Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 2,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Herriari buruzko artikuluak »  'Kontua da' »  2006

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

2006

Imanol Elias

Herritarren arteko haserre eta zigorra (2006ko urtarrila, 69. zenbakia)

Azpeitian 1552an osatu ziren ordenantzak, probintziko egokienak bezala hartu izan dituzte.

Haserretuta, norbaitek ‘traidorea’ edo ‘mozkorra’ deitzean, arriskua zuen isuna jasotzeko; ordaintzerik ez bazuen, hilabete erbestean pasatu beharko zuen. Ezpata, puinala... ateratzeak isuna eta hiru egun eta gau kartzelan pasatzea zekarren. Beste armaren bat ateratzean, tximetatik tiratzean edo aurkaria lurreratzean, isuna jasoko zuen, armak galduko zituen eta kartzela zigorra izango zituen.

Zelatada baten ondoren odolik atera gabe beste norbait zauritzen zuenak, 500 maraiko isuna eta hogei egun kartzelan egin beharko zituen. Balezta batekin tira eta zauririk sortu gabean, baldin ordaintzerik ez bazuen, lau urte egingo zituen erbestean, eta zauriturik, berriz, Gipuzkoako Anaiarteko legeekin epaituko zen.

Gogoan izan zuten agintariek, haserre bat sortzean, inguruan direnak bat edo besteren alde agertzen direla, arriskua gehituz horrela partaide gehiago izateko haserreak indar handiagoa harturik, eta parte hartzen zuten horientzat isuna bikoiztu egiten zuten.

Kontua eduki behar da, zigor horiek ezartzen zirela, baldin zauriak jaso zituenak auzi bat jartzen ez bazuen bere aurkariaren kontra.

Alkateak ahalmen osoa zuen herrian sor zitezkeen haserreak mozteko.

Beste bizitza bat zen garaian, beste era batera ulertzen ziren gauzak, eta esaten dugun ezaugarri honoko hau da. Herriak aurrez eginik zituen ordenantzen arabera, 300 maraiko isuna ezartzen zitzaion biraoa botatzen zuenarentzat, eta azken horietan, berriz, ez da horrelakorik aipatzen, baizik eta legeekin soilik zigortua izango zela.

1730eko debeku gogorra (2006ko otsaila, 70. zenbakia)

Bizitza osoan izan gara debekuen menpe, eta horrela jarraitzen dugu. Gaztaroan iruditzen zitzaigun urteak joan ahala askatasun handiagoa izango genuela, baina mugak ditugu zahartzaroan ere.

Oinarria, herriko sendagilea zen Bartolome Arbelaizek Udalari aurkeztutako txosten bat izan zen; urriko udalbatzarrean aztertu zen. Bertan sendagileak pattarrarekin kaltetutako gero eta jende gehiago topatzen zuela adierazi zuen, abusatu egiten zutelako edariaz. Bide batez, neurriak hartzea eskatu zuen. Sendagilearen iritzia sakratua zen nonbait, eta eskaerari segituan erantzun zioten. Tabernetan saltzen zen pattarra, Miguel Gabriel Ansoategi eta Mateo Oiarzabalen botiketan egongo zen salgai, baina ez denentzat, gaixoentzat bakarrik. Erabakia herrian zabaldu zen, eta alkateari, agindua betetzen ez zutenen aurka neurriak hartzeko baimena eman zioten.

Neurriak hartu ziren, eta, abusuak mozturik, guztia sendagileak nahi bezala bideratu zen. Baina pattarra ez ezik, mistela ere botiketan soilik saltzen zen. Ez ziren horrela gauzak, urte bereko azaroan eginiko udalbatzarrean adierazi zenez. Manuel Agirre alkateak eskuzabal jokatu zuen ondorengo hilabetean. Tabernariek berdin jarraitu zuten eta debekua ezerezean gelditu zen. Horrela, berriro aztertuko zen gaia eta adostasuna lortu nahiko zuten, harturiko erabakia aurrera eramateko. Alkateak jakinarazi zituen bere arrazoiak jasorik zuen agindua ez betetzeko, eta nahiko iritzi desberdinak agertu ziren, eta, azkenean, bozketa bat egin ondoren erabaki zuten kontsulta egitea, alkateari agindua betearazteko emandako eskubidea ondo egin al zuten jakiteko. Kontsulta egiteko ardura fidelari eman zitzaion ondorengo albisterik ez dut. Ezerezean gelditu ote zen agindua?

Urrestildarren aspaldiko ametsa (2006ko martxoa, 71. zenbakia)

Cadizko Konstituzioari esker lortu zuen 1812an Urrestillak Azpeitiarekin zuen lotura haustea. Herri bezala sortu zen, denboraldi motzerako bazen ere. Bertako biztanleen independentzia nahia aurretik ere bazen, eta ez politika eta administrari dagokionez bakarrik, erlijio aldetik ere amets bera zuten.

Herriko aginduei uko eginik, 1594an, Eizmendiko San Joan ermitara egin zuten letania prozesio urrestildarrek, azpeitiarren deialdia alde batera utziz. Urteak geroago, errepikatu egin zen gertaera. Eizmendiko ermitara ez ezik, Elosiagako elizara prozesioa egitean urrestildarrak, Sagastiberria eta Plaza apaizak buru zituztela. Akusatzaileak adieraziko zuen bertara joan ziren azpeitiarren aldetik bultzadak jaso zituztela bi apaizek meza ospatzen zutenean, eta aldarearen gainean idazten ahalegindu zirela bertara joandako urrestildarren izenak.

Goizean gertatukoaren berri berehala zabaldu zen eta, alkatea buru zutela, jende armatua iritsi zen arratsaldez Urrestillara, bi apaizak atxilotzeko. Oraingoan neurri gogorragoak hartu nahi zituzten, eta bi apaizen ondasunak bereganatu zituzten. Ondoren, mando gainean loturik jarri bi apaizak eta lau alkabuzlarik inguraturik, apezpikutzako dorretxera eraman zituzten. Apaizen prokuradoreak ziotenez, Azpeitiko parrokiko apaizek guztia ikusi zuten, baina inolako laguntzarik ez zuten eskaini, ontzat harturik alkateek egiten zutena. Auzia sortuko zen gero, urrestildarrek zigorra eskatuko zuten agintarientzat elizaren gauzetan muturra sartzeagatik eta azpeitiarrek, batez ere, neurriak hartzea eskatuko zuten. Parrokiko apaizei eta agintariei gertaeren berri eskatuz, urrestildarrei ere eskari bera egingo zieten. Urrestildarrak bitartean mezarik gabe geldituko ziren.

Teilagin ikasle apartekoak (2006ko apirila, 72. zenbakia)

Historian beharrezkoa egin zaio herriari teilagin ofizioko maisu egokiak izatea. Herria ahalgintzen zen teileria bat egokitzeko lur egokia aurkitzen, teila ez ezik adreilua egiteko, ondoren beraiek ofizialen eskuetan jarririk kontratu baten bidez. Batez ere, Iparraldeko euskal maisuak ezagutu zituen Azpeitiko herriak langintza horretan. Askotan zailtasun handiak gainditu ondoren, preziatuak ziren maisu onak.

Horrela gauzak, herritarren artean teilaginak sortzea erabaki zuten agintariek 1777. urtean, Pedro Odriozola eta Inazio Egiguren aukeratu ziren teilerian zen Frantzisko Markuleta maisuarekin lanean hasteko. Maisuak ordainduko zizkien bakoitzari 63 erreal hilean, eta herriak beste 18 eta 20 erreal.

Dirudienez, gauzek ez zuten nahi bezala irten, 1780an esaten denez ikaslerik zaharrenak ez baitzuen ezertxo ere aurreratu ofizioan eta, gainera, hutsarte handiak egin zituenez, eginiko kontratua ezerezean gelditu zen. Ez zitzaion nonbait, gehiegi gustatu hauts artean lanean aritzea. Udalak erabakiko zuen kontuak hartzea. Alkateari eskatu zitzaion bera zigortzea, herriak dirutza bat galdu zuelako.

Egigurenek jarraitu zuen ikasketak egiten, eta gero herriko teileriaren arduraduna izan zen, Joakin Letamendia laguntzaile zuela. Esan dugu preziatuak zirela teilaginak, eta azpeitiarra zirikatu zuten, nonbait soldata handiagoa eskainiz, eta kontratua bukatu aurretik Bizkaira joan zen. Agintariek erabakiko zuten diligentziak egitea, teilaginak aurkitu eta herriratzeko, batez ere Egiguren. Izan ere, herriak ordainduta ikasi zuen ofizioa eta inolako azalpenik eman gabe alde egin zuen herritik, teileria inor gabe utzirik. Agindua bete nahi ez bazuen, ikasten aritu zenean eskuratutako dirua bueltatu beharko zuen.

Herrian, pobrezia osoan (2006ko maiatza, 73. zenbakia)

XIX. mendearen bukaeran, larrialdian zen herria. Lantegi gutxi lurretan, eta zirenak ere lanik gabe gehienak. Inongo diru sarrerarik gabe lantegiak... Horren aurrean herriko alkate Manuel Eleizagarai jaunak 1892ko udalbatzar batean adierazi zuen beharrezkoa egiten zela neurriak hartzea, ez zezaten biztanleek herritik alde egin, azkenaldian ohikoa egin zen migrazioari muga jarri nahirik. Horrez gain, agertuko zuen beharrezkoa zela herritar behartsuei laguntza zabaltzea, miseria gainditzeko.

Ihesi ziren biztanleak herritik, lana bilatu nahirik beste nonbait, eta alkateak zenbait proposamen egingo zituen. Bat, lana eskaintzea herriak; Bustinzuriko errebalean hasi eta Azkoitiraino espaloi bat egitea, eta ondoren, Enparango errotatik Amuko zubira bitarteko bidea egokitzea. Udalak ordainduko zien langileei. Lan horiek bukatzerako, beste zerbait erabakiko zuten agintariek: soldatarik jasotzeko gizonik ez zuten familia behartsuei ogia eta lapikoko zatia ematea Miserikordiaren bidez. Ondo zekiten agintariek egoeraren berri, eta proposamen guztiak aurrera eraman ziren.

Igaro ziren bi urte eta tartean aldatu ziren herriko agintariak, baina lehengo egoera bera zen herrian; bizi ezina, behartasuna nagusi eta sendi ugari larrialdian. Alkatearen bigarren tenienteak eskatu zuen egun batzuk beranduago, herriak zentimorik zuen bitartean, derrigorrezkoa egiten zela lapikoko zatiak banatzea behartsuen artean, aurrez egin zen eran, gogoan izanik txalotua izan zela ekintza. Horrela, Udalak haziendako komisarioari azterketa bat egiteko eskatu zion, inolako hanka-sartzerik gabe ekintza aurrera eramateko. Azkenean, azterketa egiteko batzordea osatuko zuten.

Maisuen jokaerak (2006ko ekaina, 74. zenbakia)

Gehienek behintzat, ez dirudi behar bezala betetzen zutenik beraien lana eta 1796. urteko udalbatzar batean erabaki zuten herriko agintariek neurriak hartzea.

Herrian eta Urrestillako mutilen eskolan ziren bi maisuen jokaera aztertuko zuten, ikasleek alferrik gal ez zezaten denbora. Izan ere, azkenaldian gurasoen nahiko kexa jaso ziren. Horrela gauzak, beraien lanpostuak galtzeko zorian ziren maisuei, ikastaroa bukatu bitarteko epea ematea erabaki zuten, denbora horretan inolako aldaketarik egiten zuten edo ez jakiteko. Eskribauari aginduko zioten bi maisuei etxera deitu eta beraien langintza gogoratzea; puntualak izatea bai eskolan eta bai elizan, ikasleak bezala. Eta goizeko zortziretan eta ordubatean beraien eskoletan egon beharko zutela, hutsune bakar bat egin gabe.

Gramatikako maisuari deitzea eskatuko zitzaion eskribauari, azkenaldian eginiko hutsuneen berri adierazteko, noiz-nahi jai ematen baitzien ikasleei. Gogoratu zitzaion ikasleek derrigorrezkoa zutela egunero meza entzutea goizeko zazpietatik aurrera, eta jai egunetan, berriz, meza nagusi, bezpera, arrosario eta gainontzeko elizkizunetara joan behar zutela. Azkenik, eskribauak guztiei gogoratu beharko zien debekaturik zuela agintarien baimenik gabe jai ematea ikasleei.

Baina eskolak zuzentzen zituzten guztientzat ez ziren gaizki etorri egun horretan hartutako erabakiak. Beraietako batek behintzat, Xabiera Josepha Escutudolo nesken maistrak, ondorio pozgarriak jasoko zituen egun horretan, urtean eskuratzen zuen 600 errealeko soldatari beste 400 gehituko zizkiolako.

Edari beharrezkoa (2006ko uztaila, 75. zenbakia)

Aberastasun berezia zen herri batentzat elurra edukitzea. Negu partean jaso eta gero udaran freskagarritzat erabiltzen zen. Arrazoi hori da oinarria, Xoxoten elurzuloa eraikitzeko. Bera, errentan ematen zion herriak elur hornitzaileari. Elurra jaso eta ondoren, agintariek jarritako prezioan saldu beharko zuen. Larrialdi gogorrak igaro behar izan zituzten behin baino gehiagotan, inguruan elur gutxi egitean, eta uste baino lehen gastatzean, beste nonbaitetik herriratu beharko baitzuten elurra.

Beste era bateko arazoak agertu zituen 1736an Frantzisko Inazio Zigaran hornitzaileak. Bere gain zuen harturik langintza 1730etik, elurzuloaren errenta 32 dukat ordainduz urtean, aurrez 32 besterik ordaindu ez bazuen ere. Beste bakarren batzuek ere nahi izan zuten langintza bera hartu eta, eskaintza desberdinak medio, askoz gehiago ordaindu zuen. Elurraren prezioa, ordea, ez zen altxatu eta aurreko urteetan bezala libera bakoitzeko hiru marai eskuratuko zituen urtean; saninazioetan lau marai kobratzeko baimena zuen. 1736an bukatzen zitzaion hornikuntza txanda eta, aurrera jarraitzeko asmoa agertuz, lanean zituen oztopoak azaldu zizkien agintariei. Gehiegizkoa iruditzen zitzaion errenta; elurraren prezioa, berriz, huskeria. Itxurazko soldata bat eskuratzeko zailtasunik handiena azken urteetan elur gutxiago saltzen zuela zen. Burdinolak eta errementaldegiak desagertzen joan ziren, langileak gutxitu...

Ondo zekiten agintariek gertatzen zena, batez ere errementaldegi gehienak geldirik zirela, eta Zigaran jaunak ez zuen asko behar izan arrazoiak defenditzen. Harekin eskritura egitea erabaki zuten, prezioa mantenduz, baina elurzuloaren errenta 24 dukat zela.

Garai bateko dultze-meneoa(2006ko abuztua, 76. zenbakia)

Festetan gara... Jaietarako egitarauak ezagutu du aldaketarik, batez ere dantzari dagokionez. Lehen plazan eskaintzen ziren dantzaldiek beste toki batzuk dituzte gaur.

Dantza-helduak, baltseoak edo dultze-meneoak, nahiko kezkati jartzen zituen herriko zenbait sektore. Horren ezaugarri da agintariek 1922ko uztailean hartutako erabakia; alkateak gainontzeko agintarien dantzari buruzko iritzia jakin nahi izan zuen, aurreko igande batez Eskuztan gertatua gogoan zuela. Ez da esaten zer gertatu zen, baina bikote bat baino gehiagok dantza-heldua aukeratuko zuten ziurrenik.

.1935ean, erlijio eta elkarte zibilek bandaren arautegia aldatzea eskatu zuten, Azoka plazan eta toki itxietan dantza-heldurako doinuak debekatuz. Saninazioetarako egunez aparte kalejirarik ez egitea eta gauez musikarik ez egotea eskatzen zuten. Bandak, berriz, dantzarako musika jotzen zuenean, kontuan hartuko zuen vals-a jotakoan beste lau pieza soltekoak jotzea. Urtarrileko udalbatzarrean eman zuten ezagutzera herriko Margaritas elkarteak sinatutako idatzia ere, bat eginik gainontzeko elkarteekin.

Zinegotzi batek adieraziko zuen dantza-helduaren ohitura ez zela Udalak sortua, baina egokia iruditu zitzaiola arautegia moldatzea. Alkateak, ordea, beste iritzi batzuk zituen eta, zeukan kargua gogoan izanik, ez zuen baimenik emango arautegia aldatzeko, eta bat-batean moztu zuen udalbatzarra.

Pentsatzekoa da herritarren artean sortutako giroa alkateak hartutako erabakiaren ondoren, eta egun batzuk geroago arautegia aldatzeko prest zen zinegotziak berak aipatuko zuen gaia. Oraingoan, gainera, beste zinegotzi bat ere bere iritzikoa zen. Alkateak, ordea, berean jarraitu zuen...

Elebitasuna bandoetan (2006ko urria, 77. zenbakia)

Orain urte batzuk derrigorrezkoa zuen herriak bandoen bidez zenbait erabakiren berri ematea. Pregonari lanari jarraituz, udaltzainak ibili ohi ziren kale eta auzoetan danborra joz dei eginez eta ondoren albistearen berri ematen zuten. 1961n herritar batzuk Udalari egin zioten eskaera arte, euskaraz baino ez ziren ematen bandoak. Urte hartan eman zen ezagutzera biztanle batzuek bandoak euskaraz eta gazteleraz zabaltzeko eginiko eskaera. Bandoa euskaraz ulergaitz egiten zitzaiela adierazi zuten. Agintariek, eskaerari erantzunez, bandoak euskaraz eta gazteleraz egitea erabaki zuten.

Ez dira gutxi gazteleraz emandako bandoek sortutako komentarioak. Udaltzain bakarren batek, alondegian patata saltzen zegoela zakuka, honela jakinazi zien herritarrei gazteleraz, salgai zegoena patata zela argitu ondoren: “*El que quiera tomar por saco, que vaya a la alhóndiga*”. Punta ateratzeko gehiegi behar ez herritarren umoreak eta garaiko sagardotegi eta tabernetan algara ugari sortu zuen udaltzainaren esaerak.

Beste behin, futbol partida zegoen Garmendipe zelaian, baina ordu berean ziren estropadak ere. Bat edo bestea ez galtzeaarren, aurkitu zuten bidea futbol partida antolatu zutenek: bando baten bidez adierazi zuten partidara joaten zirenei megafoniaz estropadaren berri emango zietela atsedenaldian. Nola adierazi hori guztia bandoaren bidez? Bada, honela: “*Se hace saber, que habrá regatas en el campo de Garmendipe en el intermedio del partido de fútbol*”. Estropadak alajaina, futbol zelaian!

Ez ziren gero nolanahikoak garaiko futbol partida antolatzaileak...

Agintarian aurkako neurriak (2006ko azaroa, 78. zenbakia)

Probintziako Gobernadoreak 1881eko apirilean emandako agindu bat beteta bildu ziren udalbatzarrean bi egun geroago, agintaritzan. Lehen agintariei leporatzen zitzaizkienak ez ziren nolanahiko ekintzak, 1877tik 1880ra bitarteko diru kontuen berri ematean akats handiak egitea, borroka garaian generoa eman zutenei gehiegizko ordainketak egitea kasu batzuetan eta beste asko ezer gabe uztea, baimenik gabe haragia saltzea nahi zuten prezioan, Aldundiarekin berriz ia hogei mila pezetako zorra izatea. Agintariek eginiko ordainketen erreziboak, berriz, sinaturik gabe agertzen ziren... Hori guztia kontutan izanik kanporatzen zituen Gobernadoreak udaletxean ziren agintariak.

Aginduen berri jakin ondoren nahi izan zuen Iturbe alkateak protesta bat irakurri, baina bi bider moztu zioten hitza eta, bere agintaritza makila mahai gainean utzirik, aretotik irten zuen. Urkiola jaunak adierazi zuen ondoren, aurreko alkatearen ekintza bakarra batzar horretan ondorengo alkateari bere tokia ematea zela eta ez zela onartzen inolako protestarik. Horrela gauzak, kanporatua zen Iturbe alkatearen ondoren, berekin agintaritzan ziren zinegotzi guztiek alde egin zuten aretotik.

Behin-behineko agintariak izandatu zituzten ondoren, bozketa sekretu baten bidez, Gobernadorearen aldetik aukeratutakoek. Alkatearen lehen teniente bezala Miguel Castiella; bigarrena Hilarion Orbea eta hirugarrena Agustin Olaizola. Erregidore sindiko bezala, berriz, aho batez, Frantzisko Egiguren.

Hilabete batzuk geroago emandako agindu batek zuzenduko zituen gauzak berriro Azpeitian, uztaileko udalbatzarrean bihurtuko zirelako bidalitako alkatea eta zinegotziak lehenengo agintaritza postuetara.

Maisuen jokaera zuzenduz (2006ko abendua, 79. zenbakia)

Garai batean, herriko eskoletan ziren maisuak Udalak ordaintzen zituen eta behin baino gehiagotan hartu behar izan zituzten neurriak jokaera zuzentzeko. Une horietako bat 1796ko apirilaren 10ean eginiko udalbatza nagusian gertatu zen.

Urteko 600 errealez gain, beste 400 ematea erabaki zuten agintariek Josepha Eskutasolo nesken maistrari. Garbi dago begikoa zutela agintariek.

Mutikoen herriko eta Urrestillako eskoletako maisuek, beste era bateko kontuak zituzten. Ordutegirik ez zuten betetzen, berandu hasten ziren, arreta handirik jarri gabe lan egiten zuten eta derrigorrezkoa zen neurriak hartzea. Bi hilabeteko epea ematea erabaki zuten agintariek, beraien jokaera alda zezaten. Hurbiletik zainduko zituzten. Eskribauari agindu zioten bere etxera etortzeko esatea maisuei, puntualtasuna beharrezkoa zela gogorarazteko. Goizeko zortzietan egon behar zuten eskolan eta arratsaldez ordubatean. Lanari ongi erantzun behar zioten; batez ere, kristau dotrina eta aritmetika irakasten.

Antzeko zerbait egitea erabaki zuten gramatikako maisuarekin ere, iruditzen zitzaionean opor egunak ematen zizkielako ikasleei. Bide batez, hauek zituzten betebeharrak gogorarazi zizkion: egunero meza entzutea goizeko zazpietatik zortziak bitartean eta igande eta jaiegunetan elkarrekin joan beharko zuten meza nagusira. Maisuaren gain gelditzen zen parrokian izaten ziren beste elizkizunetara joatea. Agintarien baimenik gabe ikasleei oporrak ezin zizkiela eman ere azalduko zioten.

Bapo aldatu dira gauzak, baina adin batera iritsi garenok, gogoran dugu oraindik lerro luzea osatuz nola joan ohi ginen parrokiko meza nagusira...

Hamaika ikustekoak jaio ginen, izan ere.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak