2003ko Uztarriaren aldizkarietatik aterata
Jaietako giroa eta ohiturak (2003ko urtarrila, 36. zenbakia)
Urteen poderioz Azpeitiko festetako giroa aldatzen joan da, baina badira mantendu diren usadioak ere
Beti esan izan da Azpeitia oso herri festazalea dela. Herrian beti egin dira festak, baina, urteak igaro ahala, jaietako giroa eta ohiturak aldatuz joan dira. Joxe Azkarate ondo gogoratzen da garai haietako jaiez. “Gu gazteak ginela beste giro bat egoten zen herriko festetan. Ez bakarrik giroa, dantza ere askoz gehiago egiten zuen jendeak. Gaur eguneko festetako giroak ez dauka zerikusirik gu gazteak gineneko festa giroarekin, gaur egun dena desberdina da. Eta herriko festa desberdinak ere, Sansebastianak, Inauteriak eta abar aldatu egin dira denboraren poderioz”.
Sansebastian jaiak gertu direla eta, Joxe Azkaratek bera gaztea zenekoak dakarzki gogora: “Gu gazteak ginenean, Sansebastian egunean meza nagusia izaten zen goizeko hamarretan. Eliza dena jendez betetzen zen. Meza bukatu ondoren, jaietako beste ekitaldi garrantzitsu bat izaten zen: sokamuturra”. Joxe Azkarate zezenzalea da. Baina ez sokamuturra soilik, zezenketak ere gustuko ditu. “Zezenak denak ditut gustuko”, azpimarratzen du Joxek.
Sokamuturra ekitaldi jendetsua izan ohi zen orduan ere, herritar askok hartzen zuelako parte. Azpeitia festazalea eta zezenzalea beti izan baita. “Nik beti ezagutu dut herriko festetan sokamuturra. Hala ere, garai hartan orain baino jende gehiago ibiltzen zen. Orduan sokamuturrean ateratzen ziren zezenak ere indar gehiagokoak izaten ziren; gutxiago ibilitakoak izaten baitziren. Gaur egun ateratzen dituztenak indar handiegirik gabekoak direla uste dut”.
Gaur egun ezagutzen dugun sokamuturrean, herriko kaleetako ibilbidean hainbat alditan aldatzen da zezena. “Lehen ez zen orain bezainbeste aldatzen, gutxiagotan baizik. Damaso ingurutik ateratzen zuten eta gero plazatik pasatu ondoren, Errebalera iristen zenean han aldatu egiten zen. Bigarren aldaketa, berriz, Iturri-Txiki inguruan izaten zen”, dio Joxek.
Gaur egun, festetan oso normala da gau-pasa egitea, “baina guk ez genuen horrelakorik ezagutu. Nahiz eta herriko festak izan, gaueko hamar eta erdiak, hamaikak heltzen zirenean etxera joan behar izaten genuen, hurrengo egunean lanera joateko”. Joxe bera Agirre lantegian ibili zen lanean urte askoan eta lanorduak ere ez ziren gaur egunekoak, hamar eta hamalau ordu sartzen baitzituzten askotan lanean. “Lantegia itxi arte Agirreneko tailerrean jardun nuen lanean. Tallista bezala egiten nuen lan. Urte haietan lanbide hori oso hedatua zen herrian, eta orduan ez zegoen langabeziarik”, dio Joxe Azkaratek.
Kupelen inguruan elkartuta (2003ko martxoa, 38. zenbakia)
Sagardo garaia da. Orain urte batzuk ere, ohitura handia zegoen sagardotegietara joateko; eta sagardotegi ugari
Sagardotegietan jendea biltzeko garaia da, sagardo garaia. Apirila bitartean jende askoren bisita izango dute Euskal Herriko sagardotegiek, jendea kupelen bueltan elkartuko da, baita Azpeitian ere.
Pedro Aldalur oso sagardotegi zalea izan da beti: “lehen, orain baino gazteago ginenean askotan joan ohi ginen lagun kuadrila inguruko sagardotegiren batera”. Sagardoaren garaia heltzen zenean, “herriko jende asko elkartzen ginen sagardotegiko mahaiaren inguruan”. Bere esanetan, “oso giro alai eta herrikoia sortzen zen. Behin afaldu ondoren, eta sagardo tragoen ondorioz jendea alaiago jartzen zen. Orduan hasten zen giroa sagardotegian, batzuk kantatzen eta beste asko, berriz, bertsotan”.
Azpeitia inguruan ere baziren garai batean sagardotegi ugari, nahiz eta gaur egun horietako asko desagertu egin diren. “Orain urte dezente Azpeitian bertan sagardotegi ugari zegoen, alde zaharrean bertan bazeuden batzuk”. Pedro Aldalur eta sarritan joaten ziren herriko sagardotegietara, “baina baita beste herrietako zenbaitetara ere, batipat Astigarraga aldera”.
Sagardoaren garaian, aitzakia polita izaten da sagardotegiak bisitatzeko. Pedro Aldalurren hitzetan, “gure garaian orain baino sarriagotan joaten ginen sagardotegira afaltzera. Egia da, ordea, orduan herri inguruan aukera gehiago zegoela gaur egun baino”. Urte haietan herritik ateratzeko aukera gutxiago zeuden baina inguruan sagardotegi ugari. “Gaur egun, ordea, alderantziz gertatzen dela uste dut. Gainera jendeak Hernani-Astigarraga aldera joateko ohitura handia du orain”.
Pedro Aldalur eta bere lagunak astean behin joan ohi ziren sagardotegira, “asteroko pasadizoa egin asmoz. Azkenean ohitura bat bihurtzen da”. Oso oroitzapen onak gordetzen omen ditu ordungo sagardotegiko garai haietaz. “Niri betidanik gustatu zait sagardotegien inguruan sortzen den giro berezi hori”.
Gaur egun, ordea, jada utzia du sagardotegietara joatea. “Orain urteak igaro zaizkigu eta ez da garai haietan bezala. Hala ere, urtean behin beti egin ohi dugu lagunok afaritxoren bat inguruko sagardotegiren batean, baina oso kontatuak izaten dira egiten ditudan irteerak”. Pedroren ustez, ordea, gaur egungo sagardotegiko giroa aldatu egin da. “Egia da, gaur egun jendeak eusten diola ohiturari, jende asko joaten da eta horrek poza ematen du. Baina, bertako giroa asko aldatu dela esango nuke, lehen euskal giro gehiago nabarmentzen zen sagardotegietan”.
Urteetan apustuak nagusi (2003ko apirila, 39. zenbakia)
Betidanik entzun izan dugu euskaldunok apustu zaleak garela, baina apustua galtzeko arriskuan egon liteke
Jende askok gogoan izango ditu oraindik ere garai batean egiten ziren kirol apustuak, batik bat herri kiroletan. Asko izan dira historian zehar, eta, zehazki, Azpeitian bertan egin diren apustuak.
Ramon Altolagirreren hitzetan, “lehen, garai haietan kirola jolasa bezala hartzen zuen jendeak. Jokorako askoz ere grina handiagoa azaltzen zuten orduan, orain jendeari falta zaiona. Eta apustuak ere ugari, orduan apustu asko ikusteko aukera izaten baitzen. Nahiz eta kirol gehienetan egin apustuak, bereziki herri kiroletan izaten ziren, bai aizkoran, harrijasotzen eta abar”.
Euskal Herriko leku askotan egiten ziren herri kiroletako demak. Hala ere, Gipuzkoa aldeko gehienak Azpeitiko eta Tolosako zezen-plazetan jokatzen ziren. “Urte haietan jende asko inguratzen zen zezen-plazetara apustuak ikustera, ikusmin handia sortzen zutelako apustu haiek. Hori dela eta, askotan zezen-plazak bete egiten ziren”.
Garai haietan, urtean zehar apustu asko ikusteko eta gozatzeko aukera izaten zuen jendeak. “Ez dakit zehazki zenbat izango ziren, baina asko, batez beste zortzi-hamar apustu antolatzen ziren urtean. Gaur eguneko egoerari begiratzen badiogu, aldiz, guztiz alderantzizkoa gertatzen da; orain urtean bi edo hiru apustu ikusteko aukera dago, eta urte batzuetan apusturik ere ez da izaten”.
Kirolaren munduan mota guztietako apustuak egin izan dira. “Gogo-ratzen dut 1948. urtean egin zen aizkori apustua. Orduan zezen-plaza guztiz bete zen. Apustua jokatu zutenak Arria eta Korta aizkolariak izan ziren”, dio Ramon Altolagirrek. Baina beste era bateko demak ere egin izan dira Azpeitiko zezen-plazan. “1941. urtean beste apustu sonatu bat egin zen gure herrian; Kataolatza eta Kortaren artean jokatu zen eta hiru modalitatekoa izan zen: harri jasotzen, aizkoran eta ondoren zezen-plazan bertan lasterka”, dio Altolagirrek.
Nahiz eta urte askotan apustuak indar handia izan, “gero eta gutxiago egiten dira apustuak. Lehen, jendea diru eta gauza gutxiren jabe zen, baina jokorako grina eta gogoa bazuen”. Hala ere, nahiz eta gero eta gutxiago izan, oraindik ere antolatzen dira batzuk. “Gaur egun, apustuak baino gehiago exibizioak egiten dira herri kiroletan. Gertatzen den beste arazoa da ez dagoela jenderik, jendea falta da herri kiroletan”. Etorkizunari begira jarriz gero, “oso zaila dagoela ikusten da eta baliteke hemendik urte batzuetara apustuak galtzea”.
(2003ko maiatza, 40. zenbakia)
Dantza eta musika pekatu (2003ko ekaina, 41. zenbakia)
Dagoenekoa ez da bekatua bikotearekin dantzan egitea, baina duela urte batzuk ezin zen ‘agarraurik’ egin
Azpeitiko bandak gaur egun ere kontzertu ugari eskaintzen du. Baina duela urte batzuk, orain baino askoz gehiago eskaintzen zituen. Hala dio Iñaki Alberdi bandako kideak: “Lehen noiznahi izaten genituen kontzertuak”.
Iñaki ederki oroitzen da Azpeitiko plazan jotzen zituzten kontzertuekin. “Orduan orkestinarekin jotzen genuen herriko plazan. Kontzertuak hamabostean behin izaten ziren eta 1.200 pezeta kobratzen genituen bailableak jotzeagatik”.
Baina ez pentsa edozer motako piezak jotzen zituztenik; soilik “bekaturik egiteko” arriskurik ez zutenak, bakarka dantzatzekoak alegia. “San Inazioetan bakarrik jotzen genituen agarrauak, urte osoan zehar bekatua zen eta”. Egaña alkate zegoenean, dendatik zaintzen omen zituen igande arratsaldeetako kontzertu haiek, “jendeak bekaturik egiten zuen edo ez jakiteko. “Alguazilak behin baino gehiagotan bidali zizkigun musika gelditzeko esanez. Izan ere, jendeak bakarka egiteko piezak agarrau moduan dantzatzen zituen eta hori debekatuta zegoen”. Ordutegi aldetik ere mugak izaten zituzten. “Hasieran gaueko hamarretarako amaitu behar izaten genuen, ordu horretatik aurrera bekatu zelako”.
Garai hartan, Azpeitian bi kongregazio zeuden: Mariaren alabak eta San Luisen semeak. “Agarraua egiten ikusiz gero kongregaziotik bidaltzen zintuzten. Nire anaia zaharra ni baino askoz formalagoa zen eta bera bidali egin zuten. Nik behin baino gehiagotan egin nuen agarraua baina ni ez ninduten kongregaziotik bidali”.
Plazako kontzertu haiek eskaintzeaz gainera, bazituzten beste betebehar batzuk bandakoek. Iñakik gogoan du nola joaten ziren pazko astelehenez Loiolara, goizeko zazpietako mezatara. Egun horretan San Inazio zauritu zutela ospatzen zen. “Bertara iritsitakoan jotzen genuen lehen abestia imno nazionala izaten zen. Meza amaitutakoan San Inazioren martxa jotzen genuen eta gero hiru jota”. Loiolakoa amaitutakoan Arana kalearen ingurura etortzen ziren eta bertatik kalejira egiten zuten Madalena auzoraino, isildu ere egin gabe. “Bertan beste pieza batzuk jotzen genituen baina ez imno nazionala”.
Ez pentsa dena musika jotzea bakarrik izaten zenik. “Loiolako meza amaitutakoan, sakristauak barrura eramaten gintuen eta bertan pasta batzuk ateratzen zizkigun anisarekin”. Madalenan ere berdin egiten zuten nahikoa musika jotakoan. Iñakik gogoan du bera eta bere lagun bat lanera joan gabe gelditu zirenekoa, sakristauak emandako anisetik gehiegi edan zutelako; “Eskustako zelaietan siesta egin eta gero etxera joan ginen bazkaltzera”.
Apretak jantzi eta festara (2003ko uztaila, 42. zenbakia)
Gazteak gero eta gehiago mugitzen dira festetara, baina ez uste etxeko helduenak ere festa garaian mugitzen ez zirenik
Uda ere iritsi da eta udarekin batera Euskal Herriko hainbat lekutako festak. Gazteak gero eta gehiago joaten dira festetara, baina ez pentsa egun gertatzen den kontua bakarrik denik, etxeko helduenak gazteak zirenean ere joaten ziren-eta inguruko herrietako festetara. Hala dio behintzat, Rosario Urbietak: “Ni izatez Arrukoa naiz, baina Azpeitian 41 urte daramatzat bizitzen, ezkondu nintzenetik. Nire gazte denboran ere joaten ginen inguruko herrietako festetera. Zumaira eta gertuko herrietara joaten ginen”.
Gaur egun edozein bazterretako jaietara joateko autoz mugitzen da, baina orduan ez zen horrela izaten. “Orduan oso auto gutxi zegoen, eta edozein bazterretara mugitu nahi bagenuen, oinez joan behar izaten genuen. Apretak jantzi eta hala joan ohi ginen. Trena-eta hartzeko dirua behar izaten zen eta guk ez genuen izaten”. Bazkalostean ateratzen omen ziren festara joateko, arratsalde-pasa. Izan ere, gaur egun baino lehenago bueltatu behar izaten zuten. “Afal ordurako etxean egon behar izaten genuen, zortziak alderako. Noiz edo noiz aitak utzi izan zigun beranduago bueltatzen, baina gehienez ere bederatziak alderako etxean, elizako kanpaiak amaitzerako”. Etxera iritsitakoan, berriz, errosarioa errezatu, afaldu eta ohera. “Orduan egunez mugitzen ginen, ilundu baino lehen etxean izateko. Eguna argitutakoan jaikitzen ginen, nahiko lo eginda. Izan ere, gaur egun baino askoz goizago izaten zen orduan oheratzeko ordua, eta ez genuen lo faltarik izaten”.
Orain tabernaz taberna ibiltzeko ohitura handia dagoen bezala, orduan dantzan egiten zen, dantza sueltoan. “Orduan agarraua egitea bekatu zen eta dantza sueltoa egiten genuen”.
Rosario oso zezen zalea da eta berak ere izan du istripu txiki bat zezenean. “Zezenak asko gustatzen zaizkit eta sokamuturruan ibili izan naiz. Ibili naizenetan, ez zait sekula ezer gertatu, baina bai sokamuturrari begira nengoela: zezena gerturatu egin zen eta jendea lasterka hasi zen, lurrera erori nitzen eta andra baten takoiarekin buruan kolpea hartu nuen; hiru egunetan hiru indizio sartu zizkidaten”.
Festak ere asko aldatu dira urte hauetan. Euskal Herriko festak santu baten omenez egiten dira, eta gisa horretako omenaldi guztietan bezala, elizkizunak egiten dira. “Saninazioetako elizkizuna ere asko aldatu da. Orduan ia herri osoa joaten zen mezara eta desberdina izaten zen; elizkizuna gaur egungoa baino askoz ere sinpleagoa zen. Garai hartan, elizako kantuak denok abesten genituen; orain, aldiz, koroak abesten ditu”.
Egurrarekin lanean (2003ko abuztua, 43. zenbakia)
Julian Arrutik ondo daki egurrarekin lan egitea zer den, gazte-gaztetatik hasi baitzen arotz lanean
Arotzgintzarekin eta, batez ere, egurlanarekin lotura handia duen herria da Azpeitia. Ingurura begiratu eta egurlanean zenbat lantegi eta fabrika aritzen diren ikusi besterik ez dugu. Lotura hori, ordea, ez da gaurkoa; izan ere, Julian Arrutik dioenez, “herrian aspalditik errotua dagoen lana da egurra lantzea”.
Egun gazteak beharrezko ikasketak egin arte lanean hasten ez badira ere, gure aiton-amonek gaztetatik ekiten zioten lanari. “Ni hamahiru urterekin sartu nintzen langile tailerrean, baina umetatik ibili izan nintzen han”. Haren aitaren izena zeraman lantegian hasi baitzen Julian lanean: Fabrica de Andres Arrutin.
Arotz lanean urte asko eman dituen arren, ondo gogoan du lanean lehenengo aldiz izan zuen istripua. “Bederatzi urte nituela, zepiladorarekin eskua harrapatu nuen —dio Julia-nek—. Harrezkero, istripu eta susto ugari izan ditut lanean, nire eskuetara begiratu besterik ez dago...”. Bai, bai.
Lantegian umetatik ibili izanak ofizioa azkar ikastera eraman zuen. “Umea nintzela, soldadutzatik etorri berria zen langile bati makinek nola funtzionatzen zuten erakutsi beharra izan nuen”.
Nahiz eta badiren urte batzuk erretiroa hartu zuela, oso ondo gogoratzen da nolakoa izaten zen lanegun bat: “Lan gogorra zen. Batzuetan, egur tabloiak bizkarrean hartuta ibili behar izaten genuen. Hala ere, niretzat gogorrena, zuhaitz enborrak ekartzen zirenean egin beharreko lana zen. Zuhaitz enborrak hartu eta zerratu egin behar izaten genituen, gero tolestu edo castillotan jarri, egurra ondo lehortzeko. Lan hori koadrilan egiten genuen, elkar lagunduz; tailerreko dozena bat langile izaten ginen”.
Oraingo lan egiteko modua probatu ez duen arren, “erabat ezberdina” dela dio Julian Arrutik. Urte hauetan zehar teknologiak egin dituen aurrerapausoak oso nabarmenak dira eta arotzek ere makinei dagokienez aldaketak nabari dituzte.
“Lana asko erraztu da”, haren ustez. “Orain gauza asko eginda ekartzen dira. Guk eskuz lan gehiago egiten genuen, makinak ere gutxiago genituen, eta horrek eskuz egin beharra suposatzen zuen”, kontatzen du Julianek.
Orain opor garaia dela eta, zera dio: “Guk oraingo langileek izaten dituzten oporren er-diak baino gutxiago izaten genituen”.
Arotzaren lana gogorra dela badio ere, ez dio lanari erabat utzi. “Ez ditut altzari handiak egiten baina oraindik gauza txiki batzuk egiten ditut. Ofizioz arotza izan eta denbora-pasan ere egurrarekin aritzen naiz”.
Zineak betetzen zirenekoak (2003ko urria, 44. zenbakia)
Pedro Mendozak garai batean Azpeitian ziren bi zine aretoak ditu gogoan; bera Parrokialera joaten zen, merkeagoa zelako
Joan den hilean, irailean, hiru egunez, kanpoko zine emanaldiez gozatzeko aukera izan zen herrian. Ekainean Soreasu zine aretoa itxi eta iraila arte Azpeitian ez da izan zinefilmak ikusteko aukerarik, herriko zine areto bakarra itxita egon baita. Baina irailaren bukaeran Soreasuk berriro ekin zion zine emanaldiei. Bien bitartean, Azpeitiko zinezaleek herritik kanpora jotzen dute filmaren bat ikusi nahi duten bakoitzean.
Herrian garai batean bi zine areto zeuden, baina gero Zelaitxo itxi eta Soreasu bakarrik gelditu zen. Baina gure aiton-amonek ere zazpigarren arteaz, zineaz, gozatzeko aukerarik izan zuten gaztaroan. Horrela esan du behintzat Pedro Mendozak. “Astean behin joaten ginen gu zinera, igandetan. Erreal bikoa ordaintzen genuen zine sarreran. Garai hartan bi zine areto ziren herrian: parrokiala zen bata eta Luminor bestea (Zelaitxo baino lehenago zegoena). Gu parrokialera (Soreasu ondoko lokala) joaten ginen, batez ere”.
Gaur egun herriko zine aretoa beteta ikustea ez da erraza, baina Mendozak zine aretoak gainezka izaten zireneko garaiak ditu gogoan. “Gogoan dut aretoa bete-bete eginda egoten zela eta behin baino gehiagotan pantaila atzean eserita filmeren bat edo beste alderantziz ikusi nituela”, dio.
Orain jendea maiz kexatu izan da zineko sarrerak garestiak izaten direla eta; Pedrok ere badu zeresanik bere gaztaroan zinea ordaintzen zutenaz. “Gu parrokialera joan ohi ginen, bestea baino merkeagoa zelako. Gu umeak ginen eta guretzat Luminor garestia zen; egun berezietan baino ez ginen joaten hara. Batez ere, jende heldua joan ohi zen Luminor zine aretora”.
Zineak eta telebistak gaur egun garrantzia handia dutela dio Pedro Mendozak. “Gaur egun etxe bakoitzean telebista bat baino gehiago izan ohi da; gurean, esaterako, bi ditugu”.
Mendozarenean lehen, berriketarako eta tertuliarako denbora gehiago hartzen zen gaur egun baino; orain tarte hori telebistak hartu du. “Gazteak ginenean bazkalondoan irratia piztuta izaten zen, baina tertulia eta hitz egiteko denbora izaten genuen. Gaurko gazteak, ordea, bazkaldu bezain laster telebista aurrean jartzen dira. Agian horregatik diot hainbesteko amorrua telebistari, ez baitute ezer dezentea botatzen nire gusturako. Harremana, komunikazioa, hein handi batean telebistagatik galdu egin dela uste dut. Garai batean, askoz gehiago hitz egiten zen mahai inguruan”, dio Mendozak.
Jairik gabeko astea (2003ko azaroa, 45. zenbakia)
Etxeko lanak gaur egun ere ez dira erraz egitekoak, baina orain dela urte batzuk etxe batzuetan urik ez zegoen
Arropak eta ontziak garbitzea, aspiradora, eskoba eta fregona pasatzea eta abar. Gaur egun, etxeko lanak gogorrak direla-eta kexatu besterik ez gara egiten. Noizbait galdezka jarriz gero geure inguruan, istorio gogor eta politak entzun daitezke aurreko belaunaldiek kontatuta. Oraingoan, garai bateko Azpeitiko etxekoandreen bizia nolakoa den jakiteko, Pakita Larrañagaren sukalderaino sartu da Uztarria.
Pakita Larrañaga ederki gogoratzen da bere gurasoen etxean iturritik ura zetorrela eta orain bizi den etxera bizitzera etorri zenean urik ez zegoela. “Zenbat aldiz emango ote nion nik kanilari ura edateko asmotan!”. Baina ur falta ez zen edateko bakarrik, Pakitak hamar seme-alaba izan zituen eta haien arropak ere garbitu egin behar ziren nonbait. “Etxe azpian dagoen putzura joan behar izaten genuen arropak eta ontziak garbitzera. Inguruko baserrietatik astoetan etortzen ziren batzuk putzura eta baziren buru gainean garbitzeko traste guztiak ekartzen zituenik ere!”. Abantailak izugarriak izan dira ordutik baina badu zerbait kenduko ez diotena, “ekonomika”. Oraindik badu bat bere sukaldean eta ez du saltzeko. “Gogoan dut nola pasatu nuen gau oso bat sua egiten senar zenaren Urolako trajea lehortu nahian”.
Argi indarra ere ez zen gaur egungoa bezalakoa eta ekaitz txikienarekin ere argirik gabe gelditzen omen ziren. “Behin batek esan zidan ez konpontzeko geure argin indar kaxa, kexatzeko eta emateko lata eta horrelaxe jarri zuten argi indarra ongi iristen zela”.
Etxeko lanez gain —baserrian bizi izan denez beti— baserrian zituzten produktuak saltzera ere jaisten zen kalera. “Garai hartan ez zen orain bezala astearteetan azoka egiten, orduan egunero egoten zen eta egunero jaitsi behar izaten genuen. Bagenituen esnea partitzera joaten ginen etxeak eta partiketak egin ondoren azokara joaten ginen”. Pakitak ba omen zuen “bera bezalako asto txiki bat”, oso gaiztoa omen zen. Astotegian bateren batek molestatzen zuelako soltatzen bazuen, etxera bueltatzen omen zen bera bakarrik.
Udazkena urtaro txarra omen da. “Garoa biltzera joan behar izaten zen leku guztietara”, gogoratzen du. “Han joaten ginen oinez edo bestela bizikleta alokatuta basora egun osoa garoa biltzera”. Baina ondoren negua eta bere gustuko gauzak egiteko denbora izaten zuen. “Niri jostea gustatzen zait eta neguan bakarrik izaten nuen denbora”.
Gaur egun kexatu egiten gara baina badaude bere garaian kexatzeko denborarik ere izan ez dutenak, eta entzungo zituzten inor ere ez zutenak, orduan asteak jairik ez baitzuen.
Neguko lehen eguneko jaia (2003ko abendua, 46. zenbakia)
Txistorra, taloa eta baserri giroa dira protagonista Santo Tomas eguneko jaian; lehen ere halaxe zen
Abenduaren 21a egun garrantzitsua izaten da azpeitiarrontzat. Santo Tomas-en aitzakian, festa ederra antolatzen baita herrian. Gabonetako opor eta jaien aurrekari da festa hori, eta herritar zein kanpotar ugari biltzen da Azpeitian. Festa, ordea, ez da gaurkoa; hori esan dio behintzat, Carmen Mendizabalek Uztarriari.
Gaur egun festa handia egiten da, baserriko produktuek protagonismo berezia hartzen duten egun horretan. Gure aiton-amonen garaian ere festa handia izaten omen zen. “Plazan, gaur izaten den bezala, txorizo postuak izaten ziren gu gazte ginela ere. Egun handia izan da betidanik Azpeitian Santo Tomas eguna”, dio Carmen Mendizabalek.
Gaztetxoak eta ez hain gaztetxoak direnak ere janzten dira orain baserritarrez. Gero eta jantzi dotoreagoak ikusten dira Azpeitiko kaleetan. Festa aspaldidanik ospatzen bada ere, baserritar janztea ez omen zen Carmen Mendizabalen gazte garaietan izaten. “Gaur egun umeak-eta baserritar janzten dira. Gure garaian ez zen horrelakorik izaten. Izatez ere ez gara baserritarrak eta... Orduan ez zen ohiturarik horrela janzteko”.
Trikitilari, bertsolari eta giroa alaitzen duten ttuntturroak ez dira falta izaten kalean gora eta behera. Herri kirolak ere ikusgai izaten dira nahi duenarentzat plazan. “Erromeria polita izaten zen lehen ere. Bertsolariak ere izaten ziren eta egundoko giro polita sortzen zen plazan”, gogoratzen du Carmenek.
Udazkeneko fruituen eskaparate bikaina da neguko lehen egunean azoka plazan egiten den fruituen, barazkien eta loreen lehiaketa. Horiez gain, ez da txistorraren, taloaren eta ogitartekoen faltarik izaten. “Guk ere ogitartekoak jaten genituen. Eta, jakina, taloak ere jaten genituen Sato Tomas egunez”, kontatzen du Carmenek, barrez.
Baserriko produktuez gain, animaliek ere ga-rrantzi berezia dute egun horretan; batez ere, hegaztiek. “Azoka plazan oiloak-eta kaioletan izaten ziren; ganadurik, ordea, ez zen izaten. Animalia horiek —hegaztiak, alegia—, inguruko baserrietatik ekartzen zituzten baserritarrek. Orain ere Azoka plazan hegaztiak ere izaten dira nahi duenak ikusteko moduan”.
Carmen Mendizabalek, gustuko jai eguna du abenduaren 21ekoa. Denbora pasatu den arren, hark dio festa eta erromeria ez dela asko aldatu, eta herrian giro polita izaten dela gaur egun ere. Festa herrikoia eta giro polita izaten dela uste du; “eta urte askoan horrela izaten jarrai dezala espero dut”.
|