2008
Imanol Elias
Euskera udaletxean (2) (2008ko urtarrila, 91. zenbakia)
Azpeitiar agintariek euskararen inguruan hartutako beste zenbait erabaki aipatuko ditut jarraian.
Gipuzkoako Foru Aldundiak bidalitako ofizioa eta zenbait ordena erreal irakurri behar zituzten 1809ko otsailaren 2ko udalbatzarrean. Irakurritakoa herritarrei ulergarriago egiteko, Joxe Inazio Altuna alkateak xehetasunak euskaraz ematea erabaki zuen.
Eskualdeko Sendagileen Elkartearen eskaerari erantzunez, Azpeitiko Udalak 1904an erabaki zuen botere publikeoi eskatzea Gipuzkoako sendagile
titulatuek euskaraz egoki jakitea derrigortzea. Bestalde, Elizondoko Manuel Irigoienek proposatu zion Udalari —1907an— Resurreccion Maria Azkueren Diccionario Magno Vasco-Español-Frances bilduma erostea. Udalak ale bat erosi zuen.
Modesto Goenaga zinegotziak proposatu zuen 1920an, herriko eraikin publikoetan, eskoletan, ganadu hiltegietan... euskaraz idatzitako kartelak jartzea. Aho batez onartu zuten proposamena.
Sabino Aranak sortutako letra zeraman Loiolako Inazio deunaren abestia kantatzea debekatu zuten apaizek 1933ko festetan. Inozentxio Larrañagak
—EAJren orduko presidentea herrian— batzorde bat osatzeko eskatu zion Udalari. Horrela, euskarari egindako zapalketa azalduko zuten elizaren aurrean. Agintariek aho batez onartu zuten han parte hartzea.
Azpeitiko agintariek telegrama bat bidali zioten Espainiako Ministroen Kontseiluko presidenteari 1936an. Mezuaren bitartez eskatu zioten ahal zen azkarren ezartzeko elebitasuna auzoetako eskoletan, probintziko herri eskoletan eta Euskal Herriko eskola ‘nazionaletan’. Urte horretan bertan erabaki zuten euskaraz idatzitako txapa zeraman txapela jartzea udaltzainei, kale garbitzaileei eta iturginei.
Ohitura zaharra arriskuan? (2008ko otsaila, 92. zenbakia)
Ez dakigu, nonbait, bide zuzenari jarraitzen eta guztia izan nahi dugu legepean. Iritsi zaizkigun azken albisteek diotenez, badirudi Eusko Jaurlaritzak euskaldunon ohitura zahar bat arautzeko asmoa duela: sokamuturra. Urteetako jolas bat lege baten bidez mugatu nahirik... Baina sokamuturra berdina al da toki guztietan? Lege batek zapaldu behar al du ospakizun alai bat adierazten duen ohitura?
Azpeitia izan daiteke sokamuturra kaleratzen den herrien artean aldaketarik handienak ezagutu ditzakeena, legea indarrean jartzen bada. Era berean, azpimarragarria da ia bostehun urteko ohitura etengo litzatekeela. Gure artean sokamuturrak egiten duen ibilbidea galduko litzateke, sokamutilak alferrikakoak lirateke, ikuskizuna erabat galduko litzateke, itxurazko zezenen ordez txahalak ibiliko lirateke kalean...
Herri bakoitzak bere nortasuna erantsi dio sokamuturrari. Azpeitian antolatzen denak ere oinarri bereziak ditu bere horretan jarraitzeko. Arrazoiak? Era guztietako gertakariak ospatzeko zezenak antolatu izan direla betitik herrian. 1567az geroztik ospatu izan da sokamuturra Azpeitian. Garai hartan, herriko harakinak sokarekin lotuta eramaten zituen idi eta bigantxak hiltegira. Hori egin aurretik, kaleetan ibiltzen zituen animaliok, herritarrek jolas egin zezaten.
Sokamuturra bi aldiz debekatu izan dute historian zehar: 1902an, Donostiako Udalak arriskutsua zelako debekatu zuen, eta 1971n, zinegotzi baten jokaera tarteko ez zen sokamuturrik izan Azpeitian.
Legeak beharrezkoak izango dira seguruenik gure jokabidea zuzentzeko, baina ohitura zaharreko jolasa erabat murrizteak ez dut uste gehiegi lagunduko digunik. Izan ere, ez da egokia lege bidez guztiok kaiola baten sartuta bezala edukitzea.
Izurritearen ondoren (2008ko martxoa, 93. zenbakia)
Kolera izurriteak herritar askori eragin zion 1855eko irailean. Lehen hamabost egunetan, 206 pertsona zeuden gaitzak jota eta 70 bizilagun hil ziren. Herriko zirujau eta sendagileak gertatutakoari aurre ezin eginda zebiltzan; Joxe Inazio Iturbide
zirujaua horien artean. Iturbidek agintariei dimisioa aurkeztea erabaki zuen irailaren 15ean.
Heriotzak gehitzen joan ziren, zoritxarrez. Hamasei gorpu hilobiratu beharreko egunak ere izan ziren —irailak 16 eta 19—. Hortik aurrera, izurritea indarra galtzen joan zen urriaren amaierara arte. Dena dela, guztira 272 biztanle hil ziren: 95 gizonezko, 121 emakumezko, 19 mutiko eta 37 neskatila. Hildako horien artean zegoen une hartako alkate Domingo Mari Etxabe jauna. Gauzak horrela, Udala osatu beharrean aurkitu zen Eustasio Amilibia gobernadorea, eta Aszensio Inazio Altuna izendatu zuen alkate denboraldi baterako. Iturbide zirujauak, ordea, dimisioa aurkeztu bazuen ere, lanean jarraitu zuen. Alkateak, ohiko soldataz gain, ehun dukateko oparia eman zion egindako lana eskertzeko. Egun batzuetara izandako udalbatzarrean Iturbidek argi utzi zuen dimisioa eman zuela; soldata eta oparia itzuli zituen.
Agintariek oso gaizki hartu zuten zirujauaren erantzuna, eta dimisioa berehala ontzat hartzea erabaki zuten. Era berean, buletin ofizialean eman zuten mediku berria kontratatzeko beharraren berri. Berriro bidali zioten soldata, baina ehun dukateko oparirik gabe. Gainera, Udaleko bi agintari hil zirelako, beste bat gaixo zegoelako eta laugarren bat alargun gelditu zelako, Iturbideri adierazi zioten ezinezkoa zela dimisioa onartuko zuen udalbatzarra deitzea. Azaroaren 8ko udalbatzarrean ontzat hartu zuten ia bi hilabete aurrez aurkeztutako dimisioa.
Eskertuz, orain ehun urte (2008 apirila, 94. zenbakia)
Agustin Kardaberaz 1703an jaio zen, Hernanin. Donostiako jesulagunen ikastetxean egin
zituen lehen ikasketak eta, ondoren, Filosofia eta Zuzenbidea ikasi zituen Iruñean eta Valladoliden. Jesusen Lagundian sartu zen 1721ean eta Teologia ikasketak burutu zituen han. Hogeita sei urterekin apaiz egin zen eta gramatika erakusten aritu zen hiru urtez Bilbon. Sermolari gisa eman zen ezagutzera, eta sarritan eliz atarian eskaintzen zituen hitzaldiak —hura entzutera joandako jendetza zela-eta—.
Urte bakarren bat egin zuen Oñatiko unibertsitatean, Teologia Morala katedra zuzenduz, eta 1736an Loiolara etorri zen. Loiolan zegoela, euskaraz idatzitako bilduma bat argitaratu zuen. Guztira, hogeita hamar urte egin zituen herrian, benetan maite zuen hizkuntza bultzatuz eta indartuz. Jesulagunen aurkako egozketa legea indarrean sartu zenean —1767an—, Loiolatik alde egin eta Italiara joan zen bizitzera. Han zegoela hil zen,1770ean.
Apirilaren 27an ehun urte beteko dira Kardaberaz jaunaren hezurrak Loiolara ekarriko zituztela adierazi zionetik orduko Loiolako erretoreak —Zesareo de Ibero jaunak— Azpeitiko Udalari. Elizkizunak antolatu zituzten maiatzaren 2rako eta hurrengo iganderako. Era berean, Azpeitiko herria ospakizunean parte hartzera gonbidatu zuten.
Kontuan izanda hogeita hamar urtean zehar herritar asko eta asko ezagutu zituen sermolari eta idazle handiak merezimendu osoak zituela esker ona agertzeko, Azpeitiko udalabatzak aho batez erabaki zuen —apirilaren 21ean— bi egun horietan Loiolako elizkizunetan korporazio osoak parte hartzea.
Kardaberaz jaunak eginiko lan bikaina eskertzeko garaia zen...
Xoxoteko azken urretxindorra (2008ko maiatza, 95. zenbakia)
Izarraitz, maiatza, Lagun Onak Mendi Bazkuna, Xoxoteko eguna... Egia izango da seguruenik, gure gazte denboran baino jendetza gutxiago biltzen dela maiatzaren azkeneko igandean Xoxoten. Larunbatak utzi ohi duten ajearekin igandean Izarraitz aldera begiratzeak ere zenbait gazteri nolabaiteko atzerakada sortzen die. Inoiz atzerakadarik eman ez diona Jose Inazio Elias da, dudarik gabe. Aspalditxo hartu zuen ohitura Xoxoteko egunean hara joateko.
Txistua jotzen ikasi zuenetik, bere maisu Andoni Albizuri Katxo-rekin batera, edozein une ona izaten zuen nonahi euskal musika eta alaitasuna zabaltzeko. Tomas Gereta eta Krux Mari Frantzesena Belaetxe txistulariak ere horrelakoxeak ziren.
Jose Inazio Eliasek hutsune handiak bete ditu Xoxoteko egunaren inguruan. Urteetan, Belaetxe eta Legaxpi lagunekin, maiatzaren azken igande goizez, goiz eresia eskaini izan dute hirurek bat eginik Azpeitiko kaleetan eta, gero, Xoxote inguruan berriro, garai batean bezala. Urteak igarotzean, ordea, sekula eskertu ez zaion lanaren ordainik jaso gabe galdu du bere lagun Belaetxe, eta osasunak gehiegi laguntzen ez diola da Legaxpi... Bakarrik gelditu da, bizitzako zati handi bat txistuari eskainirik. Badirudi Xoxoteko azken urretxindorra dela...
Pozgarri egiten zaidak, anaia Joxe, hiri eskaintzea nire lantxo hau. Merezimendu handiagoak dituk, dudarik gabe, eta eskerrak ematea nahi izan diat bihotzez. Ziur nauk Xoxoteko gainean hi ikusteko aukera izango dutela nonbaitetik gure aita Pako Barbero-k eta lagun Katxok, eta irribarreak gozatuko dituela haien aurpegiak.
Langabeziari aurre egin nahirik (2008ko ekaina, 96. zenbakia)
Badirudi azkenaldian ere ez dela txikia, baina 1767an Jesusen Lagundiaren egozketaren ondoren sekulako langabezia ezagutu zen Azpeitian, kontuan izanik Loiolako obrak bat-batean gelditu zirela eta langile gehienek ogibidea galdu zutela. Obrak Xabier Inazio Etxeberriak zuzentzen zituen eta haren ofizialak adierazi zuen, maiatzaren 3an eginiko udalbatzarrean, zer-nolako miserian gelditzen ziren sendiak, inongo diru sarrerarik gabe, eta herriak hartu zuen bere gain gestioak egiteko ardura, gertatzen zena baretzeko bide egokia aurkitu nahirik.
Apartekoa izan zen herriko agintarien jokaera. Ondorengo urteetan lanbide bat eskaintzen ahalegindu ziren, batez ere Loiolako obrarako bilduriko materiala aprobetxatuz eta gehiago inguratuz. Horrela ekin zioten Soreasuko Sebastian donearen parrokiako aurreko aldeari. Ventura Rodriguez maisuaren trazari jarraituz, plateresko erakoa lurreratu eta neoklasikoa altxatu zuten. Eginikoa denen gogokoa izan ez bazen ere, miserian aurkitu ziren sendiei laguntza bat zabaltzeko izan zen.
Frantzisko Ibero maisuak proposamen bat aurkeztu zien herriko agintariei 1788an: harrobietan harria nola atera eta landu zitekeen jakiteko proba egitea. Peoi batzuk kontratatu zituzten, eta herriak ontzat eman zuen. Eskuetan ditugun datuek adierazten dutenez, badirudi 1794an egin zirela langintza horrek sortutako gastuen azken ordainketak.
Langabezian ziren, bai... Baina harrobi batean egunean hamabi orduz aritzea ez da txantxetakoa, eta, gainera, gaur egungo aurrerapenik gabe. Lehen unean lanean hasi ziren haietatik, zenbatek ikusi ote zuten langintza erabat amaiturik?
Makila ala zumitza? (2008ko uztaila, 97. zenbakia)
Euskal makilari buruz era guztietakoak agertu dira urteetan zehar eta horien artean Aita Larramendi eta Iztuetarenak. Badirudi garai batean norbere burua defendatzeko arma bat zela eta, bestalde, nagusitasun edo ohore bat eransten ziola bere jabeari. Gaur egun, aipaturiko azken bi hauen ezaugarri bihurtu dela esan behar batez ere.
Azpeitian, Sebastian donearen egunez eta batez ere herri jaietan agertu ohi da alkatea eskuetan zumitz biribildu bat duela, bere nagusitasunaren ezaugarri. Baina, zergatik ez makila? Badira esaten dutenak, makilak ez bezala zumitzak, justiziaren malgutasuna adierazten duela, eta horrela dirudi bata eta bestea konparatuz. Baina gehiegi konbentzitu gabe geratzen gara, inguruan gertatzen denaz jabeturik, seguruenik legeek ere akats handiak dituztelako.
Baina, noiztik du azpeitiar alkateak ikur hori? Erantzun ezinezko galdera sortzen zaigu oraingoz behintzat. Orain dela 115 urte gertatua izan daiteke ezaugarri, atzoko ohitura ez dela behintzat jakiteko. 1893an, eskualdeko epaileak borladun makila bat eskatu zion Azpeitiko herriari, bere karguari tokatzen zitzaion ezaugarria, 1858an emandako agindua betetzeko. Alkateak adierazi zuen ezinezkoa zela epaileari makila ematea, berak zuen ezaugarri berdina behar zuelako gehienez ere, legeak horrela aginduta. Aho batez hartu zen ontzat udalbatzarrean alkatearen proposamena. Borladun makila gabe geldituko zen bada herriratu berri zen epailea, ezaugarritzat zumitz biribildua erabiliz, alkateak bezala, ametsa zapuztuta.
Gertakizunak ez ote du agertzen makila izateak nagusitan handiagoa adierazten duela? Beste galdera bat erantzun ezinezkoa… Hau da eguna, hau!.
Aldaketa batzuk gogoratuz ( 2008ko abuztua, 98. zenbakia )
Saninaziyuek… Herri jaietan gara. Gozatzeko egunak, urte luzea igaro ondoren.
Azken urteetan batez ere, aldaketa handiak ezagutzen ari gara jaietako egitarauan. Oraindik urte gutxi, bi eratako jaiek osatzen zuten, ekintza ofizialak alde batetik eta gainontzekoan sortzen zirenak bestetik, batez ere gazteen aldetik antolaturik.
Noizbait beharrezkoa egiten da, ordea, muga apurtzea, guztiak ofizialtasun baten barne bilduz, eta azken batean bide horretan garela igartzen da. Ofizialtasuna zuten ekintzek ere, aldaketa nabarmenak ezagutu dituzte. Batzuk gainera betirako galdu dira seguruenik. Besteak beste, gogoratzen ditut azpeitiar agintariek soinean izan ohi zituzten janzkiak, aintzinako ohitura bat adierazten zutenak zalantzarik gabe, galtza ilun eta arraiadunak eta jaka beltza. Seriotasuna agertzen zuten janzkiak soinean, 1973.urtean herritarrei kolore bera eskatzen zitzaien elizkizun handietan parte hartzeko.
Gaur ordea, agintari bakoitza nahi duen bezala agertzen zaigu. Ezaugarri berezia Iñaki Errazkin alkatea dugu, mehe eta luze, harrotasun gabeko janzkiak dituela soinean. Iaz lehen aldiz kaleratu zenean, ez ziren komentario gutxi sortu beraren inguruan. Iritzi ezberdinak eta guztiak errespetagarriak. Gure aldetik eta alkatea izanik gainera, errespetatzen dugu behintzat bere erabakia.
Kaleratzeko eran aurkitu ez zena, 1775ean, Frantzisko Jauregi, herriko udaltzaina, hamalau urte aurrez eginiko jantzia baitzuen. Aste Santu atarian erabaki zuten agintariek Diego Foronda jostunari udaltzainarentzat beste janzki berri bat egiteko agintzea.
Alaitasunean bizitzeko, janzkiak dira gutxienekoak eta guztiok ongi igaro Saninaziyuek!
|