerria hiltzen ziren, eta huraxe izaten zen jateko. Horietakorik ez bazegoen, berriz, batere ez. Zegoenarekin konformatu behar”.

Gazterik hasi zen lanean Elias Zubizarreta: 13 urte zituela aroztegi batean, eta ia bizi guztia pasatu du lantegi horretan. “Lehenengo lantegi batean hasi nintzen arotz lanetan, eta gero Urola trenean hasi nintzen. Hemen ere arotz lanetan. Han 25 urte pasatu nituen lanean, eta ez zen lan txarra”, gogoratzen du. “Lana ez zen gogorra, baina egin egin behar izaten zen han ere. Makina gutxiago zeuden, baina, azken batean, lana antzekoa da, pixka bat erraztuta baina asko aldatu gabea”, gaineratzen du.

“Berandu ezkondu nintzen, 34 urte nituela. Gaur egun ez da arraroa garai horretan ezkontzea, baian ni gaztea nintzenean jende gutxi ezkontzen zen adin hartan. Jende askok pentsatuko du bitartean ederki bizi izana izango nintzela, baina oker daude. Neska-laguna topatu bai, baina ezkontzeko dirua falta zitzaigun orduan eta dirua egin bitartean ezin ezkondu”, dio. “Ezkondu nintzenean jaitsi nintzen kalera bizitzera, eta ordutik hemen ibiltzen naiz, alde batera eta bestera”.

Denean ibilitako gizona (2005eko otsaila, 59. zenbakia)

Joxe Eizmendi ikasle ona izan zen, gero lan ezberdin askotan ibili zen, San Inazioren estatua egiten aritu...; badu zer kontatua

Sanjuandegiko Aitonenara sartu eta han dago Joxe Eizmendi, kafe orduan. Lagun koadrila ederra elkartzen da bertan kafea hartzeko eta karta jokoan aritzeko. Elkarri gezur ugari ere kontatzen omen dizkiote. “Baina zerbait egin beharko dugu ba”, diote guztiek. Gaztetako kontuak kontatuko al dituzten galdetzean aulkia hartu eta hasteko apuntatzen esan dio Joxek Uztarriari. Horixe egin beharko orduan.

“Ni hiru urterekin hasi nintzen miserikordian eskolan...”, hasi da kontatzen. Izan ere, “ikasle ona” izan zen Joxe gaztetan.

“Miserikordian pare bat urte egin nituen, gero herri eskolan ibili nintzen, eta batxilerra maristetan egin nuen. 13 urterekin morroi ibili nintzen osabaren baserrian, Lasturreta baserrian, eta ondoren tailagile, enkarguak egiten... denerako balio zuen mutila nintzen ni”, dio erdi barrezka. Soldadutzako kontuak ere ez ditu ahazteko modukoak. “14 hilabetean egon nintzen Burgosen (Espainia) soldadu; jeneralaren laguntzailea izan nintzen denbora horretan. Gogoan dut behin nola etorri ginen Aretxabaletara maniobrak egitera; lehendabizi Burgostik Gasteizera trenez joan ginen eta gero handik Aretxabaletara”.

Etxera etortzeko baimen gutxi izaten zituzten, baina ondo kostatutako bat gogoan du: “Behin laku batean kartutxo gehien lortu genituelako 15 eguneko baimena eman ziguten”, eta gustura etorri omen zen etxera.

Joxe Eizmendi Xoxote aldea seinalatzen hasi da. “Ba al dakizu nork egin zuen hor goiko San Inazioren estatua hori?”, galdetu du. “Guk egin genuen. Soldadutzatik etorri eta langabezian nengoela, lagun talde bat osatu eta Altuna y Urian San Inazio egiten hasi ginen. Eskultorea Jesus Torres barakaldarra zen, eta 15 bat lagunen artean egin genuen”, dio gustura. Jende gehiagok ere hartu zuen parte ipintzen. “Gero andregaia topati nuen eta dena zintzotu nintzen”, esanez bukatu du.

Bizitza jolasean (2005eko martxoa, 60. zenbakia)

Bizitza jolas bat dela diote batzuek, beste batzuek jolasten pasatzen dute bizitza. Sabinok gogoan ditu gaztaroko jokoak

Sabino Arrizabalaga zazpi urte zituela etorri zen Azpeitiko kalera bizitzera, Erdi kalera hain zuzen. Ordura arte Nuarben, baserrian bizi izan zen. Bat aukeratzeko emanda, kalean bizitzea nahiago omen du. Nuarben ongi bizi omen zen, baina kalean askoz hobeto.

“Ni 14 urtera arte ibili nintzen eskolan, eta gero hasi nintzen lanean. Lehenengo miserikordian, eta gero herriko eskolan”, hasi da bere gaztaroa gogoratzen. “Lehen ez zen orain bezala, irakasleak kanpotarrak ziren, erdaraz ikasten genuen... Orain askoz ere hobeto daude kontu horiek, eta askoz hobeto bizi dira gazteak”, dio.

Jolasak ere asko aldatu dira denbora gutxian, eta hori ongi daki Sabinok: “Guk eskola orduko tarteetan xibotarekin, diaboloarekin, tortoloxarekin... jolasten genuen. Tarteka neskekin sokarantzan saltoka ere ibiltzen ginen. Orain ez dago horrelako ezer, oraingo umeek ez dakite gauza horiek zer diren ere”, jarraitu du bere kontuak kontatzen.

.14 urterekin uzten omen zen eskola normalean, eta orduan tokatzen zen lanean hastea. Sabinori ere horrela tokatu zitzaion. “Lehenik textil fabrika batean hasi nintzen lanean, eta ondoren aroztegian egin izan dut lana. Bizi osoan arotza izan naiz”, esan dio Uztarriari.

Baina dena ez da eskola eta lana izan Sabinoren bizitzan. Izan du non eta nola dibertitu ere bere gaztaroan. “Gu 12-14 urterekin hasiko ginen kalera irteten, baina tabernetara ez ginen sartu 18 urte egin arte. Orduan ezin zen pentsatu ere egin aurretik tabernetara sartzea”, gogoratzen du. “Zinemara ere 16 urtera arte ez zuten sartzen uzten, eta hor ibiltzen ginen kalean jolasean”.

Kontuak kontu, aspaldiko garai haiek pasatu ziren, eta beste batzuk etorri dira. Orain kafea hartzera Aitonenara joaten da Sabino, eta, “neure mailan”, ederki bizi omen da.

Azpeitia musikari (2005eko apirila, 61. zenbakia)

Musika, pianoa, solfeoa... txiki-txikitatik hori izan da Jose Luis Frantzesenaren bizitza markatu duena; oraindik hor dirau

Jose Luis Frantsesena txiki-txikitatik dabil musikari lotuta. Urte askoan ikasle soil izan ondoren, azkeneko urteotan ikasle eta irakaslea da. Beti omen dago ikasteko zerbait, eta oraindik pianoa ikastera joaten da kontserbatoriora tarteka.

Sei-zazpi urte zituela sartu zen musikaren munduan Frantzesena eta oraindik barruan jarraitzen du. “Sei bat urte nituela hasi nintzen solfeoa ikasten On Julian Barrenetxearekin. Hark proba bat egiten zien solfeoan hasi nahi zutenei, balekoak ziren jakiteko, eta horrelaxe sartu nintzen musikaren munduan”, gogoratzen du irribarretsu. “Egunean ordubete inguru egiten genuen. Eskolatik irten eta han joaten ginen ume pila solfeora. Ehun bat ume ibiliko ginen garai hartan harekin”.

“Julian Barrenetxea garai hartarako gizon heldua zen, eta pazientzia pixka bat galdua ere bazuen. Gu, berriz, gazteak ginen eta jolasteko gogo ederrarekin egoten ginen”, jarraitzen du musikariak.

Solfeo pixka bat ikasi zuenean koruan hasi zen. “Parrokian gizonezkoen korua zegoen, baina gizonezkoena bakarrik. Izan ere, emakumeen egoera ez zen oraingoa garai haietan”, dio.

“Gogoratzen naiz, behin meza bat kantatu genuela emakumeekin batera, baina orduan ere ez ziren igo korura emakumeak. Guk korutik kantatu genuen, eta emakumeek behetik kantatu beharra izan zuten”, dio.

“12-13 urte nituela Arantzazura joan nintzen fraidetza ikastera, eta han eta Foruan ere egon nintzen organista. Ondoren, Azpeitira etorri, lanean hasi nintzen eta denbora librean baino ez nintzen aritzen musikaren munduan. Horrela, Egan sortu genuen eta Ez Dok Hamairu taldearekin ere ibili nintzen plazaz plaza. 45 urte nituela banda eta korua hartzeko aukera sortu zitzaidan. Horrela, berriro solfeoa eta pianoa ikasten hasi nintzen, eta hor jarraitzen dut”, gaineratu du.

Urtebete luzea (2005eko maiatza, 62. Zenbakia)

Agustina Zulaika urtebeterako etorri zen Azpeitira. 1965. urtean. 2005a da eta oraindik hemen jarraitzen du

Agustina Zulaika bi seme-alabaren ama eta Sara eta Bittorren amona da gaur egun. Azpeitira etorri zenean, neska gazte bat besterik ez zen. Lana zela-eta urtebeterako etorri zen. 40 urte pasatu dira ordutik, eta Azpeitian jarraitzen du oraindik.

Jaiotzez zarauztarra da Agustina; “Azken Portun zegoen Astazubi baserrikoa”, dio azkar asko. Baina ez zen urte askoan bizi izan han; Azpeitira etorri eta bertan gelditu aurretik, Euskal Herriko beste herri batzuk ezagutzeko aukera izan zuen.

“Aitaren lana zela eta, bost urte nituela Amurriora (Araba) joan behar izan genuen bizitzera. Han, denda bat izan genuen, eta lana egitea ere tokatu zitzaidan”, dio. Baina lanean gogor, ama hil zitzaionean hasi zen.

“22urte nituela Bergarara joan ginen telefonista ahizpak eta neu. 1965. urtean etorri nintzen lau ahizpekin batera Azpeitira”, esaten du Agustina Zulaikak.

Baina familian ez zituzten denak aldeko izan. “Amonak beti esaten zidan: ‘Nola joango zara ba Azpeitira! Han ez dute uzten dantzan egiten ere!’. Garai hartan Azpeitia oso atzeratuta zegoen kontu horietan”, gogoratzen du.

Telefonicara etorri zen lanera, eta hasieran kanpotar asko omen zeuden. “Katalanak, valentziarrak... zeuden hemen lanean. Garai hartan inauguratu zuten frontoia, eta kanpotarrak apustu kontuez ez ziren enteratzen. Diru ugari galdutakoak ere izan ziren”, dio erdi barrezka.

“Urtebete pasatu zen eta lau ahizpetako inork ez genuen nahi hemendik alde egiterik, eta bertan gelditu ginen. Ni 1968an Santiago kaleko harakinarekin ezkondu nintzen, eta 30 urte inguru egingo nituen harategian lanean. Nire euskara aldrebesa dela-eta aldrebeskeria asko esan ditut lanean. Hasieran, haragi samurra eskatzen zidatenean, haragi zimurra eskatzen zidatela uste nuen. Ez nekien ‘azpeitiar hauek’ zer nahi izaten zuten”.

Ikusi mendizaleak (2005eko ekaina, 63. zenbakia)

Maritxu Olazubi Lagun Onak M.B.ko lehen emakume bazkidea izan zen. Gaztetako irteera eta pasadizoak gogoan ditu oraindik

Euskal Herrian beti izan da mendirako zaletasuna. Duela gutxi bete dira 25 urte lehen euskal espedizioak Everest mendia igo zuenetik. Josu Bereziartua azpeitiarrak 1992an lortu zuen. Orain dela urte batzuk Edurne Pasaban tolosarrak gailurra egin zuen han; hala, lehen euskal emakumea izan zen munduko gailurrik handiena egiten.

Maritxu Olazubi ez da Everest mendian izan, baina Lagun Onak M.B.n bazkide egin zen lehenengo emakumea da. “Aurreneko emakumea izan nitzen Lagun Onak Mendi Bazkunan bazkide egiten”, gogoratzen du Maritxuk. “Garai hartan, gaur egun nire senarra dena —Julian Arruti— mendizaleetako lehendakari zen eta biok asko ibiltzen ginen mendian. Nire ondoren emakume gehiagok eman zuten izena taldean”.

Astean zehar lana egin eta gero joaten ziren mendira. “Astea alpargatak josten eta tabernan lanean ematen nuen, eta asteburuan mendira joaten ginen. Urrutira joan gabe, inguruko mendietan ibiltzen ginen. Gehienean egun osoko irteerak egiten genituen”, dio.

Urteak ez dira alferrik pasatu, eta hori nabari da. “Lehen ez zen gaur egungo baliabiderik; guk ez genuen oraingo bota sendo eta materialik. Alpargaten zolei perra txiki batzuk jartzen nizkien irrist ez egiteko, eta soinekoarekin joaten nintzen. Hala ere, gailurra egiten genuen”, gogoratzen du.

Mendian ibiltzen denak badaki eguraldia faktore garrantzitsua dela. “Erniora joan ginen batean euri zaparrada batek harrapatu gintuen. Txabola batean sartu ginen talde guztia. Sua piztu genuen arropak lehortu eta berotzeko, baina lagun batek nahi gabe bultza egin eta suarekin hankak erre nituen”. Handik aste batzuetara ezkondu zen Maritxu. “25 urterekin ezkondu egin nitzen, eta familia izateko mendira joateari utzi egin behar izan nion. Nobiotan asko joaten nintzen mendira, gero gutxiago”.

Baserri maitea (2005eko uztaila, 64. zenbakia)

Maria Unanue Enparan kalean bizi da gaur egun, baina ez du saltzeko baserria; asko gogoratzen omen da bere jaiotetxeaz

Heldu da udara. Eguraldi onaren zain egoten da Maria Unanue; izan ere, eguraldi onarekin Zelai Luzen biltzen da lagunekin. Uztarriak koadrila ederra ikusi eta han abiatu da garai bateko kontuen bila. Gaztaroaz galdetu eta gizon guztiak mutu gelditu dira, eta Maria bera hasi da kontu kontari garai zaharrak gogoratzen.

“Ni orain Enparan kalean bizi naiz, baina txikitan Garin baserrian bizi izan nintzen”, hasi da berriketan. Ez du ez ahanztekoa bere jaiotetxea: “Niri baserria asko gustatzen zait. Orain ere nahiago nik baserria kaleko etxea baino! Aste osoa zapatua iristeko irrikaz egoten naiz, Txokolatero baserrira ahizpa bisitatzera joaten naizelako egun horretan”, dio erdi barrezka.

Lan gogorra da baserrikoa, eta lehen ere halaxe zen: “Niri baserritik gehien gustatzen zitzaidana lana zen. Niri lana gogor egitea gustatu izan zait beti. Berdin zitzaidan zer egin, ni gustura ibiltzen nintzen bai ganaduekin, bai baratzean aitzurrean...; aitari ederki laguntzen nion nik”.

Lana gustuko duela seinale da, txiki-txikitan hasi baitzen lanean: “Eskolan ez nuen denbora gehiegirik pasatu; izan ere, sei urterako lanean hasita nengoen. Ez ginen anai-arreba asko, baina etxean lagundu beharra zegoen, ez baitziren garai ederrak”.

Hasieran etxean baserriko lanak egiten hasi zen Unanue, baina etxetik kanpo ere lana majo egin du andre honek. “Lehenengo amari laguntzen nion etxeko lanak egiten, baina segituan hasi nintzen beste etxeetara lanera

joaten ere. Beste etxeetan ere lan asko egindakoa naiz ni”, dio. Orain ere ongi bizi omen da, ordea. “Orain hemen ibiltzen naiz paseoan, alde batetik bestera. Kontu batzuk kontatu eta zapatutan, berriz, ahizparen baserrira”, dio.

Baserria ez du inoiz ahanzten Mariak, beti du ahoan, buruan eta bihotzean.

Matxinbentatik afrikara (2005eko abuztua, 65. zenbakia)

Matxinbentan jaio zen Pedro Aizpuru, gero Urrestillara joan zen bizitzera, eta handik Marokora soldadutza egitera

Enparan dorretxearen aurrean izaten da Pedro Aizpuru. Lagunekin elkartzen da bertan eguraldi ona egiten duen egunetan, eta han pasatzen dute goizaren zati eder bat bizitzaren gorabeherez hitz egiten.

Matxinbentan jaio eta bertan egin zituen Pedro Aizpuruk bizitzako lehen urteak. “Matxinbentan bizi izan nintzen hamabi urte arte. Han bizi nintzen bitartean ez nuen Azpeitiko kalerik ezagutu”, hasi da gogoratzen.

Gero Urrestillara joan zen bizitzera, eta orduan hasi zen lagunekin-eta irteten. “Hamalau urterekin hasi nintzen Damason lanean. Orduan ez zen orain beste irabazten, nik astean hiru pezeta inguru irabazten nituen. Diru horrekin etxean pixka bat laguntzen nuen, eta gainontzekoa nire kapritxoetarako gordetzen nuen”, dio.

Hogei urterekin soldadutzara joateko ordua iritsi zitzaion Aizpururi, eta, gainera, ez zitzaion gertu egitea tokatu: Afrikara, Marokoraino joan behar izan zuen. “Hogei urterekin joan nintzen soldadutza, eta 30 hilabete pasatu nituen bertan. Azken urtea etxera gutunik bidali gabe pasatu nuen. Izan ere, esan ziguten berehala lizentziatu eta etxeratuko ginela. Urtebete pasatu genuen zain”, dio aurpegia zimurtuta.

Herrira etorri zenean, gurasoek ere ez omen zuten ezagutu. “Etxera joan nintzenean familia osoa etxe atarian zegoen zain. Nire anaia etxera sartu zen, bidean ikusi ninduenean amari norbait zetorrela esatera, eta atarira iritsi nintzenean amak, ‘hi, Pedro izango haiz?’, galdetu zidan, eta nik baietz”, kontatzen du barrezka. “Zikin-zikin eginda nengoen, eta xaboi pila batekin garbitu ninduten.

Soldadutzan ez omen zuen goserik pasatu, eta ez omen zen asko nekatu. “Han ere ongi bizitzen saiatu nintzen ni. Ez nuen kolpe handirik jotzen, eta orain ere horretan saiatzen naiz, eta ederki bizi naiz”, dio gustura, Aizpuruk.

Denerako denbora (2005eko urria, 66. zenbakia)

Tailagile, udaltzain, musikari... denetik egin izan behar du Inazio Beristainek bizitza aurrera ateratzeko

Azpeitiko kalean jaio zen Inazio Beristain, eta oraindik ere bertan bizi da. Ez leku berean, baina bai inguruan. Santiago kalean eman zuen haurtzaroa Beristainek. Haurtzaroa igaro eta gero, denetik egin behar izan du bizitza aurrera ateratzeko. Badu zer kontatua. Orain batzuetan udaletxeko arkupetan egon ohi da, eta hantxe kontatu dizkio istorioak Uztarriari.

Eskolako kontuak galdetu eta segituan erantzuten du: “Ni udaletxean ibili nintzen eskolan, maisu beltza-rekin”, dio. Haren adineko denek ezagutzen dute maisu beltza. “Don Vitoriano Fernandez zen hura, baina Azpeitian maisu beltza esan eta garai batean denek ezagutzen zuten. Madrildarra zen, eta gure maisua izan zen”, gogoratzen du.

Tailan ere bai. Eskola 13 urterekin utzi eta tailatzen hasi zen. “Eskola bukatu nuenetik 20 urtera bitartean fabrika batean aritu nintzen lanean, baina gero neure kasaka aritu izan naiz tailan”.

Baina ofizioak gainbehera egin eta lanbidea aldatu egin behar izan zuen Inazio Beristainek. “Ni 50 urterekin udaltzain sartu nintzen. Hamar urtean ibili nintzen lan horretan, eta ez nintzen batere gustura ibili. Lan horretarako pertsona ausarta izan behar da, eta, egia esan, ni ez naiz”, dio. Ez zuen “ongi” pasatu denbora horretan. “60 urte bete nituenean gustura erretiratu nintzen. Oraindik ondo gogoan dut azkeneko egun hura”.

Ez dira horiek izan Beristainen lanbide bakarrak, musikari ere izana baita. “14 urterekin-edo hasiko nintzen ni ezkontzetara bateria jotzera joaten, eta baita inguruko erromerietara ere. Txistulariekin danborra jotzen ere aritu nintzen. Denetik egin izan dut nik”, kontatzen du.

Ofizio eta afizio askoko gizona izan da Beristain. Orain udaletxe azpian lagunekin kontu kontari egotea du afizio.

Errebaleko kontuak (2005eko azaroa, 67. zenbakia)

Errebalean jaioa da Jesusa Arruti, eta han lan egina. Ederki kontatzen ditu alpargata josten aritzen zen garaiko kontuak

Bizitza osoa pasatu du Jesusa Arrutik hari, jostorratz eta ohial artean. Eskolan gustura ibiltzen zen, baina han ere gehien “laboreak” egitea gustatzen omen zitzaion. Ondoren, eskola utzi eta gero ere, josten pasatu du bizitza osoa; lehenik alpargatak, eta ondoren praka, alkandora eta bestelakoak.

Errebalean jaiotakoa da Arruti, eta, beraz, ez da arraroa bere lehen lana alpargatak jostekoa izatea. “14 bat urte nituela hasiko nintzen alpargatak josten gure etxe aurrean”, hasi da gogoratzen. Gazterik hasi zen lanean, eta giro ederrean aritzen zirenez, gustura egiten omen zuen lan. “Orduan etxe aurreko espaloian zazpi-zortzi neska izaten ginen iladan lanean, eta bestaldean beste horrenbeste egoten ziren. Giro ederra izaten zen errebalean; kantuan eta kontu kontari gustura egoten ginen”, dio erdi algaraka.

Eguraldi ona egiten zuenean etxe atarian josten zuten, baina egun euritsuetan eskailburuan jarduten zuten. “Euria zenean eskailburuan elkartu eta lehenik dantza suelto saioa egiten genuen, eta ondoren hasten ginen lanean”.

Baina dena ez zen barre eta algara izaten. Lana gogor egitea ere tokatzen zitzaien. “Egunean dozena eta erdi alpargata pare egin behar izaten nituen, baina beti ezin ba den-denak bukatu, eta tranpa egiten ere ikasi nuen”, dio barre txiki batekin. “Behin, ezin izan nituen alpargata pare guztiak bukatu, eta egindakoen artean, egin gabeko pare bat sartu nituen. Hurrengo egunean amak alpargategira eraman zituen pare guztiak eta alpargateroak egindakoen artetik egin gabeko parea atera zuenean, gure amak egundoko lotsa pasatu omen zuen. Ama etxera etortzean niri tokatu zitzaidan errieta entzutea”, dio.

Alpargatak egiteari 17 urterekin utzi zion, baina josten gaur egun arte segitu du Jesusa Arrutik.

Ni bizi naiz baserrian (2005eko abendua, 68. zenbakia)

Inazia Gurrutxaga Barrenetxe baserrian jaio zen eta gaur egun ere baserri berean bizi da; bizitza osoa darama hantxe

Inazia Gurrutxaga Sanjuandegin, Barrenetxe baserrian jaio zen, eta gaur egun ere bertan bizi da. Hala ere, ez da bertan bizi izan bere bizitza osoan; tartean, 13 bat urte, Ońatiko baserri batean egin zituelako.

Eskolan "sumar, restar, multiplicar" eta doktrina gazteleraz eta euskaraz ikasi zituen Gurrutxagak. "Ni Miserikordian ibili nintzen eskolan. 11 urterekin utzi nuen, baina ordura arte gustura joaten nintzen", gogoratzen du. Gerra garaiak ere ondo gogoan ditu. "Espainiako Gerra hasi zenean, oraindik eskolan nenbilen, txikia nintzen, baina ondo gogoan dut nola zabaldu zen egun batean Errezilen abioneta bat erori zela; 1936. urtea-edo izango zen, eta gu han joan ginen Errezilera erori zen abioneta ikustera".

Gerra ondorengo gosetea ere gogoan du emakumeak. "Guri bizimodu latza tokatu zitzaigun; gosea ere pasatu behar izan genuen. Ni gogoratzen naiz babak nola egosi behar izaten genituen esnegainarekin. Oliorik ezean, esnegaina botata konformatu behar izaten genuen”, dio.

  1. urte zituela, ordea, Inaziaren aitak Ońatin, mendian, baserri bat erosi zuen eta hara joan ziren bizitzera. “Han ere baserriko lana egitea tokatu zitzaigun. Ni bizi osoan aritu naiz baserrian lanean, ez dut beste lanik ezagutu, baina gogor egin behar izan dut lan".

**Ońatitik Azpeitira**. 13 bat urte egin zituen Ońatin; "gustura" zegoen, baina gizonak Azpeitira etorri nahi zuen bizitzera. "Ońatin bilatu nuen nobioa eta bertan ezkondu nintzen. Han bi seme-alaba izan nituen (gero beste hiru izango zituen) eta gustura bizi nintzen. Baina, nahiz eta ońatiarra izan, gizonak Azpeitira, Barrenetxera, etorri nahi zuen bizitzera, eta horrelaxe etorri ginen berriro nire jaiotetxera bizitzera". Oraindik bertan bizi da. Baserriko lanak anaiarentzat utziak ditu.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak