2004ko Uztarriaren aldizkarietatik aterata
Suaren epelean baserrian (2004ko urtarrila, 47. zenbakia)
Suaren epeleko beroak, Aizarnazabalgo senideen baserrian pasatutako garaiak gogorarazten dizkio Jose Etxanizi
Jose Etxaniz, umetan Aizarnazabalgo amaren eta lehengusuen baserrian hainbat lan egindakoa da. Eta umetan baserrian egindako lan eta gorabeherak kontatu dizkio Uztarriari.
Gaur egun, etxe gutxitan aurki daiteke beheko sua. Lehen, aldiz, baserri eta kale etxe askotan izaten omen zen. “Ni Aizarnazabalera joaten nintzen amaren eta lehengusuen baserrian laguntzera. Negu garaian hotz handia izaten zen eta beheko sua beti izaten genuen baserrian”. Giro ona edo txarra egin, lana egitea beharrezkoa izaten zen, Etxanizek dioenez, askotan blai eginda iristen zirelako baserrira. “Giro txarrarekin-eta lanera irteten genuenean, arropak eta oinetakoak su ondoan jartzen genituen lehortzeko. Taloak ere egiten ziren sutan, eta askotan kafea ere bertan berotzen genuen; gero, su hondarren artean gelditzen zen egur goria kafetan sartzen genuen. Egundoko zapore ederra ematen zion kafeari. Su ondoan ere askotan errezatzen genuen”.
Sua egiteko, ordea, erregaia ezinbestekoa da eta egun produktu ezberdinak badaude ere, Etxanizen hitzetan pagoaren egurra da onena. “Sua egiteko egurrik onena pagoarena da. Haritzaren egurra ere ederki erretzen da. Aldiz, gaztainondoarena sutarako txarra da; kea egiten du ederki, besterik ez”.
Egur biltzen ere ibilia da Etxaniz. “Ganadua hartuta, egurretara joaten ginen basora. Sua egingo bagenu, egur asko behar izaten zen baserrian, eta idi edo behiekin gurdia hartuta joaten ginen”.
Etxanizen umetako garaian, gaur ez bezala, asto ugari izaten omen zen baserrietan. “Astoa baserrian edukitzeko animalia erraza da; erraz mantentzen da. Behiek lagatako belar ondoa eta janari sobrekin nahikoa du. Lan handirik eskatzen ez duen animalia da”.
Auzolanak, inguruko baserrietako jendearekin egiten zituzten Etxanizek eta haren familiakoek. “Inguruko bizilagunekin elkartzen ginen garia-eta biltzeko. Lan handia eskatzen zuen lanetan elkartzen ginen, elkar laguntzeko”.
Mutil kozkorra beharrezkoa zen baserrian. Etxanizek kontatu duenez, umetan beharrezkoa izaten zen mutil kozkorraren laguntza baserriko lanetan. “Otarrak alde batera eta bestera eramateko, soroan lanean ari zirenei ura eta merienda eramateko eta itulari bezala jarduteko beharrezkoa zen mutila. Ni neu itulari bezala ibilia naiz osabarekin. Uda iristean, bi hilabeterako joaten nintzen baserrira eta han osabari laguntzen jarduten nuen. Soroan artoa egiteko, ni behiak aurretik gidatzen eta atzean osaba joaten zen bostortzarekin”.
Inauteri aurreko egunak (2004ko otsaila, 48. zenbakia)
Hilabete motza izan arren, herrian gaur egun baino ospakizun gehiago izaten ziren lehen otsailean
Esaerak dio: “Otsail hotza, neguaren bihotza”. Egutegira begiratu eta 29 eguneko hilabetea ikus daiteke aurtengoan. Hala ere, gustura egon behar, hil honen bukaeran inauteriak baitira. Festa ederra izaten da herrian. Gure aiton-amonen garaian ere izaten omen ziren inauteri festak; hori kontatu dio behintzat Sabin Arrizabalagak Uztarriari.
Txikiteo Elegantean eta astelehen inauterian makina bat jende ibiltzen da herriko kaleetan, mozorrotuta. “Buruhandiak ibiltzen ziren kaleetan, baina orain janzteko dagoen afanik ez zen gure garaian. Gogoa bai baina beste era bateko giroa izaten genuen”, dio Arrizabalagak. Betidanik jai giroa gustuko izan duela dio, baina lehen dirurik ez omen zen izaten horretarako.
Hala ere, otsailean bada inauterien aurreko ospakizunik ere. Hilabete hasieran, otsailaren 2an Kandelari egunez, kandelak bedeinkatzera joateko ohitura zen lehen. “Gaur jende gutxi joaten da elizara, baina ni umea nintzela amonarekin joaten nintzen kandela piloa eskuan hartuta bedeinkatzera. Hurrengo egunean, otsailaren 3an, San Blas egunean ere ogia be-deinkatzera joaten ginen mezatara”, gogoratzen du Arrizabalagak.
Bi egun beranduago, berriz, Santa Ageda eguna da. “Santa Eskean Nuarben ibilia naiz gaztetan. Orduan gauez joaten ginen soinujoleekin eta bertsolariekin. Baserritarrez jantzita, Nuarben hasi eta Matxinbentan bukatzen ge-nuen. Guztira hamalau-hamabost bat baserri pasatzen genituen, eta behin Matxinbentara iritsita, erromeria ederra izaten zen bertan. Gaur egun auzokoak bakarrik biltzen dira”.
Gau osoan eskean ibili ostean izaten omen zen irabazirik. “Dirua biltzen genuen, gero afari edo bazkariren bat egiteko. Zenbait baserritan jateko pixka bat eta ardoa ere ematen ziguten eta gu gustura aritzen ginen kantuan”. Jende asko ibiltzen omen zen Santa Eskean, haren hitzetan. “Ohitura handia zegoen. Gu baserriz baserri ibiltzen ginen baina kalean ere jendea ibiltzen zen eskean. Hala ere, lehen gaur baino jende heldu gehiago ibiltzen zen”.
Jai giroa eta parranda gustuko izanda, gogoan du Aste Santuak pasatu arte ez zela festarik izaten. “Aste Santua pasatu bitartean ezin izaten genuen festarik egin. Garizuma garaian musika entzutea debekatuta zegoen eta dantza egitea ere bai. Taberne-tan kartatan jokatzea ere galarazita zegoen. Orduan dena bekatua zen. Ostiraletan, bijilia eginez, arraina jaten genuen. Egun tristeak izaten ziren. Kalean ez zen inor ibiltzen, dena itxita egoten zelako. Elizako kontuak pisu handia zuen. Gaur gauzak aldatu egin dira”.
Behin batean Loiolan... (2004ko martxoa, 49. zenbakia)
Dantzaldi eta jai giro ederra gogoratzen ditu Imanol Arregik San Jose festetan; “diru asko ateratzen genuen elkartean”
Martxoak 9, San Jose egunez erromeria eta festa bikaina izaten ziren Imanol Arregiren gazte garaian Loiolan. “Nik gurasoei entzuna dut, lehen Loiolan festak San Isidrotan ospatzen zirela, baina eztabaida batzuk bitarteko festa egun hori bertan behera gelditu zen. Urteekin, auzotar talde bat San Jose egunean jaia antolatzen hasi zen Loiolan”, dio Imanol Arregik. “Sanjoseetan giro txarra egiten zuela ikusita, panpanotegian toldo bat jartzen genuen. Hasiera batean orkestrarik gabe, baina denborarekin jaia hazten joan zen”.
Festa handitzen joan zen bezala, Loiolatxo Elkarteko kideek, panpanotegian toldoa jarri beharrean, elkarte aurrean estalpea jartzea hobe zela pentsatu zuten. “Horrela, elkartekook barra jartzen genuen edariak-eta ateratzeko. Diru asko ateratzen genuen eta bildutakoarekin, elkarteko obrak aurrera ateratzen genituen”. Loiolatxo aurrean toldoa jartzen zen garaian, Loiolan Aita Santua etorri zenean baino jende gehiago biltzen omen zen Arregiren hitzetan. “Izugarria izaten zen hura. Gogoan dut urte batean, Uitti-k Loiolan duen garaje azpi horretan ere festak ospatu genituela. Halako batean ikurrin bat azaldu zen. Egundoko estuasunak pasatu genituen, garai hartan ikurrina galarazia baitzegoen”.
Erromeria eta herri kirolak ez ziren faltan izaten festan, baina horretarako festa aurrez antolatu beharra zegoen. “Auzotarrok, Loio-latxo Elkartean festa antolatzeko talde bat osatzen genuen guztia prestatzeko. Oraindik ere horrela egiten da”. Imanolen hitzetan, lan asko egiten zen lehen festa aurrera ateratzeko. “Lana eta umorea ez ziren falta izaten. Behin barran lana egitea tokatu zitzaidan. Edariei jartzen zaien izen zelebreak ikusita, norbaiti adarra jo behar niola pentsatu nuen. Halako batean gizon bat hurreratu eta destornilladore bat eskatu zidan. Nik orduan, eskua poltsikoan sartu eta destornilladore bat atera nion. Parre ederrak egin nituen”.
Imanol Arregi trikitilaria da, eta bere auzoko festetan panderoa askotan jotakoa gainera. “Urte haietan trikitia orkestraren deskantsuan jotzen zen. Jendeak berdin-berdin jarraitzen zuen dantza egiten. Orduan dantza gose zen jendea. Bai sueltoan bai balseoan, era guztietan egiten genuen dantza”. Oraindik orain panderoa jotzen du Imanolek.
“Panderoa jotzen berandu hasi nintzen baina 1936 urtetik 1956ra bitartean toki askotara iritsi naiz. Iturbide baserrian ez nuen nik panderorik ezagutu 36 urte egin nituen arte, guraso eta osaba trikitilariak izan arren. Gogoz kontra hasi nintzen baina mundu handian bukatu nuen”, aitortzen du Iturbidekoak.
Dendariak eta bezeroak (2004ko apirila, 50. zenbakia)
Jose Mari Alberdik hartua du erretiroa; aurretik, urte asko pasatu zituen aitak eta osabak irekitako dendan, betiko bezeroekin
Joxe Mari Alberdi orain urte gutxira arte bizi izan da Erdi kalean. 1925-1926 urte inguruan, bere aita eta osabak ireki zuten denda; hasieran estankoa izan omen zuten, baina geroztik arropa denda dute. Gaur egun bere semeak darama; beraz, hiru belaunaldi aritu dira bertan lanean. “Hamasei urte inguru nituela hasiko nintzen dendan lanean, baina garai hartan ez zen oso serioa. Geroago hasi nintzen serio samar han lanean”.
Eta ez du beste lanik izan. “63 urte pasatu ditut bertan”, dio Joxe Marik. Baina berriro dendaria izatea aukeratuko al lukeen galdetzean, azkar erantzuten du: “Gaur egunean dagoen bezalako jendearekin ez. Lehen ohiko bezeroak ziren guztiak, eta haiekiko harremana oso ezberdina zen. Lehen asko fio ziren dendariez; orain egoera aldatu egin da eta ia ez dago betiko bezerorik”.
Baina denda batean dena ez da polita, eta gerra garaiko une latzak ere gogoratzen ditu. “Tropak herrira sartu zirenean egun batzuetako oporrak izan genituen; ez genekien zer gertatuko zen eta. Une haietan zaila zen generoa lortzea, eta guk ezin genuen trajeak egiteko tela metroa 130 pezeta baino garestiago saldu eta estraperloan 350 pezetaan erosten genuen, Bartzelonan”.
Denda batean gauza zelebre asko gertatzen dira. eta baditu batzuk kontatzeko. “Behin, andre batek hiru metro tela behar zituen, 3,50 metro inguru zeuden eta esan nion gelditzen zena oparitu egiten niola. Andreak ezetz eta ezetz esaten zuen, ez zuela behar. Nik ezin ulertu. Horrela, dendan zegoen beste andre batek eraman zuen doan”.
Emakume gidaria (2004ko maiatza, 51. zenbakia)
Gaur egun edozeinek du gida baimena, baina oraindik arraroa egiten da adineko emakume bat bolante aurrean ikustea
Gaur egun auto ugari eta ederrak daude edozein lekutan, inor ez da konformatzen edonolako kotxearekin. Mari Zubiaurrek orain 30 urtetik gora atera zuen gida baimena eta ordutik, bidaia luzerik egin gabe, hemen dabil alde batetik bestera.
“Garai hartan gizonak animatu ninduen autoko karneta ateratzera. Esan zidan probatzeko behintzat ateratzen. Ezin banuen ezin zela, baina saiatzeko”.
Horrela eman zuen izena eta 30 eguneko moduloa izaten omen zen orduan. “Nik nahiko berandu atera nuen, dagoeneko heldua nintzela. Eskolan ez zeuden emakume asko, baina ez zen oso arraroa ere. Ez zitzaidan asko kostatu ateratzea, erraz atera nuen”. Baina nahiz eta erraza egin, lehen azterketa ez zuen gainditu eta hurrengo astean berriro egin behar izan zuen. “Lehenengo azterketara joan nintzenean, aldamenekoak galdera bat egin zidan eta nik besterik gabe erantzun egin nion. Zorte txarra izan nuen eta han zaintzen zuenak ikusi egin ninduen eta txartela entregatu eta aldegiteko esan zidan”. Baina lotsa ematen omen zion guztien aurrean jaiki eta horrela aldegiteak eta bertan gelditu zen denbora bukatu arte.
“Orduan hiru azterketa egiten ziren: teorikoa, industrialdea eta errepidean. Teorikoa amaitu eta kotxean sartu nintzen, baina han zegoen lehen zaintzen zegoen gizona eta, beraz, azterketa ez zidan gainditu”.
Lau kotxe izan ditu urte hauetan, eta izan ditu bere gorabeherak. “Kotxe bat lapurtu egin zidaten Astotegian. Botikara joan bitartean, kotxea irekita utzi nuen eta lapurtu. Ondoren, Deskargan agertu zen, bazterra jota”.
Behin soilik gelditu omen dute ertzainek eta bertan erosketak egitera etxetik, Lasaotik Azpeitira zetorrela alkoholemiako froga egin behar ziotela eta. “Gosaltzerakoan bokadilo bat ardo pixka batekin-edo ez al nuen hartzen galdetu zidaten, gainera”.
Lana eta festa (2004ko ekaina, 52. zenbakia)
Lana urte askoan eta gogor egina da Inixio Mari, baina inguruko herri eta auzoetako festetara joateko denbora ere hartzen zuen
Inixio Mari orain jubilatua da, gaur egun gustura ibiltzen da bilobarekin Loiolara bueltaka eta Elosiagako bere baserrian baratzan lanean. Hark dioen bezala, “tamainan” egiten du orain lan.
Urte asko pasatu ditu lanean aurretik, ordea; eraikuntzan 44 urte, baina hasieran beste lan batzutan ibilitakoa da. “15 urte nituela Atxubiaga baserrira joan nintzen lanera, morroi. Eta Azpeitira morroi etorri nintzenean ezagutu nuen bertako berri; ordu arte ez nuen horrenbeste ezagutzen. Bi urte pasatu nituen lanean han. Oso gustura ibili nintzen, familia ere oso ona baitzen”.
Morroi bi urte igaro ondoren, Organu fabrikan hasi zen laneaan. “Organeria Española izena zuen fabrika bat bazen herrian eta bertan hasi nintzen lanean, baina ez nuen denbora luzerik pasatu bertan. Izan ere, kobratu ere gutxi egiten genuen. Aste osoa lanean pasatu eta 32 pezeta inguru
kobratzen genituen”.
Organu fabrika utzi eta obran hasi zen. “Denetik egiten genuen: hormak, enkofratuak... Lanean ibili nintzen 44 urteetan asko aldatu zen lan egiteko era. Hasieran dena bizkarrean igo behar izaten genuen. Gero etorri ziren grua txikiak, eta asko arindu zuten horrelakoek lana”.
Baina ez zen dena lana izaten; Inixio Marik hartzen zuen festarako beta ere. “Beizama, Urrestilla... Lagunak ibiltzen ginen inguruko herri eta auzoetako festetan. Hasieran oinez ibiltzen ginen alde batera eta bestera, baina gero lagun batzuok bizikleta erosi genuen eta bizikletaz joaten ginen bazter guztietara”.
Elosiaga auzoko festak Santa Luzietan izaten dira, abenduaren 13an. “Ordutik asko aldatu dira festak. Lehen auzoko festen zain egoten ginen, eta giro polita izaten zen, nahiz eta negua izan eta eguraldiak ez lagundu. Horrelakoetan ganbara edo koarto moduko batean sartu guztiok eta jokoan ibiltzen ginen”.
Erromerietako kontuak (2004ko uztaila, 53. zenbakia)
Erromerietan ibiltzea zuen gogoko Joxe Azkoitiak batetik, baserri lanak uzteko eta bestetik, neska laguntzak egiteko
Joxe Azkoitia Sanjuandegi auzoko Aitonenan zegoen eserita merienda egiteko prest; txorizo ogitarteko bat eta sagardo botilla bat alboan zituela. Derrepente hasi zen garai bateko pasarteak harrotzen.
Garaiak asko aldatu direla dio Azkoitiak. “Ni gaztetan beti baserrian egoten nintzen, beti zoruko lanak egiten, itulan ganaduaren aurretik. Eskolara ez joateagatik alferra jaio ginen eta”. Eskola galdu nahi izan arren, lan asko egiten zutela gogoratzen du. “Gure gazte denboran lan kontua gehiago izaten zen denbora librea baino. Aita pertsona txarra genuen: beti lanera eramaten ginduen; goizean seirak aldera esnatu eta gaueko hamaikak eta erdiak aldera arte beti zegoen zerbait egiteko”.
Baina dena ez zen lana izan, Azkoitiak aitortzen duenez. “Ezergatik” aldatuko ez lukeen gazte garaian erromerietan ibiltzea zuen gogoko: “Gu amorratzen egoten ginen erromeria egon zedin, etxetik alde egiteko; bestela, aitak lana agintzen zigun eta. Ondo pasatzen genuen baina hori bai, gu tonto hutsak ginen! Hemen inguruko erromerietara joaten ginen: Urrategi, Aratz erreka, Urrestilla, Martitera... eta gure inguruko neskek ez zuten gurekin nahi izaten, kanpoko jendea nahi izaten zuten. Batzuk neska laguntzan joaten ziren, pozik ibiltzen ginen, eta norbaitek eskutik helduz gero, oso gustura”.
Gogoratzen duenez, behin Martiten erromerietara joana zirenean, elurra egin zien.
“Gizon batek motor lambreta bat zuen eta neska atzean zeraman. Gu ezkutuan geunden eta elur tiraka hasi ginen. Nik neskari hankan jo nion. Geroxeago, mutila etorri zitzaigun eta zera esan zigun: ‘Nik baneki zein den eta harrapatuko banu elur tiraka jardun zaigun hura, bertan hilko nuke’. Segituan joan nintzen etxera; hark harrapatu banindu...”. Gaiztakeria egin bai, baina oraindik ez du konfesatu. “Hori ez da bekatu”, dio.
Aratz-errekatik azpeitira (2004ko abuztua, 54. zenbakia)
Gloria Odriozola Aratz-errekan jaio zen eta ondo ezagutu zituen garai batean hango kontuak. Ez ditu ahaztu orduko dantzak
Gloria Odriozola, Jubilatuen batzordean sartu berria da. Oraintxe hasi da lehen aldiz lagunekin jubilatuek antolaturiko egun-pasako irteeretara-eta joaten. Baina gaztetan ere ibiltzen omen zen alde batetik bestera.
Aratz-errekako Ibarrola baserrian jaioa da hura. “Baserri giroan bizi ginen gaztetan. Uda, Izarra hotelean edo beste taberna batean lanean pasatzen nuen eta negu partean bueltatzen nintzen etxera”, hasi da azaltzen. “Tabernan lanean hasi aurretik, eskola utzi eta izeba baten etxean neskame egon nintzen, nire ama-puntakoaren etxean. Baina ordurako baserriko lanean nekatuta nengoen”.
Baina dena ez zen lana izaten, festarako beta ere hartzen zuten. “16 urterekin etorri nintzen lehen aldiz Azpeitira festara. Eta orduan ere bezperetako meza entzunda etortzen ginen, eta bederatzietarako etxean egon behar izaten genuen, gainera”.
Aurpegia aldatzen zaio, ordea, San Isidro jaiez, Aratz-errekako jaiez hitz egiten hastean. “Sanisidro jaiak bereziak izaten dira niretzat. Orain ere ez dut batere hutsegiten. Gaztetan festak oso ezberdinak izaten ziren. Orduan igandero joaten zen soinujole bat bizikletaz auzora, eta plazan aritzen zen. Guk, hura han zen bitartean dantzaldi ederrak egiten genituen. Bi-hiru ordu erraz pasatzen genituen dantzan gelditu gabe. Garizuman, berriz, ez zen izaten dantzaldirik. Orduan, elizara joan eta kantatu baino ez
genuen egiten”.
Urtean bi ibilaldi egiten zituen familia osoak. “Zumarragara, santaisabeletara, artoa jorratuta bazegoen, joaten ginen, eta belarrak bilduta bagenituen, berriz, Kizkitzara joaten ginen irailean. Ume guztiak gurasoekin joaten ginen egun-pasa. Horiek izaten ziren gure urteroko irteerak”.
Orain, berriz, alde batetik bestera dabil: sanferminetara, Iratxera, Xoxotera... Ez du aspertzeko aukerarik.
Ez da erraza bizitza (2004ko urria, 55. zenbakia)
Ez da erraza izan Eusebiaren bizitza: umezurtz gelditu eta amona gogor baten ondoan bizi behar izan zuen ezkondu arte
Izatez ez zen erraza izango orain hamarkada batzuk bizitza. Ez zen errazagoa izan Eusebia Altolagirrek izan zuena: 12 urte zituela hil zitzaizkion gurasoak eta ondoren aiton-amonen etxean bizi behar izan zuen. “12 urte nituela umezurtz gelditu nintzen, ama eta aita hiru hilabeteren buruan hil zitzaizkidalako. Orduan aiton-amonen etxera joan behar izan nuen bizitzera, Madalena auzora, nire anai-arrebekin batera”.
Umezurtz gelditu zenean, eskola utzi behar izan zuen, baina ez ziola pena handirik eman esaten du. “Egia esan, ez nintzen oso eskola zalea. Eskolan Milagrosetan ibiltzen nintzen, eta batuketak, kentetak eta biderketak egiten ikasi nuen, baina zatiketak egiten ez nuen ikasi. Ondoren, ezkondu eta gero ikasi nuen zatiketak egiten. Gizona garraiolaria zen eta haren kontuak egiten ikasi nuen zatiketak egiten”.
Baina amonaren etxeko kontuak kontatzen hastean erabat aldatzen zaio aurpegia. Ez ditu oroitzapen ederrak amonaren etxean bizitakoak. “Amona oso gogorra zen eta, gainera, zuhurra. Izatez ez genuen urik ere etxean, auzoko denek zuten, baina guk ez. Nik beti zapata pare bat erosteko esaten nion baina berak, han mesanotxe azpian banituela batzuk esaten zidan, baina auskalo noizkoak ziren”, dio.
“Amonaren etxean bizi nintzela zoroan lanean gogor ikasi behar izan nuen. Egun guztian bertan jarduten genuen lanean, arto eta gari asko egiten genuen. Txerriak ere bagenituen, baina haiek hazi eta hil ondoren, zatirik onenak banatu egiten zituen amonak, eta gu beti zatirik eskasenekin gelditu behar”.
Baina guztia ez da txarra izan Eusebia Altolagirreren bizitzan. “23 urte nituela ezkondu nintzen, batik bat etxe hartatik irtete arren, nazkatuta bainengoen”. Ordundik hona, sei seme-alaba eta beste hainbat iloba izan ditu, eta orain “gustura” bizi da.
Antzerkia eta dantza (2004ko azaroa, 56. zenbakia)
Ez ziren garai errazak, eta ez zen erraza euskal munduan eta euskal kulturan parte hartzea, baina bazen jendea horretarako
Maritxu Unanue txiki-txikitatik ibili izan da euskal kulturaren inguruan. Azpeitiko kalean jaio eta Jesuitinetan ibili zen eskolan. Eskola bukatu eta josten ikasten ibili zen. Gaztetan hasi zen kulturaren munduan mugitzen, eta oraindik badu indarra antzerkia eta kultura bultzatzeko.
“14-15 urte nituela, Oargi euskal dantza taldean hasi nintzen dantzan. Garai horretan, dantzan ibiltzen ginenok kanpora irteteko desiatzen izaten ginen, han izaten baikenuen juerga pixka bat egiteko aukera bakarra”, dio. Frantziara joatea nahi izaten omen zuten: “Frantziara joatea nahi izaten genuen, eta arrazoia bakarra izaten zen beti: han ikurrina lasai astintzen genuen, eta garai hartan hemen ezinezkoa zen hori”.
Baina kanporako irteera horietan, badu behin ere ahaztuko ez duen kontu bat: “Behin Donibane Garazira joan ginen dantzara, eta handik bueltan Donibane Loitzunen gelditu ginen. Han musika lasaia zegoen, helduta dantzan egiteko, eta gu han hasi ginen dantzan. Bueltan etorri ginenean, norbaitek esan egin zuen gu nola helduta dantzan ibili ginen, eta kongregaziotik bota ninduten. Han ere ez ziren denak lagunak izango.
Dantzan ez ezik, antzerkian ere ibilitakoa da Maritxu. “Enrike Zurutuza zuzendari genuela antzeztu nuen nire lehen obra; Jaunaren bideetatik zuen izena, gaizki ez banaiz gogoratzen. Hura nire lehen lana izan zen, baina ordundik obra asko egin ditut”, adierazi digu. Baina orain ere jarraitzen du antzerki lanetan. Uztarriak entsaio baten erdian harrapatu zuen; orain beste bi gizonezkorekin batera ari da bere hurrengo obra prestatzen. “Ez genuen hirugarren gizonik aurkitzen, eta hirugarren gizonezkoarena neuk egitea erabaki nuen. Bestela, hauek ez zuten ezer egingo”, dio ondoko bi gizonezkoei begira.
Oraindik ere Maritxu Unanuek badu zer eman.
Dendan, denetik (2004ko abendua, 57. zenbakia)
38 urte daramatza dendan lanean Juana Valverdek, urte asko eta esperientzia asko bildu ditu horrenbeste urtean
Goiko kalean du denda gazte gaztetatik Juana Valverdek. Sendiaren negozioak izan dira betidanik bertan eta ederki ikasiak ditu dendako kontuak. Gaztetan, eskola bukatu ondoren, etxean pasatzen zuen eguna Juanak, etxeko lanak egiten, josten. “Lana, lana, ezingo diogu deitu horri”, esan du. Baina 20 urterako seguru etxean lan asko egindakoa zela.
Denda, amak ireki zuen, Juanak berak 20 urte zituela. “Aurretik nire osaba batek izan zuen harategia bertan, baina familiako inork ez genuen ikasi ofizio hori eta, beraz, ezin izan genion jarraitu ofizio horri eta itxi egin zuen”, gogoratzen da. Urte batzuk itxita egon ondoren, gero oraingo denda ireki zuten. “Orain 38 bat urte ireki genuen; amak ireki zuen, baina gero familia guztiak egin izan du lan hemen. Laguntza behar zenean hemen izaten ginen”, adierazi du.
Urte hauetan guztietan denetik saldu izan dute dendan. “Lehen, orain eta gero ere denda batean ahal den guztia salduko da”. Beti ahal duten dena saltzen saiatu omen dira, beraz, eta gaur egun ere ahal duten dena izaten dute dendan. Denetik aurki daiteke Valderdenekoan.
Baina nahiz eta urte hauetan gauzak asko aldatu, ez omen luke asmatuko zertan aldatu den esaten. “Gu beti aldaketen erara ibili izan gara, eta produktuak aldatu diren heinean, guk ere aldatu egin behar izan ditugu, eta egia esan, ez nuke jakingo gehien zer aldatu den esaten. Gainetik dena aldatu da, baina denak jarraitzen du berdin, azken batean. Lana bera da, saltzeko modua ere bera da. Azken batean, produktuek ere antzekoak izaten jarraitzen dute”, dio.
Juanak hor segitzen du egunero-egunero bere dendan lanean. Azken 38 urteetan egin duen bezala, orain ere egunero goizez eta arratsaldez han izaten da traste guztien artetik bezeroak eskatutakoaren bila.
|