2007
Imanol Elias
Sendagile langilea (2007ko urtarrila, 80. zenbakia)
Batez ere, 1855eko abuztuaren 3tik urriaren 28ra bitartean Azpeitian ezagutu zen ‘kolera morbo’ deituriko izurriteak sekulako beldurra, egoera aldaketa eta heriotzak sortu zituen biztanleen artean. Hona hemen datuak: 1.739 gaitzak hartuak, horietatik 747 larri eta 992 arinago. Azkenean, 272 hildako izan ziren.
Gogoan edukitzekoa da izan zirela egunak 16 hildako izan zirenak (irailaren 16 eta 19a); 11 hildakoak (irailaren 27a), eta baita bederatzi eta zortzikoak ere (irailaren 23, 10, 18 eta 24a).
Herriko sendagile Justo Mari Zabala ere gaitzak jo zuen eta haren ordez gobernadoreak Fernando Gimeno bidali zuen irailaren 9an, baina azaroaren 4an Asteasura joan zen, han ere sendagilearen beharra baitzuten. Arriskutik arriskura zebilen agindutakoari erantzunez, eta bera ere gaitzak jota hil zen.
Ondorengo urtean Josefa Recio, Gimenoren alargunak eskaera bat egin zion erreginari: laguntza eskatu zion senarrak eginiko lanaren ordainetan. Gipuzkoako gobernadoreak guztiaren berri jakin nahi izan zuen eta txosten bat osatu zen alargunari ongi oinarritutako erantzuna emateko. Gobernadoreak Azpeitiari Gimeno jaunak egin zuen langintzaren berri adierazteko eskatu zion. Agintariek gaiari buruz erantzun zion: oroitzapen ona utzi zuela biztanleen artean, gaixoei laguntza azkarra eta zuzena eskaintzen ziela, egunez eta gauez, edozein ordutan, kaleko biztanleei bezala baserriko urrutienekoei, aberatsei bezala behartsuei, eta kontutan izan gabe inoiz beraren nekea eta langintzak zuen osasun arriskua.
Ez gara Gimeno doktorea nongoa zen eta non ikasi zuen aztertzen hasi; ez da beharrezkoa gizon jokatu zuela adierazteko.
Euskara aginduetan (2007ko otsaila, 81. zenbakia)
Antzinatik egiten zitzaion derrigorrezkoa herriari agintarien aldetik hartzen ziren erabakien berri herritarren artean zabaltzea eta, horretarako, XIX. mendera bitartean behintzat, elizaren laguntzaz baliatu ziren. Alde batetik, agintari berriak izendatu ondoren, lehen batzarretan hartzen zituzten erabaki eta aginduak ematen ziren ezagutzera erretorearen bidez pulpitutik meza garaian. Berdin jokatzen zuten urtean zehar hartzen zituzten deialdi eta aginduak zabaltzeko unean ere.
Aparteko beste datu interesgarri bat aipatu behar da, ordea, gaiari buruz. Ohikoa zen agintarien aldetik, ofizialki behintzat, erabaki eta agindu horiek gazteleraz idatzita jasotzea, nahiz eta seguruenik behin baino gehiagotan erabili euskara beraien artean erabakiak hartzeko. Erretorearen aldetik, ordea, euskaraz zabaltzen ziren pulpitutik erabaki eta agindu horiek. Esandakoaren ezaugarri da, 1756. urteko urtarrilaren 25ean jazotakoa: erretoreak neurriak hartzea erabaki zuen bere jokaera aldatu zuelako; hau da, pulpitutik erabakien eta aginduen berri herritarren artean zabaltzeari uztea erabaki zuen.
Jokaera ulergaitza zen herriko agintarientzat, bat-batean mozten zuelako betidaniko ohitura. Horrela gauzak, agintariek Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jartzea erabaki zuten, derrigorrezkoa ikusten zutelako herritarrei aginduak elizaren bidez zabaltzea, guztiek ulertuko zuten hizkuntza erabilita.
Idatzi baten bidez eman zioten gertatzen zenaren berri Aldundiari. Era berean, Iruñeko Apezpikuari erregutu zioten zuzentzeko eskaera. Apezpikuaren erantzunak ez zituen azpeitiar agintarien nahiak bete, eliza ekintza horietarako ez zela erantzun
baitzuen.
Jesuitak noraezean (2007ko martxoa, 82. zenbakia)
Hirurogeita hamabost urte bete dira II. Errepublikako gobernuak, 1932ko urtarrilaren 23an emandako dekretu bidez, estatuez gaindiko obedentzia eta agintaritza berezia zuten ordena erlijiosoak disolbatzea erabaki zuenetik.
Historiak jasotakoaren arabera, Errepublika proklamatu eta berehala sortu ziren istiluak, sua eman baitzioten zenbait eliza eta komenturi. Kasu horien artean aipatu behar da suak suntsitutako jesuiten Madrilgo etxea. Bertan, zenbait santuren irudiak eta 100.000 liburu zituen liburutegia ezerezean geratu ziren. Gertatzen zenaren aurrean, nobizioak eta
jesuita ikasleek ihes egiten zuten. Baina zer gertatzen zen bitartean Azpeitian? Nolatan hartu zuten egoera berria herritarrek?
Dekretuaren berri eman eta bi egunera aztertu zuten gaia, 1932ko urtarrilaren 25eko udalbatzarrean, hain zuzen. Aurreko egunean sekulako manifestazioa izan zen herrian; herritarren gehiengoak parte hartu zuen bertan.
Ondorioz, Udalak herritar guztien sentimendua eta mina aktan jasotzea erabaki zuen. Era berean, esker ona adierazi zien jesuitei hainbat alditan eskainitako laguntza izpiritual eta moralarengatik. Une hartan gertatzen ari zenaren aurrean protesta berezi eta indartsua adierazi nahi zutela gaineratu zuten. Izan ere, Jesusen Lagundiaren sortzailearen izpiritua erabat baztertua geratzen zela uste zuten; Azpeitiari ohorea eman zion pertsonaiarena, alegia.
Egun batzuk geroago agertu zen Kasto Orbegozo Azpeitiko alkatea Loiolan, Basilikako aldare nagusian zegoen zilarrezko Inazio donearen irudia herriratzeko asmoz. Ordena erreal baten arabera, herriak utzi zion irudia Jesusen Lagundiari.
Derrigortuta alkatetzan (2007ko apirila, 83. zenbakia)
Lehen berdin izango zen dudarik gabe eta orain ere pareko... Agintaritza eskuetan izatea berezko ametsa dugu gizakiok, guztiok balio ez badugu ere. Hala ere, askotan gizakiak izateari utzi eta pizti bihurtzen garela dirudi, elkarri mokoka...
Azpeitian, 1875eko urtearen lehen egunean izendatu zuten Atanasio Mari Larrar alkatetzarako, baina hark adierazi zuen ezin zuela alkate kargua bere gain hartu. Alkate berriak adierazi zuenez, hiru bat ordu laurdeneko bidea zuen herriaren erditik bere etxera eta, ondorioz, ezinezkoa egingo zitzaion garaiak
eskatzen zuen arreta jartzea egin beharreko lanean. Bestalde, 63 urte zituela-eta, bere kargurako beste norbait izendatzeko eskatu zuen.
Gainerako agintariek ez zituzten onartu adierazitako arrazoiak eta, azkenik, alkatetza bere gain hartuko zuela argitu zuen Larrar jaunak. Ezaugarri makila jaso ondoren, bere tenienteari eskaini zion herrian egoteko aukera izan bitartean. Ondoren, parrokiara pasatu ziren guztiak eta karguaren zina egin zuten. Ondorengo lehen udalbatza Lukax Etxeberria tenienteak zuzendu zuen, Larrar jauna ez baitzen agertu. Derrigorrean bizkarreratutako alkatetza zuen eta, itxura denez, guztia bertan behera uzteko gestioak egiten ari zen. Urtarrilaren 21eko udalbatzan eman zuten ezagutzera Larrar jaunak alkatetza uzteko lortutako baimenaren berri, eta hil bereko 24an egin zuten hautaketa berria.
Hautaketa egin ondoren, Benantxio Akutain aukeratu zuten alkate, ohikoa zen bezala zin eginik ondoren bere kargua ongi betetzen ahaleginduko zela. Larrar jauna, alkate derrigortua, aski zen azkenik... Derrigortu beharreko alkaterik izango al da berehala ospatuko diren hauteskundeetan?
Agintarien hautaketa (2007ko maiatza, 84. zenbakia)
Gauza gehienetan beharrezkoa izaten da aldaketak egitea, urteak igaro ahala gizarteak egiten dituen aldaketei erantzuteko. Horrela, ordura arte egokiak ziruditen hauteskundeetarako ordenantzetan aldaketa nabarmen batzuk egitea erabaki zuten azpeitiarrek 1735. urtean.
Haien arabera, urte bakoitzeko irailaren 29an izendatu behar ziren agintariak. Alkatea aukeratzeko unean, alkatetzarako hautagaia batzarrean ez izan arren, haren ordezkari bat batzarrean izatea nahikoa zen alkatea izendatzeko. Alkateak kargua utzi ondoren, ordea, ezin zuen ondorengo hiru urtean beste kargu bat izan herriko gobernuan. Era berean, ziren hutsune tarte horiek izendatu zituzten gainerako agintarientzat. Fiel kargua izandako pertsonak, esate baterako, bi urteko tartea izango zuen inolako kargurik gabe, eta tenienteek eta erregidoreek, berriz, urtebetekoa. Horrela gauzak, azpeitiarrek garbi zuten aukeraketa mugatuta zegoela. Ondorioz, neurriak hartu eta ordenantzak eguneratu beharrean aurkitu ziren. Hala egin zuten 1735eko urriaren 23an egindako batzar nagusian, aho batez.
Hurrengo urteko San Miguel egunean egin zuten aukeraketa batzarrean, une hartan batzarrean aurkitzen ez zen edonor aukeratu ahal izan zuten alkate, fiel, teniente edo erregidore karguetarako. Nahikoa izango zuten urtebeteko tartea beste edozein kargurako berriro aukeratuak izateko. Hori bai, hiru urteko tartea utzi beharko zuten aurrez izandako kargua eskuratzeko.
Batzarra amaitzean, eskaera erregeari zuzentzea erabaki zuten. Joakin de Altunak bidalitako gutunean eman zuen horren berri 1736ko martxoaren 2an egindako udalbatzarrean.
Auzoetako maisuak (2007ko ekaina, 85. zenbakia)
Askotan entzun dugu belar motzean ohitutakoak izan zirela gure aiton-amonak. Egia da gaurko hamar eurok baino gehiago balioko zuela garai batean pezeta bakar batek, baina hura irabazteko egin behar zuten lana ez zen izaten nolanahikoa.
Azpeitiko auzo askotan zabalduta zeuden eskoletako maisuak auzoko biztanleek aukeratu eta Udalak izendatzen zituen. Horrela, baserri batean edo bestean igarotzen zituzten denboraldi luzeak.
Eskolako maisu bat behar zuten, nonbait, Odria auzoan, eta herriko agintariei eskatu zieten ehun pezetako laguntza emateko Miguel Zendoia maisuari ordaindu ahal izateko. Hala, hark ondorengo konpromisoa hartu zuen: urteko lau hilabetean Odria baserrian lanean ariko zen, beste lau hilabetean Odriozolatxon eta gainerako beste lauretan Barrenola baserrian. Gau eskola, berriz, zabalik egongo zen azaroan eta abenduan Premietxeberrin, eta urtarrilean eta otsailean Barrenolan.
Ez dakigu ikasle bakoitzeko zenbat ordainduko zioten maisuari, baina ez zaigu iruditzen gehiegizkoa izango zenik. Proposatzen zuen langintza, ordea, ez zen makala. Askotan esker handirik jaso gabe gelditu eta auzotarren txantxak jaso behar izaten zituen.
Horrelako zerbait gertatu zitzaion maisu bati. Herrena zen eta hiru alabako sendiaren baserrian hartu zuen ostatu. Haren logela beheko solairuan zegoen eta mandioa zuen gainean. Hiru alaba gazteak hanka herrena ikusteko irrikatzen zeuden eta mandioko ohol zaharren arteko zirrikitutik begira aritu ziren. Azkenean, maisuak oinetakoa eta galtzerdia kendu zituen eta hanka txikia bistan geratu zen... Jakina, maisuaren hanka txikiari buruzko komentarioak eta algarak entzutekoak ziren auzokoen artean!
Bi irakasleren azkena (2007ko uztaila, 86. zenbakia)
Igandea zen, 1941eko otsailaren 17a. Oso eguraldi nahasia egiten zuen; haize bolada handiak eta ekaitza. Bilbotik abiatu eta gaueko bederatzietan Donostiara iritsi behar zuen trena ohi bezala gelditu zen Zumaiako geltokian. Hiru bat orduko atzerapenarekin iritsi zen, behin baino gehiagotan gelditu baitzen bidean elektrika indarrik gabe.
Geldialditxoa egin ondoren irten zuen Zumaiatik eta, berrehun metrora, Urola ibaiaren gainean dagoen Artadiko San Miguel zubi gainera iristean, eletrika indarrik gabe gelditu zen beste behin. Indarra, ordea, haizeak zuen nonbait, eta bagoiak irauli egin zuen trena bera; lehen hiru bagoiak ibaira erori ziren eta gainerakoak pendizean behera. Berehala zabaldu zuten gertatutakoaren berri Zumaian, baina gaueko ilunak ez zuen lagundu. Gertakaria ikusi zuten lekukoek ziotenez, asko ahalegindu ziren lanean zumaiarrak eta Ospitale Militarreko soldaduak.
Lehen unean, hemezortzi hildakoren gorpuak aurkitu zituzten, eta zauritutakoak, berriz, 50etik gora zenbatu zituzten. Hildako horien artean, Azpeitian lana egiten zuten bi oso emakume ezagun zeuden: Luzia Esnoz Agirrezabalaga (Urrestillako nesken andereño ‘nazionala’) eta Karmen Zurragondo Ruiz (Azpeitiko haurtzaro eskola ‘nazionaleko’ andereñoa). Biak donostiarrak ziren. Haiekin batera, beste azpeitiar bat ere hil zen: Martzelina Bereziartua Etxeberria.
Azpeitiko agintariek erabaki zuten udalbatzarrean herriaren sentimendu bereziaren berri aktan jaso eta otsailaren 23an Zumaian ospatuko zen hileta elizkizunera joateko batzordea osatzea.
Garai bateko zezenketak (2007ko abuztua, 87. zenbakia)
Basilio Fernandez jaunak herri jaietarako zezenketak antolatzeko proposamena ontzat eman zuen Udalak 1857ko uztailaren 19an. Egitasmoa burutzeko, 1.250 erreal eta Enparantza Nagusiko balkoi eta leihoak uzteko eskatu zuen. Arratsalde bakoitzean larrabehi bat ateratzeko eskatu zion Udalak Fernandezi. Gainera, musikari, suziri eta gaueko sutzarren gastuak ere berak ordaintzeko eskatu zioten, lau errealeko sarreraren truke.
Gastu guztiak bere gain hartzea ezinezkoa zela adierazi zuen Fernandez jaunak. Horretarako, plazako eta leihoetako sarreren prezioak handitzen uzteko eskatu zuen, 1849. urtean ezarritako tarifek aldaketarik ez zutelako izan.
Uztailaren 20ko udalbatzarrean eztabaida gogorrak izan ziren. Pedro Etxeberria erregidoreari prezioak zerbait altxatzea ondo iruditu zitzaion, hiru zezenketa eskaini eta Nafarroako zezenak ekartzen zituelako. Prezioaren laurden bat gehiago altxatzeko baimena ematea proposatu zuen Etxeberria jaunak eta sei agintarik harekin bat egin zuten. Bi bakarrik agertu ziren kontra; haietako bat Inazio Ibero alkatea zen. Hark, ordea, bozketa ezerezean utzi eta gobernadore zibilari kontsulta egitea erabaki zuen.
Azkenik, uztailaren 27an egindako udalbatzarrean, Udalak erabaki zuen prezio berezi bat jartzea balkoi eta leihoetako urte hartako sarrerei. Prezio berria zehazteko, kontuan hartu zituzten 1849. urtean ontzat hartutako tarifa eta Etxeberria jaunak egindako proposamena. Gainera, alkatea, haren tenientea eta zinegotzi bat izendatu zituzten erabaki hori hartzeko.
Itxura guztien arabera, ez dirudi gaizki irten zuenik Fernandez jaunak, ondorengo urtean ere prest agertu baitzen zezenketak antolatzeko...
Errepublikar mitina (2007ko urria, 88. zenbakia)
Dagoeneko 75 urte bete dira irailaren 4an Azpeitiko zezen-plazan izandako mitin errepublikarretik. Egun osoan zehar egon zen errepulbikar bandera udaletxeko balkoian zintzilik, baita probintziako beste zenbait zirkuluetakoa ere.
Gobernadorea, ordea, irailaren 5ean idatzitako gutunean, udaletxeko areto nagusian ikusitakoak eragindako haserreaz mintzatu zen eta neurriak hartuko zituela agindu zuen. Haren iritziz, aretoko tokirik nagusienean izaera ‘nazionaleko’ sinbolo bat jarri beharko litzateke: Espainiako Errepublikaren ezaugarria edo Estatuko presidentearen argazkia.
Batzar aretoan zegoen Loiolako Inazioren irudia herriko seme gailen bat ohoratzeko asmoarekin jarri bazen ere, Jesusen Lagundiaren inguruan hartutako neurri legezkoen aurkako protesta sinbolo gisa har zitekeen. Beraz, gobernadorearen iritziz, derrigorrezkoa zen udaletxeko beste gela batera aldatzea. Bestalde, euskal abertzaletasunaren sinboloa zen Gernikako Arbolaren kuadroa une hartan aretoko tokirik nagusienean zegoen arren, bertako beste txoko batera aldatzeko agindu zuen. Azkenik, gobernadoreak adierazi zuen aldaketa horiek berehala egin beharko zirela, geroago boto bidez aukeratutako agintariek beste neurri batzuk hartuko bazituzten ere.
Aginduta bezala, Espainiako presidentearen argazkia jarri zuten. Gainerakoan, ordea, Loiolako Inazioren irudiari —1912. urtean erosi zenetik leku berean zegoen— eta Gernikako Arbolari —euskal herritar guztien ideologiaren ezaugarria zen, iritzi politiko guztien gainetik— buruz, aho batez erabaki zuten gobernadorearekin harremanetan jartzea. Hark ez zuen atzera egin, baina herritarren artean sinadurak bildu zituzten Loiolako Inazioren kuadroa berriro lehengo tokian izan zedin.
San Agustingo obrak (2007ko azaroa, 89. zenbakia)
Urteetan zehar aldaketa handiak ezagutu ditu Pedro Arriaran jaunak 1578. urtean eraikitako San Agustin eraikinak.
Agustindar fraideak egon ziren komentuan, 1837ko uztailaren 27ko legeak erlijiosoen komentuak ezerezean utzi zituen arte. Hiru urte geroago, Azpeitiko agintariek erabaki zuten herriarena zen eraikina Espainiako Gobernuari eskatzea. Erantzunik ez zuten jaso; beraz, eskaera berri bat egin zuten 1841ko ekainaren 16an. Bigarren eskarian, herritarrek eraikinaren erabilera zehaztu zuten: alondegia, harategia, arrandegia eta postu publikoak jarri beharko zituzten lehen solairuan, eta udaletxea eta eskola goiko solairuetan. Une hartan erregeorde zen Esparterok eraikina herriaren eskuetan jartzea erabaki zuen, eta 1842ko apirilaren 8an sinatu zuten Gobernuaren eta herriaren arteko eskritura.
Beraz, eraikineko lehen obra handia 1849tik aurrera burutu zuten, udaletxeko areto eta bulegoak ez ezik, eskola gelak ere egokitu zituztela. Elizak lehengo lekuan jarraitu zuen, eta herriak igande eta jaiegunetan meza emateko eskaera luzatu zuen.
Beheko solairuan, haurrentzako eskola egokitzeko obrak inauguratu zituzten 1870ean. Handik hiru urtera, herriko agintari liberalek gotorleku eta kuartel gisa erabili zuten eraikina. Karlistak herriratzean, berriz, Artilleria Parkea ezarri zuten han. Behin baino gehiagotan entzuna da karlisten sinboloa izan dela San Agustingo eliza...
Herriak 1994n eskuratu zuen eraikina bere osotasunean. Gaur egun, eliza zegoen gunea obretan dago, baina ez postu publikoak ezartzeko (garai batean herriak eskatu bezala), baizik eta beste behar batzuei erantzuteko; kultura suspertzeko, batik bat.
Euskara udaletxean (1) (2007ko abendua, 90. zenbakia)
Azpeitiko herria euskaraz bizi izan da eta, horren beharra ikusita, agintariak neurriak hartzen ahalegindu dira historian zehar. Ondorengo erabakiek islatzen dute agintarien nahi hori.
Tornay jauna herriko sendagilea zen 1716an, baina gaixo zegoela adierazi eta lanpostua utzi zuen. Horren aurrean, Udalak erabaki zuen ordezkoa izendatzeko unean hautagaiak euskaraz zekien edo ez kontuan izan beharko litzatekeela. Era berean, meritu parekatuak zituzten pertsonen kasuan, lehentasuna emango zitzaion euskara menperatzen zuenari.
Pedro Pizarro jauna herriko agintaritzarako aukeratu zuten 1812an. Gainerako agintariek uste zuten lan egokia egiteko gai zela, baina kanpoan jaio zenez eta euskara ez zuenez ezagutzen, herriko bi udaltzain jarri zizkioten itzultzaile gisa. Inoiz ez zen alkate izango; udal kontseilari edo zinegotzi, gehienez.
Joxe Barquin eta Sorazu jaunak Urrestillako zirujau postua eskatu zuen 1862an. Osabarekin zortzi urtean Mutrikun bizi ondoren, euskara ulertzen zuela baina ez zuela hitz egiten adierazi zuen. Zirujau lanpostua ematen bazioten, ordea, denbora gutxiren barruan hitz egiteko gai izango zela erantsi zuen. Urte eta erdi iraun zuen Urrestillan; dimisioa aurkeztu zuen 1863an. Azpeitiar agintariek adierazi zuten sendagile berria aukeratzean lehentasuna izango zutela euskara zekitenek.
Eskolako maisua hautatu behar zuten herrian 1805ean. Lanpostua eskuratzeko bete beharreko baldintzen artean, agintariek garbi adierazi zuten derrigorrezkoa izango zela euskal hizkuntza jakitea. Najerako Melkiades de Oñate aurkeztu zen, baina azpeitiar agintariek erabaki zuten hura ez izendatzea, derrigorrezkoa zelako euskara ezagutu eta jakitea.
|