Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 2,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Herriari buruzko artikuluak »  Garai bateko Azpeitia »  2002ko Uztarriaren aldizkarietatik aterata

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

2002ko Uztarriaren aldizkarietatik aterata

Auzo eta kaleetako jaiak (2002ko urtarrila, 25. zenbakia)

Santiago egunean Santiago kalean, eta Sanpedrotan Eskuztan, jai handiak izaten ziren orain urte batzuk

Azpeitiko garai bateko festak oso desberdinak izaten ziren, oraingoen aldean. Zenbait auzo eta kaletako festek oso harrera ona izaten zuten herritarren artean. Gaur egun, kale horietako festak ez dira ospatzen lehen bezala, galdu egin dira. Santiago kaleko festak dira horren adibide garbiena. Horratx Begoña Erraztik esandakoa: “Inauterietan zezena oso ederra izaten zen. Orain haurrentzako parkea dagoen lekuan, Santiago kalean, ateratzen zuten. Alde batean Agirreneko kamioia jartzen zuten, eta bere inguruan kupel mordoa. Erdian zezena askatzen zen, sokarik gabe, librean. Oso ederra izaten zen. Garai hartan, gaur egun bezalaxe, izugarrizko afizioa zegoen zezenak ikusteko. Egia esan, hartu ere hartu genituen hainbat ostikada eta pasara eder! Zezenaz gain, gero, Santiago egunean, uztailaren 25ean kale honetako festa nagusiak izaten ziren, egun horretan ospakizun handiak egiten ziren. Zezenak edo sokamuturra garai hartan ez zen izaten herriko festa guztietan. Orduko San Sebastian jaietan, adibidez, ez zen zezenik ateratzen gaur egun bezala. Danborradaren kontu hori nahiko berria denez gero, orduan ez zen horrelako ezer egoten festatan, danborrada eta sokamuturra beranduagokoak dira eta. Egun hori, San Sebastian eguna, jai eguna izaten zen, baina Meza Nagusiaz aparte ez zegoen beste ekitaldirik”.

ESKUZTAN. Herri inguruko auzoetan ere festa garrantzitsuak egiten ziren: “San Pedrotan Eskuzta auzoan oso festa bereziak izaten ziren. Saninazioak pasatu arte jendea ez zen hondartzara joaten hasten. Festa horiek bukatzean, orduan hasten ziren denak kosta aldera mugitzen. Beraz, San Pedro jaiak heltzen zirenean, denak Eskuztara joaten ginen. Izugarrizko festa izaten zen bertan San Pedro egunean. Hango ekitaldi ederrena erromeria izaten zen. Herriko musika banda joaten zen eta han erromeria egin ondoren, musika bandarekin denak herriko plaza nagusira etortzen ginen. Plazan, beste pieza batzuk jotzen zituen bandak eta hor bukatzen zen San Pedro eguneko festa. Izugarrizko festak ziren”.

Oso jai ederrak, baita Urrestillakoak ere, Erraztik dioenez: “Sanjoanetan egiten ziren orain bezalaxe. Oinez joaten ginen ogia eta txokolatea hartuta arratsalde pasa. Urte batzuk beranduago autobusa jarri zuten Urrestillara joateko. Orduan autobus gainean eserita joaten ginen, bai jaietara eta baita eskurtsiotara ere. Hura gozamena autobus gainean joatea. Eskailerak izaten zituen autobusak gora igotzeko; han gora igo, eta bertan joaten ginen. Autobus batzuek, gainera, jarlekuak izaten zituzten”.

Baserritik azokara (2002ko martxoa, 27. zenbakia)

Mariak Elosiagako Etxeberri baserritik jaisten zituen azokara bi baserrietako produktuak

Duela urte gutxi arte oso desberdinak izaten zen baserritik azokarako joan-etorria. Azokara herriko baserritarrak soilik jaisten ziren beren produktuak saltzera. Orain, berriz, kanpoko jendea nagusi izaten da plazan. “Lehen ez ziren etortzen orain bezala kanpotarrak laranjak-eta saltzera, denak herrikoak ginen. Oilaskoak, oilandak, untxiak... geuk ekartzen genituen baserritik. Hori zen gure dibertsioa; kalerakoan eta etxerakoan barre ederrak egiten genituen”, dio Maria Gurrutxagak. Oraingo Land Roverrak-eta ez zituzten ezagutzen gure aiton-amonek. Baserrirako joan-etorrietarako astoak erabiltzen zituzten. Kalera jaisten ziren neskek astoak izaten zituzten garraio moduan, eta baserrira lanera igotzen ziren mutilek, berriz, bizikletak. “Sokatik astoa heldu eta kalera jaisten ginen, gorakoan asto gainean jarrita igotzen giren. Astoarekin ere makina bat barre egiten genituen. Herrira iritsitakoan astotegian uzten genituen, bertan zeuden burdin batzuei lotuta utzi eta plazara joaten ginen, baserritik ekarritako gauzak saltzera. Koadrila ederra biltzen ginen azoka plazan”.

Baserrietara joateko gaur dauden errepideen antzik ere ez zuten ordukoek. Bideak egiteko harriak ipintzen zituzten bide bazterretan eta gainean lokatza botatzen zuten.

Azokan zeuden prezioekin ere ederki gogoratzen da Maria. “Elurra egiten zuenean garestiagoak izaten ziren. Litro esnea bi erreal; arrautza dozena, berriz, hamar erreal. Han etortzen ginen abarkak jantzita, ez genituen oraingo katiuskak eta botak. Geuk ikasi genuen jertseak-eta egiten. Hauekin dotore, bestela bufandarekin ibili behar izaten genuen, eta lotsatu egiten ginen hura zatartzen hasten zenean.”

Oinetakoak —hau da, alpargatak— erosteko menda-erratzak egiten zituen Maria Gurrutxa-gak. “Zazpi erratz egiten genituen alpargata pare bat erosteko hiru errealetan”. Makina bat erratz egindakoa da Maria, oinak janzteko.

Emakume hark ez zituen bere baserriko kontuak bakarrik ematen, bi etxetakoak baizik. Herrira azokara jaisten zenean, asto gaineko fardeletan bi baserrietako gauzak jaisten zituen saltzeko. Produktuok saldu ondoren irabazten zituen sos guztiak aitonari ematen zizkion. Trukean egunean pezeta bat ematen zion aitonak Mariari. “Aitonak emandako pezeta hura amari ematen nion. Neuk beharko nuenik ere ez zitzaidan burutik pasatzen”.

Ondo gogoan du beti aitonak beretzako prestatuta izaten zuen menda-finezko erratz berdea. “Aitonak baratza nola zegoen begiratzen zuen bitartean, nik baserriko goiko logelak menda-erratzarekin garbitu eta dizdira ederrean uzten nituen. Izan ere, lurra intxaurrondo beltza zen”.

Neskameen bizitza (2002ko apirila, 28. zenbakia)

Urteetan neskame lanak egindakoa da Eusebi Goenaga, beti herritik kanpo hain zuzen, ezkondu zen arte

Oraindik emakumearen berdintasunaren alde lanean ari garen honetan, neskentzako lan aukerak zabaldu badira ere, garai batean gure amonek lan aukera bakarra edo bakarrenetakoa zuten neskametza. Izan ere, Eusebi Goenagak azaldu digunez, “orduan ez zen fabriketan neskentzako lanik, eta neskame joan behar izaten ginen lana egingo bagenu”. Gazte-gaztetatik etxea utzi eta besteren etxeetara joaten ziren lanera. “Aitak lehenago ere bidali nahi izan ninduen, baina 11 urterekin joan nintzen neskame. Ez edozein lekura gainera, baserri batera. Denetik egin behar izan nuen han. Etxeko lanak, eta baserrikoak”. Gaur eguneko neskametzaren aldean garai hartakoa gogorra zen, “gaur egun neskame joatea gurekin konparatuta señora joatea da. Gurea asto-lana zen, dena eskuz egiten genuen, ez zen makinarik. Lurra lau hankan jarri eta zepilo latzakin fregatu, gainera razionamendu garaian bakoitzari xaboi puska txiki bat tokatzen zitzaigun eta nik ez dakit zer zuen xaboi hark baina aurpegia ere erre egiten zuen. Jai ere hamabostean behin izaten genuen, eta ez egun osoa 16:00etatik 19:00-etara. Behin nekatuta nengoela-eta lo-kuluxkan gelditu nintzen etxean eta etxekoandreak ikusi ninduenean lanean jarri ninduen. Onena aldegitea zen”.

Herrian bertan baziren neskamea zuten familiak. Eusebi bera kanpoan ibili zen; Legazpian, Tolosan eta Hernanin. Nagusi ezberdinak ezagutu zituen, beraz, eta etxe guztietan ere lan egin behar bazen, “quiero y no puedokoak” okerrenak zirela dio Eusebik. “Izan nuen nagusi bat zerbait zeukana edo uste zuena, eta harentzako lan egitea ez zen ederra. Arran-degira bi buelta egin behar izaten nituen; lehenengo arrainaren prezioa galdetzeko eta hurrengoa arraina erosteko. Telefonoa bazuten etxean baina ni atzera eta aurrera ibiltzea nahiago. Neskameak mesprezua besterik ez genuen jasotzen. Hernanin jan ez nuen besteekin egiten, su ondora bidaltzen ninduen etxekoandreak eta han txokoan bakar-bakarrik jaten nuen. Behin señoritoaren urtebetetzea zen, eta tarta banatu zutenean niretzako ez zen han platerik. Señoritoak berak berea eman eta etxean goialdera igo zen. Han joan zen etxekoandrea atzetik, eta nik ez dakit zer esan zion señoritoak baina negarrez etorri zen”.

Zestoako bainuetxean ere zerbitzari bezala aritu zen hiruzpalau udan, eta han ezagutu zituen lehen garbigailu eta plantxa elektrikoa. Ezkondutakoan utzi zion neskametzari; orduan bere etxea gobernatu behar izan zuen. “Besterentzako egiten nituenak neurean egin behar ezkondutakoan. Gero alpargata eta aterkiak josten ere jardun nuen diruz osatuko bagina”.

Aiton-amonen dantzalekuak (2002ko maiatza, 29. zenbakia)

Igande arratsaldeetan Oñatzeko eta Aratz Errekako erromerietara joaten ziren, dantza egiteko gogoz

Gaur egun tabernetara edo dantzalekuetara joaten da jendea ondo pasatzeko asmoarekin. Gure aiton-amonen garaian, aldiz, erromerietara joaten ziren, baina asmoa, orduan ere, bera izaten zen.

Jesusa Lesaka urrestildarrak ederki gogoratzen du nolakoak izaten ziren igande arratsalde haiek. “Gu seiko edo zazpiko neska koadrila ibiltzen ginen eta erromerietara oinez joaten ginen”. Inguruko erromerietara joan ohi ziren Jesusa eta haren lagunak. “Lehenengo, Aratz Errekara joaten ginen eta han ez bazegoen soinurik Oñatzera joaten ginen. Behin baino gehiagotan gertatu zitzaigun bietan erromeriarik ez egotea, eta orduan etxe aldera joaten ginen. Urrestillako kaleetan buelta bat ematen genuen eta iluntzerako etxera”.

Erromeria ezagunenak Oñatzekoak izaten ziren, inguruko jende gehien bertan biltzen baitzen. “Kuku Herrikoak, Aratz Errekakoak, Atxumarriagakoak-eta denak han biltzen ginen”, dio Jesusa Lesakak.

Erromeri haietan giro ederra egoten omen zen. “Normalean, neskak dantzan hasten ginen mutilak etortzen zirenean. Batzuetan harri-jasotzaileak ere izaten ziren Oñatzen. Gu zain egoten gi-nen soinua noiz hasiko, dantzan egiteko gogoa izaten genuen eta. Nahiko nekez hasten ziren soinua astintzen. Denbora gutxi izaten genuen, Aratz Errekatik joaten ginelako, eta guk lehertu arte dantzan egitea nahi izaten genuen”. Atsedena hartzeko beta ere hartzen zuten erromerietan. Orduan limonada edaten zuten, baina jateko ezer gutxi izaten zuten. “Ez zen ezer ere egoten jateko, ezta erroskillarik ere”. Baina, hala ere, izerditan blai eginda dantzan jarraitzen zuten.

Eta ez ziren erromeriatik etxera zuzenean joaten. “Urrestillara iristen ginenean ez genuen izaten urrak erosteko dirurik, baina ezta etxera joateko gogorik ere. Kalean buelta bat eman eta gero etxera joaten ginen afal ordurako”.

Erromeriarik ez bazegoen Urrestilla inguruan, futbola ikustera etortzen ziren Azpeitiara. “Sarrera pezeta bat kostatzen zen eta guk ez genuen dirurik izaten. Orduan Ondarbide atarian egoten ginen, eta partida bukatu baino pixka bat lehenago uzten ziguten sartzen, sarrera ordaindu gabe. Askotan Azpeitira iristerako iluntzen zuen eta etxe aldera joan behar izaten genuen. Gutxitan izaten zen Azpeitiko kaleetan buelta bat emateko astia. Orduan hala zen, iluntzerako etxean”.

Mutiletan egiteko ere izaten zuten parada. “Mutilak gerturatzen zitzaizkigun guri. Igande batzutan ez zen inor gerturatzen baina besteetan, berriz, bat baino gehiago”.

Bustinzuriko errebala (2002ko ekaina, 30. zenbakia)

Satur Larrañagak ondo ezagutzen du Bustinzuriko errebala, bertan sortu, lan egin eta bizi izan baita urteetan

Herri guztiek dute errebala, herria handitu ahala kanpoaldean sortutako kale berriei izen hori ematen baizitzaien garai batean. Azpeitiak ere badu berea: Bustinzuriko Errebala, hain zuzen ere. Eta “Azpeitia osoak baino gehiago balio zuen kalea” omen zen, Satur Larrañagaren esanetan.

Satur Larrañaga Bustinzuriko errebalean sortu zen, lana ere kale horretan zuen, “barberiyen” egiten zuen, erretiroa hartu arte —orain Bankinter dagoen horretan zen eraikinean—; eta bizi ere errebalean bizi izan da beti, orain etxea Arana 1ean badu ere. “Pena” eman zion Udalak kale eta zenbakien aldaketak egin zituenean orain bizi den etxea —Urtzi tabernaren goikoa— Arana 1 izendatzeak, lehen errebaleko luzapena baitzen. Saturrek gogoan du errebalak bizia zueneko garaia: “Kalerik ederrena zen, pasabide dena hemendik zegoelako, eta kalean ere jende mordoa ibiltzen zelako. Emakume asko egoten zen alpargata josten etxe atarietan-eta, norbere etxean bakarrik baino hobeto elkartuta... Errebaletik pasatzeko lotsatan bat baino gehiago izaten zen emakume haiengatik”. Kalean alpargata jostearena, etxe berriak egin zirenean —Zentenarioko etxeak eta aurrekoak— eta ibilgailuen mugimentuarekin amaitu zen. Orain, berriz, “inor ez da pasatzen, eta autoak aparkatuta baino ez dira egoten”; kexu da Satur.

Satur barberoaz gain, beste lanbideetan aritzen zirenak ere baziren: “Pikuaneko taberna, Eguzkitzaneko denda, Arronanekoa, Andresen Artetxe azpiko alkilerra, Juaniton harategia —aurretik Etxa-hunenekoek almazena izan zuten han—, Zabalanekoen denda, Aitzakinekoa... Orain Zokoa den horretan bodegoi bat zen, eta alboan burdingintzan jarduten zuen tailerra zegoen, Uzineneko azpian arotzen tailer txiki bat ere bazen”. Kale horretan bukatzen zen Azpeitia, eta handik aurrera dena soroa zen. “Kale atzean, ibai aldera eta Arrona atzean baratzak zeuden, eta beste dena soroa zen, Urbanonak eta Gaztenekoenak eta.”

Barberiako kontuak gogoan ditu. “Txandarik-eta ez zen izaten orduan, azkena nor zen galdetu eta txandaren zain egoten zen. Jendea biltzean, Beneren Almacen de Vinos-era joan eta porroia beteta ekartzen genuen”. Orraz-kera aldetik ere ez zen oraingorik. “Orrazkera bera egiten nuen beti: makinak harrapatu ahala moztu. Patilak luzeago eta motzago mozten nituen”. Orduko astelehen arratsaldeak ere gogoan ditu Saturrek. “Errebalean, poltsikoan bi pezeta zituenak jai egiten zuen. Egun bateko sagardorako lain bazen hori, 10 xemeko kostatzen zen sagardo basoa eta”.

Lehengo lan kontuak (2002ko uztaila, 31. zenbakia)

Baserrian edo tailerrean ere lan egin behar eta lan baldintza hobeak aldarrikatuz grebak ere egiten ziren garai batean

B aserrian lana egiteaz gainera, tailerrean ere egiten zuten lana gure aiton-amonek. Hala kontatzen du Lorenzo Aranburuk. “Nik Amuko batxilerra 17 urterekin utzi nuen. Lehenengo Marcial Ucinen hasi nintzen lanean, soldeaketan”. Garai hartan, Marcial Ucin ez zen gaur egun bezain enpresa handia eta gogoan du nola nagusiarekin Bilbora joaten zen lanerako materialaren bila. “Martxialekin hiru bat aldiz joan nintzen burdinezko xaflak hautatzera. Materiala Azpeitira ekartzen genuen, hemen soldeatu eta konponketak egindakoan bertan saltzen zen”.

Hango lana utzi eta berriz ere baserrian ekin zion lanari. “Beranduago Belokinean hasi nintzen lanean”. Hango zerra makina desberdinak ere gogoan ditu, eta herriko enpresa txikietako langile asko bertara joaten ziren lanera. “Azpeitiko kalean enpresa txiki asko zegoen, bi eta hiru langilekoak, eta askotan etortzen ziren Belokinera zerratzera”. Askotan makinan lanean jarduteko txanda hartu behar izaten zutela dio Lorenzok.

Karlistaren txapela. Karlista bati txapel gorria apurtu zionekoa ere gogoan du. “Goizeko bostetan sartu nintzen lanera. Lagun baten eta bion artean sagardo botila bat edatea nahi genuen. Garai hartan, enpresetan pintxea egoten zen horrelako lanak egiten zituena, eta Enparan kaleko bati esan nion sagardo botila bat ekartzeko. Ezetz esan zidan. Nire aldamenetik pasatu zenean harrapatu nuen, txapel gorria kendu eta zerratik pasatu nion”. Orduan karlista baten txapela puskatzea kalte larria zen, jendea kartzelara joaten zen txapela lurrera botatzeagatik soilik”. Baina Lorenzo libratu egin zen, adin txikikoa zelako artean.

Belokineko enpresa itxi zenean berriro baserrira itzuli zen. “Belokinekoak behin baino gehiagotan itxi zuen enpresa. Soldadutzatik itzuli nintzenenan berriro ateak irekita zituen”.

Orduan ere egiten ziren joan den ekainaren 19ko grebaren antzekoak. “Orain bezalaxe lan baldintzak hobetzeko eskatuz izaten ziren”. Tailerretan berehala jakiten zen enpresaren bat greba egitekoa zela. “Tailerreko norbaitek zabaltzen zuen enpresaren batek irten egin zuela greba egitera eta orduan besteok ere irten egiten genuen. Baina behin baino gehiagotan gertatu zen langileren bat kalean enkarguren bat egiten egotea eta greban zeudela pentsatzea”. Greba asko egin ziren Francoren diktaturaren amaiera aldera. “Azkenerako, lanera joan eta ez genuen laneko arropa zaharrik ere janzten; joan eta berriro bueltatzeko ez zuen merezi. Orduan greba bolada izugarria izan zen. Harrezkero, jendeak kontu handiagoa izaten du grebak egiterakoan”.

‘Tortoloxak’, ‘txorrotean’... (2002ko abuztua, 32. zenbakia)

Aiton-amonek ez zuten gaur egungo tramankulu modernorik jolasteko; askoz jolas sinpleagoekin dibertitzen ziren

Gaur egungo umeek ez dakite jolasten Play Station-ik edo teknologia modernorik ez duen jostailurik gabe. XXI. mendeko kontuak dira. Gure aiton-amonak, gaur egun beldurtu egiten dira horrelako tramankuluak ikusita, eta harrituta gelditzen dira haurrek hauekin jolasteko duten trebetasuna ikusita. Gure aiton-amonek bestelako jolasak erabiltzen zituzten ondo pasatzeko. Hala dio, behintzat, Maria Beristainek, nahiz eta denbora askorik ez zuen izan jolaserako: “11 urterekin hasi nintzen lanean, ume zain, eta ez nuen denbora asko izan jolasteko”. Izan ere, garai hartan goiz hasten ziren lanean, eta ez zuten haurtzaroa gaur egun bezala bizi.

Mariak Odria auzoan egin zituen ikasketak, 11 urte arte. Jaunartzea egin orduko lanean hasi zen. “Orduan, jaunartzea egiten zenean eskola ere utzi egiten zen, eta lanean hasi behar izaten genuen. Gu 11 senide gara, eta ni naiz zaharrena. Anaiak ere norbaitek zaindu behar izaten zituen, eta niri egokitu zitzaidan lan hori; beraz, jolaserako denbora gutxi izan nuen”.

Gaur egun umeak eskolara joaten dira, baita auzoetatik ere. Baina Mariaren garaian auzoetan egoten ziren irakasleak. “Hiru hilabetetik behin baserri desberdin batean izaten genituen eskolak. Orduan hala izaten zen”. Baina eskolan egoten zen garaian lagunekin ibiltzen zen jolasean, haur guztiak bezalaxe. “Gu harrapaketan eta ezkutaketan ibiltzen ginen”. Gaur egun, haur asko aspertu egingo dira horrelako jolasekin, baina gure aiton-amonek oso ondo pasatzen zuten horrelako jolasetan.

Harrapaketan eta ezkutaketan ibiltzeaz gainera, itxuka ere ibiltzen ziren, baita txorrotean ere. Txorrotean, puxtarriak edo kanikak lurreko zulo batean sartu behar izaten zituzten; kanika gehien sartzen zituenak irabazi egiten zuen.

Beste jolas batzuetan ere jolasten zuten gure aiton-amonek, eta baita hauen aurrekoek ere. Jolas horietako bat tortoloxetan izenekoa zen. “Nik ez dakit jolas honetan nola jolasten zen, baina nire amak bazekien". Guk tortoloxak bezala ezagutzen dugun jolas hori, beste toki batzuetan sakaponak bezala ezagutzen da. Jolas honetan jolasteko, arkume hezurrak behar dira. Gehienetan hezurrak kolore desberdinetan margotzen zituzten. Tortoloxek lau alde izaten zituzten: asake, apone, akullo eta akarne izenekoak. Pilota bat gora jaurtitzen zen, eta hori airean zegoen bitartean tortoloxari buelta eman behar izaten zitzaion, eta gora begira gelditzen zen aldearen izena esan behar zen. Jolas guztietan bezala, arau horiek betezen zituenak irabazten zuen. Noski, zenbat eta gehiago jokatu, orduan eta trebeagoak izaten ziren.

Nola joan herritik kanpora? (2002ko urria, 33. zenbakia)

Egun, Azpeititik kanpora joateko ez da arazorik izaten, baina gure aiton-amonen garaian bestelakoak ziren kontuak

Gaur egun ez dugu arazo handirik izaten herritik irtetzeko. Garraio publikoan edo norbanakoaren autoarekin edozein bazterretara iristeko gai baikara. Baina lehen gauzak beste modu batera izaten ziren. Joxe Mari Zubizarretak kontatzen duenez, lehen trena erabiltzen zuten inguruko herrietara joateko. “Zumaiara eta Zestoara joateko Urola trena hartzen genuen, han izaten ziren dantzaldietara joateko eta. Beldurrez joaten ginen, trena izugarri mugitzen baitzen. Askotan trenbidetik irten egin behar zuela zirudien”.

Gerturagoko tokietara joateko, oinez edo bizikletan mugitzen ziren. “Urrestillara eta inguruko tokietara bizikletan joaten ginen. Eta bizikletarik ez bazegoen, oinez joan behar izaten genuen”. Joxe Marik gogoan du abarketen zola ez gastatzeko zer egiten zuten. “Asko ibiltzen ginen, eta abarketen zola berehala gastatzen ziren. Horiek ez gastatzeko errepideetako galipota erabili ohi genuen. Bero handia egiten zuenean galipota bigundu egiten zen, eta bertan igurtzitzen genituan oinak. Ondoren, errepide bazterrean egoten ziren harri txintxorrak zapaltzen genituen, eta abarketentzat zola berri eta iraunkorragoa izaten genuen. Hala, gehiago irauten zuten alpargatak”.

Gaur egun, autobusa da Azpetiko garraio publiko bakarra, baina gure aiton-amonek ez zuten gehiegi erabiltzen. Izan ere, gaur egun dauden errepideak ez zuten ordungoen tankerarik. “Orduan bidezidorrak izaten ziren, eta bertatik ibiltzen ziren Goiko Errotako autobusak”. Joxe Marik gogoan du Azkarate gaineko futbol partidetara nola joaten ziren autobusez. “Orduan autobusak bi solairukoak ziren, eta futbol partidatik bueltan askotan gazteak autobusetik salto egin eta autobusaren aldamenetik lasterka joaten ziren. Askotan, gainera, autobusa pasatu egiten genuen eta autobus gidaria haserretu egiten zitzaigun”.

Garraioak ordaintzeko dirurik ez bazuten, etxean gelditu behar izaten zuten. “Diru gutxi izaten genuen eta askotan etxean gelditzen ginen”. Etxeetan, kaletik ekarritako txanpon txikiak kikaran uzteko ohitura zegoen. “Kikara etxe guztietan egoten zen, baina bertatik eta txanpon bakarra hartuz gero, ama berehala ohartzen zen, eta berriro kikaran utzi behar izaten genuen hartutako txanpona”. Baina garraioak baino behar handiagoak bazeudela gogoratzen du Joxe Marik: “Normalean, dirua janaria erosteko erabiltzen genuen, orduan beti goseak egoten ginen eta”. Janaria erositakoan dirurik gelditzen bazitzaien, orduan bapo ziren, trena edo bizikleta hartu eta inguruko herriren bateko dantzaldietara joateko.

Uniformedun eskolak (2002ko azaroa, 34. zenbakia)

Asko aldatu dira garai bateko eta oraingo eskolak. Lehen, eskola bakoitzak bere uniformea zuen, derrigorrezkoa zena

G aur egun, herrian eskola desberdin asko aurki daitezke. Orain urte batzuk ere bazeuden eskola desberdinak. Begoña Erraztik kontatzen duenez, “eskola horietako bat Jesus Mariak ziren. Eskola horretan oso jende aberatsa ibiltzen zen; Espainiako aristokraziakoak etortzen ziren. Han hamazazpi urte arte egoten ziren ikasten”. Jesus Mariako eskolaz gain, “Jesuitinetakoak, Esklabatakoak eta gu, Milagrosa ikastetxekoak geunden”.

Orain egunero joaten dira eskolara; asteburua jai izaten dute. Baina orain urte batzuetako kontuak ez ziren horrela izaten. “Orduan, toki guztietan ostegun arratsaldea jai izaten zen. Baina larunbatean eskolara joan beharra izaten genuen. Igandea heltzen zenean, berriz, ohitura zegoen meza nagusira joateko”. Meza osoa latinez ematen zuten eta ordu eta erdi irauten omen zuen. “Elizara atzeko atetik sartu eta elizaren ezkerraldean Milagrosakoak egoten ginen; eskubialdean, aldiz, Jesuitinetakoak”. Esklabatakoak Korputzetako prozesioan-eta joaten omen ziren, bestela ez. Eta joaten baziren, Milagrosakoen ondoren egoten ziren, gutxi baitziren. “Elizatik atera eta eguraldi ona egiten bazuen, ordubiak aldera binaka-binaka jarri, ogia eta txokolatea hartu eta Loiolara joaten ginen, bai gu eta baita Jesuitinetakoak ere”, dio Begoñak. Loiolara iristen zirenean, hango zelaietan ere bakoitzak bere lekua izaten zuen. “Hara iristean, zelaiaren ez-kerraldean gu, Milagrosakoak esertzen ginen, eta eskubiko aldean Jesuitinetakoak egoten ziren”.

Nahiz eta gaur egun ia uniformerik ez den erabiltzen, orduan eskola guztiek zuten berea. “Nire garaian, es-kola guztietan zegoen uniformea. Gure kasuan, Milagrosan, astegunetako uniforme bat genuen. Gaineko txuria marra urdin ilunekin izaten zen. Gero, txapela ematen genuen, txapela beltza”. Jai egunak iristen zirenean, aldiz, aldatu egiten zen uniformea. “Aste Santuko prozesioetan, Korputzetarako eta jai egunetan meza nagusira joateko, jantzi beltza janzten genuen. Gaineko beltz bat lepoko zuriarekin eta gero, belo zuri bat ematen zen. Oinetako beltzak eta galtzerdiak ere beltzak, lodi-lodiak”, dio Begoña Erraztik.

Eskolako materialari buruz, Begoñaren esanetan, “gaurko gazteak baino zorte handiagoa izan genuen alde horretatik, horrenbeste liburu eta traste ez baikenuen eman beharrik izaten. Gure garaian liburu bakarra erabiltzen genuen, *Enciclopedía* izeneko liburua hain zuzen, eta han eskolan ematen genituen ikasgai guztiak zeuden: historia, geografia, gramatika eta aritmetika”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak