|
|
|
2005
Imanol Elias
Azoka plaza (2005eko urtarrila, 58. zenbakia)
Gestio ugari egin ondoren inaguratu zen 1902ko uztailaren 14an lehen azoka plaza, Urola ibaiaren gainean eraikia. Alejandro Mujika arkitektoak eginiko proiektua zen eta Jose Mari Mujika maisuak zuzendurik, Martin Altuna kontratista aritu zen lanean. Nahiko atzerapen sortu zen elurteak eraginik, ustekabean harrapatu zituelako aurrez inolako neurririk hartu gabe. Bestela ere, nahikoa atzeratua aurkitzen zen kontratista maiatzaren hasieran; ekainaren azken eguna bitartekoa emango zitzaion, ondorengo egun bakoitzeko 25 pezetako isuna ordaindu beharko zuela adieraziz.
Horrela egin zen azoka plaza. Apartekoa zen benetan, bere egituran behintzat: burdin estruktura barnean eta kanpotik begien atsegingarri. Ez da harrigarria, ordea, urteak igarotzean, txikia gelditzea azoka plaza bertara joaten ziren saltzaile askorentzat. Horrela zioten behintzat, herriko agintariek 1964. urtean, eta derrigorrezkoa iruditzen zitzaien azoka plaza handitzea edo berria eraikitzea. Gogoan zuten, horrela pentsatzeko, herrian ospatzen zen azokak lortua zeukan garrantzia.
Aurreraturik zituen lanak Mardura alkateak, eta baita Martzelo Guibert arkitektoak eginiko proiektu bat ere lortuta, baina zerbait atzeratua zegoenez, aldaketa batzuk egitea eskatu zitzaion. Udalbatzarrean, arkitektoak eginiko proiektu berria aztertu zuen alkateak, eta gainontzeko agintariei eskatu zien erabakia ahal zen azkarren hartzea, azoka berria eraikitzen hasteko. Ontzat hartu zen horrela proiektua, eta eraikin berria altxatu zen gero.
Bere garaian, aurrez izan zen azoka plaza hura ezagutu genuenen aldetik, sekula ontzat hartuko ez dugun munstro handia...
Jai giroa inauterietan (2005eko otsaila, 59. zenbakia)
Gaur egun herrian ospatzen diren inauteriek ez dute zerikusirik garai batekoekin, baina garbi da orain eta lehengo helburua bakarra dela: jai giroa sortzea, batez ere derrigorrezko zezena kaleratuz. Baina izan dira urteak ezerezean gelditu direnak inauteriak, batzuetan debekaturik izan direlako eta beste askotan agintariek hala nahi izan dutelako.
Lehen albisteek diotenez, ohikoa zen inauteri igandean zekorketa bat ospatzea, eta 1681ean adierazten zaigunez, astelehenean herriko harakinak kaleratuko zuen idi bat, eta asteartean, berriz, bigantxekin ospatuko zen jaialdi bat. 1840. urterako, berriz, guztia aldaturik zela dirudi, aipatzen den jaialdi bakarra ohiko zekorketa baitzen.
.1871ean agintariek erabaki zuten beraiek ezertxo ere ez antolatzea. Behar handiak zituen herriak eta derrigorrez erantzun beharrekoak, gainera.
.1882an arratsaldez ospatzen ziren ekitaldiei bat erantsiko zitzaien astearte goizean. Udalbatzarrean zinegotzi batzuek proposatu zuten astearte goizean zezen bat kaleratzea, tabernariek horretarako langak jartzen zituztela. Gaia aztertu ondoren, baiezkoa erabaki zen. Astearteko lehen zezenarekin, itxitako tokian jolastu baziren ere, beste era batera kaleratzea pentsatuko zen, eta bost urte geroago ohikoa zen gauzainek zuzendurik sokamuturra kaleratzea.
.1941ean astelehen eta asteartea ezerezean geldituko ziren; igandean bakarrik kaleratuko zen sokamuturra, goiz, eguerdi eta arratsaldez.
Hasieran esan bezala, ezagutu dituzte herriko inauteriek zenbait aldaketa ez ez ezik, debeku ugari, gogoan izanik, bestalde, urteetan zaila izan dela inauteriei jai giro berezia ematea, astegun bezala ospatu izan delako denboraldi luzean.
Alkatearen arriskuak (2005eko martxoa, 60. zenbakia)
Ez ditu erantzunkizun gutxi alkateak, ezta lehen ere. Hona hemen 1655. urtean gertatutakoa.
San Agustin komentuan lapurreta bat ein zuen tolosar batek, eta berehala atxilotu zuten, aldarean ziren lanpara baten zatiak zituela. Kartzelan denbora bat igaro beharra irabazirik zuen, eta hori agindu zuen alkate Inazio Agirrek. Baina azken urteetan herriko agintariak ahalegindu baziren ere kartzelako arduradun bat aurkitzen, inork ez zuen langintza hori beregain hartu nahi. Presondegia nolabaitekoa, zaintzen inor ez. Jakina, azkenean lapurrak ospa.
Agustindar fraideak, ez ziren atzera egitekoak, eta auzia jarri zioten alkateari, probintziako Korrejidorearen aurrean. San Miguel egunez, agintari berrien aukeraketa egitean eman zuen alkateak gertatzen zenaren berri, udalbatzar nagusian, eta bertan auziarekin sortuko zitzaion kalte eta gastuei aurre egiteko eskatu zuen. Ezinezkoa zen alkatearentzat bere lanak egoki bete eta kartzelaratuak zaintzea.
Aktan agertzen denez, luze eztabaidatu zuten, baina ustekabeko erabakia hartu zuen aho batez alkateak, bi abokatuen iritziak jasotzea hain zuzen.
Ondorengo alkateak, Juan de Saloguenek, garbi zuen arriskuan zela, eta 1656ko otsaileko udalbatzarrean azalduko zituen kezkak, kontuan izanik ni gizonezko zituztela kartzelan. Neurriak hartzeko eskatzean, aurreko alkatearen erantzun bera jaso zuen: abokatuen iritzia jasotzeko lehenik. Ez alferrik! Aurrez eman zuten iritzia izan zenez, alkateak berak konpondu beharko zuen, inolako diru laguntzarik gabe geldituz auziaren aurrean.
Batzarrean bildutakoek erabakia zuten deialdiak zabaltzea herriko parrokiaren bidez, kartzela zaintzeko prest egon zitekeena agintariengana agertzeko.
Olioaren enkantea 1642an (2005eko apirila, 61. zenbakia)
Ohikoa zen herrian, bertako agintarien aldetik, enkantean jartzea haragia, balea... Langintza bere gain hartu nahi zutenen aldetik jasotzen zituzten prezioak eta merkeen egiteko prest zena aukeratzen zuten. Geroago izaten zituzten, ordea, kontuak hornitzaileek emandako hitza betetzen. Galerak sortzen zitzaizkiela adierazi eta salneurriak altxatzea onar zezaten eskatzen zieten agintariei.
Beste arazo bat sortu zen 1642an, Pedro Larreandia jaunak olioaren hornikuntza hartu ondoren, urte erdian 64 maraiko prezioan salduko zuela esanez, eta beste urte erdian, berriz, 62 marairen truk. Ontzat hartu zuten agintariek proposamena, eta ekin zion lanari. Egun gutxira, Bautista Arrizabalagak egin zuen eskaintza hobea. Garbi ikusi zuten agintariek herritarrei eskaintzen zitzaien mesedea. Konponketa bat lorturik ziren, eta berari deitzea erabaki zuten, bigarren eskaintzaren berri emanteko. Horrela adieraziko zuen Larreandiak, berak ere egingo zuela bestearen prezio berean. Enkantean jartzea erabaki zuten berriro olio hornikuntza.
.1642ko urtarrilean ospatu zen udalbatzarrera Arrizabalaga ez zen agertu ere egin, eta ondorengo egunean etxera udaltzaina joan zen gertatzen zenaren berri jakin nahirik, eta honoko erantzuna jaso zuten: ohean zela. Ez zen hor bukatu, udaletxera agertu baitzen ondorengo egunean eta eskritura sinatu zuen herriarekin, hornikuntza egiteko. Ez zion grazi handirik egin Pedro Larreandiari agintariek hartutako erabakiak, eta jakinarazi zuen bereahala, herritar Marina Otaegi alargunaren izenean, urte osoan 60 marairen truk egin zezakeela hornikuntza.
Zer egin ez zekitela gelditu ziren agintariak. Legez jokatu nahi eta asmatu ezinean.
Alkatearen neurri zorrotza (2005eko maiatza, 62. zenbakia)
Gero eta biztanle gehiago zituen herri batentzat derrigorrezkoa zen teileria on bat izatea. 1718an konturatu ziren azpeitiar agintariak horretaz. Paperetan ageri zaigunez, Urbieta etxearen bustinzuloetako lurra aukeratu zuten teilari berria egiteko.
Agintariek eginiko deiari erantzun zioten baserritarrek, egurra edo enborrak inguratuko zituzten uztarriak erabiliz. Ustekabea jasoko zuten agintariek ondorengo egunean, enparantzan aurkituko zituztelako egurrak. Iruditurik baserritarrek mespretxua egiten nahi ziotela agintariei eta herriari, neurriak hartzea erabaki zuten. 1718ko iraileko batzarrean kartzelako arduradunari nortzuk ziren jakin eta kartzelaratzeko agindua eman zioten. Bi ordu eduki beharko zituen kartzelan, ondoren askatuz, aurrez zilarrezko eskutu bana eta kartzelako gastuak ordainduta. Ordainketarik egin nahi ez bazuten, larunbatean Lasao ingurutik egur edo enbor bana garraiatu beharko zuten teileria egitea nahi zen tokira.
Bai agindua bete ere! Ondorengo eguneko batzarrerako zortzi pertsona behintzat, kartzelan ziren, baina ez zen ez mespretxu kontua izan, adieraziko zutenez. Lanean aritu zirenei agindu zieten herriratzean janaria eta edaria emango zietela, baina unea iristean ezer ez; ez beraientzat, ezta idientzat ere.
Jakinarazi zuten leher eginda herriratu zirela eta ezinezkoa egin zitzaiela teilaraino iristea. Zortzi baserritarrek emandako arrazoia ontzat eman zuten, eta berehala askatzeko agindu zuten. Teileria berria hasi zen martxan. Lehenik frantsesek landuko zituzten teilak eta adreiluak, baina bi urte baino lehen sortuko ziren oztopoak, Buztinzoloeta edo Usandizaga baserri inguruko lurretan fabrika izateak lan handiagoa eta genero garestiagoa egitea baitzekarren.
Erretzaileen aurka, 1739an (2005eko ekaina, 63. zenbakia)
Ez dira gutxi erretzaileen aurka hartutako neurriak. Badirudi gizakion artean sortzen diren gaitzen oinarria dela tabakoa, eta etsai arriskutsuak bihurtu gara erretzaileok. Egunkari, aldizkari... bidez iristen zaigun bonbardaketa, izan ere, ez da nolanahikoa. Datorren urtetik, lanpostuetan erretzea debekaturik izango dela ere jakinarazi zaigu dagoeneko. Azkenean, sator zuloa bakarrik gelditu behar zaigu erretzeko... Beste era bateko arrazoiengatik ere hartu izan dira erretzaileen aurkako neurriak.
.1939ko maiatzaren 2ko gauean, sute bat gertatu zen Azpeitian; Erdi kaleko bi etxe ezerezean gelditu ziren, eta lurreratu egin zituzten sua menperatzean. Gau horretan bizi izan zen arriskua, ordea, sekulakoa izan zela adierazten digute garaiko agiriek, beste hiru etxera ere suaren hatzaparrak iritsi baitziren. Sua zabaltzea behintzat, ez zen harritzekoa, egurra baitzen etxe gehienen material nagusia. Herritarrak izuturik, suari aurka egiten saiatu ziren.
Kontuan eduki behar da, etxeek egituran zuten egurraz gain, askok etxe barruan gordetzen zituztela, lastoa, garoa... Nahiz eta agintariek debekatu.
.1739ko maiatzaren 6an, neurriak hartu nahi izan zituzten herriko agintariek, eta horien artean erabaki zuten debekaturik zela aurrera begira, tabako hostoa erretzea etxeetan, eta, batez ere, taberna eta solasaldiak egiten ziren tokietan. Agindua behar bezala betetzen ez zuenari, 2.000 maraiko isuna ezarriko zitzaion eta zortzi eguneko kartzela zigorra.
Egia aitortu behar badut, lan hau idazten hasi naizenetik azken lerro hauek idaztera iritsi bitartean, ahalegin guztiak egin ditut zigarro bat erre gabe irauten, baina amaitzear dudanez, prest naiz pizteko, emaztearen haserrea jaso behar badut ere ondoren
Alde handiko saninazioak (2005eko uztaila, 64. zenbakia)
Zerikusi handirik gabeko herri jaiak ospatu izan dira Azpeitian. Hona hemen adibide batzuk.
.1698an, ardoaren hornikuntza egiten zuten mandaiz nafarrak eskainirik zuten zezen batez gain, beste lau ekartzea erabaki zen; Arantzazuko musika taldea elizkizunetarako eta su artifizialak gauerako. Horretarako, alkateak 200 erreal ematen zituen eta beste hainbeste Inazio Agirre fidelak, gainontzeko agintari bakoitzak dobloe bana. Frantzisko Arruti erregidoreari, Tuteran edo Tafallan, lau zezen erosteko agindu zioten eta osaturik zuten egitaraua.
.1750. urtean Loiolara egin ohi zen prozesioa alde batera utzi behar izan zen eguraldi txarragatik, baina agintariek ondorengo astelehenean egitea erabaki zuten. 1767tik aurrera ere ez zen prozesiorik egingo, jesuitak Loiolatik kanporatu baitzituzten.
Zekorketa ere ezerezean uztea erabaki zuten agintariek 1771n. Arrazoia: unean Azkoitian ospatzen zen Misio Santua bukatzean, Azpeitian eman behar zuela Aita Martin Larraizoz jaunak, eta bera bukatu eta lau eguneko tartearekin bakarrik ez zela bidezkoa horrelako ikuskizuna herritarrei eskaintzea. Baina ondorengo urtean Nafarroako sei zezen jolastuko ziren Azpeitian, toreatzaileak kontratatuz.
.1775ean jaialdirik ez antolatea erabaki zen, afrikarrekin borrokan baitzen erregearen armada.
.1777an, plaza itxirik zezenketa eskaintzeko sekulako oztopoak zirenez, agintariek erabaki zuten sokamuturra kaleratzea hiru egunetan.
Historian herrian izan den oztoporik garratzenaren berri 1790ean jaso zen, ohiko zekorketa ez egitea erabaki baitzen, dirurik ez baitzen herrian. Elizkizunak eta alkateak antolatutako dantzaldiak eta zintzotasun jolasak osatuko zuten festetako egitaraua.
Saninazioak orain 70 urte (2005eko abuztua, 65. zenbakia)
.1935. urteko saninazioen berri emateko Udalak kaleratu zuen egitaraua aztertu dut, nolako aldaketak izan diren jakiteko.
Lehen, azalean argazkien ordez, margotutako lan bat ageri zen. Lehen eta azken orrietan, berriz, iragarkiak, denak gazteleraz, egitaraua bezala.
Gaur egun, alde batera utzitako Bezpera eta Salbe elizkizunak agertzen dira uztailaren 30ean. Beste elizkizunak, ohiko zekorketak eta Vista Alegre frontoiko pilota partidak ere agertzen dira.
Beste jaialdi bat ere eskaintzen zen frontoi berean abuztuaren 2an, Atano III.ak antolaturik, baina xehetasun gehiago ez da agertzen egitarauan. Egun horretan bertan, bestalde, goizean ziklo-kros proba antolatu zen herritarrentzat bakarrik.
Abuztuaren 3an, igeri lehiaketa izan zen Urola ibaian, 15 urtetik gorako herritarrentzat, eta bainu jantzian eta txukun jantzirik agertzea eskatzen zitzaien parte-hartzaileei.
Euskal kirolak izango zuen bere tokia abuztuaren 2an: harri-jasotzaileak eta Lasturgo zezenak izango ziren. Hurrengo egunean, berriz, Arria I.a aizkolaria neurtuko zen Iartza eta Mauri bikotearekin.
Musika, musika Banda, txistulariak, dultzaineroak eta Tolosako Iruņa bandaren esku izango zen. Pare bat egunetan Gernikako arbolaren pasealekuan joko zuten. Erraldoi eta buruhandiak ia egunero
kalean eta su artifizialak gauez.
Zezenketarako sarrerarik garestiena, 11 pezetakoa izango zen; palkoa edo barrera. Merkeena, berriz, lau pezetakoa, gradan edo meseta torilean.
Gauza bat iruditu zait harrigarria: banda, txistulariak eta duntzaineroak arratsaldeko ordubietan kaleratu ziren herritarrei jaiak hasi zirela adierazteko.
Kontrabandoaren aurka (2005eko urria, 66. zenbakia)
Derrigorrezkoa izan du Azpeitiak historian edariei ezarritako zergak eskuratzea. Egurrarekin batera, zerga horiek izan dira urteetan diru sarrerarik egokienak herriarentzat. Horregatik ahalegindu ziren agintariak edaria kontrolpean izaten, baina zaila bihurtzen zitzaien. Batez ere, edonork edariak saltzeko askatasuna eman zutenean.
Garbi ikusi zuten 1871. urtean agintariek ezinbestekoa zela neurriak hartzea edarien salmentan, sekulako kontrabandoa egiten zela susmaturik. Udalbatzarrean adierazi zuen alkateak, 1868tik 1869ra bitartean, 28.161 errean lortu zituela herriak aipatutako zergekin. Ondorengo urtean, berriz, 26.655 erreal pasatxo. Aurreko urteetako dirutzarekin zerikusirik ez zuten datuak ziren, kontuan izanik 1864tik 1865era bitartean 40.692 erreal eskuratu zirela. Ondorengo bi urteetan, berriz, 41.491 eta 40.537 erreal. Urtetik urterako alde hori ez zen biztanleek gutxiago edaten zutelako.
Beharrei aurre egiteko, Aldundiaren baimena zuten herriek, edarien salmenta askatasunean egiteko, edo beraiek egoki kontrolatzen zituzten saltzaileak izendatuz, taberna eta dendak gutxituz... Azken era horretara egitea erabaki zuten, iruditzen baitzitzaien kontrabandoa mozteko erarik egokiena zela.
Saltzaileak aukeratu ondoren aginduko zitzaien saldu behar zuten pattar eta antzeko edari guztia, alondegira ekartzeko. Kontrolpean ateratzen joango ziren ondoren, edariei aldaketarik egin gabe.
Agintarien artean erabaki hori hartzean, zinegotzi batek bakarrik adierazi zuen gehiegizko neurria zela. Ondoren, udalbatzarrean, hartutako erabakiaren berri Aldundiari emango zitzaion eta honen aldetik ontzat hartzean, herriak era horretan jokatu zuen.
Kuartel zaharrari, agur! (2005eko azaroa, 67. zenbakia)
Zoritxarrez, ez dira herritar gutxi izan Guardia Zibilaren Azpeitiko kuartelean une larriak igaro zituztenak. Azkenaldian, ordea, beste era bateko kabi bihurtu da herriko zenbait kultur talderentzat.
Bera eraikitzeko lehen urratsak, 1934ko azaroan eginiko udalbatzarrera Guardia Zibilaren probintziako buruak aurkeztutako gutun batean ageri dira. Bertan adierazten zenez, plazan eta Santo Domingo komentuko lokalean ez zen tokirik zazpi guardia eta beraiek egoki bizitzeko. Eskariari erantzunez, Roke Astigarraga alkatea Gipuzcoano eta San Sebastian banketxeekin jarriko zen harremanetan. Izan ere, Oiarzabal eta Landa altzari lantegiaren jabeek zorrak zituzten banketxe horiekin. Gauzak horrela, 1935eko urtarrilean banketxeek herriari eraikina 80.000 pezetatan eskainiko zioten, baina udalbatzarrean erabaki zen 90.000 pezeta ordaintzea Oiarzabal eta Landari. Diru horren truke, inguruko lurrak eskuratu nahi zituzten, ordea. Diru horrez gain, beste 30.000 pezeta ere behar ziren eraikina egokitzeko. Dirua bi banketxeek aurreratuko zuten.
Martzelo Guibert arkitektoak aurkeztu zuen egin beharko lanen proiektua, eta ontzat hartu zuen Udalak. Egokitzat hartu zen sotoan burdin barroteak egitea ere. Enkantean jarri ziren egokitze lanak eta Inazio Urangak hartu zituen bere gain.
Eraikinarekin batera herriak eskuratu zituen lurren zati bat errentan jartzea erabaki zen 1936an, eta Justo Agirrek hartu zuen.
Nahiko zaila egin zitzaion Udalari plazan kuartela egon zen lokala saltzea. Baina nolatan izan zen kuartela plazan? 1851ean, Santo Domingo komentua herriaren esku gelditzean, kuartela egiteko agindua eman zitzaielako.
Txistulari baten etengabeko eskaerak (2005eko abendua, 68. zenbakia)
Pedro Berolegi txistulariak 1856. urtean eskatu zion Udalari urteko soldata 1.100 errealera igotzeko, baina agintariek ezinezkoa zela erantzun zioten. Hilabetea bukatu aurretik, berriro egingo zuen eskaria. Oraingoan, ezinezkoa egiten bazen erantzutea, bere dimisioa ontzat hartzea eskatu zuen. Horrela erabakiko zuten agintariek, dimisioa ontzat harturik, urteetan izandako diru iturria mozten zitzaiola.
Horrela Berolegi larrialdian zen eta Udalari erregutu zion, aurrez zuen soldatarekin, lehen zuen postua emateko. Agintariek eskaria ontzat hartu zuten, beharrezkoa ikusirik herriko txistulari taldean.
Beste une egoki bat aurkitu zuen Berolegi txistulariak, urteak geroago, eskuratzen zuen urteko soldata altxatzeko eskaera egiteko. Herriko taldean zen Inazio Joxe Olazabal txistulariak postua alde batera uzten zuenez, lan gehiago sortzen zitzaiola eta eskaera zuzendu zien agintariei. Agintariek soldatari buruzko erabakia beste baterako uztea erabaki zuten.
Herriko txistulari bakarra zen Berolegi 1864. urtearen hasieran, eta beste behin soldata igotzeko eskaera egin zuen. Agintariek batzarrean urtearen hasieran mila erreal ordaintzea erabaki zuten.
Berolegi txistularia, soldataren bidez ez zuela diru gehiago lortuko kontutatu zen eta 1875. urtean beste era bateko eskaria egin zion Udalari; etxebizitza bat eskatu zion Santo Domingo komentuan izan zen kuartelean. Agintariek erabaki zuten, eskatutako tokian, hiru logela, sukaldea eta komuna, eta eskailera azpiko txoko bat uztea. Derrigorrezkoa egingo zitzaion, ordea, guztia uztea, baldin herriak beharrezkoak bazituen lokalak.
Ia 30 urtean ahalegindu ondoren lortu zuen zerbait. Konstantziaren fruitua, dudarik gabe.
|